AINTZINAKO DISZIPLINA
Cesare Pavese

Poema argitaragabeak
euskaratzailea: Juan Martin Elexpuru
Alkoola poemak, Pamiela, 1984

 

Mozkortiek ez dakite emakumeekin mintzatzen

eta orain sakabanatu dira, inork ez ditu maite.

Kaleetan zehar astiro doaz; kalea eta farolak

amaigabeak dira. Batzuk are urrutirago erratuz doaz:

baina ez kezkatu: bihar beren etxeetara itzuliko dira.

 

Urruntzen den hordiak emakumeekin dagoela uste du

—farolak beti dira berberak; emakumeak, gauez,

beti dira berberak—; haietatik batek ere ez dio entzuten.

Mozkortiak berba egiten die, baina ez dute atsegin.

Barrez dauden horiek dira bere bakarrizketaren gaia:

Zergatik farre egiten dute hainbeste emakumeek, edo

                                          garrasika hasten negar egitean?

 

Mozkortiak emakume mozkor bat nahi izan zukeen

menki entzun ziezaion. Baina horiek gortzen dute.

“Seme bat izateko gugandik pasa behar”.

 

Mozkortiak, beraiengandik jaiotzeke, gaur bere semea den

mozkorkide batzi hektzen dio.

Nola eman leizaioke oihu eta negar egiten duen

andereño batek seme-lagun hura? Besteak, horditurik

                                                                         badago,

ezin du emakumeez pentsatu ere, ez erortzeko erne,

eta bakean abiatzen dira biok. Axola den semetxoa

ez zen emakumeengandik sortua —bestela bera ere

emakumea baitzatekeen—. Aitarekin dabil bera, solasean:

Farolek goizaldera arte iraungo diete.

 

AINTZINAKO DISZIPLINA
Cesare Pavese

Poema argitaragabeak
euskaratzailea: Juan Martin Elexpuru
Alkoola poemak, Pamiela, 1984