Patagonia Express
10
«Utzi botila» agindu diot rona zerbitzatu berri didan mutilari. Edan egiten dut. Nekea eta oihanetik datorren aire bero eta hezeak sortarazten duen lozorroa leuntzea lortzen duen aringarri xume baten antzera sartzen da. Shellen nago, Ekuadorreko Amazonia-aurreko herrixkan, ez ate ez leiho ez daukan kantina batean. Kanpora begiratu dut, kale bakarreko palmondoen adarrak geldirik daudela ikusi dut, hauek ere zeru oskarbiaren pean letargiaturik. Zeru egokia Palacios kapitainarekin hegan egiteko. Arraioa, zein ote da bere izena? Bertako biztanleentzat, lurrean igarotzen zituen orduak hamakan kulunkatzen eta San Miguel rona edaten ematen zituen abiadorea, Palacios kapitaina zen soilik. Eta horrelaxe deitzen zioten bere abioneta baldarrean bisitatu zituen Amazoniako ehunka basetxe eta herrixketan ere. Eta bazkidea? Zer izen dauka bazkideak? Shelletik San Sebastián del Cocara hegan egin behar izan nuen arratsalde batean ezagutu nuen. Itxuraz zabala zen kale batean utzi ninduen kamioi batek. Jaitsi eta berehala sumatu nuen nire oinak lokatzetan hondoratzen zirela eta bakarrik ez nengoela ikusi nuen; hainbat urde zebiltzan pozik lokatzetan. —Eta nola helduko naiz aireportura? —galdetu nion kamioi gidariari. —Han daukazu, man. Bide bazterrean dagoen guztia aireportua da —esan zuen lokatz eremu zabal bat seinalatuz. Eremu haren albo batean zinkezko sabaidun zurezko eraikuntza bat ikusten zen. Norabide hartara abiatu nintzen eta, hurbiltzen nintzen heinean, futbol partidu bat erretransmititzen ari zen kirol esatari baten ahotsa entzuten nuen. Eraikuntzak bi ate higikor zeuzkan eta zabalik zeuden. Barruan, mulatotzar bat olio-ontzi erdi batean erdi-murgildurik zeuden metalezko pieza batzuei behatzen ari zen. Esku batekin astiro mugitzen zituen piezak gasolinari zapa kentzeko eginbeharra utziz, eta bestearekin, zigarro luze bati eusten zion. Buruaren mugimenduek argi erakusten zuten ez zetorrela inola ere esatariak esaten zuenarekin bat. Hormatik hormara zabalduriko olana berde batek eraikuntza banatu eta atzeko aldea ezkutatzen zuen. Mulatoak interes txikiena ere erakutsi gabe begiratu zidan eta berriro ere bere arreta futbol partiduan finkatu zuen. —Arratsalde on —agurtu nuen. —Hori eztabaida daiteke. Zer nahi duzu, mister? —Cocara egin behar dut hegan. Esango al didazu nola egin dezakedan? —Bai horixe. Hegan egiteko nahikoa da besoei eragin, indarra hartzeko korrika egin eta hankak biltzea. Beste ezer? —Ez niri adarra jo, konpai. Cocara egin behar dnt hegan. —Seguru, mister. Hitz egizu Palacios kapitainarekin. —Non aurkituko dut? —Non izango da ba, Catalinaren tabernan. Joan zaitez lokatzetan plisti-plasta kalearen amaiera arte. Eta kontuz urdeekin. Putaseme hutsak dira. Catalinaren taberna hogeita hamarren bat metro karratuko etxola bat zen. Hondoan barra zegoen, honen aurrean gizon batzuk zerbait edaten eta beren gauzez hizketan. Erdian jutezko hamaka bat zegoen zintzilik, bertan ileurdindun gizon bat, oso eta santu lotan. Ertz batean, eta pazientzia infinitozko keinuaz, emakume bat eta gizon bat zain zeuden aulki kulunkagarrien joan-etorriari eusten beste zereginik gabe. Emakumeak oinak alanbrezko kaiola baten gainean zeuzkan, bertatik, hirazko begiradadun oilarrak gorrotoz begiratzen zien urdeei. —Palacios kapitainaren bila nabil —esan nion hura zeraman emakumeari. —Hortxe daukazu, papacito —erantzun zidan hamakakoa seinalatzen zidala. —Esnatuko al duzu? —Segun eta zertarako. Oldartu egiten da besterik gabe esnatzen dutenean. —Cocara joan behar dut... Ez nuen beste ezer esatea lortu. Txerritxoak zeramatzan emakumea eragingailu batek bultzatu balu bezala altxatu eta hamakari eragiten hasi zen. —Zer gertatzen da, arraio! —egin zuen purrusta itzarri berriak. —Beste bidaiari bat daukazula. Bete duzu kupoa. Oraintxe bertan joan gaitezke —esan zuen emakumeak hamakari eragiten utzi gabe. Palacios kapitaina nagiak atera, begiak igurtzi, aharrausi egin eta azkenik, hamakatik jaitsi zen. Ez zeukan metro eta hirurogeita hamar baino gehiago eta pilotu-mameluko koloregabetu bat zeraman, kremaileradun horietako bat. —Zer eguraldi daukagu —kontsultatu zuen zuzenean inorengana jo gabe. —Gorotza bezalakoa —erantzun zuen barrako morroiak. —Txarragoa izan zitekeen. Beraz, hegan goaz —erantzun zuen Palaciosek. Pauso seguruaz irten zen tabernatik. Txerritxoak zeramatzan emakumea, oilarra zeraman gizona eta neu haren atzetik joan ginen. Aireportuan, lehen tabernara bidali nauen mulatoa metalezko piezekin eta futbolarekin segitzen zuen. —Bazkide, kobratu —agindu zuen Palaciosek gu sartu orduko. —Zer? Eguraldi honekin hegan egin behar al duzu? —esan zuen mulatoak sabaia seinalatuz. Goraxeago hodei grisek ekaitza iragartzen zuten. —Gallinazoek hegan egiten badute, eta itsusiagoak dira, ez dakit zergatik ezingo nukeen neuk ere egin —erantzun zuen Palaciosek. —Kaskagogorra izaki gero. Ea ba, zuek, hasi izenak ematen. Oso erabilgarria izaten da istripua gertatuz gero gorpuak identifikatzeko. Berrehun eta berrogeita hamar sucre buruko —adierazi zuen mulatoak. Txerritxoen emakumea Mondañara zihoan, Shelletik laurogeita hamar kilometrora dagoen kolono basetxea, zeinetara beste bide batzuetatik ere irits daitekeen: lehenengo oinez Chontapuntaraino, gero kanoaz Napo ibaitik, betiere eguraldi ona egiten badu eta bizpahiru eguneko bidaia egiteko adinako pazientzia edukiz gero. Oilarra zeraman gizona San José de Payaminoraino zihoan, Payamino ibaiaren ondoan dagoen herrixka bat. San José de Payaminoko oilar-eskorta oso ezaguna da Amazonian. Apustu gogorrak egiten dira bertan, eta oihana eta beren bizitzak suntsitzen gogor lan egin ondoren garinpeiroek pilatutako aberastasun ugari nabigatzen dira garaitutako oilarren odoletik apustugile profesionalen patriketara. Gizona aberastasun bila zihoan bere oilar garailearekin. Kobre kolorezko oilar txiki hura hiltzeko makina bat zen. Halaxe zioen jabeak, Macaseko oilartegian, aurreko astean zortzi arerio suntsitu zituela adieraziz. Bidaia lehorretik eta ibaian zehar egiterik bazeukaten baina bost egun behar izango zituen eta oilarrarentzat nekagarriegia zen. —Zeren zain zaudete? Ea, zirgatzera! —agindu zuen Palaciosek olana berde bat kentzen zuen bitartean. Hantxe zegoen abioneta. Lau plazako Cessna zahar eta koloregabetua. Gizonok lurreratze-trenera loturiko sokei eragin genien eta tramankulua pistaraino eraman genuen. Fuselajean nabarmen ziren adabakiei begiratu nien eta beste inoiz ez nuen hain hurbil sumatu damuaren indarra, baina Cocara heldu beharra neukan, Shelletik laurogei kilometrora eta biderik laburrena airez joatea zen. Plegaria bat bailitzan «hegazkin hauek seguruak dira, oso seguruak, erabat seguruak» errepikatuz igo nintzen barrura. Pilotuaren ondoko jarlekua egokitu zitzaidan. Nire atzean urduri ari ziren marmarka txerriak. Oilarra aireratze-aurreko gora-beheretatik urrun zegoen. —San Sebastián... San Sebastián... Erantzun... Palacios kapitaina mikrofono bati hizketan ari zen. Erantzun bakartzat txistu saila jaso zuen. Txistuak ozenagotzea besterik lortu ez zuten gailu batzuk mugitu ondoren, mikrofonoa eskegi zuen. —Esan nizun traste hau konpontzeko. Esan nizun. —Kirtenkeria horrek ez dauka konponbiderik. Mekanikaria naiz. Ez dut miraririk egiten —zehaztu zuen mulatoak. —Ados. Berdin da. Heltzen ikusiko gaituzte. Abioneta lokatzetatik lasterka hasi zen eta tresnen panelari begiratu nionean ihes egiteko gogoa piztu zitzaidan. Beste inoiz ez nuen halako panel xumerik ikusi. Inoiz, ziurrenik, nabigazio-tresna izan ziren zulo huts eta kable zatien artean, altimetroaren orratza eta errekinaren ontziarena ikus zitezkeen. «Horizontea» edo egonkortasunaren adierazgailua, lurrarekiko paralelo joan behar duena, ia bertikal zegoen. —Aizu..., horizontea ez dabil —esan nion nire beldurra ezkutatuz. —Berdin da. Zerua goian dago eta lurra behean. Gainerakoa ergelkeriak dira —amaitu zuen Palaciosek. Aireratu egin ginen. Abioneta ehun eta berrogeita hamar bat metro altxa zen eta leuntasunez egonkortu zen. Hodei sendo eta grisezko sabaipean egiten genuen hegan. Ekaitzek ekarri ohi duten aire beroak kabina hartu zuen erabat. Lasaitasunez ikusi nuen iparrorratza bazebilela: ipar-ekialderantz gindoazen. Hogei minutura ibai baten ildoaren sigi-saga berdea ikusi genuen. —Begira zer-nolako edertasuna: Huapunoa. Amazonian sartzen ari gara —adierazi zuen pilotuak. —Amazoniako lurraldea ekialderago hasten zela uste nuen —iruzkindu nuen. —Politikarien ergelkeriak. Amazonia ibai handira doazen lehenengo tantekin hasten da. Zer galdu zaizu Cocan, man? —Ezer ez. Lagun batzuk bisitatzera noa. —Hori ondo dago. Ez dira lagunak ahaztu behar. Infernuan bertan badaude ere, ikustera joan behar da. Garinpeiroa zinela uste nuen. Ez ditut gustuko garinpeiroak. —Nik ere ez. —Izurritea dira. Gorotz distiratsuari buruzko zurrumurru txikienarekin milaka agertzen dira. Batzuetan abioneta gas-pozoitsuz bete eta fumigatzeko gogoa sartzen zait. Zer iruditzen zaizu hegaldia? —Orain arte, ondo. Kexarik ez. Palacios kapitainaren hegaldi-plana nahiko xumea zen: hodeien azpitik Huapuno ibaiaren ildoari jarraitzen zion Arajunorekin ipar-ekialderantz zihoan ibai handiagoa osatuz elkartzen zen arte. Behean, oihana atseden hartzen ari zen piztia handi bat bezalakoa zen, erasotzeko prest zegoen zaparrada jasotzera etsita. —Zu ez zara hemengoa, man. —Ez. Txiletarra naiz. —To. Eta berriro ere to. —Zer esan nahi duzu horrekin? —Zu hemen zaudela edo burutik egin zaizulako edo zure herrialdean bizi ezin duzulako. Bi arrazoietako edozein atsegina iruditzen zait. Begiratu flamingoei hor behean. Ikusi al duzu hegazti ederragorik? Zuzen zegoen denean: burutik egindako bat baino ez zitekeen igo hura bezalako abioneta batean, nik, egia zen, ezin nuen nire herrialdean bizi eta, han behean, Huapunoren gainezkaguneek eratutako aintzira batean, flamingo eder talde bat ekaitzaren zain zegoen. Ordubeteko hegaldiaren ostean Napo ibaiaren mendebaldeko ertzaren aldamenean oihan soilgune bat begiztatu genuen, bertan kanabera eta palmondozko lauzpabost etxe ikusten ziren. Hura zen Mondaña. Berrogeita hamar bat metro jaitsi ostean, zirkuluak eginez egin genuen hegan haren gainetik. —Ez izutu. Gazteek pista egokitzeko astia izan dezaten egiten dut hau. Behean, zenbait lagun hondartzaraino joan ziren korrika, adar eta harriak kendu eta, besoez keinuka, jaisterik bageneukala adierazi ziguten. Palaciosek esku-oihal batean lurreratzeko gai zela erakutsi zuen. Emakumea eta txerritxoak utzi eta bertakoen hainbat enkargu jaso ondoren, bigarren haizeratzeari ekin genion. Palaciosek ontzia hondartzaren mutur bateraino eraman zuen, abiadura hartu eta ia-ia uraren sastra berean haizeratu ginen. Minutu gutxira Napo ibaiaren ildoari jarraitzen genion. —Oraindik urduri, man? —galdetu zuen Palaciosek ironiaz. —Ez hasieran bezain urduri. Noiztik egiten duzu hegan? Hondartzako haizeratzea aparta izan delako galdetzen dizut. —Baina ni ikarak kaka eginda nago —esan zuen atzetik oilarra zeramanak. —Noiztik? Aspaldidanik. Ahazturik daukat —erantzun zuen Palacios kapitainak. —Zurea al da abioneta? —Nirea? Elkarrenak garela esan daiteke. Nik ez nuke jakingo zer egin bera gabe, eta bera ni gabe ez doa inora. Begiratu zein ederra den Napo. Inguru honetan urtean birritan oihan eremu handia estaltzen du eta izugarrizko bagreak harrapa daitezke. —Halaxe da. Duela gutxi ehun eta berrogeita hamar librako bat ateratzen ikusi nuen —adierazi zuen oilarra zeramanak. —Zergatik interesatzen zaizu abioneta? Zerbait ba al dakizu hegazkinez? —Zerbait bai. Motorrak hots egokia dauka. —Seguru, man. Mekanikari ona daukat. Shellen ikusi zenuen mulatoa bazkide dut eta bera arduratzen da dena prest egon dadin. Tresna hau Macas ondoan derrigorrezko lurreratze bat egin zuten apaiz batzuena zen. Zuhaitz batzuen kukulan lurreratu ziren eta bertan utzi zuten. Guk txatartzat erosi genuen eta pare bat hilabete geroago airean geneukan berriro. San José de Payaminoko lurreratze-pista aihotzaz irekitako soilgune bat zen. Horretaz gain, futbol-zelai, azoka eta plaza nagusia ere bazen. Han utzi genuen oilarra zeraman gizona, zorte ona eduki zezan opatu nion, errekina hartu eta bidaiari ekin genion berriro Payamino ibaiaren gainetik hegan urek Punokoekin bat egin zuten arte eta, geroago, beti ipar-ekialderantz, San Francisco de Orellana kaia hegaldatu genuen, Puno eta Coca ikusi genituen hego-ekialdera doan Napo ibai handira joaten. Bertako urek mila eta hirurehun bat kilometro egiten dituzte Amazonas ibaiaren ur bizia elikatzeko. Hegaldiaren azken etapan abiadoreak bere bizitzari buruzko hainbat xehetasun kontatu zizkidan. Texacoren pilotu izan zen, ondo ordaindua, behinola gringoak atsegin ez zituela eta Amazoniarekin maitemindurik zegoela konturatu zen arte. —Emakume bat bezalakoa da, man. Barruan sartzen zaizu, azalean. Ez du ezer eskatzen, baina beti berak nahi duen guztia egiten amaitzen duzu. San Sebastián del Cocan hizketan segitu genuen eta, ronaz leporaino bete ginen parranda gau baten ostean, lagunak izan gintezkeela erabaki genuen. Baita izan ere. Berari esker ezagutzen ditut airetik Amazoniako erregio ezkutu eta zoragarrienak, hark bere burua baino hobeto ezagutzen zituen mundu berde haren misterio asko eta, gure lehenengo hegalditik urte asko iragan zirenean unibertso berde haren suntsiketa kriminalari buruzko erreportaje batzuk egitera itzuli nintzenean, hantxe zegoen Palacios kapitaina, behar zen lekura eramateko prest. Azkeneko aldiz El Pantanalen ikusi nuen, Brasil eta Paraguay artean, Matto Grosso behean. Adoretsu agurtu genuen elkar, lagun-erritoan edandako ronak ematen duen alaitasunaz eta jacaré-en —Amazoniako kaimanak, zeinen larrua Europako moda-desfileetan erabiltzen den suntsipenari buruzko dokumentala filmatzen lan bikaina egin izanaren pozaz. Dokumentalean parte hartu zuen talde guztia bat etorri zen; Palacios kapitainaren partehartzerik gabe, hura bete ezinezko misioa izango zen. —Aurkituko gara berriro, man. Ez dizut esan behar itzultzeko. Zuk ere Amazonia barruan sarturik daukazu eta ezin duzu bera gabe bizi. Inoiz, suntsitzen duten putaseme hauek izorratu behar badira, badakizu non izango naizen. Eta bilatu nuen. Kantina honetan eseri eta apurka-apurka husten ari naizen ron botila eskatu aurretik, ahitu arte bilatu nuen. Ez nuen aurkitu. Bazkidea, mulatoa, ere ez. Baten batek kontatu zidan norabaiterantz aireratu zirela eta ez zirela itzuli. Berriemaileak ez zuen zehaztasunez gogoratzen noiz izan zen. Bizitza eta ahaztura, sarritan, arinegi gertatzen dira munduko leku honetan. Zer gertatu ote zitzaien bi abenturazale zoragarri horiei? Zein izen zeukan inoiz jakin ez nuen hari? Beti «zu, man» esanez hitz egin zidan hari? Palacios kapitaina, nire lagunari?
Patagonia Express |