Patagonia Express
3
Goizak argitu baino lehen jaiki nintzen egun hartan, nire ondasun apurrak bildu eta La Conquistada aziendari agur esan nion. Leku ederra zen, eremuaren erdian berdetasun oasi aparta, eta irrigarri sentitu nintzen, handik iheslari baten isiltasun eta bat-batekotasunaz alde egin beharrak umiliaturik. Baina gauean zehar pentsatu nuen eta, Lichtensteinek adierazi zuen bezala, burukoak gomendatzen dizkigun erabakiekin kontsekuente izan beharra dago. Sukaldariak etxeko ataritik irteten ikusi ninduen eta ezikusiarena egin zuen. Atartera iristean, kate sendoa eta giltzarrapo batez itxita aurkitu nuen. Zorionez hesia ez zen oso garaia eta arazorik gabe zeharkatu nuen salto batez. Ehun bat metro eginak nituen kamioi bat bide bazterrean gelditu zenean. —Nora zoaz? —galdetu zuen kabinan zihoanetako batek. —Barrancora. Aerotaxi bat hartzera —erantzun nuen. —Lagunekin bidaiatzeak ardura ez badizu, atzean etor zaitezke. Ibarraraino goaz —esan zuen gidariak. —Primeran. Mila esker —erantzun nuen eta atzeko aldera igo nintzen. Kamioiak urdetzar batzuk garraiatzen zituen eta beste kide bat bainintzan hartu ninduten. Bazter batean, motxilaren gainean eserita, salto handia egin eta Europara heltzeko zorian egon nintzela uste izan nuen, baina bizitzak bidea okertu zidan berriro ere. Kontsolamendu gisa ibarreko goiztiriaren argitasun bortitzak blaituriko muino eta arroilen ikuspegiaz gozatzeari ekin nion. Bat-batean txerriak begira-begira nituela konturatu nintzen. Baten batek, ez dakit nork, txerriek begirada maltzurra zeukatela esan zidan. Ez zen kasua. Begira neuzkan txerriek begitxo inuzenteak, izutuak zeuzkaten. Agian, azkeneko bidaia zutela antzeman zuten. —Batzen gaituen zerbait badugu eta uste dut ohartu egin zaretela. Baina nik garaiz alde egitea lortu nuen. Zuek odolki izaten amaituko duzue, lagunok. Ze demontre. Horrelakoa da bizitza. Hiru aste lehenago Ambaton nengoen, loreen eta, arrazoi osoz, Ekuadorreko emakumerik ederrenen hirian. Cocarantz nindoan, Amazonian, petroliotegiei buruzko erreportaje bat egiteko asmoz. Beti bezala, bitarteko gutxirekin nenbilen eta Iparramerikako aldizkari batek zenbateko ederra eskaini zidan lanaren truke. Ambaton ingeniari batekin lotuko nintzen, honek bere jeep-ean Cuencaraino eramango ninduen, eta handik Texacoren abioneta batean jarraituko nion bidaiari. Beraz, han nintzen, kafetegi baten terrazan, hiriaren prestigioa berresten zuten neskei begira, pozik. Bat-batean, eta hainbeste edertasunaren ostean begiei atseden emateko, begiratu bat egin nion egunkariari. Idazki bitxi bat aurkitu nuen: «Gazte ikasia behar da, aurrerakin 011 eta idazkera errazekoa gizon ezagun nabarmen baten memorien idazkuntzan laguntzeko. Arbaso espainiarrak dauzkaten postulatzaileek lehentasuna edukiko dute. Interesatuek deitu honako telefono zenbakira...». Hots egin nuen, jakin-minak jota. Deiari ahots autoritariodun emakume batek erantzun zion, gizon ezagun nabarmenaren identitateari buruz egin nizkion galderetatik bakar bat erantzun ez baina, ostera, galdeketa zehatza egin zidana, batez ere nire arbaso espainiarrei zegokienez. Azkenean, eta nire harridurarako, onartzen ninduela esan zidan, bide batez, Cocako instalazioei buruzko erreportaje pikotara bidali zuen lansaria aipatuz. Agurtu aurretik, aziendara iristeko jarraibideak eman zizkidan, Ambatotik laurogei bat kilometrora zegoen, eta biharamunean zain edukiko nuela esan zidan. Hogeita lau ordu geroago La Conquistada, lorategiz inguratutako egikera kolonialeko etxe handian ate joka nengoen. Etxeko atarian oihaneko hegaztiak zeuzkaten dozenaka kaiola zeuden zintzilik, eta hortxe hartu ninduen aurreko egunean nirekin hitz egin zuen emakumeak. —Alabarenak dira. Txoriak biziki maite ditu. Goizetan txorien kantuak trabarik ez egitea espero dut. Tukanak bereziki zaratatsuak dira. —Ez eta pentsatu ere. Esnatzeko erarik onena da. —Sartu. Zure gela erakutsiko dizut. Etxearen sarreran erretratu bat zen nagusi, benetako neurrikoa eta gorputz osokoa, Cortes, Almagro edo konkistatzaileetako edozein bezala jantzitako batena. Gerlariak eskuak bizkar aldean zeuzkan. —Pedro de Sarmiento y Figueroa aurreratua. Ahaide zuzenak gara. Ohore handiz —esan zuen emakumeak. —Nire odol tanta espainiarrak ez dira hain leinu noblekoak —esan nuen. —Odol espainiarra beti da noblea —erantzun zuen. Eman zidan logela urria zen. Antzinatasuna oihuka adierazten zuten ohea, mesanotxea eta armairua zeuzkan. Bazter batean altzari bitxi bat zegoen, lehenengotan arropa zintzilikatzeko horietako aitzindari bat iruditu zitzaidan baina parean zeukan gurutzearen aurrean geratu nintzenean belaunaulki bat zela jakin nuen. —Ipin zaitez eroso. Ordu erdi barru jantokian edukiko gaituzu zain. Bazkarian zehar egiaztatu ahal izan nuen aurreratuaren ondorengoak ez zirela asko, eta haiekin leinua desagertu egingo zela. Emakumeak, alarguna bera, aziendaren ardura zeraman eta benetako laketa aurkitzen zuen etxeko zerbitzari eta peoi indigenak irainduz. Alaba bat zeukan, Aparicia, berrogei bat urtekoa eta trakets mugitzen zena, ia metro eta laurogeita hamarreko luzera eduki eta, gorpuzkera onekoa izanda ere, handia izateagatik altzariei barkamena eskatuz bezala. Lehenengo unetik emakume hura pintura barroko batetik ateratakoa iruditu zitzaidan; barrokoko maisuek haragitan bapo zeuden txikitxoak pintatu zituzten. Arrazoiren bat medio, haietako bat deskuidatu eta Aparicia pintatu zuen, haragitan bapo zegoen emakumetzarra, eta eskola ez nahasteko, koadrotik kentzea erabaki zuen. Aurpegia ederra izan zitekeen baina etsipen rictus-ak hondatzen zuen, agian gorrotoa, amarengandik jasoa. Apariciak brodatzen xahutzen zituen egunak eta alderaketa zoologikoak beti gorrotatu izan ditudan arren, berarengana hurbiltzean ezin izaten nuen ekidin arreske dauden emeei darien esne mindu usaina hartzea. Etxeko burua gizon ezagun nabarmena zen, alargunaren aita eta hogeigarreneko urteetako borrokaren antzinako protagonista. Koronel kargu garciamarqueztarraz deitzen zioten eta palmondo eztiz goxaturiko yuka aiaz elikatzen zen. Azkenik aita Justiniano zegoen, gallinazoen antzeko keinuz mugitu eta bazter guztietatik alkohol hatsa zerion apaiza. La Conquistadan bizimodua errutina apurtezin batean murgildurik iragaten zen: goizeko zazpietan mezatara joan behar izaten nuen familiaren kaperara. Gosaldu ondoren, pare bat orduz egoten nintzen koronel zaharrarekin eta apaizarekin solasean. Berehala bazkalordua heltzen zen, eskerron ekintza baten ostean. Arratsaldez, bazkalondokoaren ondoren, kafea hartzen nuen bi agureekin arrosarioaren ordura arte. Afaldu ondoren saloira joaten ginen, bertan, Apariciak brodatu egiten zuen, agureek domino partidak jokatu eta alargunak aurreratuaren balentriak kontatzen zizkigun. Goiz batean, aste bete neramala, atarira irten eta Aparicia ikusi nuen txorietako batekin hizketan. Nire presentziaz jabetu orduko odola masailetaraino igo zitzaion eta urduri hartu zuen arnasa. Zirudienez, oso egoera intimoan harrapatu nuen eta iruzkin goxo batez trantzetik ateratzen ahalegindu nintzen. —Oso txori polita daukazu. Zer izen dauka horrek? —Zezen-txoria —erantzun zuen niri begiratu gabe. —Kanta eragiterik ba al daukazu? —Hobe da txori horrek kantatzen ez badu —esan zuen, eta atarian esne mindu usaina utzirik alde egin zuen. Kaiolaren aurrean egon nintzen. Hegaztiak arra bete zeukan, luma beltz, distiratsu, ia urdinekoa zen. Buruan luma berde eta grisezko gangarra zeukan eta paparrean zintzilik paumaren antzeko luma sorta. Eskua hurbildu eta txoriak, izuturik agian, bularra apo baten antzera puztu eta bere edertasun ahularekin inola ere bat ez zetorren hotsa entzunarazi zuen. Soinu zakar eta trauskila zen, ekaitzak izuturiko abelburuen orroaren antzekoa. Garbitzaile bat hurbildu zen barandako hautsa kentzen ari zelako itxurak egiten. —Ez kantarazi txori horri, nagusi. Zoritxarreko txoria da. Han, oihanean, kantatzen duen bakoitzean, gainerako txoritxoek alde egin eta bakarrik uzten dute. Gizajoa. Horixe da Aparicia andereñoaren kuttunena. Arratsaldez, alargunak irribarre egiten zuen oharretarako koadernoa berrikusten ikusten ninduenean eta niri, hura guztia, oso ondo ordainduriko denbora galtze hutsa iruditzen hasi zitzaidan. Gizon ezagun nabarmenaren oroitzapenak arteriosklerosiak eta apaizaren zentsurak urraturik zeuden. Liberal izaeratik arrastorik ez zitzaion geratzen gizajoari eta batzuetan, berak bizi izandako gertakariak liburuetan irakurritakoekin nahasten zitzaizkion. Beraz, ez zen harritzekoa Eloy Alfaroren heriotza aipatzean Napoleonen gudaren ondorioz izan zela adieraztea. Hamabost egunera La Conquistadako bizimodua niretzat azken urte askoan izandako lehenengo oporraldia zela esaten nion nire buruari. Ondo jaten nuen, inoiz ez bezala egiten nuen lo, aire ezin hobea hartzen nuen, Espainiako ardo ona edaten nuen, alargunak abeltzaintzaren negozio errentagarriaren berri eman zidan eta Aparicia nire arropa beti garbi eta ezin hobeki lisaturik egon zedin arduratzen zen. Batzuetan, arreske dagoen emearen bere usaina sumatzean, pentsatzera ere iritsi nintzen pare bat botila gorputzean eramanik brodatzailearen ohean bisita egitera ere ausartuko nintzela. Goizero Aparicia nire ondoan esertzen zen mezatan. Inoiz ezin izan nuen ulertu zer esaten zuen Capiscarak landu eta familiaren harrotasun zio zen Ama Birjinaren aurrean belaunikaturik. Inoiz ez nituen bere hitzak ulertu baina bere keinuetan igar zitekeen emakume hark, otoitz ez ezik, araokatu, madarikatu, eta agian, blasfematu ere egiten zuela hain handi eta gorputzua izatearen zoritxarragatik. Bi aste horietan pare bat koaderno bete nituen koronelaren oroitzapen eta apaizaren mugapenekin. Talde osotik, apaiz zaharra zen nire interesa gehien pizten zuena. Arratsaldez, arrosarioaren orduan, makinatxo bat botila kaña zeuzkan gorputzean sartuak eta orduan ateratzen zitzaion Amazoniako biztanleen aurka sentitzen zuen arrangura guztia, basati, herese, endekatu deitzen zien eta haren galeraren errua leporatzen zien. Apaizaren irudi alkoholikoak seduzitu egin ninduen gutxika, batez ere, sukaldariak, gaztetan aukekin misiolari izan zela esan zidanetik. —Santu izateko bidean zen, baina oihaneko emakumeek muinak eta kastitatea irentsi zizkioten. Guztiak ederrak direnez eta larru gorrian ibiltzen direnez, zelibatoa ahantzi eta oihanean bost haur eduki zituela esaten dute. Gero burutik egin zitzaion sasikume gaixo horiek hor zehar dabiltzala pentsatzen, biluzik, okela gordina jaten eta tximinoen antzera zuhaitz batetik bestera saltoka. Saiatzen nintzen apaizari pixka bat ahoa berotzen, baina mozkortia hitz urrikoa zen. Irentsitako kañak gorputzari ere eusten uzten ez zionean, alarguna eta Apariciaren artean ohera eramaten zuten andatan. Gutxira, itzuli egiten ziren gorentasunaren izaera dipsomanoari garrantzia kenduz, alargunak kopa bat koñak eskaintzen zidan eta koronelaren memoriez, behin-behineko idazkuntza egiten zenbat denbora behar izango ote nuen eta argitaraturik ikusteak emango zion pozaz hitz egiten genuen. La Conquistadatiko duintasun gutxiko nire irteeraren aurreko gauean, alargunak beste lan bat eskaini zidan: aurreratuaren biografia idaztea zen kontua. Eskaintzak hunkiduraz dardarka jarri ninduen, Europarako bidaia barne baitzekarren. —Jakina, Espainiara joan beharko duzu Indietako Artxibategian dokumentazioa jasotzera. Baina horretaz hitz egingo dugu koronelaren memoriak errealitate bihurtzen direnean. Gau hartan, ohean makina bat joan-etorri egin arren, ez ninduen loak hartu. Familia hura, harrotzen zituen anakronismo eta kirtenkeria guztien gainetik, niretzat urre-mea zen. Nahi gabe garinparik handiena topatu nuen. Nire bizitzan lehenbizikoz, betidanik egin nahi izan nuenagatik, idazteagatik alegia, tratatu, aintzat hartu eta ordaintzen zidaten. Eta gainera, oi, zoriaren zoria!, Europarako bidean jarriko ninduten. Gelatik atera eta sukalderantz joan nintzen edalontzi bete esne hartzeko asmoz. Sukaldariarekin batera moxala bezatzen ikusia nuen gizona zegoen. Goitik behera zuriz jantzita zegoen, montubioen zapi gorria lepoan korapilaturik. Sukaldaria esnea berotzen ari zen bitartean, morroiak behetik gora behatu ninduen, eta behatzen ari zela irribarre ziniko samarra erakusten zuen. —Hamaikatxo ikusteko jaioak gara —esan zuen barre algaraka. —Dibertigarria al naiz zuretzat? —Egia esatea nahi baduzu, hori baino askoz ere gehiago; ugerdoa zarela uste dut. —Horraino, txo. Nik zu ezagutu ez eta zu irainka. Jakin al daiteke zergatik? —Ez ezer esan, Jose. Ez zaitez besteren praketan sartu. —Kontxo! Baten batek esan behar dio, ba! —Niri esan, zer? Orduan morroia altxa egin zen, ateraino joan eta handik berari jarraitzeko keinuak egin zizkidan. Zur eta lur oraindik, sukaldariari begiratu nion. —Joan zaitez berarekin, nagusi. Gezurra dirudi, baina zuk ez dakizu zer gertatzen ari den. Eremuko gau hotzera irten ginen. Beste keinu batez morroiak zaltegira gindoazela adierazi zidan. Iritsitakoan kutxa batean jarlekua eskaini eta botila bat luzatu zidan. —Emaiozu zurrutada. Behar duzula uste dut. Edan egin nuen. Sabela birrintzen zidala nabaritu nuen. Hura «puroa» zen, ehogailuetatik irteten den alkoholik gogorrena. Eztul egin nuen morroiak bizkarrean kolpetxoak ematen zizkidan bitartean. —Barkatu ugerdotzat jotzeagatik, adiskide. Merezi duzu, baina. —Ados. Ba al daukazu zigarro bat pozoia pasatzeko? Alkandoraren poltsiko batetik bi zigarro luze atera zituen, bat eskaini zidan, eta sua ematerakoan ergel bati begiratzen zaion bezala begiratu zidan begietara. —Beno, bota behingoz. —Zu bazkatzen ari dira, adiskide. Urde bat bezala. —Ez dizut hitzik ulertzen. —Jainko jauna, erruki zaitez ugerdoekin! Bazkatzen ari dira, adiskide, baina ez hiltokira eramateko. Ezkondu egingo zaituzte. —Zer demontrez ari zara? —Ezkondu egingo zaituzte. Alargunak erabakita dauka zu zarela handiarentzako gizon egokia. Ezkongabea, kanpotarra, inork ez zaitu ezagutzen, ez daukazu familiarik, eta barkatu min ematen badizut, literato guztiek bezala, zu ere ilargian bizi den horietako bat izango zara, beraz ez zara inoiz alargunaren negozioetan sartuko. Zuri senar kiratsa darizu. —Burutik egin zaizu. Nola bururatu zaizkizu ergelkeria horiek? —Ezagun du ez zarela inguru hauetakoa, bestela honezkero konturatuko zinen. Pentsa: mezatan handiaren ondoan esertzen zaituzte, mahaian handiaren ondoan esertzen zaituzte, arrosariorako, berriro ere, handiaren ondoan. Eta nork garbitu eta lisatzen dizu arropa? Handiak. Nork atontzen dizu ohea eta ipintzen dizkizu loreak gelan? Handiak. Ikusi al duzu zerari den brodatzen? Maindireak, adiskide. Ezkon maindireak. Hemengo ezein emakumek ez du hori egiten bere senargaia ez den gizon baten aurrean. Montubioaren hitzek mututu egin ninduten. Zigarroaren keak eztarria erretzen zidan eta berriro botila eman ziezadan eskatu nion. Oraingoan «puroa» ez zitzaidan hain erasokorra iruditu, eta kontu horren guztiaren logika ikusten hasi nintzen. —Demagun horrela dela. Zergatik esaten didazu hori guztia? —Pena ematen didazulako, adiskide. Begira, asko gara fenomeno horrekin ezkontzeko prest gauden gizonak, aziendagatik, jakina. Baina harrotasuna daukagunez, gutako bat ere ez dago bere deitura galtzeko prest. Ez al duzu ulertzen? Zu bazkatzen ari dira Sarmiento y Figueroatarren kasta salbatuko duen hazitarakoa izan zaitezen. Alarguna atso eroa da, aita eta apaiza bezala, handia izorratu eta aurreratuaren, edo ez dakit nola deitzen dioten espainiar ezerez horren leinuari segida emango dioten mutiko bat edo gehiagoz erdi dadin ekinean dabilena. Bera alarguna da, egia da, baina alargundu aurretik, Apariciaren aita, arrazoi osoz hura utzi zuen latacungatar bat, madarikatzen eman zuen bizitza. Aparicia jaio zenean, koronel agure ugerdoak biak hebainarazi zituen espero zuten arraren ordez emea egiteagatik. Ulertzen al duzu? Eta alargunak zergatik ez ote zion beste inori izorra zezan utzi jakin nahi baduzu, erantzuna erraza da: Sarmiento y Figueroatarren ondorengoak ezin duelako zainetan indio baten odola eduki. Ulertzen al duzu ala ez? —Nik neure lurreko indioen odola daukat —esatea lortu nuen. —Ugerdo hutsak behar dute izan hango aldeko indioek. Hemengoek badakigu non ipintzen ditugun hankak. Ezkondu egingo zaituzte, adiskide. Eta zoritxarrekoa zu handia lehenbailehen izorratzen ez baduzu, eta zoritxarrekoa berriro ere, mutiko batez erdiarazten ez baduzu. —Eta zer gertatuko da ezkontzeari uko egiten badiot? —Adiskide, inori ez litzaioke gustatuko La Conquistadaren jabeak iraintzen ausartzen den atzerritarraren larruan egotea. Ilunabarrean kamioilariek Ibarran utzi ninduten. Haiek eta txerriak agurtu ondoren, egin nuen lehenengo gauza Quiton neukan lagun abokatu bati hots egitea izan zen, gaiari buruz zer iritzi zeukan jakin nahi nuen. —Arazo larria duzu. Paranoiko horiek aurreikusezinak dira harrotasuna zauritzen dietenean. —Absurdua da. Hau guztia absurdua da. —Ekuadorren dena da hain zentzugabekoa ezen inor ez baitu ezerk harritzen. Sarmiento y Figueroatarrak berrogei familietako bat dira eta egin eta desegin egiten dute. Hanka egin denboralditxo batez. Lagunaren aholkuari jarraitu nion. Bogotara joan nintzen eta handik Cartagena de Indiasera. Alargunak nire kontrako neurririk hartu ote zuen, ez dakit, eta kontu hura burutik kendu nuen, urte batzuk geroago, bideak berriro ere Ekuadorrera itzularazi ninduen arte. Otavaloko azokan La Conquistadako sukaldariarekin egokitu nintzen. Emakumeak jada ez zuen aziendan lan egiten eta akuri erreak herriz herri saltzen aritzen zen. Zumezko bere jarlekua eskaini zidan, eta marraskari goxo haietako potoloena oparitu ondoren, istorio haren amaiera kontatu zidan. —Ihes egin zenuela ohartu zirenean, alargunak eta bi agureek izugarrizko jipoia eman zioten Aparicia andereñoari. Hebaintzen zutela, aste horietan zure ohean ez sartzeagatik ergela zela leporatzen zioten. Azkenean, gaixoak, maztaildurik eta ubelduraz beterik, indarrak atera zituen kaioletan zeuden txori guztiak akabatzeko. Bakarra utzi zuen bizirik. Behi baten antzera oihukatzen zuen oihaneko txori beltz bat. Ni kupitu egin ninduen andereñoak, baina zuregatik poztu nintzen. —Eta zer gertatu zen gero? —Lauzpabost hilabetera beste gazte bat agertu zen koronelaren memoriak idazteko. Arraro mintzatzen zen gazte bat. Zerbait zerbitzatzen nion bakoitzean «obrigado» antzeko zer edo zer esaten zuen. —Brasildarra. Ez dio ardura. Jarraitu, mesedez. —Andereñoarekin ezkonarazi zuten. Azkenean lortu zuten. —Eta? —Ezer ez. Orain mutiko bat dabil aziendan. Ba al dakizu zer izen daukan? Pedrito de Sarmiento y Figueroa —esan zuen sukaldariak, Otavaloko emakumeek ez beste inork egin dezakeen era zoragarri horretan irribarrez.
Patagonia Express |