Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HIRUGARREN KAPITULUA

 

        Gaua ederra zen, ilargia uhinetan islatzen zen, ontzia emeki-emeki aurrera zihoan brisatxoak bultzatuta, Miss Lydiak ez zuen lo egiteko gogorik, eta arrotza egoteak galarazi zion edozein gizakik (bihotzean poesi izpirik badu behintzat) itsasoan ilargi betean sentitzen duen hunkidura dastatzea. Beraz, teniente gaztea (prosaikoa izaki) lo seko zegoela iruditu zitzaionean, Miss Lydia jaiki, berokia hartu, neskamea esnatu eta zubira joan zen. Leman korsikeraz doinu basati eta monotonoaz kantuan ari zen marinela besterik ez zegoen. Gau barean musika arrotz hark bere xarma zeukan. Zoritxarrez Miss Lydiak marinelaren kantua ez zuen oso ongi ulertzen. Gauza arrunt askoren artean bertso indartsu batek biziki kilikatzen zion jakin-mina, baina gero segidan, unerik interesgarrienean, ulertzen ez zituen hitz batzuk heltzen zitzaizkion. Hala ere, bortxazko hilketa zela jaso zion. Hiltzaileen kontrako madarikazioak, mendeku-mehatxuak eta hildakoarenganako goraipamenak zeuden nahas-mahas. Bertso batzuk gogoan hartu zituen eta hemen itzulita ematen saiatuko gara:

 

                «Ez kanoiek, ez baionetek

                ez zioten bekokia zurbildu, guda-zelaian bare

                udako gaita bailitzan.

                Belatza zen, arranoaren laguna,

                bere lagunentzat hondarretako eztia,

                etsaientzat itsaso haserrea.

                Eguzkia baino gorago,

                ilargia baino gozoago.

                Frantziaren etsaiek

                inoiz harrapatu ez zutena,

                bere herriko hiltzaileek

                bizkarrean jota bota zuten

                Vittolo-k Sampiero Corso bezala.

                Aurpegira begiratzera ez zitezkeen ausartuko.

                ... Nire ohe aurrean, hornian ipini

                ongi irabazitako gurutzea.

                Zinta gorria du.

                Nire alkandora gorriagoa da.

                Atzerrian urruti den nire semearentzat,

                gorde nire gurutzea eta aire alkandora odoldua.

                Bi zulo ikusiko ditu.

                Zulo bakoitzeko, beste bat beste alkandora batean.

                Baina orduan mendekua hartuta egongo ote da?

                Tiro egindako eskua behar dut,

                begiratu zuen begia,

                pentsatu duen bihotza... »

 

        Marinela bat-batean isildu zen.

        —Zergatik ez duzu segitzen? —galdetu zion Miss Nevilek.

        Marinelak buruari eraginda, goletako eskotilan agertutako silueta erakutsi zion: ilargi beteaz gozatzera zetorren Orso zen.

        —Amaitu, arren, zure kantua —eskatu zion Miss Lydiak—. Asko gustatu zait.

        Marinelak, neskarengana makurtu eta ahopeka honakoa esan zion:

        —Nik ez diot inori rimbecco-rik ematen.

        —Zer diozu? ... eman?

        Erantzunik eman gabe, marinela txistua jotzen hasi zen.

        —Ustekabean gure Mediterraneoa miresten ikusten zaitut, Miss Nevil —esan zion Orsok hurbilduz—. Ilargia honela beste inon ez dela ikusten aitortu beharrean zara.

        —Ez nintzaion begira ari. Korsikera ikasten ari nintzen buru-belarri. Marinel hau eresi tragiko bat kantatzen ari zen eta onenean isildu da.

        Marinela iparrorratza hobeto ikusteko itxura eginez makurtu eta Miss Nevili berokitik gogor tira zion. Garbi zegoen Orso tenientearen aurrean eresi hura ez zegoela kantatzerik.

        —Zer ari zinen kantatzen, Paolo Francè? —galde egin zion Orsok—. Ballata bat? Vocero bat? Andereñoak ulertzen du zuk kantatua eta amaiera entzun nahi du.

        —Ahaztu egin zait, Ors' Anton' —erantzun zion marinelak.

        Eta bat-batean Ama Birjinaren abesti bat ozen kantatzen hasi zen.

        Miss Lydiak kantua jaramon handirik egin gabe entzun zuen eta marinelari ez zion beste ezer eskatu, baina geroago enigma hura argitzeko gogo bizia zeukan. Neskameak ordea, Florentziakoa izanagatik korsikera ez zuen andereñoak baino hobeto ulertzen, eta ugazabak adinako jakin-mina zuen. Beraz, Miss Lydiak ukabilaz abisatzeko aukera izan baino lehen, Orsori honela galdetu zion:

        —Kapitain jauna: zer da rimbecco ematea?

        —Rimbeccoa! —oihu egin zuen Orsok— Korsikarrari egin dakiokeen irainik handiena da. Mendekua ez duela bete aurpegiratzea da. Nork aipatu dizu zuri rimbeccoa?

        —Goletako patroiak —erantzun zion presaka Miss Lydiak—, atzo Marseillan hitz hori erabili zuelako.

        —Eta zertaz ari zineten hizketan? —galdetu zuen bertatik Orsok.

        —O! Ez dakit zeinen garaiko historia zahar bat kontatzen ari zen... A, bai! Vannina d'Ornano-rena zela uste dut.

        —Vanninaren heriotza dela eta, ez dut uste, andereño, gure Sampiero heroi ausarta oso begiko izango duzunik.

        —Hori heroiarena dela iruditzen al zaizu?

        —Bere krimena, garai hartan ohitura basatiak zirela esanda arintzen da. Gainera Sampiero genoarren kontra hil ala bizi ari zen gerran. Zer-nolako konfiantza izan zezaketen herrikideek buruzagiarengan Genoarekin tratuan ibilitakoa zigortzen ez bazuen?

        —Vannina senarraren baimenik gabe joan zen —esan zuen marinelak—. Sampierok ongi jokatu zuen lepoa bihurrituta.

        —Baina senarra salbatzeko zen! —kontra egin zion Miss Lydiak— Maite zuelako eskatu zien errukia genoarrei.

        —Errukia eskatzea harentzat doilorkeria zen! —oihu egin zuen Orsok.

        —Eta berak hiltzea ere!... —erantsi zuen Miss Nevilek— Gizon ankerra izango zen horregatik!

        —Ba al dakizu emazteak grazia berezi gisa berak hil zezan eskatu zuela? Eta Otelo, andereño, zuretzat ankerra al da?

        —Oso bestelako kontuak dira! Otelo jeloskor zen eta Sampierok harrokeria besterik ez zuen.

        —Eta jelosia ez al da harrokeria? Maitasuneko harrokeria da. Beraz, motiboa dela eta barkatzen al diozu?

        Miss Lydiak duintasunez beteta begiratu zion, eta marinelarengana jiratuta goleta portura noiz helduko zen galdetu zion.

        —Haizeak segitzen badu, etzi —erantzun zion marinelak.

        —Ajaccio ikusi nahi nuke, ontzi honek gogaitu egiten nau-eta.

        Miss Lydiak jaiki eta urrats batzuk eman zituen zubian neskameari besotik helduta. Orso lemaren ondoan geratu zen, paseoan lagundu ala haserrarazten zuen elkarrizketa bertan behera utzi zer egin ez zekiela.

        —Neska ederra, alajainkoa! —esan zuen marinelak— Nire oheko arkakuso guztiak horrelakoak balira, kosk egiteagatik ez nintzateke, ez, kexu izango.

        Agian Miss Lydiak entzun egin zuen bere edertasunari egindako goraipamen tolesgabe hura, eta agian izutu egingo zen, zeren eta berehala jaitsi baitzen bere ganbarotera. Geroxeago Orso ere erretiratu egin zen. Teniente gazteak zubitik alde egin bezain laster, neskamea igo egin zen, eta marinelari galdera batzuk egin ondoren, honakoa jakinarazi zion andereñoari: Orso iritsitakoan etenda geratu zen eresia, Della Rebbia koronela (hots, Orsoren aita) zuela bi urte asasinatu zutenean sortua zen. Marinela sinetsita zegoen Orso Korsikara mendeku hartzera zihoala (horrelaxe zioen) eta Pietranera herrian laster haragi gordina ikusiko zutela. Esaera nazional horren itzulpenaren arabera, Orso jauna bere aita asasinatu zuteneko bizpahiru pertsona susmagarri hiltzera zihoan. Pertsona haiek auzitara eraman zituzten, baina epaile, abokatu, prefektu eta jendarmeak erosita zituztelako errugabetzat jo zituzten.

        Korsikan justiziarik ez dago —erantsi zuen marinelak—, eta nik nahiago dut eskuetan fusil ona edukitzea, erret gortean kontseilari ona edukitzea baino. Etsaia duzunean, hiru S-en artean aukera egin behar da.

        Informazio interesgarri hark Miss Lydiak Della Rebbia tenientearenganako zuen tratua eta jarrera nabarmen aldarazi zituen. Harez gero ingeles erromantikoarentzat pertsonaia zen tenientea. Hasieran gaztearen axolagabetasun, lasaitasun eta umore onari itxura onik hartu ez bazion ere, orduan merezimendutzat zeuzkan, bere barnean duen sentimendurik erakusten uzten ez duen arima indartsuaren sakoneko estalkia zirelako. Lasai-itxuran asmo handiak ezkutuan zituen Fiesco-ren antzekoa zela iruditzen zitzaion Orso. Pikaro batzuk hiltzea aberria salbatzea bezain bikaina ez zen, noski, baina mendeku dotorea beti da ederra. Gainera emakumeei atsegin zaie heroia politikaria ez izatea. Harez gero konturatu zen Miss Nevil Della Rebbia gazteak begi handiak, hortz zuriak, itxura ederra, giza legea eta gizarte-harremanetarako erraztasuna zituela. Biharamunean neskak maiz hitz egin zion, eta elkarrizketa interesgarria iruditu zitzaion. Galdera ugari egin zion tenienteari bere Herriaz, eta bere erantzunetan ongi mintzatu zitzaion. Korsikatik oso gazterik joan behar izan zuen, lehenbizi lizeora eta gero Eskola militarrera, baina bere irudimenean kolore poetikoz jantzia zeukan. Hango mendi, baso eta biztanleen ohitura bitxiez adorez hitz egiten zuen. Asmatzekoa denez, mendeku hitza behin baino gehiagotan atera zen bere kontakizunetan, zeren beren grina ezaguna gaitzetsi edo zuritu gabe ez baitago korsikarrez hitz egiterik. Orsok apur bat harritu egin zuen Miss Nevil, oro har bere herrikideen gorroto amaiezinak kondenatu egin zituelako. Hala ere, nekazariengan ontzat hartzen zuen, vendetta pobreen duelua zela eta.

        —Hain da egia —zioen—, ze benetako desafioa eginda baino ez baita asasinatzen. «Zaindu zaitez, nik ere neure burua zainduko dut eta». Horiek dira etsaiek bata-besteari esaten dizkioten hitzak, elkarri amarruak prestatu baino lehen. Gure lurrean beste inon baino hilketa gehiago dago —erantsi zuen—, baina krimen horietan ez duzu inoiz arrazoi doilorrik ikusiko. Hilketa ugari dugu, baina lapurrik ez.

        Mendeku eta asasinatu hitzak esaten zituenean, Miss Lydiak arretaz begiratzen zion, baina haren aurpegian ez zuen emozio-arrastorik topatzen. Berak izan ezik, Orsok inork barrena ez ikusteko adinako adorea zeukala erabakia zuen andereñoak, eta Della Rebbiaren arima erratua ordaina eskatu gabe luze ez zela egongo sinetsita zegoen.

        Goletatik Korsika ikus zitekeen. Patroia kostaldeko puntu nagusiak izendatzen ari zen, eta bat bera ere ezagutzen ez bazuen ere, Miss Lydiak atsegin hartzen zuen izenak entzunda. Paisaia anonimoa baino gauza aspergarriagorik ez dago. Koronelaren kataloxak oihal urdinez jantzitako eta fusilaz hornitutako pertsonaren bat harrapatzen zuen, zaldi txikiaren gainean maldan gora zihoala. Haietako bakoitza bidelapurra edo bere aitaren heriotza mendekatu nahi zuen semea zen Miss Lydiarentzat. Baina Orsok ondoko auzoren bateko edozein herritar izango zela zioen; bere lanera joango zela, eta soinean fusila bazeraman «dotoreziagatik» zela, hau da, dandyak makila polita bezalaxe modagatik eramango zuela. Fusila ganibeta bezain noble eta poetikoa ez bada ere, Miss Lydiaren iritziz gizonarentzat makila baino dotoreagoa zen. Lor Byronen heroi guztiei bizia ohiko ganibetak ez eta bala batek kendu ziela gogoratu zuen.

        Hiru egunez nabigatu ondoren, goleta Sanguinaires-en aurrean zegoen eta gure bidaiariek begi-bistan Ajaccioko golkoko ikuskizun bikaina zuten. Napoliko badiarekin konparatzen zuten; arrazoiz konparatu ere. Gainera goleta portura sartzen ari zela, Punta di Girato inguratzen zuen eta erretzen ari zen maquisaren keak Vesubioa zirudien eta antza are eta handiagoa zen. Hala ere, antza erabatekoa izan zedin Atilak bere armadarekin Napoliren ingurutik igaro beharko zukeen, zeren Ajaccio ingurua dena hila eta basamortu baitago. Napoliren ondoan Castellamare-tik hasi eta Miseno lurmuturreraino dauden etxe dotoreen ordez, Ajaccioko golkoaren inguruan hondoko mendi soilen aurrean txaradi ilunak besterik ez daude. Ez baserririk eta ez etxolarik. Han-hemenka hiriaren inguruko muinoetan etxe zuri bakan batzuk nabarmentzen dira landaredian: hil-kaperak dira, famili hilobiak. Paisaia horretan oro da eder eta tristea.

        Hiriaren itxurak, garai hartan batez ere, inguru haietako bakardadeak sortarazitako zirrara areagotu egiten zuen. Lanik gabeko pertsona gutxi batzuk (beti berak) besterik ez zeuden hango kale hutsetan. Emakumerik ez zebilen, bere salgaiak eskaintzera etorritako bat edo beste izan ezik. Italiako hirietan bezala han ez da ozen hitz egiten, barre egiten edo kantatzen. Noizbehinka, zumardiko zuhaitz baten itzalpean, armatutako dozena bat nekazari karta-jokoan aritzen dira, batzuk begira dagozkiela. Inoiz ez dute liskarrik edo errietarik izaten. Jokoan giroa berotzen bada, pistola-tiro batzuk entzuten dira, beti ere mehatxua baino lehen. Korsikarra berez serioa eta isila da. Iluntzean gaugiroaz gozatzen silueta batzuk ikus daitezke, baina Cours-en dabiltzanak ia denak atzerritarrak izaten dira. Bertako biztanleak etxeko atarian egoten dira. Belatza bere habian bezalaxe, haietako bakoitza zelatan dagoela dirudi.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996