Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998

 

4

 

      Militarrek oso kontzeptu jasoa zeukaten gure gaitasun suntsitzaileaz. Amerikako historia militarreko ofizial guztiak asasinatzeko, zubiak lehertu eta tunelak lurperatzeko eta ezin identifika zezaketen kanpoko etsai baten lehorreratzea prestatzeko planez galdetzen ziguten.

      Temuco hiri tristea zen, grisa eta euritsua. Inork ez luke esango turismorako egokia denik eta, hala ere, Tucapel erregimentua sadikoen nazioarteko konbentzio iraunkor antzeko zerbait izatera iritsi zen. Galdeketetan, bere txarrenean, anfitrioi ziren militar txiletarrez gain, Brasilgo inteligentzia militarreko simioek —okerrenak ziren—, Estatu Saileko iparramerikarrek, Argentinako paramilitarrek, neofaxista italiarrek eta Mossadeko agente batzuek ere parte hartzen zuten.

      Nola ahaztu Rudi Weismann, txiletarra, hegoaren eta belauntzien maitalea, sinagogetako hizkuntza goxoan torturatu eta interrogatu zutena? Rudik, bete-betean Israelen alde egin zuenak —Kibutz batean parte hartu zuen baina Suaren Lurrarekiko mina handiagoa izan zen eta Txilera itzuli zen— ezin izan zuen irain hura jasan. Ezin izan zuen ulertu nola egin zezakeen Israelek kriminal talde horren alde, eta Rudi Weismann, umore onaren eredu izan zen berbera, landare ahaztu bat bezain idor bilakatu zen. Goizalde batean lo-zakuan hilik aurkitu genuen. Haren keinuak autopsiarik egin behar ez izatea eragin zuen: Rudi Weismann tristeziak hil zuen.

      Tucapel erregimentuko komandantea —eta ez dut haren izena aipatuko paperarekiko gutxienezko begirunez— Rommel mariskalaren miresle burubero batzen. Presoren bat atsegina iruditzen zitzaionean bere bulegora gonbidatu ohi zuen galdeketetatik suspertzeko. Han, erregimentuan gertatzen zen guztia aberriaren interes sakrosantuen mesederako zela ziurtatu ondoren, Korn kopatxo batera gonbidatzen zuen —baten batek Alemaniatik helarazten zion gari-pattar mottel hura— eta Afrika Korpsi buruzko hitzaldi bat entzutera behartzen zuen. Morroia alemanen seme edo biloba zen, baina bere itxura ezin txiletarragoa zen: txaparra, hankamotza, adats ilun eta bihurria. Ondo erraz esan zitekeen kamioi gidari edo fruta saltzailea zela, baina Rommeli buruz hitz egitean Hitlerren guardiako kide baten karikatura bilakatzen zen.

      Hitzaldiaren amaieran Rommelen buruhilketa antzezten zuen, takoiak jo, bandera ikusezin bati agur eginez eskuina kopetaratu, «adieu geliebtes Vaterland» bat ahomixkatu eta ahoan tiro egiten zuelako itxurak egiten zituen. Guk, egunen batean benetan egingo zuelako itxaropen osoa geneukan.

      Bazen erregimentuan beste ofizial bitxi bat; alde guztietatik itzurtzen zitzaion homosexualitatea ezkutatzen ahalegintzen zen teniente bat. Soldaduek Margarito deitzen zioten eta berak bazekien.

      Prigué guztiok sumatzen genuen Margaritok pairamen handia jasaten zuela bere gorputza gauza ederrez apaindu ezin izateagatik eta gizajoak araudiak ahalbidetzen zion parafernalia guztiaz ordezten zuen. Berrogeita bosteko pistola bat, bi kargagailu, komando taldeko sastagai makur bat, eskuko bi granada, linterna bat, walkie talkie bat, bere mailako intsigniak eta jauzkariari zegozkion hegal zilarreztatuak eraman ohi zituen. Preso eta soldaduen iritziz Eguberritako arbola ematen zuen.

      Morroi honek oso keinu eskuzabal eta itxuraz desinteresatuekin txunditzen gintuen batzuetan —ez genekien Stockholmeko sindromea aldrebeskeria militar batek eragiten duenik— eta, bat-batean, galdeketen ostean poltsikoak zigarroz edo hain maite genituen Plus Vitamina C aspirinez betetzen zizkigun. Arratsalde batean bere gelara gonbidatu ninduen.

      —Beraz literatoa zara —esan zuen Coca Cola lata bat eskainiz.

      —Pare bat ipuin idatzi dut. Horixe da dena —erantzun nuen.

      —Ez zaitut interrogatzeko gonbidatu. Atsekabetu egiten nau gertatzen denak, baina horrelakoxea da gerra. Biok idazle garelako nahi dut hitz egitea, harriturik? Literato handiak ere izan dira armagizonen artean. Gogoratu Alonso de Ercilla y Zuñiga, esaterako.

      —Edo Cervantes —gehitu nuen.

      Margaritok handien artekotzat zeukan bere burua. Horixe zen haren arazoa. Lausengaldia behar bazuen, edukiko zuen. Coca Cola edaten nuen eta Garcés neukan gogoan, hobe esanda, Garcésen oiloa, izan ere, sinesgaitza badirudi ere, sukaldariak Dulcinea izeneko oiloa zeukan eta.

      Goiz batean preso arruntak eta priguéak bereizten dituen hesiaren beste aldera salto egin zuen, eta dirudienez uste politiko sendoko oiloa zen, gurekin geratzea erabaki zuen eta. Garcések laztandu egiten zuen eta hasperen: «Piper hauts pixka bat eta beste kumino apur bat edukiko banitu, inoiz dastatu ez duzuen hegazti-eskabetxea prestatuko nizueke».

      —Nire poesiak irakurri eta zeure iritzia, zintzoena, eman diezadazun nahi dut —esan zuen Margaritok koadernoa emateaz batera.

      Poltsikoetan zigarroak, gozokiak, te-poltsak eta U.S. Army marmelada pote bat neuzkala atera nintzen. Arratsalde hartan idazleen arteko anaikidetasunean sinesten hasi nintzen.

      Kartzelatik erregimentura eta alderantziz ganadu-kamioi batean eramaten gintuzten. Soldaduek arretaz zaintzen zuten kamioiaren lurrean nahikoa gorotz egon zedin ahozpez eta eskuak garondoan geneuzkala etzan gintezen agindu aurretik. GAL fusilez armaturiko lau uniformedun genituen jagole, kamioiaren izkina bakoitzean bat. la denak iparreko goarnizioetatik ekarritako mutikoak ziren, hegoko klima gogorraren eraginez etengabe gripaturik eta oso umore txarrez egoten zirenak. Mugimendu susmagarrienean edozein konkorri —guri— tiro egiteko agindua zeukaten, bai eta kamioira hurbiltzen ahalegintzen zen edozein zibili ere. Baina, denboraz, diziplina leunduz joan zen eta ezikusia egiten zuten zigarro paketea edo leiho batetik eroritako fruta edo ibilgailuaren aldamenean eskuez musuak bidaltzen eta «Eutsi lagunak! Irabaziko dugu!» oihukatzen korrika hurbiltzen zen neska eder eta ausartaren aurrean.

      Kartzelan, beti bezala, «Flaco» Pragnan doktorea —orain psikiatra ospetsua Belgikan— buru zuen ongi etorri batzordea geneukan zain. Lehenik eta behin ezin ibilian zeudenak eta bihotzeko gaitzen bat zeukatenak aztertzen zituzten, ondoren, hezur apurtu edo saihets bihurrituren bat zekartenak. Pragnan aditua zen barrillatik igarotzeak gugan utzitako energia elektriko kopurua neurtzen, eta pazientzia handiz adierazten zuen nork eta nork edan zezakeen likidorik hurrengo orduetan. Azkenik jaunartzeko garaia heltzen zen, orduan ematen zizkiguten Plus Vitamina C aspirinak eta barneko hematomen aurkako pilula antikoagulanteak.

      —Dulcinearenak laster egingo du —esan nion Garcési eta txokoren bat bilatu nuen Margaritoren koadernoa irakurtzeko.

      Kaligrafia finez idatzitako orrialdeei maitasuna, eztia, sufrimendu goren eta ahazturiko loreak zerizkien. Ez nuen hirugarren orrialdetik aurrera irakurri behar izan Margaritok Amado Nervo poeta mexikarraren ideiak plagiatzeko lanik ez zuela hartu konturatzeko, besterik gabe kopiatu baitzituen haren poemak.

      Peyuco Gómez gaztelaniazko irakasleari hots egin eta pare bat bertso irakurri nion.

      —Zer diozu, Peyuco?

      —Amado Nervo. Liburuak Los jardines interiores dauka izena.

      Nahaste baten erdian nengoen, eta ez makala gainera. Margaritok Nervoren obra —poeta gozoegia izan ere— ezagutzen nuela jakiten bazuen, orduan, neureak egingo zuen laster eta ez Garcésen oiloarenak. Kontua larria zen, beraz, gau hartan bertan Zaharren Kontseilura eraman nuen.

      —Margarito, marikoi malgu ala bugrea izango ote da?

      —Ez zaitez alua izan. Lepoa daukat jokoan —esan nion.

      —Benetan galdetu dut. Baliteke milikoak zurekin erromantze bat eduki nahi izatea eta koadernoa ematea zetazko zapi bat erortzen uztea bezala izatea. Eta zuk hartu egin zenuen, potrohandi horrek. Baliteke poemak kopiatu izana zuk bertan mezuren bat topatzeko. Hermann Hesseren Demián irakurraraziz mutikoak seduzitzen zituzten marikoi asko ezagutu ditut. Margarito malgua bada, orduan, Amado Nervo ez ezik bere “amado nervio” izan beharko duzu. Eta bugrea bada, ba, ez dut uste barrabiletan emandako ostiko batek baino min handiagoa emango duenik.

      —Ze mezu eta ze mezuondo. Milikoak poemak bereak bailiran eman zizkizun eta asko gustatu zaizkizula esan behar diozu. Kontua mezua bidaltzea balitz, koadernoa Garcési eman beharko zion; bera baita barne lorategia daukan bakarra. Edo baliteke Margaritok lorontziaren berri ez edukitzea —esan zuen Andres Müllerrek.

      —Hitz egin dezagun serio. Zer edo zer esan beharko diozu; eta Margaritok ez du Nervoren bertsoak ezagutzen dituzulako susmorik txikiena ere hartu behar —adierazi zuen Pragnanek.

      —Esaiozu poemak gustatu zaizkizula, baina adjektiboak apur bat gehiegizkoak iruditu zaizkizula. Aipatuiozu Huidobro: adjektiboak, bizia ematen ez duenean, hil egiten du. Horrekin erakutsiko diozu bere bertsoak arretaz irakurri dituzula eta maila berean egiten diozula kritika —iradoki zuen Gálvezek.

      Zaharren Kontseiluak Gálvezen ideia onartu zuen, baina nik bi aste eman nituen kezketan murgildurik. Ezin nuen lorik egin. Ostiko eta ziztada elektrikoen saiora eraman nintzaten irrikaz nengoen koaderno madarikatu hura itzuli ahal izateko. Denbora horretan Garcés on-puska gorrotatzera ere iritsi nintzen.

      —Konpai, dena ondo badoa, kuminoa eta piper-hautsaz gain kaparroi potetxo bat ere lortzen badidazu, ai, ene! hori oturuntza egingo duguna oiloaz.

      Hamabost egun geroago, azkenean!, gorotz-koltxoian etzanda nengoen ahozpez eta eskuak garondoan. Burutik egiten hasia nintzela pentsatu nuen: pozik nindoan tortura izeneko gauza baten bila.

      Tucapel erregimentua. Intendentzia. Maputxeentzako sakratua den Ñielol muino betiberdea hondoan. Galdeketetarako gelaren aurrean itxarongela bat zegoen, medikuaren kontsultan bezala. Han aulki batean eserarazten gintuzten eskuak bizkarrean loturik eta buruan txano beltz bana geneukala. Ez nuen inoiz ere txanoaren zergatia ulertu, izan ere, barruan geundela, kendu egiten baitziguten eta galdeketa egiten zigutenak, izu aurpegiaz generagailu elektrikoaren giltzari eragiten zioten soldaduak, elektrodoak uzkian, barrabiletan, oinetan eta mihian jarri eta gero itxurakerietan nor ari zen eta barrillan benetan nor zorabiatu zen jakiteko auskultatzen zuten sanitariak ikusi ahal genituen.

      Lagos, Emmauseko trapu biltzaileetako diakono bat, izan zen egun hartako lehenengo interrogatua. Urtebete zeramaten trapu biltzaileen sotoetan aurkitutako uniforme militar zahar batzuen jatorriaz galdetuz hebaindu ederrak ematen. Hondakin militarrak saltzen zituen merkatari batek emandakoak ziren. Lagos oinazeak jota garrasi bizian zen eta behin eta berriz errepikatzen zuen soldaduek entzun nahi zuten guztia: uniforme haiek Txileko kostan lehorreratzeko prest zegoen armada zapaltzaile batenak ziren.

      Neure txandaren zain nengoen esku batzuek txanoa kendu zidatenean. Margarito tenientea zen.

      —Zatoz nirekin —agindu zuen.

      Bulego batean sartu ginen. Idazmahai bakarraren gainean Cocoa lata bat eta zigarro kartoi bat ikusi nituen, bere literatura obrari buruzko nire iruzkinak sarituko zituztenak, jakina.

      —Irakurri al dituzu nire poesiak? —kontsultatu zidan jarleku bat adieraziz.

      Poesiak. Margaritok poesiak aipatzen zituen eta ez poemak. Pistola eta granadaz beteriko morroi batek ezin du poesia esan irrigarri eta marikoiantza eman gabe. Orduan morroi hark higuina sortarazi zidan eta, erabaki nuen pixagorria egin, zizeka hitz egin eta bateriak ukitu hutsarekin kargatuko banituen ere, ez nuela neure burua gutxietsiko besteren talentua lapurtzen zuen miliko marikoi bat lausengatzen.

      —Kaligrafia txukuna daukazu, teniente. Baina badakizu bertso horiek ez direla zureak —esan nuen koadernoa itzuliz.

      Dardarka ikusi nuen. Morroi hura arma kargatzen ari zen, ni sei aldiz hiltzeko beste eta, uniformea zikindu nahi ez bazuen, egiteko hura bete zezan beste bati agintzea ere bazeukan. Hiraz dardarka zutitu egin zen, idazmahaiaren gainean zegoen guztia lurrera bota eta oihu egin zuen:

      —Hiru aste kubora, baina lehenago pedikuroarenera joango zara, subertsibo ezereza!

      Pedikuroa zibil bat zen; nekazal erreformaren eraginez milaka hektarea desjabetu zizkioten terratenientea, eta mendekuz, bere borondatez hartzen zuen parte galdeketetan. Bere espezialitatea behatzazalak altxatzea zen eta horrek zolidura izugarriak eragiten zituen.

      Ezagutzen nuen kuboa. Kartzelako lehenengo sei hilabeteak kuboan erabat isolaturik eman nituen; lurrazpiko bizitegi bat zen, metro eta erdiko luzera, beste hainbesteko zabalera eta beste hainbesteko altuera zeuzkan. Antzina, Temucoko kartzelan larruondegi bat izan zen eta kuboan koipea biltzen zuten. Porlanezko hormei oraindik koipe hatsa zerien, baina aste betera norberaren kakak kuboa oso leku intimoa bilakatzen zuen.

      Diagonalean baino ezin zen gorputza luzatu, baina Txileko hegoaldeko tenperatura baxuek, euri urak eta soldaduen pixek hankak besarkaturik egotera gonbidatzen zuten, horrela iraunez, ametsetako oporraldia iradokiz flotatzen zuten kaka-irletako bateko biztanle izatea lortu arte, gero eta txikiagoa bilakatzeko desioaz. Hiru aste eman nituen bertan, neure buruari Laurel eta Hardyren filmak kontatzen, Salgari, Stevenson, Londonen eleberriak hitzez hitz gogoratzen, xake partida luzeak jokatzen, zoliduretatik babesteko behatzak mihizkatuz. Kuboan behin eta berriro zin egin nuen ez nuela inoiz literatur kritikari jardungo.

 

Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998