Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998

 

9

 

      Beti itzultzen naiz Río Mayora, Coyhaiquetik ehun bat eta Comodoro Rivadaviatik beste berrehun eta berrogeita hamar kilometrora dagoen Patagoniako hirira. Beti itzultzen naiz eta bus, kamioi edo bidegurutzean uzten nauen beste edozein ibilgailutatik jaisten naizenean egiten dudan lehenengo gauza hautsaldiak itsu ez nazan begiak ixtea da. Gero apurka-apurka zabaltzen ditut, motxila bizkarrera bota eta kontu handiz landutako zurezko eraikin baterantz abiatzen naiz.

      Hondar noble bat da, garai hobeen lekuko mutua, atea zabaltzeko bultzadaren ondoren dantza aretoa, kasinoa, orkestraren podioa, orain ahuntzek janda dauden larru gorriz tapizaturiko jarlekudun taberna eta anatomiaz nozio berezia zeukan pintore batek harrera-lekuko erdiko horman pintatu zuen Victoria Erreginaren erretratua erakusten ditu. Erreginaren begiak alboetaraturik daude, ia belarrien ertzean eta sudur-hegalek, oso afrikarrak, aurpegi erdia hartzen diote.

      «Salve Regina» egiten diot diosala, eta zigarro bat erretzeko eseri naiz, hura agurtu aurretik. Badakit kanpoan, ezinbestez, bertakoren bat zain edukiko dudala. Oraingoan emakume bat da. Otzara bati hertsiki loturik dago eta maltzurkeriaz begiratzen dit.

      —Okertu egin zara —esan dit.

      —Ez da hau Hotel Ingelesa?

      —Bai, baina badira hamar urte itxi zutela. Gringoa hil zenetik —gehitu du.

      —Zer? Noiz hil zen Mister Simpson? —galdetu diot kontua ezagutzen dudan arren, beste bertsio bat ezagutzeko laket hutsagatik.

      —Duela hamar urte. Bost emakumerekin entzerratu zen, beno ulertzen duzu, kaleko horietakoak. Eta hil egin zen, urde halakoa!

      Bost emakume. Aurreko bisitaldian, bertako batek hamabi prostituta frantses aipatu zizkidan. Baliteke legendak murriztea. Dena dela, Thomas Simpsonen minbiziak hezurrak jaten zizkiola jakin eta medikuak hiru hilabeterako bizitza diagnostikatu zionean, beretzat presidentearen suitea gorde eta hotelaren gainerakoa langileei oparitu zien. Kaxa batzuk habanar zigarro eta upel bat Scotch igoarazi zituen eta heriotza ahalik eta erarik atseginenean arintzeko zeregin bakarra zeukaten ondo ordainduriko emakume alaiez osatutako talde zehazgabe batekin entzerratu zen bertan.

      Aste betera, bere agonia gozoaren berri Comodoro Rivadaviaraino heldu zen. Kolonia ingelesa arduratu zen eskandalua geldiarazteko elizgizon bat bidaltzeaz baina aleluya brother-a suitera sartzen ahalegindu zenean, hanka triskatu zion berrogeita bost kalibreko berun zati batek geldiarazi zuen. Simpson berak nahi zuen bezala hil zen, eta handik gutxira hotela pikotara joan zen.

      —Kale amaieran beste hotel bat dago. Nahi baduzu eramango zaitut —jakinarazi dit emakumeak.

      Eskerrak eman eta adierazi didaten bidea hartu dut. Badakit han dagoela San Martin hotela, Patagoniako hoberena. Izkina egiten duen solairu bakarreko etxetzarra da. Kalean etengabe iragaten den hauts hodeiaren artetik letreroko pintura birpasatzen ari den morroi bat dagoela ikusten dut fatxadaren kontra dagoen eskailera batean.

      —Aizu! Zu al zara hotelaren jabea? —galdetu diot oihuka behetik.

      —Jabea banintz, ez nintzateke hemen egongo —oihukatu dit goitik.

      —Deituko al diozu jabeari? —egin diot oihu berriro behetik.

      —Ez dago. Ez da inor. Sartu eta hartzazu mate bat —egin du oihu margolariak.

      Esandakoa egin dut eta bi hegaleko atea bultzatzeaz batera, hau ez dela argentinarra pentsatu dut. Oso doinu kantariaz hitz egiten du.

      Jantokia ez da aldatu azkeneko bi urteotan. Formikazko oholdun burdinazko mahai berberak, zurezko jarleku berberak eta mahai bakoitzaren gainean plastikozko arrosa eta krabelinez hornituriko lorontzi dotorea. Zurezko barraren atzean ardo, grapa eta kaña botilak ilaran. Eta ohorezko lekuan, ispiluan, Carlos Gardelen erretratua horzdura perfektua erakusten duela.

      San Martin Hotela. 1978rarte udalerriko arnotegi gisa erabiltzen zen. Urte hartan bertan Río Mayora iritsi ziren bi eskuorde politiko: Gerardo Garib turkiarra, Turkiarekin zerikusirik ez zeukana, Buenos Airesekoa zen-eta, peronismoak usteldu gabeko sindikalista eta palestinarren ondorengoa, eta honen emaztea, Susana Grimaldi turkiarra, honek ere ez zeukan Turkiarekin zerikusirik —turkiarrarekin ezkondurik egotea izan ezik—, uruguaitarra baitzen, Coloniakoa, musika irakaslea eta bere arbasoen italieraz madarikatzen ederki zekiena.

      Susanak eta Gerardok zortea izan zuten diktadurak iraun zuen artean. «Chupadero»en, desagerketen esperientzia izugarria pairatu zuten, tortura ezagutu zuten baina izuaren labirintotik bizirik irten ziren, Patagonian bost urtez zokoraturik egoteko zigorpean.

      Biak lehiatiak ziren, beraz, iritsi eta urte eta erdira, Susanak musika eskolak ematen zizkien dozena bat Gardelgairi, eta Gerardok hotela zabaltzeko eraikina alokatzea lortu zuen.

      —Hartu al duzu matea? —margolaria sartu eta nire pentsamenduak etenarazi ditu.

      —Ez. Horrexetara nindoan.

      —Gose al zara? Nahi baduzu, panqueque batzuk prestatuko dizkizut. Patagoniako panquequerik goxoenak egiten ditut. Nire panquequeak ospetsuak dira.

      —Txiletarra?

      —Chiloékoa. Egoitza batera lanera etorri nintzen, baina gaixotu eta turkiarrak sukaldari, tabernari eta berriztatzaile kontratatu ninduen.

      —Eta non dago turkiarra? Eta Susana?

      —Ezagutzen dituzu. Hiletara joan dira.

      —Zein hiletetara? Norena?

      —Agure batena. Carlitos esaten zioten.

      —Carlitos Arotza?

      —Berori. Zuk ere ezagutzen al zenuen?

      Carlitos Arotza. 1988an, Stockholmen, Nobel sari alternatiboak proposatu eta ematen dituen erakunde batek Fisikako Nobel Sari Alternatiboa Klaus Kucimavic irakasle misteriotsuari ematea erabaki zuen. Kucimavic irakasle horrek 1980an gutun luzeak igorri zituen Europako hainbat unibertsitatetara, Patagonian berak egindako ikerkuntzen arabera, atmosfera babesten duen ozono geruzan zulo handi bat egiten ari zela jakinaraziz. Zuloaren diametroa eta progresio aldagaiak hain zehatz eman zituen ezen, zortzi urte geroago NASAk eta Europako zenbait zientzia erakundek berretsi egin baitzituzten. Kucimavic irakasleak ezin izan zuen saria jasotzera joan inork ez zuelako jakin nola gonbidatu. Bere gutunetan Chubut Probintzia, Argentina, besterik ez zuen ipintzen.

      Alemaniako argitaletxe batekoek Patagoniara joateko agindu zidaten irakasle misteriotsuaren bila. Hainbat herri eta hiri ibili nituen ezer lortu gabe eta azkenik, Río Mayora iritsi nintzen. Hemen, Susana eta Gerardoren adiskide egin ondoren, Carlos Alberto Valentek, ezagutu dudan panpatar berezko eta nobleenak, antolatutako «truko» partida batera gonbidatu ninduen. Ordu txikitara arte jolastu eta dibertitu ginen eta zerbait jan ostean gure kontuez hizketan hasi ginenean, Valenteri Río Mayora zertara joan nintzen azaldu nion.

      —Zer izen daukala diozu?

      —Kucimavic. Klaus Kucimavic.

      —Carlitos Arotza. Horrela dauka izena, Carlitos Arotza.

      —Nor da Carlitos Arotza?

      —Aurkitu nahi duzuna. Duela urte pila hemen agertu zen agure zoro bat. Zoroa bai baina ez ergela. Gauzak asmatzen ditu. Niretzat, esaterako, behien gorotza gas bilakatzeko sistema bat asmatu zuen. Ur beroa daukat dohainik. Biogasa esaten dio agureak. Bai, zoroa baina ergela ez. Luzaroan egoten da zerura begira eta eguzki izpiak ispilu batzuez neurtzen. Urte gutxi barru denak itsuturik egongo garela esaten du.

      Biharamunean ezagutu nuen Kucimavic. Agure gexala zen, mekanikari mameluko koipetsu batean bildua. Bisitan joan nintzaionean ardiei parasitoak kentzeko dutxa sistema bat konpondu edo hobetzen ari zen.

      Lehenengo momentutik Klaus Kucimavic zela ukatu zuen, eta bere berezko gaztelaniaz betidanik argentinarra zela baieztatu zuen.

      —Nola izango zara argentinarra abere batek bezala hitz egiten duzu eta! —iruzkindu zion Valentek.

      —Zu baino hobeto hitz egin nik gaztela, mutur-oker —erantzun zuen agureak.

      Baina Valentek agiri bat zeukan agurea identifikatzeko, agintari argentinarrek luzatutakoa. Agureak inoiz gordetzeko emana. Bere identitatea ukatzerik eduki ez zuenean, hitz egiten hasi zen baina gogoz kontra.

      Eslovenian jaioa zen. Bigarren Mundu Gerran ustatxa kroaziarrekin lerrokatu zen eta Balkaneetan naziekin borrokatu zen. Gerra amaitu zenean, Titoren partisauen justiziari ihes egin eta Argentinara emigratu zuen Hegoamerikan bizimodu berri bati ekiteko, baina, handik gutxira, israeldarrek, Adolf Eichmann harrapatu ostean harroturik, Argentinan nazi ohi edo laguntzaileak harrapatzeari ekin ziotela jakin zuen. Beraz, Klaus Kucimavic, Buenos Aireseko Unibertsitatean zeukan fisika katedra utzi eta Patagonian galdu zen, inoiz galderarik egiten ez den eta iragana norberaren arazoa izan ohi den munduko leku horretan.

      Río Mayon guztiek maite zuten. Agure lagunkoia zen, zaputz ospea izan arren, inoiz xoxik jaso gabe, irrati, lixagailu, ur-hodi edo motor bat konpontzeari uko egiten ez ziona.

      Ozono geruzan egindako neurketak baieztatu zizkidan eta sariaz hitz egiteari gogor egin zion uko.

      —Esan potrohandi horiei sariak eman aurretik geldiaraz dezatela atmosferaren kutsadura. Sariak edertasunaren erreginentzako dira —adierazi zuen haserre.

      Ozono geruzako zuloa aurkitu zuenari buruzko erreportaje luzea egiteko beste lehengai neukan eskuartean, baina, argitaratu izan banu, Río Mayoko biztanleen harmonia apurtuko nuen, beraz, gaia ahaztu eta handik aurrera Kucimavic, niretzat ere, Carlitos Arotza izan zen.

      —Carlitos joan zaigu —esan zuen Garib turkiarrak, besarkatzen ninduen bitartean.

      —Banekien itzuliko zinela. Ongi etorri —agurtu ninduen Susanak.

      Arratsalde hartan oso goiz mahairatu ginen. Chilotea, izatez, oso sukaldari ona zela eta bere panquequeak hobezinak zirela egiaztatu nuen. Gure bizitzez mintzatu ginen. Nik Txilera itzultzerik baneukan, baina Europan segitzen nuen. Eurek Buenos Airesera itzultzerik bazeukaten, baina Patagonian segitzen zuten. Lagunekin izandako solasaldiak norbera, hoberen sentitzen den lekukoa dela egiaztatu zidan beste behin.

      —Badakizu? Azkenean, alde egin zenuenean, arazo handi bat zeneramala iruditu zitzaidan. Ziurrenik, gogorra egingo zitzaizun Carlitosi buruz ez idaztea —esan zuen Susanak edalontziak grapaz betetzeaz batera.

      —Bai, kontzientzian zama handia eraman nuen. Etengabe galdetzen nion nire buruari eta, benetan, Carlitos gerra kriminala, bizitza izorratu ziguten faxista haietako bat izan bazen?

      —Ez. Carlitos okerreko aldean borrokatu zen morroi bat izan zen. Ez zen kriminala izan —ziurtatu zuen turkiarrak.

      —Zergatik zaude hain ziur?

      —Patagoniak jendea begiradaren arabera ezagutzen erakusten dizu. Carlitos begi txatxoa zen, horregatik erabiltzen zituen botila-ipurdiaren kristala bezain betaurreko mardulak, baina lagunekin hitz egiten zuenean kendu egiten zituen eta begietara zuzen begiratzen zuen. Eta begirada gardena zen.

      —Esaiozu zeintzuk izan ziren azkeneko hitzak —eskatu zion Susanak.

      —Azkeneko hitzak. Hura txantxa. Koma egoera minutu pare batez gainditu zuen zendu aurretik. Eskua hartu zidan eta zera esan zuen: «Hau makurra, turkiar, hau makurra, ez dizut hozkailua konpondu». Ulertzen? Carlitosek kontzientzian pisurik izan bazuen ez zen nire hozkailuaz arduraturik hilko.

      Susana beste bezero batzuei arreta egitera altxatu zen eta kalerako leihoak zabaldu zituen. Kanpoan ez zebilen jada haizerik eta hautsik ezak aurreko bazterra ikusten uzten zuen. Ordu horretan ez zegoen ezer Patagoniako jendearen eta gau lasaiaren artean.

 

Patagonia Express
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ima Garbizu
Txalaparta, 1998