PAVESE POETA
Itxaro Borda

Maiatz-11, 1986

 

      Cesar Pavese (1908-1950) hiriaren eta kanpainaren arteko txoke bortitzaren poeta da. Bere nobelengatik ezagunagoa baldin bada ere (Elkar argitaletxak Burkidea itzulpen zuzena eskaini zigun duela urte bat edo bi) Pavesek bere burua poetatzat zeukan. Lehen olerkiak 1936.ekoak ditu, eta asko gairen erdian biga aipatzen ditu gehien bat: mendixkak eta karrikak. Hiriko karrikak batez ere.

      Pavese Italiako Piemonteko haran hertsietan bizi izan zen, haur zen denboran, Torino iparreko metropolis handira joan aintzin. Nostalgia geografikoari, haurtzaro joanarena erantsi behar zaio. Hiria eta gizakumeen heldutasuna arras geometrikoki senditzen ditu, haurtzaroa eta emakume iheskorrak aldiz borobilki, Piemonteko mendixkak bezala.

      Bestalde Pavese bakartasunaren poeta da. Ez ardura poetei ematen zaien bakartasun izpiritual mistikoerena, baizik eta eguneroko bakartasuna: erran nahi baita beste bizidunekin komunikatzeko zailtasunak dakarren bakartasun histerikoarena. Kontenplatiboekin pareka genezake Cesar Pavese italiar idazlea. Ordea, mundua kontenplatzeko ordez, Pavesek mundua minberaki bizitzen zuen, ihes egiten saiatuz. Neskak, emazteak, langileak, agertzen dira kasik Pavesen poesia guzietan, sentsibilitate eta ezintasun gogorrez tindatuak. Lan egiteak nekatzen du bildumaren postfazean Pavesek esplikatzen du bere prolemarik handiena: bizi normalean leporaino sartzeko gogoa dela denbora berdinean kanpo gelditzekoa.

      Paveseren poesigintza ez da Montale-ren edo Ungarreti-renaren parekoa: maisu hauen opazitatea baztertzen du, gauzen hunkimen argia, prosaikoa eskaintzeko, Whitman-en bertso libro enfatikora ez helduz. Bere metrika sortu du, italiarren tradiziotik piskat urrunduz. Pavesek Joyce, Dos Passos, Melville eta Sherwood Andersen idazleak italiarrera itzuli zituen. Literatura konparatuaren erakasle ere izan zen. Orduan errez pentsa diteke Pavesen poesi lanak tradizio desberdinen bidekurutzeak direla.

      Lan egiteak nekatzen du bilduman agertzen baidin bada hiriaren eta baserriaren arteko borroka, beste puntu sakon bat ere atera diteke 1936.an agertu obra hortan: heriotza eta ausentzia. Bizitzeko largatzen diren energiak oro debaldezkoak dira, herioan eta hutsean itotzen direlako. Heriotza: Pavesek bere aita sei urtetan galdu zuen, eta amak bizitzeko lanaren mitologia sartu zion gogoan haurrari. Poetarentzat izateko modu bakarra da, absurdoa ez litzatekeena, heriotzaren beha egotea.

      Heriotza etorriko da eta zure begiak ukanen ditu bilduman Pavese diferente bat ikusten dugu. Jadaniko, italiarren bertsoen metriko mediterranearrera itzulia zen, 1950.ean bere buruaz beste egin ondoan, Torinoko Einaudi argitaletxeak kaleratu liburuan. Poema guziak Constance Dowling neska amerikarrari dedikatuak dira. Hemen D'Annunzio-ren sensualismo melodikoari hurbiltzen da. Izigarriko poema hunkigarriak dira, Paveseren heriotzak, Constancek abandonatu zuelako, eta behar bada bere poeta kalipua ahultzen senditzen zuelako, argi berezi batez janzten dizkigunak.

      Bukatzeko erran dezagun Pavese arras poeta berezia zela. Hutsa hutsez betetzen bazekien, errealitatea eta irrealitatea juntatzen, iratzarrik amets egiten, sua eta horma nahasten, batzuen hermetismoaren eta besteen populismoaren artean balantzan zegoela. Azken aste hauetan, Pavesek idatzi bi ipuin luze agertzen dira frantsesera itzulirik, Pariseko editorial famatu baten eskutik. Gure eskualdeko liburutegietan salgai baldin badira ez otoi hutsegin.

 

PAVESE POETA
Itxaro Borda

Maiatz-11, 1986