Patagonia Express
8
Neguak Puerto Natalesen harrapatu nau. Duela berrogeita zortzi ordu eskas hondartzan nenbilen pasioan Almirante Montt golkoaren aurrean, apirileko egun gloriatsu baten egunsentia miresten. Baina atzo mara-mara hasi zuen elurra, eta tenperaturak gogor egin zuen behera, sei gradutik zeropetik laura jaitsi zen. Irratiz aireportua itxi dutela iragarri dute, beraz, hemendik irtetea lan nekea bilakatu da. Puerto Natales Almirante Montt golkoko ekialdeko kostaldean dago. Mendebalderantz, Nelson itsasadarra eta Pazifikoraino, berrehun eta berrogeita hamar kilometro kanalek elkar gurutzatzen dute. Nabigante chiloteak dira heriotza izoztuak —mareek elurtegietatik erausten dituzten izotz blokeak, sarritan kanalak hilabete luzez blokeatzen dituztenak— mehatxu egiten duen pasabide estu hauetan barna ausartzen diren bakarrak. Neguan ezinezkoa da Puerto Natalesetik irtetea. Lurrez egin behar da, muga zeharkatu eta Argenlinako El Turbio herrira jo. Handik irteten da trenik australena, benetako Patagonia Express, El Zurdo eta Bellavista lotzen dituen berrehun eta berrogei kilometroko joanaren ondoren, Río Gallegosera heltzen dena, Atlantikoko kostaldean. Bidaiarientzako bi eta zamarako beste bi bagoitako andana, hogeita hamarreko urteetan Japonian egin eta ikatzez dabilen lokomotore zaharrak eramaten du. Bidaiarientzako bagoi bakoitzak mutur batetik bestera zeharkatzen duten bi jarleku luze dauzka. Mutur batean egur-berogailu bat dago, bidaiariek beraiek elikatu behar dutena, eta haren gainean, Lujaneko Andra Mariaren irudia erakusten duen kromoa. Bidaiari gutxi zihoazen nirekin. Egoitzako pare bat peoi, jarlekuetan etzan orduko zurrunga bizian hasi zirenak, eta sudurra orrialde artean sarturik Ebanjelioa errepasatzeari ekinean zebilen artzain protestante bat besterik ez. Gizona erabat makurturik doa eta nire betaurrekoak eskaintzeko gogoa sentitzen dut. —Han egurra dago. Begira ezazue berogailua itzal ez dadin —esan zuen ikustaileak. —Eskerrik asko. Ez daukat txartelik. El Turbion erosi nahi izan nuen baina ez zeukaten. —Ez kezkatu. Hurrengo geltokian erosiko duzu, Jaramillon. Belardiak elur geruza sendoaz estalirik daude eta panpak, beti gorri eta berdez zipriztindurik dagoenak, espektro tonalitatea hartu du. Honela, Patagonia Express, artzaina loarazten duen paisaje zuri eta monotonoan barrena doa. Biblia haren eskuetatik jausi eta itxi egin da. Adreilu beltza dirudi. Patagonia Express artzainen trena da. Negu amaiera guztietan, ehunka chilote iristen dira Puerto Natalesera, muga zeharkatu eta trenez, abeltzainen egoitzetara joaten dira. Gizon sendoak dira, Chiloéko pobreziaz eta emakume irlatarren izaera gogorraz asperturik, kontinentera, aberastasun bila irteten direnak. Chiloén itsaski eta papak jaten dituzte. Patagonian, arkumea eta papak. Gutxi dira inoiz frutarik —sagarrak izan ezik— eta barazkiren bat dastatu dutenak. Urdaileko minbizia chiloteen arteko gaixotasun endemikoa da. Jaramilloko geltokia gorriz pintatutako zurezko eraikina da. Arkitekturak kutsu eskandinaviarra dauka. Euri-uretarako kanalen apaingarri diren teilatxo tailatuak haizeak mugitzen ditu, asko falta dira, eta geratzen direnak ere erori egingo dira haiek finkatu edo berrezartzeaz inor arduratu gabe. Jaramillo geltokia eta pare bat etxe besterik ez da baina trena ura hartzeko geratzen da bertan. Horixe da, antza, leku haren garrantzi bakarra nahiz eta bertan Patagoniako memoria tragikoak bizirik dirauen; geltokiko erlojuan geldirik dirauen memoria: bederatziak eta hogeita zortzi minutu. 1921ean, La Anita egoitzan, peoi eta indioen azkeneko matxinada handia hasi zen. Antonio Soto, galiziar anarkista bat aitzindari zutela, lau milatik gora lagunek egoitza eta Jaramilloko geltokia hartu zituzten. Autokudeaketarako eskubidea aldarrikatu zuten eta pare bat astez Patagoniako lehenengo Komuna Librea, haiek oso-osoan Soviet izenaz bataiatu zutena, izatearen ilusioa bizi izan zuten. Lurjabeen erantzuna berehala iritsi zen. Argentinako gobernuak tropa kontingente sendoa bidali zuen matxinatuekin amaitzeko. 1921eko ekainaren 18ko eguerdian iritsi ziren. Gizonek Jaramilloko geltokian indar egin zuten eta emakumeek egoitzako etxeak okupatu zituzten. Armatzat, aizto fakoiak, kapatazei kendutako pare bat errebolber, lantzak eta boleadoreak zeuzkaten. Armadak fusilak eta metrailadoreak zeuzkan. Varela kapitainak, tropen buru zenak, geltokia inguratu ondoren arratseko hamarrak arteko epea eman zien amore eman zezaten, armak uzten zituzten guztien bizia bermatu zuen baina, militarren hitza azken buruan, ez zuen epea errespetatu eta bederatziak eta hogeita zortzi minututan su egiteko agindua eman zuen. Inoiz ez zen jakin zehazki zenbat jende hil zen. Ehunka lagun fusilatu zituzten eurek egindako hilobien aurrean. Ehunka gorputz erre zituzten eta panpan zehar hedatu zen gorpu kiskalien kiratsa. Bederatziak eta hogeita zortzi. Bala batek eten zuen erlojuaren jarduna, eta horrela dirau. —Sarritan konpondu dute, baina badago beti berriro hondatu eta adierazi behar duen orduan ipintzen duen norbait —esan dit ikustaileak. —Denak ziren subertsiboak. Aitzindari zuten galiziar hark jabegoa lapurreta zela sinestarazi zien. Egokia izan zen denak hiltzea. Subertsiboekin ez da gupidarik eduki behar —tartekatu da artzain protestantea. Peoiek, itzarrik dagoeneko, keinu lizunez erantzun diote, ikustaileak sorbaldak jaso eta artzaina bere adreilu beltzaren irakurketan murgildu da berriro. Eguzkia mendebaldetik ezkutatzen ari da, Pazifikoan hondoratzen da eta azkeneko izpiek Patagonia Expressen itzala panpa zurian islatzen dute, kontrako norabidean, Atlantikorantz, egunak hasten diren tokirantz doala.
Patagonia Express |