Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998

 

Ohar hauei buruzko oharrak

 

      Mari Carmenen eta Paco Ignacio Taibo I.aren Mexikoko etxean mahai handi bat dago eta haren ingurura biltzen dira hogeita lau mahaikide. Han entzun nuen behin Taibo I.aren liburu baten izenburu den esaldi bat: «Ahazturaren ura gerarazteko». Geroago, obra irakurri nuenean, alde batetik idazle asturiarrarekiko adeitasun eta mirespena areagotu zen eta, bestetik, hainbat testu agurtzea ezinbestekoa dela ikasi nuen, nahiz eta norberak nahi ez izan eta haietan bere intimitatearen atal garrantzitsua ikusten duen.

      Orain ohar hauek agurtu behar ditut, bide luzean bidaide izan ditudanak, bakarrik, etsirik edo bandera masta erdian edukitzeko eskubiderik ez daukadala gogorarazten betidanik aldamenean izan ditudanak.

      Hainbat toki eta egoeratan idatzitakoak dira. Inoiz ez dut jakin nola deitu, eta oraindik ere ez dakit.

      Inoiz, inork esan zidan ziurrenik kajoiko testu ugari edukiko nituela eta ziurtapen horrek harritu egin ninduenez, azalpen bat eskatu nion.

      —Kajoiko testuak: zergatik eta zertarako jakin gabe egiten diren oharpenak —zehaztu zuen.

      Ez. Ez dira kajoiko testuak, horrek, oro har, idazmahai baten atal den kajoi bat badela esan nahi duelako, eta nik ez daukat idazmahairik. Ez daukat eta ez dut eduki nahi, okin hamburgar zahar batek emandako oholtzar baten gainean idazten baitut.

      Skatt-eko arratsalde batean —Alemaniako ipar-iparraldeko karta jolas bat— artritisak dena bertan behera utzi eta okindegia ixtera behartzen duela iragarri zien partidakideei okin zaharrak.

      —Zer egingo duzu orain, agure zahar horrek? —galdetu zion jokalari adeitsuetako batek.

      —Nire semeek lanbideari jarraitu nahi ez diotela eta nire makinak zaharkitutzat jo dituztela kontuan hartuz, ba, dena pikotara bidali eta oraindik maitasuna iradokitzen duena oparitu —erantzun zuen Jan Keller zaharrak eta, jarraian, okindegian parranda ederra egitera gonbidatu gintuen.

      Hantxe jaso nuen berrogeita hamar urtean ogia oratzeko erabili zuen oholtzar hura, eta bertan oratzen ditut nire istorioak. Maite dut legamiaren, sesamoaren, jengibrearen, lanbiderik nobleenaren usaina daukan ohol hau. Beraz, idazmahai bat, zer demoniotarako behar izango nuke nik idazmahaia?

      Nola deitu ez dakidan ohar hauek apalategiren bateko zokoren batean egon ziren, hautsez estalita eta, batzuetan, antzinako argazki edo agiriak bilatzean, berriro aurkitu nituen eta aitortu behar dut, xamurtasun eta harrotasun nahastuarekin irakurri nituela, orrialde zirriborratu edo ezin okerrago mekanografiaturiko horiek Julio Cortazarrek hain ondo definituriko oinarrizko bi gai ulertzeko ahalegina gordetzen baitzuten beren baitan; alde batetik, gizaki izatearen zentzuaren ulermena eta, bestetik, artista izatearen zentzuaren ulermena.

      Egia da, bietan esperientzia pertsonalak garrantzi handia dauka, baina inork ez du pentsatu behar hori Alzheimer gaitzaren aurkako konjura denik, ez baita nire asmoa memoria-liburu bat idaztea.

      Beraz, batzuek behintzat, beren ezkutalekuak utzi eta antologia, aldizkari eta, azken aldian, Italian edizio partzial batean argitaratu izan ziren oharrok agurtu behar ditut.

      Azkenik, zuk, irakurle horrek, eskuartean daukazun ale honetan ordenaturik daude Beatriz de Mouraren aholku egoki eta anaitasunezkoei esker. Patagonia Express izenburua eman diot, dagoeneko ez dabilen arren, gaur egun poesiak etekinik ematen ez baitu, Patagoniako gizon eta emakumeen oroitzapenean bidaiatzen segitzen duen trenaren omenez.

      Ibilbide zehatzik gabeko bidaia nirekin batera egitera gonbidatzen zaituztet, beren izenez agertzen diren pertsona zoragarri horiekin guztiekin; asko ikasi bainuen haiengandik eta asko ikasten baitut oraindik ere.

 

Lanzarote, Kanariar Uharteak

1995eko abuztua

 

Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998