Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998

 

3

 

      Beti saihestu izan dut Txileko diktaduran zeharreko kartzelaren gaia ukitzea. Alde batetik, bizitza beti iruditu zaidalako liluragarria eta bizi beharrekoa eta halako istripu lizun bat aipatzea hura iraintzeko era gordina zelako; eta bestetik, horri buruzko lekukotza ugari —zoritxarrez, gehienak oso txarrak— idatzi direlako, horregatik saihestu nuen.

      Nire gaztaroko bi urte eta erdi Txileko kartzelarik miserableenetako batean, Temucokoan, giltzapeturik eman nituen.

      Txarrena ez zen giltzapea bera, barruan ere bizitzak aurrera egiten zuen eta, batzuetan, gainera, kanpoan baino interesgarriago. «Prigué»rik —gerra presoak— prestatuenek —bertan zegoen hegoaldeko unibertsitateetako irakaslego osoa— akademiak eratu zituzten, eta horrela, priguéetako askok hizkuntzak, matematika, fisika kuantikoa, historia unibertsala, artearen historia, filosofiaren historia ikasi genituen. Iriarte deitura zeukan irakasle batek bi asteko mintegi aparta eman zuen Keynes eta ekonomista garaikideen arrazonamendu politikoari buruz; bertara, ehun bat presoz gain, armadako ofizial ugari agertu zen. Andres Muller kazetari eta idazlea Pariseko komuneroen akats taktikoei buruz mintzatu zen, guk Temucoko Ateneoko Areto Handia izenaz bataiatu genuen oinetako-tailer hura jagoten zuen soldaduteriaren harriduraren aurrean. Beste prigué ospetsu batek, Genaro Avendañok —1979an «desagertarazi» zutena—, preso eta militarrak hunkitu zituen Unamunok Salamancan egindako mintzaldi baten dramatizazioarekin.

      Liburutegi txiki bat ere izatera iritsi ginen kanpoan debekatu baino debekatuago zeuden liburu eta guzti, senitarteko eta lagunek bidaltzen zizkiguten liburuak filtratzeko ardura zeukan subofizialaren zentsura bitxiari esker. Beti eskertu diogu lehenengo laguntzetarakoen artean, liburutegia apaintzen zuen Las venas abiertas de América Latina liburuaren ale bat sailkatu izana. Goi mailako sukaldaritza eskolak ere jaso genituen. Nola ahaztu bestela Julio Garcésen pasioa, Txileko aristokraziaren Meka zen Club de la Union-eko sukaldaria, untxi gibelaz egindako saltsa ona prestatzeko ezinbesteko osagaitzat animalia haren koipe sotila zela defendatzen zuenean edo itsasaingira-saltsa prestatzeko, ondoren mahairatuko zen ardo zuri berbera erabili behar zela errepikatzen zuenean. Urte batzuk geroago Garcés Belgikan aurkitu nuen. Bruselako jatetxe prestigiotsu bateko chefa zen eta harrotasun handiz erakutsi zizkidan Michelin Gidak bere sukaldaritza-artea saritzeko emandako bi diplomak. Bi diploma dotore ziren, koaderno-orri batean idatzitako beste bat ohorez janzten zutenak: Temucoko Michelin, maitasuna, muskuilu lata bat, ogi papurrak eta kartzelako katuek jan ez zitzaten guztiok bereziki zaintzen genuen ontzi batean landatutako usain-belarrez prestaturiko itsas oroitzapenezko soufflé zoragarri batengatik eman geniona.

      Bederatziehun eta berrogeita bi egunez izan nintzen guztiona eta inorena ez zen lur hartan. Barruan egotea ez zen gerta zekigukeen gauzarik txarrena. Bizitzan zutik egoteko beste era bat zen. Txarrena, gutxi gora-behera hamabostean behin, Tucapel erregimentura galdeketetara eramaten gintuztenean iristen zen. Orduan ulertzen genuen azkenean ezein ez lekutara iristen ginela.

 

Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998