Patagonia Express
7
Aurrean daukadan morroia, mate kalabaza eskaini eta, jarraian, sutondoko txingarrei eragin diena, Carlos da eta, aldi berean, lagunik onen eta aspaldikoena da. Deitura ere badauka, baina, euri egun honetan kontatuko didanari buruzko zerbait idazten badut, bere deitura osoa ez aipatzeko exijitu dit. —Carlos besterik ez —esan dit berriro, zaldiki «charquia» xerratzen ari dela, okela haizatua eta mateaz ezin hobeki doana. —Ados. Carlos besterik ez —erantzun diot, eta euriak, babesten gaituen hangarearen sabaiaren kontra nola jotzen duen entzuten dut. Txikitatik, Carlos Besterik Ezek interes bakarra erakutsi zuen bizitza honetan: hegan egitea. Abiadoreei buruzko komikiak irakurtzen zituen, bere heroiak Malraux, Saint Exupéry, Von Ritchoffen, Baroi Gorria ziren. Zinemara, abiadoreei buruzko filmak ikustera joaten zen soilik, aeroplano modeloen bilduma egiten zuen eta hamabost urte zituela hegazkin baten atal guztiak ezagutzen zituen. Hamazazpi urterekin, hondartzan, Valparaison, zegoela, bere familiari barrukotasunez mintzatu zitzaion. —Pilotua izango naiz. Abiazio Eskolan matrikulatu naiz. —Militarra izango zara, ergel hori. Abiazio Eskola Aire Indarrarena da, txotxoloa —erantzun zioten doinurik anaikideenaz. —Ez. Badaukat hori saihesteko plan bat. —Egiatan? Jakin al liteke zein nahaspilatan sartuko zaren ? —Erraza da: hegazkina pilotatzen ikasi eta berehala desertatu egingo dut. Gailu txiki eta helikopteroak pilotatzen ikasi zuen baina ez zuen desertatu behar izan. 1973an, diktadurak boterearen gaina erdietsi zuenean, Carlos Besterik Ez Aire Indarretik bota zuten ideia sozialistak zeuzkalako. Txiletarrek asebete daudela adierazi nahi dutenean hauxe esaten dute: «Arkakusoz betetako zakurra baino pozago nago». Carlos Besterik Ezek hauxe esan zuen: «Arkakusoz betetako kondorra baino pozago nago». Eta nora doa zoriaz proba egin nahi duen lanik gabeko pilotu bat? Munduaren hegoaldera, jakina. Carlos Besterik Ezek Patagoniarako bidea hartu zuen. Bazekien burokrazia zentralak ahaztutako eremu hartan posta-zerbitzua egiten zuten pilotu batzuk bazirela. Aysénera iritsi zen eta, aste gutxira, latitude haietako legendazko abiadore bat ezagutu zuen: Esquella kapitaina, bere DC-3az Patagonia eta Suaren Lurraldeko abeltzainen egoitzak hornitzen zituena. Bere lehenengo lana El loro con hipo hegazkinaren mantenu-mekanikaria izatea izan zen. Hegazkina Esquellak —eta berak baino ez— pilotatzen zuen, ustekabeko gertakari batek hegazkina Carlos Besterik Ezen eskuetan jarri zuen arte. —Esquella. Hura bai pilotua! —adierazi du Carlos Besterik Ezek beste mate bat eskaintzen didan bitartean. 1975eko maiatzean, Esquellak derrigorrezko lurreratzea egin behar izan zuen Penas golkoaren aurrean, Tres Montes penintsulako hondartza txiki batean. El loro con hipo DC-3a, artilerik leuneneko ardiz beterik zihoan, eta Puerto Montten hasitako hegaldia arazorik gabe joan zen motor batek huts egin eta hegazkina altuera galtzen hasi zen arte. Tripulatzaileak zama botatzea gomendatu zuen, hots, ardiak itsasora botatzea, hegazkina arindu, altuerari eutsi eta kontinente barruko lurreratze-pistaren batera heltzen ahalegintzeko. Esquellak ezetz esan zuen. Zama ezin zela ukitu adierazi zuen eta hondartza bat bilatu zuen. Lurreratzea ez zen dotoreenetakoa izan. Ezkerreko lurreratze-trenaren zati bat galdu zuen eta hegazkina muturra itsasoan sarturik zuela gelditu zen. Baina ezein ardirik ez zuen kalterik sufritu, irratiak ere ez, zorionez. SOS seinalea jaso ondoren, Carlos Besterik Ez ontzi batean irten zen ardiak salbatu eta hegazkinarekin zer egin zitekeen begiratzera. Ardiak untziratu ondoren hegazkina gainbegiratu zuten. Muturreko kaltea konpontzen erraza zen, eta lurreratze-tren kaltetuaz gain, ez zuten bestelako kalterik aurkitu El loro con hipo-n. Hegazkina konpontzerik bazegoen, baina arazorik handiena handik nola demontre atera zen. —Kitto. El loro con hipo-renak egin du —esan zuen untzian zihoan batek. —Isilik egon hadi, potrohandi hori. Aterako al dugu, Carlitos? —galdetu zuen Esquellak. —Horixe baietz —erantzun zuen Carlos Besterik Ezek. El loro con hipo-ren amaiera iragarri zuen morroia larru-merkatari bat zen, apustuek sortzen zioten grinagatik ezaguna, eta ezin izan zuen aukera pasatzen utzi. —Esquella, mila pisu ez duzula hortik ateratzen —bota zuen erronka morroiak. —Hamar mila baietz —erantzun zuen abiadoreak. —Hogei mila ezetz —ekin zion berriro merkatariak. —Berrogeita hamar baietz eta hegan! —egin zuen orro Esquellak. —Ondo da. Berrogeita hamar handi. Ekarri bostekoa. Apustua bostekoa estutuz itxi zuten. Berrogeita hamar mila pisu berri. Carlos Besterik Ezentzat dirutza zen. Esquellak hegazkinera igotzera gonbidatu zuen. —Carlitos, berrogeita hamar handi daude jokoan. Hegazkina handik atera eta erdibana egingo dugu. Zerbait bururatzen al zaizu? —Bai, baina lehenago eguraldiak zer dakarren jakin nahi dut. Irratiz eskatu zuten eguraldiari buruzko informazioa: datozen hirurogeita hamabi orduetan haizeak leun joko du. —Esaiozu ontzi-jabeari ardiak Puerto Chacabucon utzi eta berehala idi parea alokatu eta kirol-portuko katamaranetako bat erosi edo lapurtzeko. Hori guztia daukala berrogeita zortzi ordu iragan aurretik itzuli behar du. Untzia abiatu egin zen. Esquella, tripulatzailea eta Carlos Besterik Ez lanean hasi ziren. Lehenengo enbor malguko zuhaitz batzuk moztu zituzten eta hegazkina trinkotzeko erabili zituzten. Ondoren beste enbor batzuk moztu zituzten eta horiekin hegazkinaren sabela pausatzeko bidexka antzeko bat egin zuten. Azkenik, osorik geratu zen lurreratze-treneko gurpilak kendu eta hegazkina arintzeari ekin zioten beharrezkoa ez zen zama kenduz. Amaitutakoan, hemezortzi lanorduren ostean, El loro con hipo-ren barruan tresnak eta pilotuaren jarlekua besterik ez ziren geratzen. Ontzia garaiz iritsi zen eta eskatutako guztiaz. Merkatari apustugilea ere bai, behin eta berriz berrogeita hamar mila pisu horietako batzuk, irabazitzat ematen zituenak, asteburu oso batean Coyhaiqueko putetxerik onenera joateko gonbite batean inbertituko zituela errepikatzen zuena. El loro con hipo haizeratzeko ekinean zebiltzan hiru gizonek espantuka aritzen uzten zioten. Idiek hegazkina uretatik muturra atera zuen arte eraman zuten zirgan. Gogor lan egin zuten idiek. DC-3 batek gurdi batek baino pisu handiagoa dauka, baina animalia sendoak ziren eta oso horizontalki utzi zuten enborrez egindako bidexkan. Jarraian, gizonek katamaranaren kroskoak desmuntatu eta lurreratze-treneko gurpilen lekuan muntatu zituzten. Azkenik, isatseko tren finkoari salbamendu-baltsa bat lotu zioten eta El loro con hipo hidroabioi bilakatu zuten. Ontziko gizonek enborrezko beste bi bidexka —katamaranaren krosko bakoitzerako bana— egiteaz arduratzen ziren bitartean, Esquella eta Carlos Besterik Ez hegazkinera igo eta motorrak abiarazi zituzten. DC-3aren helizeek ezin hobeto biratu zuten. —Orain errazena geratzen da: haizeratzea —esan zuen Esquellak. —Hirurehun bat metro ur bare daukazu. Gero arrezifeen linea dator —esan zuen Carlos Besterik Ezek. —Arazoa jaistea izango da. Ez dut inoiz hidroabioi bat pilotatu —aitortu zuen Esquellak. —Fjordeko urak bare daude. Datozen hogeita lau orduetan bai behintzat. Orain, konfiantzarik nigan badaukazu, utzi tramankulua hegarazten. Abiazio eskolan Grumann eta Catalinak pilotatu nituen, ez dira DC-3a bezain astunak baina egin dezakedala uste dut. —Zuretzat osorik, Carlitos! Gehiago arintzeko errekinaren zati bat ere bota egingo duzu. Behar-beharrezkoarekin egingo duzu hegan. Untzitik adieraziko dizut nola haizeratu. —Orduan alde jarlekutik. Ni nago orain agintean. —Berrogeita hamar handiak zureak dira, Carlitos. Idi zintzoek uretaraino zirgatu zuten El loro con hipo. Katamaranen kroskoek pisuari eutsi zioten eta isatseko baltsak atzeko aldea uretatik kanpo mantendu zuen Carlos Besterik Ezek ontzia arrezife-lineara heldu arte itxoin zuen motoreen indarra areagotu eta hegazkina abiarazteko. Takometroetako orratzak mugitzen ikustea atsegin handia izan zen. Esquellak erpuruak altxatzen zituela ikustean, manduen kirtenetik tira eta El loro con hipo berehala igo zen nahi zuen altueraraino. Hegaldi ona izan zen, lasaia baina mugitua, hegazkina zamaz hain arin zihoanez itsas haizeak paper orri baten antzera mugitzen baitzuen. Ustekaberik gabe egin zituen iparreranzko laurogeita hamar miliak, Taitao penintsula, San Rafael elurtegiaren gainetik Ayséneko fjord handiaren sarreraraino. Han ekialdera egin zuen bira eta uraren isla gidatzat hartuz, kontinentean barrena sartu zen. Zortzi milia zeuzkan Puerto Chacabucoko badiaraino errekinaren orratzek zero seinalatu zutenean, baina salbu zen, eta Pazifikoko itsas haizeen babespean ustekaberik gabe planeatu zuen. Zisne baten antzera uretaratu zen kaira bilduriko bertako biztanleen istiluaren erdian. Larru merkatariak apustua ordaindu zuen. Carlos Besterik Ezek berrogeita hamar mila pisuak jaso eta bere kabuz bizitzea erabaki zuen. Gutxira, Pet Manheimm ezagutu zuen, zeru askeen bila zebilen beste abiadore bat, eta elkarrekin eman zioten hasiera fruta eta barazkien lehenengo azokari, Flor de Negocio. Pipper abioneta bat eta Koreako gerrako hondakina zen Sirkosky helikoptero batekin hasi ziren. Puerto Montten tipulak, letxugak, tomateak, sagarrak, laranjak eta bestelako barazkiak zamatzen zituzten abionetan eta Puerto Aysénera eramaten zituzten, bertan baitzeukaten basea, eta handik, helikopteroz irteten ziren Patagoniako baserri eta egoitzak barazki eta frutez hornitzeko. Flor de Negociok, Pet eta helikopteroa ustekabeko ekaitz batek irentsirik desagertu ziren egun txar hartara arte iraun zuen. Ez zituzten inoiz ere aurkitu, ez Pet ez helikopteroa. Abenturazalea erakarri eta batzuetan irensten duten Patagoniako elurtegi, baso edo lakuren batean dago atseden hartzen. Bazkidea eta helikopteroa galdu ostean, Carlos Besterik Ezek jarduera aldatu zuen eta Patagonia eta Suaren Lurraldearen arteko posta zerbitzua egiten hasi zen. Munduaren hegoaldean gertatu ohi diren gauza horiek direla eta, behinola zeru australetako lehenengo aireko ehorzketa zerbitzua pilotatzen aurkitu zuen bere burua. Ekaineko goiz batean, negu betean, Carlos Besterik Ez Ushuaiatik hurbileko eskorta batean zegoen. Pipperra gainbegiratzen ari zen iparrera itzuli aurretik eta egoitzako panpatarrek arkumea erre zezaten itxoiten ari zen. Bat-batean Land Rover bat agertu zen eta bertatik lau ezezagun jaitsi ziren. —Zein da Pipperraren pilotua? —galdetu zuen batek. —Ni, zer ba? —Zerbitzu bat egin behar diguzu. Eskatutakoa ordainduko dizugu —esan zuen gizonak. —Eskatzen duzuna. Dirua ez da arazoa —adierazi zuen beste batek. —Lasai zaitezte. Zein da kontua? —Nicanor Estrada jauna, San Benito egoitzaren jabea hil da. Ni kapataza nauzu —adierazi zuen buruzgain egiten zuenak. —Nire doluminak. Eta zer ikusteko dauka horrek nirekin? —Comodoro Rivadaviaraino eraman behar duzula. Bertan dauka familia beilatokia prest daukala zain. Nicanor jauna familiaren panteoian ehortzi behar da. Morroi haiek ez zekiten zertaz ari ziren. San Benito egoitza Río Granden dago, eta Comodoro Rivadavia zortziehun bat kilometrora, betiere zuzen hegan eginez gero. —Sentitzen dut. Nire hegazkinak ez dauka nahikoa autonomiarik. Punta Arenasera hegan egiteko beste errekin baino ez daukat —zuritu zuen bere burua Carlos Besterik Ezek. —Eraman egingo duzu. Ez duzu entzun nortaz ari garen? —zehaztu zuen kapatazak. —Ez. Ez daukat eramateko asmorik. Eta elkar ondo uler dezagun: nik neuk erabakitzen dut noiz eta norantz egiten dudan hegan, baita nire bidaiariak nortzuk izango diren ere. —Ez duzu ulertzen. Nicanor Estrada jauna eramateari uko egiten badiozu, ez duzu berriro hegan egingo, ez Patagonian, ez Suaren Lurraldean, ez munduko beste ezein leku madarikatutan ere. Kapatazak ez zuen oraindik hitz egiteaz amaitu bere lagunek, kanoi moztuko eskopetak erakusteko pontxoak altxa zituztenean. Batzuetan, komeni izaten da salbuespenak egitea. Horixe pentsatu zuen Carlos Besterik Ezek, kopilototzat matoi bat zeukala, San Benito egoitzara hegan zihoala. Nicanor Estrada jauna ubel zeukan zain, izozturik, egoitzako hozkailuan prestatu zuten hil kaperan. Lepamoztutako ehunka arkume zeuden jabearen ondoan. Panpatar eta peoi batzuk matea hartu eta erretzen ari ziren izuz hilotzari begira. —Itzela da —esan zuen ikustean. —Estrada guztiak bezalakoxea. Metro eta laurogeita hemezortzi —esan zuen kapatazak. —Ez da sartzen. Halako fardela ez da Pipperrean sartzen —alegatu zuen Carlos Besterik Ezek. —Begirune handiagoa Nicanor jaunarekin. Sartzen da —ekin zion kapatazak. —Entzun: ulertzen dut ahalegin guztiak egin behar dituzuela hilotza Comodoro Rivadaviara eramateko. Baina ezinezkoa dela ulertu behar duzue. Hegazkin hori Pipper bat da, lau plazakoa. Kabinak, agindu-tresnetatik atzeko angelura, metro eta hirurogeita hamar dauka. Zeharka ere ezin dugu sartu. —Asmoa makurturik edo eserita eramatea da. Horrela, sartuko da. —Horrela ere ez. Atzeko jarlekuak laurogeita hamar zentimetroko zabalera dauka. Makurturik ez da sartuko eta eserita eramateari dagokionez, zenbat denbora da hil dela? —Lau egun, zer ba? —Lau egun! Izozketa dela eta enbor bat baino tinkoago dago eta zerbaitengatik esaten zaio rigor mortis. Bizkar-hezurra txikitu beharko diozue eta ez dut uste familiak hori gustuko izango duenik. —Kaka zaharra, egia da —baieztatu zuen kapatazak. Hildakoa, oso handia izateaz gain, oso gorpuzkera sendokoa zen. Biluzik ehun eta hogei kilotik gora edukiko zuen eta han, bere apaingarri guztiak, zilarrezko ezproiak, akordeoi-botak, txiripa, zola eta zilarrezko gerrikoa, fakoia eta pontxoa jantzirik zetzala, ehun eta berrogeita hamar kilotik gora edukiko zuen. —Aizu, sabaiaren zati bat ken al dezakezu? —kontsultatu zuen kapatazak. —Sabai osoa. Baina orduan izoztu egingo naiz. —Zati bat besterik ez. Gorputza sartzeko beste. Altura txikian joan zaitezke. —Burutik egin zaizu. Geldirik eramatea nahi al duzu? —Edozein modutan eramango duzu, putasemea! —egin zuen oihu kapatazak hogeita hemezortziko baten kanoiaz sudurra zapaltzen zidan bitartean. Eraman egin zuen. Kopilotoaren aldeko atexka kendu eta hildakoa ohola bati loturik, Pipperrean sartu zuten. Hanketatik sartu zuten eta hauek atzeko jarlekuan lotu zizkioten tinko. Hildakoaren gerria kopilotoaren jarlekuaren bizkarraldean zegoen eta soin-enborraren zati bat, sorbaldak eta burua airean geratu ziren. Ahoz gora ipini zutenez, eskuineko hegora begira zihoala ematen zuen. Atazarekin amaitzeko plastikozko poltsa batez estali zioten burua, bertan “San Benito. Okelarik onena” irakur zilekeen. Aireratu aurretik, Carlos Besterik Ezek aireko ehorzketa zerbitzu hori ez zela negozio txarra pentsatu zuen. Kapatazak Txileko berrogeita hamar mila pisuko txekea eman zion eta Comodoro Rivadavian beste erdia zeukan zain. Errekinaren orratzari begiratu zion: Full. Egoitzako peoiek Río Gallegoserainoko hegaldiaren lehenengo atalerako errekina lortu zuten. Hirurehun eta berrogeita hamar kilometro altuera txikian hegan, eskimal baten antzera arropaz babesturik eta gorputz erdia kanpoan zeraman bidaiariarekin. Arratsaldeko ordu bietan aireratu zen. Zorionez, eguraldi ona egiten zuen, Atlantikoko haize zakarrak Pipperra koktelera bat bailitzan mugitzen zuen arren. Hiru ordu laurdeneko hegaldiaren ondoren, Espíritu Santo lurmuturra begiztatu zuen eta Magallaes Itsasadarra zeharkatu zuen. Ezin ozenkiago abesten zuen. Tango, cumbia, boleroen errepertorioa amaitu zuen, abesti nazionalekin eta ia ahazturik zeuzkan eskolako himnoekin segitu zuen. Birikak bete-bete eginda abestu behar zuen gorputza bero iraunarazteko. Arratsaldeko bostetan ilun zegoen jada eta kostalde atlantikoko bitsa nekez bereizten zuen. Río Gallegoseko pistan lurreratzeko baimena eskatzean deklaratzeko zamarik ba ote zeraman galdetu zioten. —Ez daramat zamarik. Hildako bat daramat. Over. —Heriotzaren zioa adierazten duen mediku-ziurtagiririk ba al dakarzu? Over. —Ez. Inork ez dit halakorik aipatu. Over. —Orduan, itzul zaitez haren bila. Over. —Hilotzak Nicanor Estrada du izena. Over. Gizon boteretsua Nicanor jauna, hilda gero ere eragin handikoa. Pistan apaiza zeukan zain, bidaiariaren deserosotasuna ikustean ia bihotzekoak jotzen duena. —Hortik jaitsi behar dugu. Jainko jauna! Hortik jaitsi eta lehenbailehen katedralera eraman behar dugu —egin zuen oihu apaizak. —Ezta pentsatu ere. Hementxe geratuko da. Kanpoan —adierazi zuen Carlos Besterik Ezek. —Zer nolako basapiztia zara zu? Nicanor Estrada jauna da! —purrustatu zuen apaizak. —Elizara eramaten baduzu, desizoztu eta usteltzen hasiko da. Familiak, ziurrenik, usteldu gabe hartu nahi izango du Nicanor jauna. Eskomikatu ondoren, Carlos Besterik Ezek negozia zezan konbentzitu zuen apaiza: meza bai, baina han, hildakoa hegazkinean zegoela. Beraz, Nicanor Estrada jaunari hileta elizkizuna eskaini zioten han pistan, zeropetik hamar gradura. Gau hartan Carlos Besterik Ezek oso eta santu eta hiru ohetako mantez estalirik egin zuen lo pistatik hurbil zegoen pentsio batean. Biharamunean, goizeko seietan, litro bat kafe sartu zuen gorputzean, edabe sutsu harekin bi termo bete eta, goiztiriarekin batera, aireratu egin zen, Río Chicoraino hegaldiaren bigarren atalari ekinez. Atlantikoa eta Grande badiaren gainetik egingo zuen hegan San Francisco de Paula lurmuturra begiztatu arte eta honek kontinenterako sarrera adieraziko zion. Berrehun kilometroko hegaldi barea izan zen, berotu beharrak Moustakiren hainbat kantu ekarri baitzizkion gogora eta indar biziz oihukatu zituen bolero bat eta beste baten artean. Goizeko hamarretan eta Río Chicon errekina hartu ondoren, hileta-tourraren hirugarren etapari ekin zion, Las Martinetaseraino, beste berrehun kilometrora zegoen herria, kostaldetik nahiko urrun. Comodoro Rivadaviara daraman errepidearen ildoari jarraikiz egin zuen hegan. Behetik iragaten ziren azkar panpa, artaldeak, goitik begiratuta ipurdia ageri zeukaten oilasko groteskoak ematen zuten ñandu taldeak. Ñanduek Pipperraren zaratak izuturik ihes egiten zuten. Arratsaldeko ordu bietan, Carlos Besterik Ez eta Nicanor Estrada jaunak bidaiaren azken etapari ekin zioten. Beste berrehun kilometro eta Comodoro Rivadaviara iritsiko ziren. Zerua oskarbi zen, eguzkiak hildakoaren txano izoztuan egiten zuen isla eta Carlos Besterik Ezek kantari segitzen zuen, marrantak hartuta ia eta bere buruari Txilera itzultzean egingo zuen lehenengo gauza kantu eskolak hartzea izango zela zin eginez. Comodoro Rivadaviako pistan lurreratzeko baimena eskatzean hain altura txikian zergatik zihoan galdetu zioten. Aire Indarreko radarrak apenas sumatu zuen. —Hildako bat daramadalako. Hildako ospetsua. Over. —Nor demonio zara zu? Over. —Aerofunerarias Australes. Over —erantzun zuen Carlos Besterik Ezek geratzen zitzaion ahots-kondar patetikoaz. Pistan, senitartekoek eta bertako agintariek zorabio eta, azalpenen ostean barkamen hitz bilakatu ziren irain eta mehatxuekin hartu zuten. Bigarren txekearen zain, Carlos Besterik Ez proguarekin bat egitera beharturik aurkitu zen. Hilerrian ustekabe bat aurkitu zuen. Meza solemne baten ondoren, progua familiaren panteoirantz joan zen, marmol zurizko jauregitxo antzekoa. Hildakoa kajoitik garabi baten laguntzaz atera ondoren, besapetik eutsiz jaso zuten, buruan panpatarren kapela jantzi eta, azkenik, hobi handi batera jaitsi zuten. Carlos Besterik Ezek ertzetik begiratu zuen. Behean baltsamaturiko zaldi bat zegoen. Nicanor Estrada jauna bere zaldiaren gainean ehortzi zuten. —Eta gero, zer? —galdetu diot ekaitzak atertzen duen artean. —Dirua jaso, senitartekoak agurtu eta itzuli egin nintzen. Eragin suari. Okela zati baten bila noa txingarretan ipintzeko —dio Carlos Besterik Ezek nagitasunez urrunduz. Lagunik onen eta aspaldikoena nuen. Sarritan, munduaren hegotik urrun, bera datorkit burura eta gertakari izugarriren bat gertatu ote zaion pentsatze hutsak dardararazten nau. Eta orain ere Pipperraren fuselajearen uspelen aurrean dardarka ari naiz. Carlos Besterik Ez ardi-saiheskiaz itzuli da. —Zer egingo duzu, Carlitos? —Errekia. —Ez. Geroago esan nahi dut. Bihar. Nik zer dakit. —Hegan egin. Eguraldiak onera egin bezain laster, Elefantes golkora eramango zaitut. Baleak ikustera etorri zinen. Baleak ikusiko dituzu, ba —dio Carlos Besterik Ezek erromero ezpalak okelari eransten dizkion artean; ume-begiez tarteka suari begiratzen dio, tarteka niri, eta tarteka hegazkinari, zeinak beste lagun bat bailitzan, hangarreko beroaz ere gozatzen baitu, egin, Patagoniaren gainean dagien euritik babesturik.
Patagonia Express |