Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998

 

5

 

      Martxoaren amaiera aldean egunak laburtu egiten dira eta Magallaes Itsasartetik Atlantikoko haize zakarra sartzen da. Porvenirreko biztanleek egur hornidurari arreta egin eta Suaren Lurraldetik Patagoniarantz doazen basoiloen hegaldia malenkoliaz begira dezaten seinalea da.

      Ushuaiarantz segitzeko asmoa neukan baina azkeneko euriteak bidea hainbat zatitan eten egin duela eta udaberrira arte ez dutela konponduko jakinarazi didate. Ez dio ardura. Inguru honetan absurdua da asmo sendoei eustea, eta gainera, oso ondo egoten da El Australen, itsas jendearentzako tabernan, arkume erregosirik goxoena prestatzen duten lekua. Magallaeseko arkumea, apaingarri dauzkan tipulen bihotzean ezkutaturik doazen iltze-kanela aleek usaineztatua.

      Hamabi bat bezero zain gaude jabeak mahairatzeko garaia noiz iragarriko duen. Ardoa edanez sukaldetik datozen usain ederrengatik sufritu dugu. Liturgia antz handia dauka ahoa ur bihurtzen digun itxarote honek.

      Barraren mutur batean hiru gizon ari dira solasean. Oso ingeles britanikoaz mintzatzen dira kolkoan barrena ginebra kopak sartzen dituzten bitartean. Ez da oso edari estimatua Suaren Lurraldean eta bizarra egin osteko lozioaren ordez erabili ohi da. Gizonetako batek gaztelaniaz galdetu du ea bazkalordurako asko geratzen den.

      —Ezin da jakin. Arkume bakoitza ezberdina da. Pertsonak bezala —erantzun dio jabeak, Sonia Maríncovich andereak, metro eta laurogeiko altuera eta gizateria eslaviarreko laurogeita hamarren bat kilo, soineko beltzaren azpian ondo banatuak.

      —Ez daukagu astirik —ekin dio ingelesak.

      —Hemen astia da sobera dagoena —adierazi du bezero batek.

      —Egunsentiaz batera itsasoratu behar dugu. Ulertzen?

      —Ulertzen dut. Eta norantz? Astoa ere atzera botatzeko moduko haizeak joko du arratsaldean, horregatik galdetzen dizut.

      —Raúl senadira goaz.

      —Intzestuaren senadira esan nahi izango duzu —zuzendu du bezeroak.

      Gizonak eskuaz kolpe bat jo du barran, billete batzuk bota ditu edandakoa ordaintzeko eta bere lagunekin irten da ingelesez biraoak jaurtikiz.

      Britainiar haserrearekin hitz egin duen bezeroari hurbildu natzaio.

      —Mindu egin dela dirudi. Zer da ba Intzestuaren senadiaren kontu hori?

      —Historia, baina ingelesek ez daukate umorerik. Izorra bitez. Erregosia dastatzeko aukera galdu dute. Ez al duzu historia ezagutzen?

      Ezetz erantzun diot, eta bezeroak Sonia andereari begiratu dio. Lapiko artetik emakumeak baiezko keinuaz erantzun du.

      —Kontua, gutxi gora-behera horrela izan zen: 1953 inguruan, bapore britainiar bat hondoratu zen Beagle kanalean, eta itxuraz, bizirik atera ziren bakarrak misiolari protestantea eta haren arreba izan ziren. Bi naufragoak ekialdera ibili izan balira, aste betean Ushuaiara helduko ziren baina, orientaziorik batere ez zutenez, iparrerantz jo zuten. Laurogeiren bat kilometro egin zituzten oihanak gurutzatu, ibaiak zeharkatu, muinoak igo eta jaitsi eta, azkenik, lau hilabeteren buruan, lehen Raúl senadia izena zeukan lekuan agertu ziren, Almirantazgoko hegoko kostaldean. Hantxe aurkitu zituzten tehuelche batzuek eta Porvenirreraino ekarri zituzten. Horixe da historia.

      —Eta zergatik deitzen zaio orain Intzestuaren senadia?

      —Emakumea haurdun iritsi zelako. Nebak izorraturik.

      —Mahaira, jakia aterako dut-eta —iragarri du Sonia andereak, eta buru belarri jarri gara ingelesek, umorerik ezaren ondorioz, galdu duten arkume erregosi zoragarriaz gozatzen.

 

Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998