GAUEKO ATSEGINAK
Cesare Pavese

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak
Pamiela, 1985

 

Gaua senditzeko ere gelditzen gara

Haizea biluzien dagoen unean: kaleak

Haizez hotzik daude, usain guziak amatatu dira;

Sudurrak argi kulunkatietarantza altzatzen dira.

Guziok dugu gure itzulera iluntasunean

espero duen etxe bat:

Andere batek igurikatzen gaitu itzalean,

Lotan etzuna: usainez bero dago gela.

Haizeari buruz ez daki deusere andere horrek

Lo egin eta arnasa hartzen duen artean;

bere gorputzaren epeltasuna

Gure baitan zurrumurruz dabilen odolarena da.

 

Haize honek garbitzen gaitu, itzalean irekitako

kaleen hondotik bait dator;

Argi kulunkariak eta gure sudur kizkurtuak

Biluzik itzultzen dira. Usain bakoitza, oroitzapen bat.

Hurrinetik, ilunetik irten zen, ziudade gainera

Erortzen den haize hori: han, lautada eta muinoetan

Eguzkiak erretako belarra ere badagoen lekuan

Eta erlainoz beltzitutako lur bat. Gure oroimena

Usain latz bat da, neguan hondoko

Hatsa ematen duen lur nahasiaren gozotasun eskasa.

Amaitu dira usainak itzalpean, eta

Ziudadera haizea bakarrik ailegatzen da.

Gau honetan to dagoen anderearengana itzuliko gara,

Bere gorputza hatzamar izoztuez bilatzera,

Eta berotasun batek biztuko digu odola,

Lurrustel beltzaren berotasunak, bizitza arnasa batek.

Andere hori ere eguzkitan berotu zen, eta orain

Bere biluztasunean aurkitu du bizitza gozoago bat,

Egunez desagertzen dena, eta lur zaborea duena.

 

GAUEKO ATSEGINAK
Cesare Pavese

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak
Pamiela, 1985