Cesare Pavese. Aurkezpena
armiarma.eus

armiarma.eus, 2015

 

      Joan den mendeko 80ko hamarkadara arte euskarari ekarri gabea, pixkanaka egile itzulienetakoa bilakatu zen Cesare Pavese, itzulienetakoa zirkuitu komertzial eta eskolakoetataik aparte.

      Literatur aldizkariek egin zuten lehen lana, edo poemen antologiak biltzen dituzten liburuak. Xaguxarra aldizkarian, 1980ko alean (bi argitaratu zituzten), Txema Larreak lau poema euskaratu zituen, horien artea Verrà la morte…, euskaraz bertsio gehien dituen poemen artean dagoena. Hurrengo urtean, molde bertsuan, Mikel Etxebestek poema bat plazaratu zuen Susa aldizkarian.

      Handik lauzpabost urtera etorri zen bigarren itzulpen-kolpea. 1985ean, Susa aldizkarian baita ere, Joakin Balentziak bi narrazio eman zituen, Paveseren aurkezpen on batekin. Pamiela etxearen Alkoola poemak liburu gogoangarrian Juan Martin Elexpuruk italiarraren poema bat eskaini zigun, eta etxe bereko Izkiriaturikaurkitu ditudan ene poemak bilduman zazpi poema Joseba Sarrionandiak. Hurrengo urtean, Maiatz aldizkariaren 11. alean, bost pieza argitaratu zituen Itxaro Bordak.

      Parentesi baten ostean, narrazio bat eta zenbait poema euskaratu zituen Gilerrmo Etxeberriak, Egan aldizkarian 1997/98an, eta Bertzerenak poema bilduman Luigi Anselmik poema bat euskaratu zuen, 2006an.2008an, azkenik, etorri zen Paveseren poesia itzultzeko ahaleginik handiena. Euskal Idazleen Elkartearen Hegats aldizkariaren 41. alea, mendeurrena zela kari, osorik Cesare Paveseri eskaini zitzaion. Jose Anjel Irigarairen eta Xabier Leteren lantxo banarekin batera, Migel Anjel Unanuaren lana  zetorren: Pavesren poesiaren azterketa sakon bat, eta 25 poemaren itzulpena.

      Xabier Letek, kanturako, Heriotza etorriko da eta zure begiak izanen ditu euskaratu zuen.

      Hauek guztiak dira orain Armiarmak eskaintzen dituenak.

      Lehen aipatutako parentesia euskarriari zegokiona zen. Aldizkari edo bildumetako pieza solteez gain, ordea, nabarmentzekoa baita Armiarmak lehendik osorik emanak zeuzkala Cesare Pavaeseren liburuak, italiarraren prosa. Lehen Amodioa (Igela, 2000; Joseba Urteaga itzultzaile) narrazio luzeaz gain, hiru liburu oso ekarri dira euskarara. 1984an lehena, Elkar etxeak Xabier Mendiguren itzultzaile zela: Burkidea. Eta Literatura Unibertsala bilduman Cesare Paveseren bi liburu irakurri ahal ditugu, Muinoko etxea (Ibaizabal 1992, Koldo Biguri itz.) bere lehen eleberrietako bat; eta italiarrak bere ofizioari eta bizitzari buruz idatzitako lan eder eta fundamentala, Bizitza lanbide (Ibaizabal 1997, Maite Lopetegi itz.).

 

Cesare Pavese. Aurkezpena
armiarma.eus

armiarma.eus, 2015