Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998

 

6

 

      Manantialesen iparrean, Suaren Lurraldeko petrolio-herrixka, daude Angostura izeneko arrantzaleen kalatxo bateko hamabi edo hamabost etxetxoak, eta Angostura izena dauka Magallaes Itsasarteko lehenengo mehargunea delako. Etxe horietan uda austral laburrean baino ez da jenderik bizi. Gero, udazken iheskor eta negu luzean zehar, paisajean geratzen den erreferentzia besterik ez dira.

      Angosturak ez dauka hilerririk, baina zuriz pintatu eta itsasoari begira eraikitako hilobi txiki bat dauka. Bertan datza Panchito Barria, hamaika urte zituela hil zen mutikoa. Toki guztietan bizi eta hil egiten da —tangoak dioen bezala «hiltzea ohitura bat da»—, baina Panchitoren kasua tragikoki berezia da, mutikoa tristeziak jota hil zen-eta.

      Hiru urte bete aurretik, Panchito poliomelitisak jo eta elbarriturik utzi zuen. Gurasoek, Patagoniako San Gregorioko arrantzaleak, udaro zeharkatzen zuten itsasartea Angosturara joateko. Mutikoa gurasoekin joaten zen, manta batzuen gainean, itsasoari begira egoten zen fardel kuttun baten antzera.

      Bost urte bete arte Panchito Barria haur triste eta zaputza zen, ia hizketan ere ez zekiena. Baina behinola, munduaren hegoaldean hain usu gertatzen diren mirari horietako bat jazo zen: hogeitik gora izurde australez osaturiko saldo bat agertu zen Angostura aurrean, Atlantikotik Pazifikora zihoazela.

      Panchitoren istorioa kontatu zidaten bertakoek baieztatzen zutenez, izurdeak ikusi orduko, haurrak oihu lazgarria egin zuen eta, izurdeak urruntzen ziren heinean, oihuak ozen eta lazgarriago bilakatzen ziren. Azkenik, izurdeak desagertu zirenean, haurraren eztarritik garrasi zorrotz bat atera zen, arrantzaleak izutu eta uherroiak aldenarazi baina izurdeetako bat itzularazi zuen nota ezin altuagoa.

      Izurdea kostaldera hurbildu eta uretan jauzika hasi zen. Panchitok bere eztarritik ateratzen ziren nota zorrotzez animatzen zuen. Guztiek ulertu zuten haurra eta zetazeoaren artean azalpenik behar ez zuen komunikazioa sortu zela. Bizitza horrelakoa delako gertatua. Eta kitto.

      Izurdeak uda osoa eman zuen Angosturaren aurrean. Eta neguaren hurbiltasunak lekua uztera behartu zuenean, Panchitoren gurasoak eta gainerako arrantzaleak, harriduraz, haurrak pena izpirik ere ez zuela agertu konturatu ziren. Bere bost urtetarako seriotasun harrigarriaz, bere izurde lagunak alde egin behar zuela adierazi zuen, bestela izotzak harrapatuko zuelako, baina hurrengo urtean itzuli egingo zela.

      Eta izurdea itzuli egin zen.

      Panchito aldatu egin zen, haur hitzontzi, alai, bilakatu zen, elbarri jiteaz ere txantxak egitera iritsi zen. Erabat aldatu zen. Izurdearekiko jolasak .sei udatan errepikatu ziren. Panchitok irakurtzen eta idazten, bere izurde laguna marrazten ikasi zuen. Gainerako haurrek bezalaxe, sareak konpontzen laguntzen zuen, lastak prestatzen zituen, itsaskia lehortzen zuen, izurde laguna beti uretan jauzika zeukala, haurrarentzako itzuli harrigarriak egiten.

      1990eko udako goiz batean, izurdea ez zen eguneroko zitara agertu. Izuturik, arrantzaleak haren bila aritu ziren; itsasadarra muturretik muturrera miatu zuten. Ez zuten aurkitu, bai ordea faktoria-ontzi errusiar bat, itsasoko hiltzaileetako bat, itsasadarreko bigarren mehargunetik hurbil nabigatzen.

      Handik bi hilabetera, Panchito Barria tristeziak jota hil zen. Negarrik egin gabe, kexarik txikiena ere adierazi gabe ahitu zen.

      Nik haren hilobia bisitatu nuen, eta handik itsasoari begira jarri nintzen, heltzear zegoen neguak astinduriko itsaso grisa. Orain dela gutxira arte izurdeak jostatzen ziren itsasoa.

 

Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998