CESARE PAVESE: ERRESISTENTZIAREN POETA HAUNDI BAT
Joakin Balentzia

Susa-14/15, 1985

 

        «Libero realta e la trasforma, non chi procede tra le nuvole». Hori erran zuen Pavesek bere militantzia politikoaren garaietan, italiar partidu komunistan zegoelarik prezeski («libre da bakarrik errealitatean txertatzen dena eta transformatzen duena, ez hodeitan ibiltzen dena» gehienok aditu arren hor duzue euskaratua badaezpada).

        Esaldiak itxura ona du, egia hutsa delako, baina agudo sortzen dira galderak: Nola txertatzen da artista bat errealitatean? Eta nola transformatzen du? Nola uler daiteke hodeitan ibiltzea? Erantzunak ez dira hain sinpleak, kultur mailan batez ere. Cesare Pavesek bere erantzunak izan zituen biziaren aurrean, artista eta pertsona bezala. Ene ustez koherentea izan zen esaldi horrekin oro har: berak kokatu zuen bere poesia gizakien munduan (funtsean poeta izan zen Pavese, nobelak eta ipuinak batez ere idatzi arren). Eta erran daiteke erabili zuela bere artea borrokatzeko arma bezala.

        Walt Whitman iparamerikar poetari buruzko tesia egin zuen unean, ikasketa unibertsitarioak bukatzeko, Pavesek bazuen garbi bere jarrera faszismoaren aurrean: konpromezurik ez. Hau 1930.ean zen, eta bera Piamonten jaioa zen (Torino ondoko herriska batean, Italian) 1908.ean (hemen egin dezakezue kenketa). Jakina denez, faszismoa boterean zegoen Italian eta kultura nazional haundiaren mitoa zabaltzen zuen, momentu haietan biziagoa eta askatuagoak ziren beste herrien kulturarekiko kontaktua galeraziz. Horregatik Pavesek orduko iparramerikar literatura itzuli zuen italierara (Faulkner, Doss Passos, etab.). Itzulpenaren alor horretan bere lana eta beste idazle antifaszista famatu batena (Elio Vitorini, aski ezezaguna gure artean) askatasun leiho bat zen eta erresistentzia jarrera bat.

        Partidu faszistan sartua ez izateagatik Pavesek ezin zuen lan egin irakasle bezala eskola publikoetan eta bere ogibidea itzulpenean bilatzen du, eta baita klase partikularren bidez. Giulo Einaudi argitaletxean sartzen da 1933.ean. Argitaletxeko talde osoa atxilotzen dute 135.ean bere aktibitate antifaszistagatik. Pavese, hiru urtetarako zigorturik, urte batez mantentzen dute gartzelan. Bere lehenengo poesia liburua 1936.ean argitaratzen du.

        Bere lagunek konpromezu handiagoak hartzen dituzten bitartean (Espainiako gerran Francoren kontra, klandestinitatean...) Pavesek jarraitzen du bere lan sortzailea, ixten da isolamenduan liburuez eta bere pentsamenduz josi. Torino hirira bihurtzerakoan 1943.ean (Erroman bere argitaletxearen sedea prestatu ondoren) ez ditu aurkitzen lagun zaharrak: mendietan sortzen ari da erresistentzia armatua.

        Liberazioa lortu ondoren sartzen da Partidu Komunistan, murgiltzen da borroka politiko irekian tarte labur batean eta uzten du bere ohizko bakardadea. 1946.ean argitaratzen ditu narrazioak «Feria d'agosto» izenburupean. 1947.ean «Il compagno» nobela eta «I dialoghi con Leuco», 1949.ean «Il carcere» (1938-39.ean idatzia), eta «La casa in collina», «La luna e i falo» («Ilargia eta sutzarrak») nobela sortzen du 1949 urtearen bukaeran. Eta 1950.ean Strega saria lortzen du fama haundia hartuz. Baina ez du indarrik jarraitzeko. Bere bakardadeak gainditzen du eta bere burua hiltzen du Torinoko hotel batean 1950.eko abuztuaren 27an.

        Egun gutxi lehenago idatzi zuen bere egunkarian: «Egina dut nire alde publikoa —ahal nuena—. Lan egin dut, gizakiei poesia eman diet, anitzen penak konpartitu ditut». Epitafio bikain bat berarentzat.

 

        Paveseren obrari buruzko zerbait

 

        «Artea ez dago biziaren zerbitzuan bakarrik, arnasa, kontsolamendu eta mezu gisa eta minaren liberazio bide eta distantzia estetikoaren tresna bezala ere bai» (A. Hauser). Paveseren literatur obra guzti horren adibide garbi bat izan zen hain zuzen. Liriko puro bat zen, nahiz eta errealitatearen nobelagile bihurtu zen «alderantzizko» salbazio baten existentziagatik. Anitzen eritziz inportantzia haundia du Paveseren poesiak gaurko literatur munduan. Agian bera bakarrik izan bait zen hain sakonki sentitu zuena bere baitan guztiz ixtea, salbatzeko premia alde batetik, eta bestetik kanpoan bilatzea bere salbazioa. Bere bakardadearen barnean Pavese ez zen hodeitan ibili, aitzitik, bere obraren bidez, batez ere, gure munduko errealitate sakonean txertatu zen.

        Pavese angustiari buruzko europar kultur korrontean sartzen da era berezi batez (Baudelaire, Kafka, Sartre, Camus, etab.). Nolabait erran dezakegu literatura moderno garrantzitsu guztia pesimismoz, desesperantzako sentimenduz eta giza existentziaren absurdoaz josia dagoela. Paveseren obratan aurki ditzakegu komunikatzeko ezintasuna eta grina elkarrekin batera azaltzeko sinbolo batzu, bi serietan sailkatuak: alde batetik, figura bortitzak: sua, odola, eguzkiaren argia, naturaren elementu desberdinak (ertatza, sugea), alkoola, gorputz biluzia, gauza-sinboloak, objetuak egoera puroan, erabat hertsiak beraien kontra haustera etortzen den kontzientziaren aurrean; beste aldetik, sinbolo suabeak: karrika, hondartza, dantza, kafetegia... Paveseren narraziotan agertzen dira sinbolo hauek eduki hutsala azaltzeko, hara eta hona ibiltzea irtenbiderik gabe. Txokerik ez, kontzientzien paralelismoa baizik.

        Tragedia beti da berbera: lagun harremanak bi sujetuak bakardade osoan utzi ohi dituzte etsai harremanak bailiren. Sinbolo bortitz eta suabeen artean, bietan batera, andrea dago. Emakumezkoa da gorputza, gorputz biluzia, borrokatzeko eta poseditzeko objetua, eta lagun paralelo eta helezina ere, ibilbide eta jaietako lagun ezgauza. Berak mendisken isolamendutik gizonezkoa harrapatzen du, baina bere baitatik gizonezkoa libratzea lortu gabe.

        «Artista eta gizaki bakoitzaren bizia etengabeko esfortzu bat da bere mitoak argitzeko», erran zuen Pavesek, eta berak ikasi zuen sakonki gai hori. Nik euskaratutako ipui honetan agertzen den bezala, naturaren sinboloa da mitoa: nola sugeek edo sugegorriek izen bat aditzen badute gero beraren bila datozen.

        Ene ustez Pavese ez da erresistentziaren poeta haundi bat bere faszismoaren aurreko jokaeragatik bakarrik, baita bere literatur obragatik ere. Alde batetik, bere kontakizun batzuk maisuki erakusten digute erresistentziaren giroa Italian. «La casa in collina» nobelan adibidez: Torinoko mendisketan (mendiska da Paveseren mitorik haundiena, bere haurtzaroko mitoa) Corrado irakaslea, bere isolamendua utzi gabe, txertatzen da erresistentziako talde batekin, lekuko bezala, eta ez protagonista bezala. Norberak bere erresponsabilitatea hartu behar duela aditu arren, Corrado irakaslea —Pavese bera— (Pavesek ez du inoiz bere burua nobela honetan bezala isladatu) beti agertzen da narrazioan zehar iheslari bezala. Hondarrean faszisten hilketa baten aurrean aitortzen du ikusle baten antzera: «Zenbait hildako begiratzea umilagarria da». Eta hitz garratz hauekin amaitzen du nobela: «Eta eroriekin zer egingo dugu? Zergatik hil dira? Nik ez nuke zer erantzun jakinen. Orain bederen. Besteek ere ez dakitela, nik uste. Agian hilek soilik dakite eta beraientzat bakarrik dago gerra egiaz bukatua». (Giro antifaszistan kokatua dago baita ere oraintxe X. Mendigurenek euskaraturiko «Il compagno», «Burkidea» izendatu duena. Itzulpen zaindu bat dela dirudi lehenbiziko irakurketan).

        Beste aldetik, artea minaren liberazio bide bat dela onartzean, Pavese poeta haundi bat bezala onartzen dugu, erresistentziaren poeta presezki. Bere mezua ez da gizakia desesperantzan murgiltzeko, desesperantzatik ateratzeko baizik. Zentzu honetan: angustiari buruzko artea ez da ezgauza, hondoratzera kondenatua. Gure miseriarik haundienean, konfusiorik itzelenean ezin ezabatu dugu artea, beraren bidez aurkitzen bait dugu gure miseriaren kontzientzia, berehalako kontsolamendua ez eduki arren. (A. Hauser, berriz).

        Horregatik «sufritzen duguna» jakiterakoan honelako literaturan, geuk errateko kapazak ez izan arren, arrisku hori, oinaze hori, gainditzeko ahalmena badugu. Miseriari buruzko kontzientzia edukitzerakoan gaindi dezakegu botere ezkutatuen obren antzeko mehatxatzen gaituen besterik. Artearen forma tragikoa, gizakiaren egoerarik etsituena erakusten duena, kontaezinezkoa izateagatik hain zuzen, zentzu haundi bat badu: ideia edo ilusioa onartzea kontaezinezkoa suerta daitekela nolabait, eta horregatik uler eta neur daitekeela.

        Doktrina bezala ezin dugu ezintasunezko, beldurrezko eta desesperantzazko filosofiarekin ados egon, baina onartu behar dugu literatura modernoan garrantzi haundia duela. Eta horretan datza Pavese poetaren kontribuzioa.

 

CESARE PAVESE: ERRESISTENTZIAREN POETA HAUNDI BAT
Joakin Balentzia

Susa-14/15, 1985