Patagonia Express
2
19731ik aurrera, milioitik gora txiletarrek atzean utzi zuten herrialde eri, argal eta luzea. Batzuek, erbesteak bultzaturik, beste batzuek, miseriarekiko beldurrari ihesi, eta besteek iparraldean zortea tentatzeko ideia soilaz. Azken horiek helmuga bakarra zuten: Estatu Batuak. Gehienek beren ondasun apurrak Guayaquil edo Quitorainoko bus txartel bilakatzen zituzten. Han pare bat urrats eman eta iparraldera, agindutako lurraldera, iritsiko zirela uste zuten. Egun batzuetako bidaiaren ostean, busetatik karranpaturik, izerditurik, goseturik jaisten ziren eta bidaiari nola jarraitu jakin ondoren, Hegoamerika oso handia eta, tamalez, errepide panamerikarra Kolonbiako oihanak irentsirik desagertzen zela konturatzen ziren. Munduaren erdian geratzen ziren noraezean dauden ontzien antzera, ez orainaldi ez etorkizun. Morroi hauetako bat Ali Kaneko pianojolea zen, kandela bat bezain argal, luze eta zuria. Begi beti gorrituek eta beheko ezpainaren gainean zeuzkan hortz horituek untxi triste tankera ematen zioten. Valparaisoz gogoratzen zen bakoitzean ezin izaten zien malkoei eutsi, American Bar-eko orkestra gogora etortzen zitzaionean, portu hartako buhameen topaleku mendetsua eta militarrek hamahiru urtez luzatu zen gordetzeko jotzea ezarriz desagerrarazi zuten leku hura. —Hura bai leku onestua. Neskak ez ziren putak; missak ziren. Eta marinelek eskupeko apartak uzten zituzten musikarientzat, eta ez txerrikorta honetan bezala —egiten zuen kexu, eta berehala bere burua madarikatzen zuen Puerto Bolivarren erori izanagatik (leku horretara ez baita heltzen, erori baizik). Puerto Bolivar Ozeano Pazifikoaren ertzean dago, Machalatik oso hurbil, Guayaquileko hegoaldean. Haize leunak nabarmenarazten du itsasoa, eta batzuetan barrualdetik datorren lurrin heze eta beroa garbitzen du. Ikusi eta entzun egin daiteke, ez ordea usaindu. Puerto Bolivarren Ekuadorreko banana untziratzen dute mundu osorako. Kamingainetik bost bat kilometrora futbol-zelai bat bezain handia eta sakonera ezezaguna daukan zuloa dago. Garaiz kanpo heltzen hasi direlako edo bananondoen jabeak edo garraiolariak arloko mafiek ezarritako zergaren bat ordaintzea ahaztu duelako esportaziorako balio ez duten tonaka banana botatzen dira bertara. Lekuak La Olla dauka izena eta beti irakiten egoten da. Etengabeko deskonposaketan dauden milaka tona frutak ore sendoa osatzen dute, higuingarri eta burbuilatsua. Balio ez duen guztia La Ollara doa, eta gisatu izugarri hori ez da landare materiaz soilik elikatzen: jauntxo politikoen arerioak ere hantxe usteltzen dira, gorputzean berunontza batzuk dauzkatela edo aihozkadaka txikiturik. La Ollak atsedenik hartu gabe diraki. Halako kiratsa dario ezen itsasoko usaina izutzen baitu eta gallinazoak hurbildu ere ez dira egiten. —Alde. Alde egizu oraintxe bertan, kirats madarikatu horrek borondatea suntsitu eta ni bezala amaitu baino lehen, hemen, bizirik usteltzen —esaten zidan behin eta berriz pianojoleak elkar aurkitzen genuen bakoitzean. Machalara heldu nintzen Ekuadorretik lehenbailehen irten nahi nuelako, eta bidaia arintzeko era bakarra ezein lanari muzin ez egitea da. Beraz, Machalako Unibertsitatean sei hilabeteko kontratua onartu nuen; horrekin ikasle multzo bati komunikabideen soziologi ehuna zertan zen azaltzeko konpromisoa hartu nuen. Iritsi bezain laster alde egiteko gogo bizia sentitu nuen, baina txakur txikirik ez neukan aldean eta kontratua amaitu arte itxoin behar nuen soldata jasotzeko. Oso formalitate burokratiko tropikala zen irakasle gonbidatuei seihilabetekoa amaitutakoan ordaintzearen erruduna, eta sosen erdiak bereganatzen zituen kudeatzaile baten zerbitzuei esker. Ez geneukan dirua nolabait aurrezteko, irakasle talde batek —lizentziatu deitzen genion elkarri— uruguaydar bat, argentinar bat, bi txiletar, kanadar bat eta tropikoa arima osoaz gorrotatzen zuen quitoar batez osatutakoak, berde eskandaluz pintaturiko gela handi batean elkarrekin bizitzea erabaki genuen, pezko sabaia eta oihaneranzko ikuspegiduna. Bertan zintzilikatu genituen sei hamaka eta bertan kulunkatzen ginen arratsaldeetan, erretzen, ordaintzen zigutenerako geneuzkan asmoez hizketan, zerbezak kaxaka husten eta gure gainean alferrik jira eta bira zebilen haizagailuaren itxoroskiei begira. Machalan ikusteko askorik ez zegoen eta egiteko, are gutxiago. Aire zabaleko zinema batean proiektatzen ziren filmak zentsuratzen zituen apaiza ez zuen ez, bere gustu onak bereizten, beraz La Ollako kiratsak hartutako gauetako beroa leuntzeko, Puerto Bolivarreko kasino edo putetxeetara joatea beste erremediorik ez zegoen. Kasinora aire girotuaz gozatzera joaten ginen, eta minutu gutxitan guk sei hilabeteko izerditzearen ondoren irabaziko genuen dirua galtzen zuen gure ikasleren bat falta izaten ez zelako. —Ateraiezu edatekoa teacher-ei —agindu zuen ikasleak begiak erruletaren bolatik aldendu gabe. Guk eskerrak eman eta zortea opatzen genion. Putetxeetara atseginez joaten ginen, batez ere, Ali Kanekora, oholezko estalpe handia, pezko sabaiduna, Evarista andereak administraturikoa, hirurogeiak ondo beteak zeuzkan txiletar lodi izerditsua, Santiago edo Buenos Airesek sortutako herrimina gure lepoan negarrez leuntzen zuena, hiri haietan egin baitzituen lanbidearen hastapenak. Evarista anderea tango bat dantzatzera gonbidatzeak whisky botila eta zigarro kutxa zekartzan etxearen pentzuan. Guztiek ondo samar dantzatzen genuen tangoa, kanadarrak izan ezik, beti lantsu, ikusi eta entzuten zuenaz oharrak hartzen, bere hitzetan, Cien aņos de soledad baino hobea izango zen nobela idazteko. Lodiaren odola maitasunez irakiten zegoen kanadarrarengatik eta idazten ikusten zuen bakoitzean neskak isilarazi egiten zituen. Ali Kanen hogeiren bat emakumek egiten zuen lan eta bezeroak logela ņimiņo eta lurrean botatako koltxoietan hartzen zituzten. Batzuetan, marinel kementsuren batek amodiozko bidegabekeriez paduren gainean eraikitako egoitza hura dardararazten zuenean, aretoan geundenek txalo beroa eskaintzen genion. Horrelakoak ziren gauak Ali Kanen. Ali Kaneko gauak. Biharamunean hasten zen tropikoko errutina: La Ollako kiratsaz esnatu, hamakatik jaitsi, bizkar-hezurrak berezko bertikaltasuna berreskura zezan ahalegindu, oinetakoetatik labezomorro eta luhartzak atera, dutxa eder bat hartu, kaleko lurrin itsaskorrera irten, beltza, kafe mingots aparta kantinan edan, bost etxemultzo zeharkatu eta, unibertsitatera heltzean, eskola ematen hasi aurretik beste dutxa bat hartu. Komunikabideen soziologiako nire eskoletan hamabost ikaslek zuen izena emana baina hiru besterik ez nituen ezagutu, eta beti jakin nahi izan nuen zer demontre aurkitu nahi ote zuten han. Hiruretako bat ordurako, hogei urte zituen, gaixotasun benereotan aditua zen; guztiak hartuak zituen eta harro zegoen. Besteak, banana-handiki baten semeak, kirol-autoen katalogoak zehatz-mehatz aztertzen ematen zituen goizak. Porsche bat lortzea zen bere bizitzako irrika. Inguru hartan ia errepiderik ez egoteak ez zion arazorik txikiena ere sortarazten. Eta hirugarrena, beno, inoiz ez nuen jakiterik izan, gutxienez, irakurtzen ba ote zekien. Hiru hilabetera Ali Kaneko pianojolea zuzen zegoela pentsatzen hasi nintzen. Leku madarikatu hartatik irten beharra neukan. Machalako jendeak inoiz ez gintuen begi onez ikusi. Sei morroi ginen, gutako bost atzerritarrak, kredituz bizi eta putetxeetan maiz ibiltzen zirenak. Ez gintuen begi onez ikusi baina ez zigun bizimodua zapuztu. Arbuioa eta mesfidantzan oinarritutako onarpen antzeko bat zen, Ali Kaneko neska batek, begiak bustirik, apaizak zineman sartzea eragotzi eta bera eta bere bi lankide Cat Ballou ikusi gabe geratu zirela kontatu zigun arratsalde hartara arte iraun zuen onarpena. —Eta Lee Marvin kabroi hori horrenbeste gustatuta —zehaztu zuen mainak eginez. Izorratuak baina gizabidetsuak. Sei mosketariak apaizari hamaikatxo egia esatera joan ginen berehala. —Zineman ez da bizimodu txarreko emakumerik sartuko —adierazi zuen apaizak. —Zinema kultura da. Baliteke filmen batean bizimoduz aldatzera bultzatuko dituen balore moralen bat aurkitzea. Kontuan eduki zeu zarela filmak hautatzen dituena —alegatu zuen argentinarrak. —Ezin dut ukatu. Baina moraltasuna frogatuta daukaten pertsonekin etorri behar dute. —Unibertsitateko irakasleekin esaterako? —kontsultatu zuen kanadarrak. —Zuek? Zuen karrerak arriskatuko al zenituzkete zinemara putekin etortzeagatik? Ez barre eragin. Egun hartatik aurrera, ostiralero joaten ginen zinemara joan nahi zuten neskekin. Atean geldirik, apaizak gorrotoz begiratzen zigun baina ezin zien gure lagunei sarrera eragotzi. Gizalegea bete genuen baina gizarte machalarrak ez zuen hala ikusi. Bertako irakasleek ez gintuzten gehiago beren etxeetara gonbidatu eta pedagogia eta txulokeria bateratzen genituelako zurrumurrua zabaldu zen. Handik alde egiteko unea iritsia zen. Arazoa zen nola irten. Asko falta zen oraindik seihilabetekoa amaitzeko. Bideari berrekiteko aukera kasinoan aurkitu nuen gau batean. Han nengoen, jokalariei doministikuak sortarazi eta Machalako andereei larru iletsuzko estalki eta lepoak luzitzea ahalbidetzen zien tenperatura freskoaz gozatzen. Nire adiskideak Ali Kanera joanak ziren, aurreko gauean miraria jazo baitzen: kanadarra, gorputzean botila eixli ron zeukala, azkenean, lodia dantzatzera gonbidatzen ausartu baitzen. Tangoa, salsa, merengea, baltse kreolak, pasilloak, sanjuanitoak, denetik dantzatu zuen. Txiba bilakaturik, kanadarrak adierazi egin zuen bere nobela proiektua behin betiko pikotara zihoala eta ohar-orriak bezeroen artean banatu zituen. Bizi egin nahi zuen, intentsuki eta bere benetako amodioaren aldamenean, halaxe adierazi zuen pozak ezin kabitu zegoen Evarista anderea besarkaturik. Lodiak konpromiso-afari batera gonbidatu gintuen eta, jakina, hantxe izango nintzen, baina lehenago kasinotik gustuz irtetea eragiten zuen hotz zoragarri hura sentitu nahi nuen. Aurpegiz ezagutzen nuen morroia. Banekien banana-enpresa bateko garraiolaria zela, kamioi eta ontzien jabea. Gizona guayaquildarren hizkera mantso eta kadentziatsuaz mintzatzen zen. —Aizu, teacher, sinesten al duzu probabilitateen legean? —Egiarik badago horretan. —Begira: sei aldiz jarraian egin dut zeroaren aldeko apustua eta ez da irten. Hurrengoan izango dela uste al duzu? —Jakiteko era bakarra arriskatzea da. —Horrela maite ditut arrak —esan zuen, eta giltza sorta bat bota zuen kurtxoira. —Urteko Chryslerra. Hogei mila dolar ordaindu nuen. Croupierrak barkamena eskatu zuen une batez, ondoko areto batera joan zen eta lasterka itzuli zen. —Hamar mila eta ehuneko bosteko komisioa etxerako. —Hamabost, eta komisioa bikoiztu egingo dut. —Onartua. Egizue apustu, jaunak. Bola biraka hasi zen eta guayaquildarrak haren orbitei begirada ikaragaitzaz jarraitzen zien. Eskuak ertzetan zeuzkan inolako urduritasun adierazlerik erakutsi gabe. Benetako jokalaria zen. Bola gelditu eta zazpi zenbakian erori zenean sorbaldak jaso zituen. —Hau putakeria, teacher. Baina zalantza argitu dugu. —Sentitzen dut. —Horrelakoxea da zoria. Goazen tabernara. Trago bat hartzera gonbidatuko zaitut. Barran geundela aurkeztu genituen gure buruak. Morroiak gauza gehiago jakin nahi izan zuen nitaz, eta isilik entzun ondoren, banana-tratulari bati bezala hitz egin zidan. —Ezin aproposagoa zara niretzat, teacher. Pare bat hilabetez nirekin Rocafuertera bizitzera etorriko zara. Semea daukat batxilergoa bukatzear eta abokatu izatea nahi dut. Zuk unibertsitatean sartzeko prestatu eta nik edozein arazo ekonomiko konponduko dizut. Ados? —Ekuadorreko unibertsitateetan edonor sar daiteke. —Semea Estatu Batuetara joango da ikastera. Han sarrera azterketa eta ez dakit zer arraio egin behar dira. Hilean bi mila dolar? Gauza praktikoagoa egingo dugu, teacher, hemen daukazu txeke bat zuri. Bihar trukatu egingo duzu. Mila, bi mila dolar, behar duzuna atera. Kontua da asteburuan nire etxean egon behar duzula. Eta orain, utikan, teacher. Galdu ondoren bakarrik egotea gustatzen zait. Ali Kanera gauerdia jota iritsi nintzen. Evarista andereak dozenaka okore prestaturik zeuzkan, dietan arroza eta banana patacoiak besterik sartzen ez zen sukaldaritzaren infernu hartan, kabiar beluga baino goxoagoak. Gau hartan handi-handiki ospatu genuen. Evarista andereak txekeko sinadura ezagutu zuen, beraz akabo nire kezkak eta berriro martxan nengoela pentsa nezakeen. Okoreak aho beteka jan eta Txileko ardo botila zenbatezinak hustu genituen, eta lodiari malko-uholdea eragiten zioten tangoak abestu ondoren, kanadarrak, mahai gainera igo, eta mintzaldi batekin harritu gintuen: —Lagunak, emakume hau zoragarria dela esan nahi dizuet eta bihar berarenera etorriko naizela bizitzera. Etxe honetako man-a izango naiz eta zuek, lagunak, anaiak, hemendik aurrera gure semetzat edukiko zaituztegu. Gora putasemeak! Biharamunean bankura joan nintzen, kontuan hartzeko moduko diru kopurua hartu, zorrak ordaindu, lagunen artean billete batzuk banatu eta, motxila lepoan, busen terminalera joan nintzen. Han pianojolea neukan zain, luze, mehe eta zuri, kandela baten antzera. —Ez dakizu nola pozten nauen, mutiko. Zorte on —esan zuen bostekoa luzatuz. Busera igo aurretik hartu nuen arnasa, La Ollatik zetorren aire ustelaz gorputza bete nuen eta plazako bozgorailuetatik apaizaren ahotsa entzun nuen Kramer contra Kramer ikustera joaten zirenak eskomikatu egingo zituela mehatxuka, dibortzioaren apologia zelako akusaziopean. —Arratsaldean zinemak lepo egingo du —murmurikatu zuen pianojoleak. Urte batzuk geroago eta Ekuadorretik oso urruti, Quebeceko argitarapen literario batean Machalako kanadarraren izena ezagutu nuen Tropikoan katu guztiak nabar izeneko ipuina argitaratu zuen. Kontakizun ederra zen eta bertan infernuko kiratsak hartutako herrialde batean beste bost morroirekin bizi izandako denbora aipatzen zuen. Ipuin ona zen, iristen ez zen soldataren mende, brisarik leunena ere eragiten ez zuen haizagailu baten itxoroskien pean baina zeukaten hoberena eskaini zidaten noblezia handiko gizon eta emakumeekin elkarbanaturik igaro genituen egun haiek bezain ona.
Patagonia Express |