BELAUNALDI BAT
Cesare Pavese

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak
Pamiela, 1985

 

Mutiko bat jolastera joaten zen larreetara

Orain kaleak luzatzen direneko lekura. Larreetan

Beste mutiko batzuk aurkitzen zituen ortuzik,

eta salto egiten zuen bozkarioz.

Ederra zen belarretan haiekin batera ortuzik ibiltzea.

Argi hurrineko arratsalde batetan tiroak entzun ziren

Ziudadetik, eta golan, haize bildurgarriak

Oihu ebaki bat batu zuen. Eta denak isildu ziren.

Muinoetan argi punduak garauntzen ziren,

Bazterretan, haizeak berbiztuak. Gauak,

Abiantzadan dena itzali zuen finean

Eta haize hozkirria besterik ez zen geratu ametserako.

(Hurrengo egunean, mutikoak berriro doaz

Eta inork ere ez ditu oihuak oroitzen. Kartzelan

Obrero isilak daude, eta bateren bat hil da.

Kalean isuritako odola borratu egiten dute.

Ziudadeak, han hurrin, nagiak ateratzen ditu eguzkitan,

Jendea kalera irtetzen da. Elkarren aurpegiak begira.)

Mutikoek larreetako itzalaz pentsatzen zuten

Eta aurpegia begiratzen zieten andreei. Baina 

Haiek ere ez zuten deusere esaten.

Mutikoek larreetako itzalaz pentsatzen zuten,

Hara joaten baitzen neskatxoren bat. Ederra zen

Neskatxoei ilunbetan negar egineraztea. Mutikoak ginen.

Ziudadea egunez gustatzen zitzaigun: gauez isiltzea,

Argiak hurrindik soegitea eta oihuak entzutea.

Oraindik ere joaten dira mutikoak larreetara jolasten

Kaleak arnaltzen direneko lekura. Eta gaua berbera da.

 

Paseatzean belarraren usaina senditzen da.

Gartzelan betikoak daude. Eta badaude,

Orduan bezala, humeak erditu eta deusere esaten

ez duten andereak ere.

 

BELAUNALDI BAT
Cesare Pavese

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak
Pamiela, 1985