Patagonia Express
5
1976ko ekaineko egun batean inora gabeko bidaia amaitu zen. Nazioarteko Amnistia taldeak egindako kudeaketei esker irten nintzen kartzelatik eta, kaskamotz eta hogei kilo galdurik banengoen ere, berriro galtzearen beldurrak mugaturiko askatasunaren aire sendoaz bete nituen birikak. Barruan geratu ziren lagunetako asko militarrek hil zituzten. Nire harrotasun handiena haien borreroak ahaztuko ez ditudala eta barkatuko ez diedala jakitea da. Bizitzan zehar poz ugari eta ederrak lortu ditut, baina bakar bat ere ezin da kriminal horietako bat kale bazterrean metrailatu dutela jakitean ardo botila bat zabaltzeak ematen duen pozarekin alderatu. Orduan kopa jaso eta esan ohi dut: «Putaseme bat gutxiago, gora bizitza!». Bizirik irten ziren lagunetako batzuk munduan zehar ikusi izan ditut, beste asko ez ditut inoiz ere berriro ikusi, baina guztiek lehentasunezko lekua daukate nire oroitzapenetan. Behin, 1985aren amaieran, Valentziako taberna batean Gálvez topatu nuen ustekabean. Italian, Milanen bizi zela esan zidan, Italiako naziotasuna eta lau alaba eder, guztiak italiarrak, zeuzkala esan zidan. Besarkada luze eta negartiaren ostean iragandako garaiez hizketan hasi ginen eta, jakina, oiloak bere lekua izan zuen. —Goian bego —esan zuen Gálvezek—. Antzinakoetako azkena izan nintzen aske irteten, hirurogeita hemezortziaren amaieran, eta nirekin eraman nuen. Zoriontsu eta lodi bizi izan zen Los Angeleseko nire etxean zahartzaroak jota hil zen arte. Lorategian dago lurperaturik «Hemen datza Dulcinea, ezinezko zaldunen anderea, ezein ez lekutako enperatriza» dioen hilarriaren azpian.
Patagonia Express |