Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998

 

4

 

      Los Antiguos mugako hiri txiki bat da, Buenos Aires lakuaren hegoko ertzean dagoena, Patagoniaren Argentinako aldean. Lakua inguratzen duten mendi-magal leunek gaur egun oroitzapena besterik ez den handitasunaren lekukotza mingarria erakusten dute. Milaka erraldoi jausiren arrastoak dira, hirurehun mila hektarea baso kiskaliren hondarrak, abeltzainek behar zituzten landei lekua egiteko suak jandakoak. Badira gizaki baten altuera gainditzen duen diametrodun enborrak.

      Pablo Casorla oihan-ingeniaria da, Los Antiguosen bizi eta lan egiten du oraindik dirauen oihan-aberastasunaren katastroa egiteko asmoz. UNESCOk babesturiko baso erreserba batekin egiten du amets, datozen belaunaldiei balizko progresua iritsi aurretik inguru hura nolakoa zen amestea ahalbidetuko dien gizateriaren ondare berde antzeko zerbait. Enbor bat aztertzeko zalditik jaisten ikusten dut.

      —Zuhaitz honek zortziehun edo mila bat urte zeuzkan. Hirurogeita hamar metroko luzera edukiko zuen —dio atsekabea ezkutatu nahi ez duen ahotsaz.

      —Ba al dakizu noiz erre zuten?

      —Duela hogeita hamarren bat urte.

      Hogeita hamar urte. Ilberria da. Hogeita hamar urte hatsaldia da gure inguruan suak utzi zizkien orbainak erakusten dituzten erraldoi garaitu haien adinean.

      —Luze ibili behar al dugu oraindik? —galdetu diot.

      —Iritsi gara. Horixe da etxola —erantzun du hurbileko etxe bat seinalatuz.

      Hurbiltzen ari garen heinean, eraikitzeko erabilitako enborren sendotasunaz jabetu naiz. Aterik gabekoa da eta leihoen markoek betzulo huts dirudite. Zaldietatik jaitsi gabe albo batean harrizko beheko sua daukan leku batean sartu gara. Bertan begi goibelez begiratzen diguten behiak ari dira hausnarrean, gizarte klubera indarrez sartzen diren kanpotarren ausarkeria beren ezaxolakeriaz zigortzen ohiturik baleude bezala. Behiekiko begirunez, zaldietatik jaitsi gara.

      —1913an eraiki zuten. Zurgin onak ziren morroi haiek. Erreparatuiezu habeei, zein ondo landurik dauden —adierazi du Pablo Casorlak.

      Halaxe da, sabaiari eusten zioten habe beltzituetan gubia eta marrusketa erabiltzen, mihiztadura zehatzaren artera, ohiturik dauden eskuek egindako lan fina ikus daiteke.

      Etxolaren egileak Pedro jauna eta Jose jauna izenez ezagutu ziren, baina gaur egun jakina da izatez, Butch Cassidy eta Sundance Kid zeuzkatela ezizen. Munduaren hegoaldean hainbat etxola eraiki zituzten, eta ezagunena Cholilaren inguruetan dago, orain Los Alerces Parke Nazionala izena duen milurteko basoak dauden inguruan. Gaur egungo jabea txiletarra da, Hermelinda Sepulveda anderea, inguru haietan egindako joan-etorrietakoren batean Bruce Chatwin etxean hartu eta alaba batekin ezkonarazi nahi izan zuena, baina honek, azkenean, kamioi gidari baten maitasun eskakizunei egin zien jaramon.

      —Bi urte luzetxo eman zituzten bertan, gero hegoalderago joan ziren, Fuerte Bulnesetik hurbil, Magallaes Itsasartean. Han antolatu zuten beren atraku handietan azkena, Londres eta Tarapacáko Bankuaren aurkakoa, Punta Arenasen. Poztuko nintzateke bizirik baleude —egin du hasperen Pablo Casorlak.

      —Bizirik? Ehun urtetik gora izango lukete.

      —Eta? Txirrita jaiotzen denak ez dio abesteari uzten. Horiek biak bizirik baleude neroni ere beraiekin joango nintzateke pare bat atraku egitera eta harrapakinaz, Patagonia erdia erosiko genuke. Tamalez, hilik dira —egin du berriro hasperen Pablok eta, begirada mukerberako behien ondoan, tragoxka batzuk ardo edan genituen, munduaren hegoaldean bankuetan lapurtu eta diru harekin ezinezko iraultza anarkista ederrak finantzatu ondoren, polizia txiletar batek asasinaturik hil ziren bi bidebasle haien osasunari topa eginez.

 

Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998