Patagonia Express
2
Ayséneko fjord handiaren sarreran, El Colono-k abiadura txikitu du Patagonian barruratzea ahalbidetuko dion berrogeita bost graduko bira egiteko. Nabigazioa mantso bilakatu da, ia monotonoa, aldaontzian doazen bi kamioilarien keinuak bezalakoa, denbora domino partidak jokatuz, mate mingotsa hartuz edo beren ibilgailuetako atzeranzko ispiluetan bizarra eginez xahutzen duten gizonak. Beste batzuek, ez jokoan ez eta apaintzen ari ez direnek, kamioietako zama ondo loturik dagoen egiaztatzen dute, baratxuri, papa, tipula, barazki zakuak, eta xede duten erregio hartan ez hazi, ez loratu, ez fabrikatzen ez den hura guztia, balea zuri-gorri baten sabelean lo dauden animalien antzera atseden hartzen duten kamioien bizkarrean seguru ote dagoen. Haizerik gabeko egunsentia da, itsas haize leunak adierazi digu Ozeano Pazifikoa utzi eta fjord handiko ur geldietan sartzen ari garela. Azalerak, eguzkiak isla zilarreztatuak eragiten dizkion metalezko plaka bat dirudi. Aginte postuan, lemazaina eta bi ofizial arreta handiz ari dira ur-zidorra miatzen. Itsas gizonek gustukoagoa dute fjorda tirainaz. Uraren mugimenduan igartzen dituzte azalerapean ezkutatzen diren hareazko banku traidore eta arrezife zorrotzak. Itsaso barea baino txarragorik ez da, esan ohi dute marinel australek. Hego-mendebalderantz nabigatzen ari gara, eta zorterik izanez gero, Trapananda izeneko leku batean porturatzerik izango dugu. —Nola heltzen da Trapanandara? —galdetu diot kamioilari bati. —Ideiarik ez daukat. Agian kapitainak jakingo du —erantzun du bizarra egiteari utzi gabe. Ez. Hau ez da patagoniarra. —Nola heltzen da Trapanandara? —berriro ekin diot orain matea hartzen ari den batekin. —Pazientziarekin, paisano. Pazientzia handiarekin —erantzun du, eta konplizitate keinuaz begiratu dit. Bai. Zalantzarik gabe, hau patagoniarra da. Trapananda. 1570ean, Txileko gobernadore zen García Hurtado de Mendoza jauna ondorio batera iritsi zen bere gogoaren kontra: Ñielol muinoaren peko lurraldean, mapuche, pehuenche eta tehuelcheek lau mendetan zehar luzatuko zen —Amerikako lehenengo gerrillariak izan ziren— erresistentzia gerrari ekin zioten tokian, La Fronteraren hegoaldeko urre eta zilar meatokiei buruz hitz egiten zuten zurrumurruak, horixe besterik ez zirela, alegia: amarrukerietan oinarritutako zurrumurruak. García Hurtado de Mendoza jaunari ez zitzaizkion bereziki interesatzen mea nobleak. Bera nekazaria zen eta, Gaztelako beste konkistatzaile —Pedro de Valdivia, besteak beste— askoren antzera, atsegin handiz egiaztatu ahal izan zuen Bío Bío ibaiaren iparraldean zeuden lurren nekazal potentziala mugagabea zela. Han edozer hazten zen. Hazia barreiatzea nahikoa zen, lurrak gainerakoa egiten zuen. Ardoa ere ona ateratzen zen. 1562an, Santiago del Nuevo Extremotik hogei lekoa hegoaldera, Jerónimo de Urmeneta mandatariari emandako lurretan ekoiztu ziren Txileko lehenengo berrogeita hamar upel ardoak. Salda sendoa zen, gogorra, lehorra eta gaua bezain iluna. Kontsagratzeko ardo ona, baina edateko hobea. Mandatariaren ondorengoek ekoizten jarraitu zuten eta gaur egun, Urmeneta del Valle del Maipo ardoa, planetako onenen artean dago. Denetik zegoen lur hauetan, baina Espainiatik urrea eta zilarra eskatzen zuten, halako eraz non, berriro ere García jaunak aberastasun urreztatu eta zilarreztatuari buruzko zurrumurruei sinesgarritasuna ematea erabaki baitzuen. Orduan soldaduteriaren zurrumurruek, Tralalanda, Trapalanda edo Trapanandako erreinu misteriotsu bat aipatzen zuten; bertako hiriak urrezko lingotez lauzaturik zeuden eta etxeetako ateak legezko zilarrezko erroei esker zabaltzen ziren. Batzuek Trapalanda, Tralalanda edo Trapananda Zesareen Hiri Galdu mitikoa bera zela ere ziurtatu zuten, El Dorado austral erako bat. Eta zurrumurruen arabera, erreinu prodigiotsu hura Reloncavíren hegoaldean zegoen, Txileko hiriburu gaztetik mila eta berrehunen bat kilometrora. García Hurtado de Mendoza jaunak orduan, Arias Pardo Maldonado aurreratuaren agindupeko espedizio bat antolatu zuen eta Tralalanda, Trapalanda, Trapananda, edo ez dakit zein izen arraio daukan, Espainiarentzat konkistatzeko aginduarekin agurtu zuen. Ezein historiagilek ezin izan du inoiz egiaztatu Arias Pardo Maldonadok Reloncavíren hegoaldeko lurrak, Patagonia kontinentaleko lurrak, inoiz zapaldu ote zituen baina Sevillako Indietako Artxibategia deiturikoan, aurreratuak idatzitako hainbat akta irakur daiteke: «Trapanandako biztanleak garaiak dira, beldurgarriak eta iletsuak. Hain oin handi eta neurriz kanpokoak dauzkate ezen ibilera mantso eta traketsekoak baitira eta, ondorioz, alkabuzarien ehizaki erraza. «Trapanandakoek hain belarri handiak dauzkate ezen lotarako ez baitute ez mantarik ez bestelako estalkirik behar, gorputza belarriez estaltzen baitute. «Trapanandarrei halako kirats eta sunda darie ezen beraien artean ere ezin baitezakete jasan, eta horregatik ez dira elkarrengana hurbiltzen, ez elkar estaltzen eta ez daukate ondorengorik». Zer axola dio Arias Pardo Maldonado Trapanandan izan zen ala ez, Patagonia zapaldu zuen ala ez. Berarekin hasi zen Amerika kontinentean idatzitako literatura fantastikoa, gure neurrigabeko irudimena, eta horrek legebidezkotu egiten du pertsonaia historikoaren jitea. Baliteke Patagonian egon izana eta bertako paisajeak txunditurik, izaki beldurgarri horien istorioak asmatu izana hurbil zitezkeen balizko espedizionarioak aldentzeko. Bere asmoa hori izan bazen, orduan ziur esan dezakegu lortu zuela; izan ere, Patagoniak, Txileko aldean, gizakiaren ukiturik gabe iraun baitzuen mende honen hasierara arte, orduan hasi baitzen kolonizazioa. Kontinentean barrena bost bat milia nabigatu ditugu El Colono-k berriro ere abiadura txikitzen duenean. Beste bidaiari batzuekin istriborreko barandara hurbildu naiz zer gertatzen den ikustera. Zorte pittin batekin oraindik ikus daiteke balearen baten edo izurde austral talde baten mugimendua. Baina oraingoan ez dira zetazeoak, hurbiltzen den heinean garbiago ikusten den ontzi bat baizik. Txalupa chilota bat da. Zortzi bat metro luze eta hiru bat metro zabaleko ontzi txiki bat da, daukan bela bakarra puzten duen itsas haizeak bultzaturik mugitzen dena. Hurbiltzen ikusten dut eta badakit ontzi hauskor hori munduaren hegoaldetik deitzen nauenaren zati bat dela. «Ausartzen denak, jan egiten du», esaten dute chiloteek. Pasatzen ikusten dudan hau, txaluparen brankan jarririk, paleta-lema eskuez tinko eutsirik, gorputzaren luzapena bailitzan uretan galdu arte popako amulatik jaisten dena, haritzak, laritzak, zurzuriak, eukaliptoak, tekak hezten «ausartu» zen chilote bat da, urte askoan hazkuntzan gidatu zituen enborrak heldu eta zuhaitz sendo eta malgua lortzeko behar ziren bihurguneak lortu arte pisu desberdineko harriak bertan zintzilikatuz. Nabigatzen eta esku batez, El Colono-k eragiten dituen olatuekin bere ontzia desoreka ez dadin kapitainak abiadura txikitzeko agindua eman izana eskertzen ikusten dut. Orain fjord handitik nabigatzen du eta badakit Corcovadotik ere nabigatzen duela, Penas golko izugarritik, Messier eta Indioko kanaletatik, Magallaes itsasartetik, itsaso zabaletik, radarrik gabe, irratirik gabe, nabigaziorako tresnarik gabe, motor laguntzailerik gabe, itsaso eta haizeaz dauzkan ezagutzak, ez gehiago ez gutxiago. Itsasoko arlote hau nire anaia da, eta Patagonian lehenengo ongi etorria eskaini dit.
Patagonia Express |