Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998

 

3

 

      Ladislao Eznaolak eta bere anaia gazteagoek, Iñaqui eta Agustin, euren egoitzako etxe nagusia Txilen, General Carrera eta Argentinako aldean, Buenos Aires izena duen laku baten hegoko kostaldean eraiki zuten. Mila inguru abelburu eta beste bost mila betabere bazkatzen dira beren jabegoko sei mila hektareatan. Abeltzaintza eta Txileko hegoaldetik itsasoz heldu eta «chata» kementsuetan —zama handia eraman dezaketen kamionetak— lakuan dauzkaten bi almadiataraino garraiatzen dituzten beste produktu batzuen salmenta dauzkate ogibide.

      Perito Moreno eta Patagonia argentinarreko beste herrixketako biztanleentzat lasaitasun handia da Eznaolatarren almadiak heltzen ikustea, batez ere neguko hilabete luzeetan, bideak iragangaitz bilakatzen direnez, Puerto Deseado edo Comodoro Rivadaviako, atlantikoko kostaldeko hiriak, hornikuntzak jasotzeari uzten diotenean.

      Ladislaok besarkada beroaz agurtu nau, eta aitaz galdetu diot, Eznaola Zaharra legendaria.

      —Berearekin segitzen du. Ez da aldatzen agurea. Ez da inoiz aldatuko. Eta bete ditu dagoeneko laurogeita bi urte —adierazi du doinu dibertigarri eta kezkatuaz.

      «Berea» nabigazioa da. Eznaola Zaharra itsasoko beste arlote bat da, baina ez chiloteak bezalakoa. Kanaletatik ontzi-fantasma baten bila nabigatzen du, Caleuche izan daiteke, Holandar Alderraiaren bertsio australa, edo Cacafuego, itsaso zabalera irteteko aukerarik gabe, kanaletatik etengabe nabigatzera zigorturik, tripulatzaileak matxinatu eta bi kapitain asasinatu zituztelako madarikazio baten pean dagoen kortsario ingelesen ontzia. Madarikazio honek baditu dagoeneko laurehun urte eta gizajoek nahikoa sufritu dutela uste du Eznaola Zaharrak. Horregatik zeharkatzen ditu kanalak amnistia banderatxodun bere txalupan. Praktiko baten antzera, itsasoaren askatasun handiraino gidatzeko dabil haien bila.

      —Hartu. Utzi laztanak egiten —dio Martak, Ladislaoren emazteak, bi okoredun platera ematen didala.

      Egoitzako emakumeak agurtu ditut. Marta albaitaria da; Isabel, Iñaquiren emaztea, irakaslea da eta Eznaolatarren belaunaldi berria eta egoitzako gainerako umeen heziketaz arduratzen da. Flor, Agustinen emaztea, legenda bat da Patagonian. Río Mayoko Ospitalean, Argentinan, erizain ziharduen. Agustin beti bizi izan zen berarekin maitemindurik, baina ez zen inoiz bere sentimenduak adieraztera ausartu. Urtean behin ikusten zuen eta bisitaldi bakoitzaren ostean, bere maitasuna bularra lehertu beharrean hazten zen. Behin, Flor bankari batekin ezkonduko zela jakin zuen. Agustin bere «chatara» igo, gitarra ere hartu eta anaia eta koinatei etxea apain zezaten eskatu zien, ametsetako emakumearekin itzuliko zela.

      Río Mayora ezkontza egunean iritsi zen eta gitarra eskuetan zuela, elizan jarri zen maite zuen emakumearen zain. Flor emaztegai jantzita agertu zen, gurasoekin. Senargaia laster agertuko zen. Senargaia iritsi arte ezer esan gabe entzun zezan eskatu zion Agustinek. Orduan gitarra jo eta maitasuna, poesiaren edertasun osoaz eta heriotzaren ondoren ere maitatzen eta maitatuko zuenaren oinaze guztiaz agertzen zuten hamarrekoak abestu zituen. Senargaia agertu zenean, kantaria isilarazi nahi izan zuen, baina Florrek eta Río Mayoko biztanleek galarazi egin zioten. Bi orduz aritu zen Agustin kantari eta, azkenean, inork bere maitasunezko bertsoak irain ez zitzan gitarra apurtzera zihoala, Florrek eskutik hartu, «chataraino» eraman eta elkarrekin egoitzarainoko bideari ekin zioten. Flor emaztegai jantzita agertu zen, eta ordutik aurrera, Agustinek, erregio hartako «payadorerik» onenak, «nire musa zuria» deitzen dio.

      —Eta Baldo Araya jauna? —galdetu dut, nire lagun patagoniarrik onena ikusten ez nuelako kezkati.

      —Berehala etorriko da. Irratikoekin etorriko da. Gainerakoak guztiak daude. Hurbil zaitez ezagutzera —gonbidatu nau Ladislaok.

      —Santos Gamboa, Río Mayokoa.

      —Zure esanetara, adiskide —dio aipatuak, bi atzamar kapela panpatarraren hegalera eramateaz batera.

      —Segitzen al du musikak Río Mayon? —galdetu diot.

      Panpatarrak garondoan hatz egin du baietz erantzun aurretik.

      Río Mayo Patagonia argentinarreko hiri txiki bat da, Atlantikotik jo eta panpatik iragaitean bike-zuhaixkak, koiron-txanpak eta tonaka hauts ekortzen duen haize zakarrak etengabe astindua. Normalean, hautsak Río Mayoko kaleetako aurrez aurreko bazterrak ezkutatzen ditu.

      1977an, Argentinako diktadura militarraren pean, Chubuteko Fusilarien erregimentuko koronel bati ideia aparta —apartekotasun militarra, jakina— bururatu zitzaion kaleetan balizko konspiratzaileen bilerak saihesteko. Izkina bakoitzean, kale argiztapenerako posteetan, goizeko zazpietatik arratsaldeko zazpietara, hiria musika militarraz —barkatu musika deitzeagatik— bonbardatzen zuten bozgorailuak eseki zituen. Argentina fidantzapeko demokraziadun nazioen taldean sartu zenean, agintari berriek ez zituzten bozgorailuak kendu nahi izan militarrekin arazorik ez edukitzeko, eta Río Mayoko biztanleek egunero hamabi orduz bonbardaketa dezibelikoa jasaten segitu behar izan zuten. 1977tik Patagoniako txoriek ez dute hiriaren gainetik hegan egiten eta bertako biztanle gehienek entzumen arazoak dauzkate.

      —Lorenzo Urriola, Perito Morenokoa. Carlos Hainz, Coyhaiquekoa. Marcos Santelices, Chile Chicokoa. Isidoro Cruz, Las Herasekoa —Ladislao aurkezpenak egiten ari da.

      —Berandutzen ari da. Hasi beharra daukagula uste dut. Baldo eta irratikoek lehenengo zatia galduko dute —dio Iñaquik, albo batetik ireki, mamia kendu eta ardo zuri freskagarriz betetako meloia ematen didan bitartean.

      Peoi batzuek lehenengo arkumea ekarri dute eta orduan hasi da irentzea, ugaltzeko balio ez duten animalien zikiratzea, okela kiloak eta kiloak ekoizteko gizentzea beste xederik edukiko ez duten animaliak.

      Lehenengo arkumeaz Marcos Santelices arduratuko da. Bi laguntzailek ohol baten gainean etzan dute eta atzeko hankak zabaldu dizkiote Santelicesek, zilarrezko eskutokidun fakoiaren ahoa begiratu ondoren, arkume izutuaren barrabilak estaltzen dituen ilexka mozteko. Azala arrosa kolorekoa eta garbi agertzen denean, Santelicesek fakoia mahaian zulatu eta burua animaliaren izterren artera makurtu du. Esku batekin leuntasunez bildu ditu barrabilak eta bestearekin, bitartean, zainak bilatu ditu haiek biltzen dituen azal-zakuan. Aurkitutakoan gogor estutu du odol jarioa eteteko eta hortzekin potrazala urratu du.

      Bertan dagoen inor ez da konturatu noiz lekualdatzen diren arkumearen barrabilak Santelicesen ahora, baina gero, pauso batzuk atzera egin eta ontzi batean txu egiten ikusi dugu. Bitartean, laguntzaileek baliorik gabeko zorro hutsa lotu dute odol-isuria saihesteko. Guztiok ontzat eman dugu Chile Chicoko panpatarraren ataza. «Hortzekin zikiratutako» arkumeak ez du odol tanta bakarra galdu behar.

      Hamabi bat animalia pasatu dira dagoeneko zikiratzaileen hortzetatik eta grisola erre zoragarriak irensten ari gara RADIO VENTISQUERO, LA VOZ DE PATAGONIA logotipoaz apainduriko yeep-a heltzen ikusi dugunean.

      Jaisten ikusten dudan lehenengoa Baldo Araya da, Coyhaiqueko lizeoko irakasle tematsua eta Patagoniako historiagilea, Txileko diktadura militarrak iraun zuen artean, gorilek himno nazionalari erantsi zizkioten estrofak kantatzeari uko egin ziona. Horrela, astelehenero, ikasle eta irakasleek «zuen izenak, Txileren euskarri izan zareten soldaduak...» gorrotagarria abesten zuten, denek kantatzen zuten Baldo Araya izan ezik, mutu geratzen baitzen. Jipoitu egin zuten, agintariei desakatua egitearen salaketapean hilabetetan eduki zuten giltzapean, baina ezin izan zuten haren borondatea hautsi. Azkenean, lizeotik kanporatzea erabaki zuten, baina orduan, goiz batean, Baquedano erregimentuaren aurrean, zakur zaindarietako bat lepamoztuta agertu zen muturrean ohar bat zuela: «Nazkagarriak, ez al zarete konturatzen inguraturik zaudetela? Zuek kuartelaren barruan, gu kanpoan. Utzi bakean Araya irakaslea».

      Ez zuten kanporatu, baina ez zioten aurrerantzean soldatarik ordaindu. Baldo ez zen gehiegi kezkatu eta historia unibertsaleko eskolak ematen segitu zuen. Hamalau urtean bizi izan zen patagoniarren elkartasun hertsiaren pentzuan. Ez zitzaion inoiz falta izan ardo barrika, ez eta arrautza gorriak erruten zituzten oiloak, ez eta igandetako otorduetarako okelarik.

      —Herriaren beka gozatzen bizi izan nintzen —amaitu zuen Baldok bere historia kontatu eta gero, duela pare bat urte.

      Jeep-ean etorri zen beste bat Jorge Díaz zen, Radio Ventisqueroko esatari, zuzendari, programazio buru, erredaktore, diskojartzaile eta teknikaria. 1972an, Jorge Díazi, lanbidez kirol esatari, kamioi gidari, arrantzontzi patroi, meatzari eta tango kantaria zenari, munduaren hegoraino beren uhinez heltzen ziren irratiak ez bezalako irrati-emisore bat zabaltzea bururatu zitzaion. Jende haren zerbitzurako emisore izan behar zuen, izan ere, negu luzeetan, biderik gabe, telefonorik gabe eta postarik gabe, isolaturik egoten baitziren. Bere aurrezkiak eta beste bi lagunenak batu eta bigarren eskuko ekipoak erosi zituen, instalatu, frekuentzia baimena lortu eta uhin luzeko bandetatik emititzen hasi zen.

      Aquí, Patagonia, bi ordu irauten zuen saioak, berehala lortu zuen arrakasta. Bertan igortzen ziren ohar erabilgarriak: «Cochrane lakuko Morán familiari jakinarazten zaio Evaristo jauna bidean dela. Itxoin ezazue zaldi freskoez, gizajoa zamaturik eta lagunekin doa eta» edo «Elizalde lakuko Braun familiak erregio honetako biztanle guztiak eta saio hau entzuten dutenak jai handi batera gonbidatzen ditu seme zaharrena, Octavio Braun, eta Faumelinda Brautigam andereñoa ezkondu egingo direlako. Truko eta kailoka txapelketak egingo dira, moxal beza, arkume, txerriki eta behiki errea. Poesia arratsaldeak ere izango dira Santos de la Roca, Río Gallegoseko payadorearen eskutik. Gaua emateko dendak eraman, mesedez. Jaiak aste bete iraungo du...».

      Diktadura baztertu politikoak Patagoniara bidaltzen hasi zen 1976an. Erbesteratuek jasotzen edo iparreko beren senitartekoei bidaltzen zizkieten gutunak lehenago zentsura militarra gainditu behar izaten zuten, gehienetan, gutunak apurtzea izaten zena. Orduan “Radio Ventisquero, La voz de la Patagonia” uhin laburretik mezuak igortzen hasi zen, eta baztertuek senitartekoekin komunikatzeaz gain, azterketa politikoa egiteko saio bat emititzen zuten. Hilabete gutxira Radio Ventisquero Arican ere entzuten zen, Perurekin mugan, ia lau mila kilometrora.

      Militarren erantzuna ere gutxira heldu zen. Gau batean, «esku anonimo» batzuek antenaren dorrea dinamitatu zuten gordetzeko jotzeak zirauen artean. Patagoniarren erantzuna ere ez zen berandutu: Jorge Díazek eukalipto enbor luze eta malguenak jaso zituen antena behar beste aldiz eraiki zezan. Eta emititzen segitu zuen. Eta segitzen du. Eta segituko du.

      Ladislao Eznaolak isiltzeko eskatu digu bertan gaudenoi fakoiaz barrila joz.

      —Erkideok, gure egoitzan tradizio denari jarraituz, inauguratutzat emango dugu Patagoniako hemezortzigarren gezur txapelketa. Hemen esaten diren gezur guztiak Radio Ventisqueron igorriko dira. Jorge Díazek grabatu egingo ditu, beraz, ez izutu mikrofonoarekin. Aurreko lehietan bezala, irabazlearentzat Holsten betizu bat dago sari.

      Izango ote da munduan horrelako beste norgehiagokarik, gezur txapelketarik?

      Chubut probintziako Las Heraseko Isidoro Cruzek, hasi aurretik, zurrutada luzea eman dio ardoari.

      —Kontatzera noakizuena aspaldi gertatu zen, negurik gorrieneko urtean, gogoratu behar duzue. Ni behartsu eta argal nengoen, hain argal ezen ez bainuen itzalik ere eragiten, hain argal ezen pontxoa ere ezin bainuen erabili, zulotik burua sartuz batera oinetaraino jaisten baitzen. Goiz batean halaxe esan nion nire buruari: «Isidoro, honek ezin du luzeago jo, beraz, Txilerantz joango zara». Nire zaldia ni bezain argal zegoen, beraz, zaldi gainera igo aurretik galdetu egin nion: «Che, zaldixka, izango al zara ni eramateko gai?». Halaxe erantzun zidan: «Bai, baina zelarik gabe. Jar zaitez hor nonbait, saihetsen artean». Zaldiaren aholkuari jarraitu eta elkarrekin mendilerroa gurutzatzeari ekin genion. Txileko mugara hurbiltzen ari nintzen inguruko lekuren batetik ahots ahul bat entzun nuenean, oso ahula: «Ezin dut gehiago, hementxe geratuko naiz». Izuturik hara eta hona begiratu nuen ahotsaren jabearen bila, baina ez nuen inor ikusi. Orduan bakardadeari mintzatu nintzaion: «Ez zaitut ikusten. Ager zaitez». Ahots ahula berriro entzun zen: «Zure ezkerreko besapean. Zure ezkerreko besapean nago». Azalaren artean eskua sartu eta besapeko zimurren artean arakatu nuen. Atera nuenean zorri bat neukan atzamarrari itsatsirik, ni neu eta nire zaldia bezain zorri argala. Zorri gaixoa, pentsatu nuen, eta nire gorputzean noiztik bizi zen galdetu nion. «Urte asko, asko. Baina bereizteko unea heldu da. Gramo bat ere ez daukadan arren, zu eta zure zaldiarentzat alferreko pisua naiz. Utz nazazu lurrean, adiskide». Zorria zuzen zegoela iruditu zitzaidan eta harri baten azpian utzi nuen, hegi hartako txoriren batek jan ez zezan ezkutaturik. «Txilen dena ondo badoakit, itzultzean bilatu egingo zaitut eta nahi beste ziztatzen utziko dizut», esan nion agurtzean.

      «Txilen ondo joan zitzaigun. Pisua hartu nuen, zaldiak ere kilo batzuk hartu zituen, eta urtebete geroago, sosak patrikan, zela eta ezproi berriekin itzulerari ekin genionean, zorria utzi nuen tokian bilatu nuen. Aurkitu nuen. Oraindik argal zegoen, ia garden, eta apenas mugitzen zen. «Hemen nago, che zorri hori. Etorri eta ziztatu, ziztatu nahi beste», esan nion ezkerreko besapean sartuz. Zorriak ziztatu egin zuen, hasieran astiro, gero gogor, odola xurgatzeko gogoz. Bat-batean zorria barrezka hasi zen, eta neuk ere barre egin nuen, eta nire barreak zaldia kutsatu zuen. Mendilerroa barrezka gurutzatu genuen, zoriontasunez horditurik, eta ordutik aurrera iraganbide horri Pozaren Iraganbidea deitzen diote. Hau guztia, esan dizuedan bezala, duela denbora luze gertatu zen, negurik gorrieneko urtean...

      Isidoro Cruzek gezurrari aurpegi serioaz eman dio amaiera. Panpatarrek haren argudioak balioetsi, ebaluatu eta gezur polita dela erabaki dute, txaloak jo, edan eta ez dutela ahaztuko zin egin dute, eta txanda Carlos Heinena da orain, Coyhaiqueko panpatar ilehoriarena.

      Iluntzean panpatarrak oraindik sutondoan dira gezurrak kontatzen. Peoi batzuk bi arkume erretzen ari dira. Egoitzako emakumeek mahaira jar daitekeela iragarri dute. Baldo Arayarekin masustetaraino ibiltzea erabaki genuen.

      Han, bapo pixa egiten, burua altxatu dut milaka eta milaka izarrez jositako zeruari begiratzeko.

      —Gezur ederra zorriarena —dio Baldok.

      —Eta zeru hau? Izar horiek guztiak, Baldo? Patagoniako beste gezur bat ote dira?

      —Eta zer axola dio. Lur honetan zoriontsu izateko esaten ditugu gezurrak. Baina inork ez ditu gezurra eta amarrua nahasten.

 

Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998