Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996

 

HOGEIGARREN KAPITULUA

 

        Aldizkariek ziotenez Pietranera jota utzi zuen kolpe bikoitza baino hilabete batzuk geroago, besoa loturik zeraman gizon gazte bat arratsalde batean Bastiatik zaldiz atera eta Cardo herrirantz abiatu zen. Herri famatua zen hura, hiriko gaixoentzat ur bikaina ematen zuen iturria medio. Gazte lirain eta txit ederra zuen ondoan, zaldi beltz txiki baten gainean. Bere indar eta dotoreziagatik zaldi-zalea harrituta utziko zukeen, nahiz eta zoritxarrez istripu bitxi bat zela eta belarri bat urratuta eduki. Herrira heldu zirenean, neska gazteak lurrera jauzi egin zuen bizkor, eta adiskideari jaisten lagundu ondoren, zelari lotutako zaku handi samar batzuk askatu zituen. Zaldiak nekazari baten esku utzi zituzten, eta mezzaroaren azpian disimulatzen zituen zakuak hartuta eta mutil gazteak eskuan bi tiroko fusila zeramala, mendira abiatu ziren etxerik gabeko norabait zihoala zirudien bidezidor pika batetik. Quercio mendiaren goiko maila batera heldu zirenean, biak geratu eta belar gainean eseri egin ziren. Norbaiten zain zeudela zirudien. Izan ere, begiak mendi aldera etengabe bihurtzen zituzten eta neskak maiz begiratzen zion urrezko erlojuari. Agian zuela gutxi eskuratutako bitxi hura ikusteko izango zen, eta agian zitaren batera garaiz heldu ote ziren jakiteko. Ez ziren denbora luzez zain egon. Txakur bat irten zen maquisetik, eta emakumeak Brusco izena esan zuenean, losentxak egitera inguratu zitzaien. Geroxeago bi gizon bizardun agertu ziren, fusilak besapean, kartutxera gerrian eta pistola zintzilik zituztela. Arropak urratuak eta adabakiz beteak zituztelako, kontinenteko fabrika famatu bateko arma distiratsuak nabarmentzen zitzaizkien. Itxuraz maila desberdineko ziren pertsona haiek, adeitsu agurtu zuten elkar lagun zaharrak bailiran.

        —Ederki, Ors' Anton' —esan zuen bidelapur zaharrenak—. Zure arazoa amaitu da. Largespen-erabakia hartu dute. Zorionak. Sentitzen dut abokatua irlan ez egotea. Amorruz betea ikusiko nukeen. Eta zure besoa?

        —Hamabost egun barru lotu gabe erabiltzeko moduan izango naizela esaten didate. Brando. Bihar Italiarantz abiatuko naiz eta agur esan nahi nizun. Baita apaiz jaunari ere. Horregatik eskatu dizuet hona etortzea.

        —Presa handia duzu —jakinarazi zion Brandolacciok—. Atzo barkatu zizuten eta bihar bazoaz.

        —Konpondu beharreko arazo batzuk ditugu —esan zuen alai neskak—. Afaria ekarri dizuet, jaunak. Hemen duzue, eta ez ahaztu gure lagun Brusco ere hemen dela.

        —Gehiegi zaintzen duzu Brusco, Colomba andereñoa, baina esker onekoa da. Begira. Tira, Brusco. Jauzi egin Barricinitarrengatik —esan zuen fusila horizontal ipini eta altxatuta.

        Txakurra geldirik zegoen, muturra milikatu eta nagusiari begira.

        —Jauzi egin Della Rebbiatarrengatik!

        Eta txakurrak eskopeta baino bi oin goragoraino jauzi egin zuen.

        —Entzun, lagunak —esan zuen Orsok—. Lanbide txarra duzue, eta zuen jarduna horko plaza horretan amaitzen ez bada, gerta dakizuekeen gauzarik onena maquisen batean jendarmeren baten balak jota erortzea da.

        —Eta zer? —kontra egin zion Castriconik—. Beste edozein bezalakoxe heriotza da, eta ohean ondorengoen nolabaiteko negar artean hiltzen duen sukarra baino hobea. Gu bezala afrontuan ibiltzen ohituta dagoenarentzat, hemengo nekazariek diotenaren arabera oinetakoak jantzita hiltzea bezalakorik ez da.

        Poz hartuko nuke hemendik joango bazinete... eta bizimodu lasaia izango bazenute. Zergatik ez zarete, esate baterako, Sardiniara joaten? Zuen lagun batzuek hori egin dute, eta nik laguntza emango nizueke.

        —Sardiniara! —oihu egin zuen Brandolacciok—. Istos sardos! Deabruak eraman ditzala beren hizkerarekin! Guretzat ez dira lagun egokiak.

        —Sardinian baliabiderik ez dago —erantsi zuen teologoak— Nik gainera gorroto diet sardiniarrei. Zaldizko soldaduak dituzte bidelapurrak harrapatzeko. Horrekin bidelapurrei eta Herriari buruz dena esana dago. Sardiniarik aipatu ere ez! Harritzekoa, Delta Rebbia jauna, zu bezalako gizon zentzuzko eta jakitunak gure bizimodua probatu eta maquisetan bizi nahi ez izatea da.

        —Izan ere, zuek ostalari izan zinetenean —erantzun zion Orsok irribarrez— bizimodu horren xarmaz jabetzeko gauza ez nintzen. Oraindik ere saihetsean min hartzen dut gau eder batean paketearen moduan zelarik gabeko zaldian jarrita Brandolacciok gidaturik egin genuen ibilaldiaz gogoratuta.

        —Eta jazarralditik ihes eginda izandako poza ez al da ezer? —kontra egin zion Castriconik—. Gurea bezain giro ederrean erabateko askatasunak duen xarmak ez al du ezer balio? Errespetua sartzeko —eta fusila erakutsi zuen— hau izanda, bala heltzen den lekuraino norbera errege da. Aginduak eman, arazoak konpondu... Oso bidezko eta atsegina da zeregin hori, eta guk ez dugu utziko. On Kixote baino zentzudunagoa izan eta hobeto armaturik egonda, zaldun ibiltariarena baino bizimodu hoberik ba al da? Begira. Lehengoan Lilla Luigi neskatxaren osaba zekenak doterik ez ziola eman nahi jakin nuen. Mehatxurik egin gabe idatzi nion, zeren hori ez baita nire era, eta horra, hor, gizona bat-batean limurtuta. Iloba ezkondu du. Bi pertsonak beren zoriona zor didate. Etsita egon zaitez, Orso jauna. Bidelapurraren bizimodua bezalakorik ez da. Bah! Agian zu ere gutakoa izango zinen, baldin eta nik zeharka baizik ikusi ez nuen neska ingeles hori izan ez balitz, baina, egia esan, Bastian denek ontzat daukate.

        —Nire koinatagaiari maquisa ez zaio atsegin —jakinarazi zien Colombak irribarrez—. Han egon zenean beldur handiegia izan zuen.

        —Dena den —esan zien Orsok—, zuek hemen geratu nahi duzue, ezta? Ongi da. Beraz, esadazue zuen alde zer egin dezakedan.

        —Noizbehinka gutaz oroitu —erantzun zion Brandolacciok—. Nahikoa egin duzu dagoeneko. Chilinak dotea badu eta ongi ezkontzeko nire lagun apaizak «mehatxurik» gabeko gutuna idatzi beharrik ez da izango. Badakigu zure maizterrak behar dugun ogia eta bolbora emango digula... Beraz, agur. Egunen batean Korsikan zuek ikustea espero dut.

        —Estutasunak jotzen badu —esan zien Orsok— urrezko txanpon batzuk ondo etortzen dira. Lagun zahar garenez gero, beste batzuk lortzeko balio duen kartutxo txiki hau hartu gabe ez zarete geratuko.

        —Gure artean dirurik ez, nire tenientea —uko egin zion gogor Brandolacciok.

        —Diruak dena konpontzen du munduan —parte hartu zuen Castriconik—, baina maquisean bihotz sendoa eta hutsik egiten ez duen fusila dira balioa duten gauza bakarrak.

        —Oroigarriren bat zuei utzi gabe ez nuke joan nahi —esan zien berriro Orsok—. Tira, Brando. Zer utziko nizuke?

        Bidelapurrak burua arraskatu zuen eta Orsoren fusilari zeharka begiratu zion.

        —Bada, nire tenientea... atrebentzia ez bada... Baina ez. Oso maitea duzu.

        —Zer nahi duzu?

        —Ez... ezer ere ez... Gainera maneiatzeko trebea izan behar da, baina beti kolpe bikoitz hura datorkit burura... eta esku bakarraz. O! Gauza horiek ez dira bi aldiz egiten.

        —Fusila nahi al duzu? Zuretzat ekarri dut, baina ahalik eta gutxiena erabili.

        —O! Zuk bezala erabiliko dudanik ez dizut agintzen, baina zaude lasai. Beste baten esku egoten denean, Brandorenak egin duela esan ahal izango duzu.

        —Eta zuri, Castriconi, zer eskainiko dizut?

        —Gauzaren bat niri emateko gogoa duzunez gero, ahalik eta formatu txikieneko Horazio bat bidaltzea eskatuko nizuke. Denbora-pasa erabiliko nuke eta latina ez litzaidake ahaztuko. Bastian bada portuan zigarroak saltzen dituen neskatxa bat. Utzi hari eta hark bideratuko du nik jaso dezadan.

        Elzevir bat izango duzu, jaun jakituna. Eraman nahi nituen liburuetako bat horrelakoa da, hain zuzen. Tira, lagunak. Joan egin behar dugu. Eman bostekoa. Inoiz Sardiniaz pentsatzen baduzue, idatzi niri. N. abokatuak emango dizue kontinentean dudan helbidea.

        —Bihar portutik ateratzen zaretenean, nire tenientea —esan zion Brandok—, mendi aldera begiratu, leku honetaraxe. Gure musuzapiez agur egiteko hementxe izango gara.

        Horrela agurtu zuten elkar. Orso eta arrebak Cardoko bidea hartu zuten, eta bidelapurrek mendikoa.

 

Colomba
Prosper Mérimée

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1996