Patagonia Express
2
«Bi mutur dauzka bideak eta bietan norbait daukat zain», dio Txileko kanta ezagun batek. Txarrena da mutur horiek ez dutela bide zuzena rnugatzen, bihurgune, bidexka, bidezulo eta, ezinbestean, ezein lekutara ez daramaten saihesbidez beterikoa baizik. Así se templó el acero liburuaren irakurketak, irakurketa mantso eta kontsultaz beterikoak bestalde, eraman ninduen lehenengo aldiz ametsek ezein leku ez izena daukaten erregiora. Ostrowiskyren lana irakurri zuten gazte guztiek bezalaxe, Pavel Korchaguin izan nahi izan nuen nik ere, protagonista gizajoa, Komsomol kidea, bizia sakrifikatu behar izanda ere gazte proletarioaren eginkizuna betetzeko behar beste sakrifizio egiten dituena. Pavel Korchaguin nintzela egin nuen amets, eta amets hura egia bilakatzeko Gazteria Komunista taldeko militante egin nintzen. Aitonak marmarka onartu zuen igandeetan biloba galdu behar hura, eta hainbat hilabete eman zituen Así se templó el acero-ren gaztelaniazko itzultzailearekin haserre. Itxuraz, irakurketa hark ideia libertarioen bidexkara eraman behar ninduen inora gabeko bidaiaren lehenengo urrats gisa, baina haserre egon zen ikasleek, ikatz-meatzariekiko elkartasunez, greba eguna aldarrikatu genuela esan nion arte. Behin baino ez dut ikusi neurriz kanpo edaten, eta greba egunean izan zen. Ardoaz txolindurik, malkoei eusten zien murmurikatzen zuen bitartean: —Biloba greban daukat, kontxo, odol berekoa dut. Aitona. Gogoan daukat Gente Joven, gazte komunisten aldizkariaren ale bat irakurtzera behartu nuen lehenengo aldia. Arreta handiz irakurri zituen lau orriak eta botere estalinistaren akolito talde batek argitaratua izan arren, benetako ordena ulertzen hasteko nahikoa zela esanez amaitu zuen: —Ez Estatuak ezartzen duena, demontre, naturala baizik, gizakien arteko anaikidetasunetik eratortzen dena. Gazte komunista izateak zorionez bete zituen gurasoak, izan ere, gazte komunista batek ikastaldeko lehenengoa behar zuen izan, kirolaririk onena, ikasiena, heziketarik onenekoa eta etxean erantzukizun eta lanaren eredu. Gazte komunista bakoitzaren baitan gizarte berriaren ezaugarri izango zen izaki sozial kolektibo eta solidarioa sortzen ari zen. Beraz, monje gorri antzeko zerbait izan nintzen, aszetikoa eta aspergarria. Jasangaitza benetan, urte batzuk geroago, mutil-laguntzat hartu nahi izan ez ninduen neska batek, nire ustez ulertezinak ziren bere arrazoiez galdetu nionean esan zidanez. Gazte komunista izatea sei urtean inora gabeko bidaia-txartela azalari itsatsirik edukitzea izan zen. Haurtzaroko lagun guztiek norakoa finkatuta zeukaten; batzuk Estatu Batuetara joango ziren ikastera, beste batzuk Uruguayra; besteak Europara, beste batzuk lanera. Nire nahi bakarra neure borrokatokitik ez mugitzea zen. Hemezortzi urte nituen Che-ren, Latinoamerikak eman duen gizonik unibertsalenaren ereduari jarraitu nahi izan nionean. Orduan iritsi zen inora gabeko bidaia-txartelaren truke gehigarri bat ordaintzeko garaia.
Patagonia Express |