Patagonia Express
1
—Beno, hemen gaude —esan dut bozbeheraz, eta kaio batek buruari bira egin dion segundo batzuez niri begiratzeko. «Beste zoro bat», pentsatuko du kaioak, izan ere, bakarrik bainago, itsasoaren aurrean, eta Chonchi-n, Chiloéko irla handiko portu bat, munduaren hegoalde urrunean. El Colono abordatzeko agindua eman dezaten zain nago, gorri eta zuriz pintatutako aldaontzia da, Baltiko, Mediterraneo eta Adriatikoko uretan hamarkada askoan nabigatu ondoren, ur austral hotz, sakon eta ustekabekoetan flotatzera etorria. El Colono-k, iragarritako hogeita lau orduak nabigatu ondoren, baina egia esanda hogeita hamarretik gora izan daitezke —itsasoaren eta haizearen gurarien araberakoa izango da hori—, bostehun bat milia hegorago utziko nau, Txileko Patagoniaren erdian. Itxaroten dudan bitartean, patuaren hari meheak mugitu eta Bruce Chatwin eta neu neguko eguerdi batean Bartzelonako Café Zurichean aurkitzea lortu zuten bi gringo zaharrengan pentsatzen ari naiz. Ingelesa eta txiletarra. Eta, hori gutxi balitz, «aberria» fonemengatik inolako maitasunik sentitzen ez zuten bi morroi. Ingelesa, nomada, besterik izaterik ez zeukalako, eta txiletarra, arrazoi berberengatik erbesteratua. Alajainkoa! Debekatu egin beharko lirateke halako topaketak edo, gutxienez, haurrak bertan daudela gerla ez daitezen bermatu. Zita, Bruceren editore espainiarrak jarria, eguerdirako zen eta ordu-orduan iritsi nintzen. Ingelesa lehenago iritsia zen; zerbeza baten aurrean jarririk zegoen El Víbora tebeo bihurri horietako bat irakurtzen. Bere atentzioa emateko mahaian kolpetxo batzuk jo nituen. Ingelesak burua altxa eta zurrutada bat edan zuen hitz egin aurretik. —Hegoamerikar puntual bat jasan dezakedan zerbait da baina Alemanian hainbat urte bizi izan ondoren, lehenengo zitara lorerik gabe etortzen den morroia, benetan jasangaitza da. —Nahi baduzu ordu laurdenean hemen naiz berriro, eta loreekin —erantzun nuen. Keinu batez jarlekua seinalatu zidan. Eseri eta zigarro bat piztu nuen eta bata besteari begira geratu ginen txintik esan gabe. Berak bazekien nik banekiela bi gringoen kontua, eta nik banekien berak bazekiela bi gringoen kontua. —Patagoniakoa zara? —galdetu zuen isilunea hautsiz. —Ez, hegoalderagokoa. —Hobe. Patagoniarrek esaten dutenaren laurdenean ere ezin da konfiantzarik eduki. Lurreko gezurtirik handienak dira —esan zuen zerbeza eskuratuz. Kolpea itzultzera beharturik sentitu nintzen. —Ingelesengandik ikasi zuten gezurrak esaten. Ezagutzen al dituzu Fitzroyk Jimmy Button gizajoari asmatu zizkion gezurrak? —Horrela, parra —esan zuen Brucek eta bostekoa luzatu zidan. Aurkezpen zeremonia asebetegarria izan zen eta bi gringo zahar haietaz hitz egiten jardun genuen. Agian, mapek inoratzen zuten lekuren batetik guri begira edukiko genituen, topaketa haren lekuko izateaz pozik. Urte asko iragan dira Bartzelonako eguerdi hartatik. Urte batzuk eta zenbait ordu, une honetan, lepakariek El Colono kargatu eta untzira igotzen utz nazaten itxoiten dudan bitartean, otsaileko egun bateko arratsaldeko hirurak dira-eta. Ofizialki uda da munduko hegoaldean, baina Ozeano Pazifikoko haize izoztuak ez dio xehetasun honi inolako jaramonik egiten; hezurrak ere kikiltzen dituen boladaka dabil, eta oroitzapenen epela bilatzera behartzen du. Bartzelonan hizpide izan genituen bi gringoek beren bizitzaren zati handi bat banku-negoziotan eman zuten eta, jakina denez, hori bi modutan egin daiteke: bankaria izanda edo bankuetan lapurtuz. Haiek bigarrena aukeratu zuten, izan ere, finean gringoak zirenez, atrakuetan eskuratzen zuten aberastasuna berehala elkarbanatzera behartzen zituen karitate-puritanokeria baitzeramaten zainetan. Baltimoreko aktoreekin, New Yorkeko kantariekin, San Frantziskoko sukaldari txinatarrekin, Kingston eta Habanako putetxeetako prostituta txokolateztatuekin, La Pazeko igarle eta sorginekin, Santa Cruzeko zalantzazko poetekin, Buenos Aireseko musa malenkoliatsuekin, Punta Arenaseko marinelen alargunekin elkarbanatzen zituzten eta Patagonia eta Suaren Lurraldean ezinezko iraultzak finantzatzen amaitu zuten. Robert Leroy Parker eta Harry Longabaugh izena zuten, Mister Wilson eta Mister Evans, Billy eta Jack, don Pedro eta don Jose. Legenden lautada infinituetan Butch Cassidy eta Sundance Kid izenez sartu ziren. Ardo upel baten gainean jarririk nagoela gogoratzen dut hau guztia, itsasoari begira, munduko hegoaldean, eta Brucek bidaia honetarako hain zuzen oparitu zidan orri koadrikulatudun koaderno batean hartzen ditut oharrak. Eta ez da nolanahiko koadernoa. Museoko pieza da, benetako Moleskín bat, Celine edo Hemingway bezalako idazleek oso preziatu zutena eta papertegietan dagoeneko aurkitzen ez dena. Erabili aurretik berak egiten zuena egiteko iradoki zidan Brucek: lehenengo, orriak zenbakitu, ondoren, kontrazalean munduko bi helbide gutxienez idatzi eta, azkenik, koadernoa galduz gero itzultzen zuenari saria agindu. Hori guztia ingelesegia iruditzen zitzaidala esan nionean, Brucek erantzun zidan, hain zuzen, neurri horiei esker ingelesek inperioa izatearen ilusioa gordetzen dutela; kolonia bakoitzean odol eta suz grabatu zuten Ingalaterrako zati izatearen ideia eta, galdu zituztenean, dirusari txiki baten truke, Nazioen Erkidego Britanikoa eufemismoaren pean berreskuratu zituzten. Moleskínak Tourseko koadernatzaile artisau baten eskuetatik zetozen; beraren familiak mende hasieratik fabrikatzen zituen, baina, artisaua hil zenean, haren ondorengoek ez zioten tradizioari jarraitu nahi izan. Ez du inork hori deitoratu behar. Egunez egun errito, ohitura eta laster nostalgiaz gogoratuko ditugun xehetasunak desagerrarazten dituen ustezko modernitateak ezarritako jokoaren arauak dira. Ahots batek «minutu gutxi barru» itsasoratuko garda iragarri du, zenbat izango diren esan gabe. Chiloé irlako portu eta herrixka gehienak kortsarioek sortu zituzten edo, hauengandik babesteko sortu ziren XVI eta XVII. mendeetan. Kortsario edo aitonen seme, guztiek gurutzatu behar zuten Magallaes Itsasartea eta, beraz, Chonchi bezalako lekuetan geratu beharra zeukaten hornitzeko. Garai hartatik dirau eraikinen jite funtzionalak: guztiek bi eginkizun dauzkate, baina bat da garrantzitsua. Lokalak taberna eta burdindegi, taberna eta postetxe, taberna eta kabotai agentzia, taberna eta botika, taberna eta ehorztetxe izan ohi dira. Taberna eta albaitari botika den batera sartu naiz baina sarreran dagoen kartel batek ziurtatzen duenez, beste eginkizun bat ere badauka: ANIMALIA ETA GIZAKIEN SARNA ETA BEHERAKOEN TRATAMENDUAK. Mahai batean jarri naiz, leihotik hurbil. Aldameneko mahaietan «trukoan» ari dira; kideari keinu mota oro egitea ahalbidetu eta jokatutako kartekin batera errima hertsiko bertsoa botatzea exijitzen duen karta jokoa. Ardoa eskatu dut. —Ardoa ala ardotxoa? —galdetu dit mutilak. Herrialde honetan jaioa naiz, iparralderaxeago ordea. Bi mila kilometro besterik ez daude Chonchiren eta nire jaioterriaren artean eta leku hauetatik hain denbora luzean ausente egoteagatik, agian, xehetasun garrantzitsu batzuk ahaztu egin ditut. Pentsatu gabe ardoa edan nahi dudala esan dut berriro. Gutxira, mutikoa ia litroa daukan edalontzi handi batekin itzuli da. Munduko hegoaldean ez da komeni txikigarriak ahaztea. Ardoa ona da. Upelakoa, ardo gaztea, mingots samarra, lakarra, han ate ondoan zain daukadan natura bezain latza. Atseginez edateko modukoa eta, edaten dudan bitartean, Brucek atsegin handiz gogoratzen zuen istorio bat etorri zait gogora. Patagoniatik bueltako bidaia batean eta motxila bete Moleskín, zeinetan zehaztu baitzuen geroago, garai guztietako bidaia-libururik onenetako bat izango zen En la Patagonia izenburua edukiko zuenaren lehengaia, Bruce behinola Cucaotik pasatu zen, irlaren ekialdean. Egun askotako gosea zekarren eta horrexegatik zeukan jateko gogoa, baina urdaila gehiegi bete gabe. —Mesedez, zerbait arina jan nahi dut —adierazi zion jatetxeko mutilari. Erretako arkume hanka erdia zerbitzatu zioten eta, zerbait arina jan nahi zuelako kexu eginez, galdapena egin zuenean, ihardespenik onartzen ez duten erantzun horietako bat jaso zuen: —Oso arkume argala zen. Jaun horrek ez du piztia arinagorik aurkituko irla osoan. Jende bitxia hau. Eta Chiloé Patagoniaren atalaurrea denez, hemen hasten dira hegoalderago ikusi edo entzungo ditugun xelebrekeria inozo eta ederrak. Irakasle argentinar batek istorio gaindiezina kontatu zidan. Haren ikasleetako batek erloju bati buruz idatzi zuen: «Erlojuak atzerapenak pisatzeko balio du. Erlojua ere deskonposatu egiten da eta kotxeek olioa galtzen duten bezala, erlojuak denbora galtzen du». Nork aipatu du surrealismoaren heriotza? Portuan gero eta mugimendu handiagoa dago. Kamioi handiak ontzi barruan daude eta orain ibilgailu txikiagoak igotzen ari dira. Gutxira, bidaiarioi hots egingo digute, lepakariek zama garraiaketa amaitzen dutenean. Kementsuak dira gero irlatarrak. Garaiera txikikoak, hanka motz baina tinkodunak, trostan ibiltzen dira patata eta lekadun zaku astunak, oihal erroiluak, sukalderako tresnak, gatz kaxak, mate belar, te eta azukre zaku astunak zamatuz, oro har, libanotarren seme edo biloba diren saltzaileen merkatalgaiak, ontzitik jaitsiz gero, zaltaldeaz, mendilerroan, fjorden ondoan edo mugarik gabeko panpan galduriko azienda eta baserriak bisitatuko dituztenak. Ardoa amaitu dut. Kanpoko mugimendua zainetaraino sartzen zait eta gorputz osoa daukat alde egiteko irrikaz. Duela urte asko, ez dio ardura zenbat, hasitako bidaia da. Bartzelonan hasi zen otsaileko egun hotz hartan, Brucerekin Café Zuricheko mahai baten aurrean jarririk. Bi gringo zaharrak gurekin zeuden, baina guk baino ezin genituen ikusi. Lau mahaikide ginen, beraz, ez dadila inor harritu bi botila końak hustu izanagatik. Agian ez dugu inoiz jakingo bi agure haiek nola antolatzen zituzten bankuetako atrakuak, baina konta dezaket nola ingeles batek eta txiletar batek, arratsaldeko bostak aldean nahiko horditurik, munduaren mugarainoko bidaia antolatu zuten. —Noiz abiatuko gara, txiletar hori? —Uzten didaten bezain laster, ingeles. —Oraindik arazoak al dauzkazu zure herrialdea gobernatzen duten primateekin? —Nik ez. Haiek dira nirekin arazoak dauzkatenak. —Ulertzen dut. Ez dio ardura. Horrela hobeto prestatuko dugu bidaia. Eta garrantzi txikiagoko gaiez hizketan segitu zuten, esaterako, Butch Cassidy eta Sundance Kid ustez lepamoztu zituzten azienda aurkitu, bi abenturazaleak dautzan hilobia bisitatu, beren bizitzako azkeneko egunak berregin eta, azkenik, lau eskuez saga edo eleberri itxurazko orrialde batzuk bete. Munduaren hegora itzultzeko irrikatzen nuen baimena jaso nuenean, Bruce Chatwinek ekina zion bidaia ebitaezinari. Pariseko Rue de l'Ancienne Comédieko papertegi batean zeuzkaten Moleskín guztiak erosi zituenean, pentsatu gabe azkeneko bidaia luzerako prestatzen ari zela uste dut. Zer demontre idatziko ote du bertan, nonahi dagoela ere? Nire mundura iristeko baimena ustekabean iritsi zitzaidan Hamburgera. Bederatzi urtean astelehenero izan nintzen Txileko kontsuletxean itzultzerik ba ote neukan jakiteko. Bederatzi urte horietan bostehunen bat aldiz jaso nuen erantzun bera: «Ez, zure izena itzuli ezin direnen zerrendan dago». Eta, bat-batean, urtarrileko astelehen batean, funtzionario tristeak bere errutina eta ezezko borobilak entzuteko nire ohitura apurtu zituen: «Nahi duzunean, zuk nahi duzunean itzul zaitezke. Zure izena zerrendatik ezabatu dute». Kontsuletxetik dardarka irten nintzen. Ordu luzez egon nintzen Alsterren aurrean eserita lagunekin hartutako konpromisoak sakratuak direla gogoratu nuen arte eta hurrengo egunetan munduaren amaieraren bila abiatzea erabaki nuen. Azkenean bidaiarioi hots egin digute. Han goaz, Bruce, Moleskínen orrietan ezkutaturik polizoi bidaiatuko duen ingeles madarikatua. Bihar gauean Patagonian sartuko gara, abentura hau eragin zuten bi gringoen urratsen bila eta ez haientzat ez ezagutu zenituen panpatarrentzat ere, ez da ustekabea izango gu heltzen ikustea, patagoniarrek, beren arrantxuetako bakardade tinkoan, «heriotza, norberak hil dela onartzen duenean hasten dela» ziurtatzen baitute. El Colono-ren amarrak askatu dituzte, baina oraindik ez dute untziratzeko zubia kendu. Bi ti ipulari eztabaidan ari dira zerraldoa arrastaka eraman nahi duela errepikatzen duen eta maindire bat bezain zurbila den agure batekin. Tripulariek zorte txarra dakarrela esaten dute. Hirurogeita hamar kilo eramateko eskubidea daukala erantzun du agureak. Marinelek kutxa kareletik botako dutela egin diote mehatxu. Agureak minbizia daukala dio oihuka, ehorzketa duinerako eskubidea daukala, bera jauna dela. Azkenik, kapitainak esku hartu du eta akordio batera heldu dira: kaxoi eta guzti eramango dute, baina berak, bidaian zehar ez hiltzeko konpromisoa hartu behar du. Bostekoa estutuz itxi da tratua. Ondoren, agurea zerraldoaren gainean jarri da. Denak balio du Moleskína elikatzeko. Untzia mugitzen hasi da, branka Corcovado Badiarantz zuzendu du. Gutxi barru gaua izango da eta pozten nau kantinplora upelako kementsuaz beterik eta nahikoa tabako daukadala jakiteak. Ikusten dudan guztia koadernoan pilatzeko prest nago. Laster, gau australaren pean nabigatuko dugu munduaren amaierarantz. Hegoaldeko Gurutzearen argitan, lehenengo alde egin zuen ingeles madarikatuari topa egitean, agian, kostaldearen linea zalantzakorrean zehar, hain zakar eta abenturaz betea izanik, bizitza eta heriotza bereizten dituen muga zikoitzak aldarazi ezin duen erregioan galapatzen diren bi gringo zaharrek zamalkatzen zituzten bi zaldien oihartzuna itzuliko dit haizeak.
Patagonia Express |