Historiarik goibelena
VI
Ni gertalekura agertzeak gauzak baretu zituen dudarik gabe, ni iritsi eta neska joan zen arteko hamabostaldian. Ez dut esan nahi gaueko etengabeko hitz-aspertuak bukatu zirenik edo Leonorak neskarekin ni kanpora bidali eta bitartean Edwardi gorriak ikusarazi ez zizkionik. Edwardek zer nahi zuen jakin zuenean —neska bost mila miliatara joan eta nobela sentimentaletan bezala bera finko maita zezala—, nahi hori desegiteko erabakia hartu zuen. Eta Edwardi ahal diren tonu guztietan errepikatzen zion neskak ez zuela maite; neskak gorroto ziola hain basa, aginduzale eta zurruteroa izateagatik. Adierazten zuen Edwardek neskaren ikuspegitik jadanik hiru edo lau aldiz hitza emana zuela betiko. Leonorari berari, Basil andreari eta Maisie Maidan eta Florenceren memoriari. Edwardek ez zuen hitzik esaten. Neskak Edward maite al zuen, ala ez zuen maite? Ez dakit. Garai hartan nik esango nuke ezetz, nahiz eta lehenago maitatu, Leonora haren ospea hondatzen hasi zen arte. Nik haren historiaren alde publikoa deitu dudanagatik maitatu zuen dudarik gabe: militar ona izan zelako, bizitzak salbatu zituelako itsasoan, lurjabe bikaina eta ehiztari ona zelako. Baina litekeena da oso, gauza horiek guztiak hutsean geratzea senar ona ez zela jakin zuenean. Zeren, nahiz eta emakumeek, nire ikuspegitik, oso erantzukizun zentzu gutxi edo batere ez duten konderri edo herrialde edo karrerei buruz —gizarte elkartasun izpirik ez balute bezala—, emetasunaren interesei eratxikitzen dituen sen izugarri eta automatikoa dute. Edozein emakumek, noski, beste emakume baten senar edo maitalea harrapatu eta berekin eraman dezake. Baina nire ustez emakume batek hori egiteko uste izan behar du beste emakumeak bere senarrari min eman diola. Ziur naiz emakume horrek uste badu gizona bere emaztearekin asto bat izan dela, emetasun sufrituarekiko elkartasun sentipen berezkoagatik, «atzera eginaraziko diola», esan ohi den bezala. Ez diet inolako garrantzi berezirik ematen nire generalizazio hauei. Baliteke zuzenak izatea, eta baliteke okerrak izatea; bizitzari buruzko jakituria urriko amerikar zahartzen hasi bat besterik ez naiz. Nire generalizazioak hartu edo utzi, zuk ikusi. Baina ziur naiz zuzen nabilela Nancy Rufforden kasuan: Edward Ashburnham oso sakon eta xamurki maite izan zuela. Ez dauka zerikusirik Ashburnhami gorriak pasarazi izanak jakin zuenean Leonorarekin desleiala izan zela eta haren ongintzako obrak Leonorak nahi baino gehiago kosta zitzaizkiola. Nancyk Edwardi gorriak ikusaraztea espero izatekoa zen. Hori zor zion emakumeen iritzi publikoari; kontserbazio senak bultzatuko zuen horretara, zeren, Edward Leonorarekin, Basil andrearekin eta beste bien oroitzapenarekin desleiala izan bazen, aise imajina zezakeen, berarekin ere desleiala izan zitekeela. Eta, dudarik gabe, berak ere bazeukan emakume-sena, emakumeak pertsona maitatuarekiko izugarri krudelak izatera bultzatzen dituen sen hori. Dena dela, ez dakit, puntu honetan, Nancy Ruffordek Edward Ashburnham maite zuen ala ez. Ez dakit, Adenen haren suizidioaren berria jakin zuenean, artean ere maite zuen. Zeren, hori gerta zitekeen Leonorarengatik edo Edwardengatik. Edo biengatik. Ez dakit. Ez dakit ezer. Oso nekatuta nago. Leonora amorru biziz atxikitzen zitzaion neskak Edward maite ez zuelako doktrinari. Zin-zinetan sinetsi nahi zuen hori. Doktrina hori arimaren hilezkortasunean sinestea bezain premiazkoa zuen bizitzeko. Esaten zuen ezinezkoa zela Nancyk Edward maite ahal izatea neskari Edwarden ibilerei eta pertsonari buruz bere ikuspegia eman ondoren. Edwardek, bestalde, sinesten zuen bere baitako erakarpen funtsezkoren batek bultzatzen zuela neska bera maitatzen jarraitzera... maitatzen jarraitzera, nolabait esateko, kanpoko gorroto-itxuraren azpitik. Uste zuen bere burua zuritzeko egiten zituela gorrotatzeko itxurak, eta Brindisitik neskak bidali zion telegrama aski latza ere horretarakoxe egindako beste saio bat besterik ez zela: alegia, emakume zintzoen elkarteko kideentzat sinesgarriak ziren sentipenak zituela frogatzeko. Ez dakit. Zuk erabaki. Bada beste puntu bat franko kezkatzen nauena historia goibel honen gorabeheretan. Leonorak dio Edward berekoi porrokatu bat zela neska bost mila miliatara aldendu eta hala ere bera maitatzen jarrai zezan nahi izateagatik. Gazte baten hondamena desiratzen ari omen zen horrekin. Edwardek, berriz, adierazi zidan, neskaren maitasuna bere bizitzarako premia bat zela onartuta ere, hitzez nahiz egintzaz Nancyren maitasuna bizirik iraunarazteko ezer egiten ez bazuen, ezin zitekeela esan berekoia zenik. Leonorak erantzuten zion horrek adierazten zuela izaera berekoi higuingarri bat, nahiz eta bere egintzak erabat zuzenak izan. Ezin dut erabaki zeinek zuen arrazoia. Zuk erabaki. Segurua da, dena dela, Edwarden egintzak erabat zuzenak zirela... higuingarriro, krudelki zuzenak. Ezer egin gabe geratu, eta Leonorari bere izen ona zikintzen utzi zion, eta infernurik sakonenera kondenatzeko bide eman zion, behatz bat mugitu gabe. Erokeria izan zen, nire ustez; ez dut ulertzen zertarako uzten zuen neskak berari buruz behar baino iritzi okerragoa izan zezan. Baina horrela da. Eta horrela da, halaber, hiru horiek jendearen aurrean jende presturik prestuena zelako itxura ematen zutela. Zinez diotsut antzinako etxandi bikain hartan eman nituen hamabost egunetan ez nintzela ohartu iritzi on hori aldarazteko moduko gauza bakar batez ere. Eta atzera begiratzen dudanean ere, gertaeren berri izanik, ezin naiz gogoratu haietako inork itxuren azpian zegoena agerian jar zezakeen ezer esan zuenik. Ez dut gogoan, afaltzen ari ginela Leonorak telegrama irakurri zuen arte... ez bekain baten dardararik, ez esku baten ikararik. Landetxe bateko bizilagunen bilkura bat besterik ez zen.
Eta Leonorak hortik aurrera ere franko ongi eutsi zion jarrera horri... niri dagokidanez Edwarden hiletaren ondorengo zortzigarren egunera arte. Afari hori bukatu eta berehala —Nancy hurrengo egunean Indiarantz abiatzekoa zela aurreratu zidaten afaria alegia—, Leonorari hitz egin behar genuela esan nion. Bere egongelatxora eraman ninduen eta orduan esan nion —nire sentipenak isilpean utziko dizkizut— bazekiela nik Nancyrekin ezkondu nahi nuela; uste nuela bera nire aukeraren alde zegoela eta bidai txarteletan dirua eta bidaiatzen denbora dezente alferrik galtzea izango zela neskatoa Indiara bidaltzea, baldin eta Leonorak uste bazuen neskak nire ezkontza-proposamena onartzeko aukeraren bat bazela. Eta Leonora, sinets ezazu, etxekoandre britainiar guztizkoa bezala portatu zen. Esan zuen nire aukeraren alde zegoela erabat, neskarentzat senar hoberik ezin zuela desiratu, baina uste zuela neskak bizitza pixka bat ezagutu beharra zeukala horrelako pausu garrantzitsua eman aurretik. Bai, Leonorak «horrelako pausu garrantzitsua eman aurretik» esan zuen hitzez hitz. Guztizkoa izan zen. Izan ere, franko gustatuko zitzaion neska nirekin ezkontzea, baina nire programaren barnean Kershaweko etxea, Fordingbridgeko bidean milia batera zegoena, erostea eta neskarekin han bizitzen jartzea ere bazegoen. Hori ez zetorkion batere ongi Leonorari. Ez zuen eduki nahi neska Edwardengandik milia eta erdira hil bitartean. Hala ere, uste dut moldatuko zela niri adierazteko, perifrasiren batekin edo, neskarekin ezkon nintekeela, baldin eta Philadelphia edo Timbuctoora eramaten banuen. Nik asko maite nuen Nancy, eta Leonorak bazekien. Halaz guztiz ere, horrela utzi nuen kontua. Horrela utzi nuen, Nancy Indiara probatarako zihoala ulertuz. Konponbide erabat zentzuzkoa iruditzen zitzaidan, eta ni gizon zentzuduna naiz. Hau besterik ez nuen esan: sei hilabeteren buruan edo, Indiara joango nintzela Nancyren atzetik. Edo, agian, urtebeteren buruan. Horra, ikusten duzu Nancyren atzetik joan nintzela Indiara handik urtebetera... Aitortu behar dut Leonorarekin pixka bat haserretu nintzela neskak joan behar zuela lehenago ez jakinarazteagatik. Katolikoek, dirudienez, mundu honetako kontuetan erabili ohi dituzten metodo bihurri, ez oso zuzenetako bat iruditu zitzaidan. Ulertu nuen Leonora beldur zela neskari ezkontza-proposamena egingo ote nion edo, dena dela, egin nizkionak baino iradokizun zuzenagoak egingo nizkiola, lehenago jakin izan banu horren azkar joatekoa zela. Agian Leonorak arrazoia zuen; agian katolikoek, beren bide bihurri eta bitarakoekin beti dute arrazoia. Gizatasuna bezalako gauza bihurri eta bitarakoa dute esku artean. Izan ere, Nancy horren azkar joatekoa zela jakin izan banu, hura gorteatzen saiatuko nintzen seguru aski. Eta horrek beste konplikazio bat sortuko zuen. Agian hobe hala. Bitxia da jende aberats okituak zein gauza harrigarriak egin ditzakeen axolaez eta lasaitasun itxura mantentzeagatik. Izan ere, Ashburnham senar-emazteek munduaren beste aldetik zalgurdi arin baten atzeko jarlekuan esertzera ekarrarazi ninduten, Edwardek neska Indiara abiatzeko eraman behar zuen tren geltokira eramaten zuen bitartean. Eginkizuna bakean bete izanaren lekuko bat behar zuten, nonbait. Neskaren maletak prestatu, eta abiatu aurretik bidali zituzten. Baporeko kamarotea hartua zeukan. Dena hain zehazki neurtua zuten, non erloju mekanismo batek bezala funtzionatu baitzuen. Jakin zuten Rufford koronelak Edwarden gutuna noiz jasoko zuen, eta ia zehazki zekiten neska beregana bidaltzeko esanez zer ordutan jasoko zuten haren telegrama. Dena ederki eta batere gupidarik gabe antolatu zuen Edwardek berak. Urlia koronelaren edo beste norbaiten emaztea itsasontzi hartan bertan bidaiatzera zihoala eta neskarentzako begirale gisa balioko zuela eman zioten arrazoi gisa Rufford koronelari telegrafiatzeko. Eginkizun harrigarria zen oso, eta uste dut Jainkoaren begien aurrean hobea izango zela denak elkarri labana handiekin begiak ateratzen saiatu balira. Baina «goi mailako jendea» zen. Leonorarekin izandako elkarrizketaren ondoren Edwarden arma-gelara joan nintzen helburu jakinik gabe. Ez nekien neska non zen eta uste nuen han aurki nezakeela. Leonorak esandakoa gorabehera, neskari ezkontzeko proposamena egiteko ideia lausoren bat izan nuen, nik uste. Ez naiz, nonbait, Ashburnhamtarrak bezain jende errespetagarriaren kastakoa. Edward bere besaulkian zegoen eserita zigarro puru bat erretzen eta ez zuen ezer esan bost minutu luzez. Kandelek pantaila berdeen barnean distiratzen zuten; distirak berdeak ziren armak eta arrantzako kanaberak zeuden liburu-apalen kristaletan. Tximiniaren erlaitzean hondo marroixkako margolan bat zegoen, zaldi zuri batena. Ez dut sekula nire bizitzan horrelako lasaitasunik ezagutu. Gero, bat-batean, Edwardek bekoz beko begiratu, eta esan zidan: «Aizu, adiskide, behin hona etorriz gero gustatuko litzaidake Nancy eta biokin bihar geltokira etortzea.» Esan nion hurrengo egunean noski joango nintzela Nancy eta biekin geltokira. Han geratu zen denbora puska batean, bere belaunen gaineko marrari eta su dardaratiari begira, eta gero, bat-batean, ahots erabat barean, eta begiak altxatu gabe, esan zuen: «Halako irrikaz maite dut Nancy Rufford, non maitasunez hiltzera noan.» Gizagaixoa... ez zuen horretaz hitz egin nahi. Baina uste dut norbaitekin hitz egin beharra zeukala, eta ni emakume bat edo abokatu bat irudituko nintzaion. Gau osoan ez zen isildu.
Ederki. Programa osoa azken arnasaraino bete zuen. Neguko goiz garbi-garbi bat zen, izotz ederra bota zuena. Zerua oso argi zegoen, txilar eta garo arteko bide bihurria izoztuta. Zaldi bakarreko kotxearen atzealdean nindoan eserita; Nancy, Edwarden ondoan. Behorraren ibileraz mintzatu ziren; Edwardek milia baten hiru laurdenetara zegoen artzainbide batean bildutako orein talde bat seinalatu zuen zigorraz. Fordingbridgera sartzean bidearen maila berean dauden zuhaitz altuen ondoan zakurrekin topo egin genuen, eta Edwardek zalgurdia baztertu zuen, Nancyk basozainari agur esan eta azken soberano bat despedida gisa eman ziezaion. Zakur haiek lagun zituela zaldiz ibilia zen hamahiru urte zituenetik.
Trena bost minutuko atzerapenarekin zetorren, eta iruditzen zitzaien Swindonen edo trena zetorren herrian azoka-eguna zelako izango zela. Horrelako kontuez hitz egin zuten. Trena iritsi zen. Edwardek lehen klaseko bagoi bat bilatu zion, emakume adintsu bat zihoana. Neska bagoian sartu zen, Edwardek atea itxi zuen, eta gero neskak eskua atera zuen niri emateko. Haien aurpegian ez zegoen inolako espresiorik. Trenari irteera emateko bandera gorri bizi-bizia zen; hori da eszena hartako gauzarik biziena. Neskak ez zeukan bere itxurarik onena; ilearekin oso ongi ez zetorkion larruzko kapela marroi bat zeukan buruan. «Agur,» esan zion Edwardi. «Agur,» erantzun zion Edwardek. Edwardek bere gorputz handia jiratu zuen, eta bere pausu astun pentsatuak ematean balantza eginez geltokitik atera zen. Haren atzetik joan, eta zalgurdi arinean ondoan eseri nintzaion. Sekula begien aurrean izan dudan ikuskizunik latzena izan zen. Eta ondoren bake santua, ulermen guztia gainditzen duen Jainkoaren bakearen gisakoa, abaildu zen Branshaw Teleraghera. Leonora bere eguneroko eginbeharretara itzuli zen garaipenezko irribarre moduko batekin... oso irribarre lausoa, baina garaipen bete betekoa. Seguru aski hain aspaldi etsia zen senarra berreskuratzeaz, non aski baitzen beretzat neska etxetik bidali eta bere maiteminaz sendaturik joatea. Behin, salan, Leonora kanpora zihoala, Edwardek esan zuen, ahapetik... baina harrapatu nuen esandakoa:
«Garaile zara, Galilear zurbil hori»
Ongi zetorkion bere sentimentalismoari Swinburne aipatzea. Baina oso lasai zegoen, eta edaria utzia zuen. Geltokira egindako joan-etorri haren ondoren esan zidan gauza bakarra honako hau izan zen: «Oso bitxia da, Dowell. Orain, dena bukatu denean, esan beharko nizuke ez dudala neskarenganako inolako sentipenik, nire ustez. Ez kezkatu nitaz. Ongi nago.» Eta handik puska batera esan zuen: «Zalaparta gehiago izan da, beste ezer baino nonbait.» Berriro bere lurrez arduratzen hasi zen; bere haurra hil zuen lorazainaren alaba absolbiturik atera zedin lan haiek guztiak hartu zituen. Azokan aurkitzen zituen nekazari guztiei eskua ematen zien irribarre eginez. Bi mitin eman zituen; bitan atera zen ehizara. Leonorak eszena izugarria egin zion lorazainaren alaba libre ateratzeko berrehun libra gastatzeagatik. Neska sekula existitu ez balitz bezala segitu zuen bizitzak. Oso giro lasaia zen.
Horra, hau da historiaren bukaera. Eta begira jartzen naizenean ikusten dut bukaera zoriontsua duela, ezkontza-ezkilen hotsa eta guzti. Gaiztoek —zeren, bistakoa denez, Edward eta neskatoa ziren istorioko gaiztoak— suizidioaren eta erotasunaren zigorra hartu dute. Andre heroia —erabat normal, zintzo eta zuri samarra— senar erabat normal, zintzo eta zuri samar batekin ezkondu da. Laster seme edo alaba erabat normal, zintzo eta zuri samar baten ama bihurtuko da. Bukaera zoriontsua: horixe izaten da dena. Ezin diot neure buruari ezkutatu orain Leonora ez dudala gogoko. Dudarik gabe Rodney Bayhamenganako jeloskeriak hartua nago. Baina ez dakit jeloskeria hori neronek Leonoraz jabetzeko desiotik sortzen zaidan ala berarengatik nik benetan maite nituen bi pertsona bakarrak sakrifikatuak izan direlako: Edward Ashburnham eta Nancy Rufford. Beharrezkoa zen Edward eta Nancy Rufford, niretzat behintzat, itzal tragiko hutsak bihur zitezen, bera erosotasun guztiez hornitutako eta etxe-nagusi oso errespetagarri eta ekonomi kontuetan aditu baten agindupean etxandi moderno batean bizitzen jar zedin. Iruditzen zait Edward gaixoa ikusten dudala, biluzik eta ilunpetan makurturik, haitz hotzen gainean, Tartaroan edo dena delakoan zeuden antzinako Greziar gaitzetsi haietako bat bezala. Eta Nancy, berriz... Ba..., atzo bazkaltzerakoan bat-batean esan zuen: «Pilota hegaldunak!» Eta hiru aldiz errepikatu zituen hitz horiek. Badakit zer zebilen haren adimenean, batere adimenik baduela esan badaiteke, zeren Leonorak esan zidan behin neskak esan ziola «pilota hegaldun bat» bezala sentitzen zela, Edwarden eta bere emaztearen nortasun bortitzek atzera eta aurrera botaka zerabiltena. Leonorak, neskak esandakoaren arabera, Edwardi eman nahi zion, eta Edwardek hitzik gabe eta isilean Leonorarengana bidaltzen zuen. Eta harrigarriena da Edwardek uste zuela bi emakume haiek bera erabiltzen zutela «pilota hegaldun bat» bezala. Edo, hobeki esan, berak esaten zuenez, inork frankeatu nahi ez zuen parte txarreko pakete bat bezala bidaltzen zutela batetik bestera. Eta Leonorak ere uste zuen Edwardek eta Nancyk hartu, eta beren umore kapritxozko hutsari jarraituz lurretik altxa edo lurrera botatzen zutela. Beraz, hor duzu koadro polit askoa. Pentsa, ez naiz ari onartutako moralitatearen kontrako ezer predikatzen. Ez naiz maitasun librearen alde ari kasu honetan edo hartan. Gizarteak aurrera jarraitu behar du, nik uste, eta gizarteak iraungo badu, normal, zintzo eta zuri samarrek loratu behar dute, eta gartsu, burugogor eta fidagarriegiak suizidiora eta eromenera kondenatu behar dira. Baina nire ustez, ni suharren, burugogorren eta fidagarriegien klasekoa naiz, nire modu ahulean. Zeren ezin baitiot neure buruari ezkutatu Edward Ashburnham maite nuela... eta ni bezalakoxea zelako maite dudala. Edward Ashburnamen adorea, gizontasuna eta, segur aski, haren gorputza ere izan banitu, uste dut berak egindakoa egingo nuela neurri handi batean. Anaia zaharrago eta sendoago baten tankera du niretzat, zenbait txangotara eraman eta gauza txundigarri franko egin zituena, baratzetan lapurretan nola zebilen ni urrutitik begira nengoen bitartean. Eta, ikusten duzu, bera bezain sentimentala naiz... Bai, gizarteak aurrera jarraitu behar du; jendeak ugaldu beharra dauka, untxiek bezala. Horretarakoxe gaude hemen. Baina, orduan, ez dut oso gogoko gizartea. Figura zentzugabe bat naiz: amerikar aberats bat, bake ingelesaren antzinako egoitza bat erosi duena. Hemen nago, Edwarden arma-gelan, egun oso-osoan isil-isilik dagoen etxe batean. Ez nau inork bisitatzen, nik ere ez baitut inor bisitatzen. Inor ez dago nitaz interesatua, nik ez baitut ezer interesatzen zaidanik. Hogei minututan edo, herrira jaitsiko naiz, neure haritzen azpitik, ote beltzeko sasien ondotik Ameriketako gutunak jasotzera. Nire maizterrek, herriko mutikoek eta dendariek topo egiten dugunean kapelak ukitzen dituzte. Beraz, bizitza ahituz doa. Afaltzera itzuliko naiz, eta Nancy nire aurrean eseriko da haurtzain zaharra atzean zutik duela. Misteriotsu, isil, zeharo ongi-hezia mahaiko gizalegeari dagokionez, Nancyk aurrera begiratuko du, bekain nekatu, luzatuak gainean dituzten begi urdinekin. Behin, edo agian bi aldiz, otorduan zehar bere labana eta sardexka airean esekirik egongo dira, ahaztu zaion zerbait pentsatzen ariko balitz bezala. Gero esango du Jainkotasun Ahalguztidun bat sinesten duela edo «pilota hegaldunak» esango du soilik. Harrigarria da osasunaren gorritasun guztizkoa ikustea haren masailetan, ile beltz kizkurraren distira ikustea, haren lepoa, haren esku zurien grazia... eta pentsatzea horrek denak ez duela ezer esan nahi... esanahirik gabeko koadro bat dela. Bai, bitxia da. Baina, dena dela, Leonora beti egoten da alaitasun pixka bat emateko; ez zaitut tristatu nahi. Senarra oso gizon aditua da ekonomian, eta itxuraz hain da normala, non bere jantzietako asko eta asko neurrira egin beharrik ez duen. Hori da bizitzari eska dakiokeen gauzarik handiena, eta horixe da nire historiaren bukaera. Haurra erlijio katolikoan heziko dute.
* * *
Bat-batean konturatzen naiz ahaztu zaidala Edwardek nola hil zen esatea. Gogoratuko zara bakea abaildu zela etxe gainera. Leonora lasaiki garaile sentitzen zela eta Edwarden iritziz neskarenganako bere amodioa aldi iragankor bat izan zela. Ederki, arratsalde batez ukuiluetan geunden elkarrekin, Edward zaldi-ganbela zabal baterako entseatzen ari zen lurzoru mota berri bat aztertzen ari zen. Aski animaturik ari zen hizketan Hampshireko Armadako soldaduen kopurua maila egokiraino igotzeaz. Oso erne zegoen, oso lasai, azala oso argia zeukan; urrezko ilea erabat ongi orraztuta; aurpegiko adreilu kolore gorria betazalen ertzeraino iristen zitzaion; begiek, portzelanaren kolore urdinekoek, zintzo eta zuzen begiratzen zidaten. Aurpegia zeharo geldo zeukan; ahotsa sakon eta lakarra. Orpoetan finkaturik zegoen zutik, eta esan zuen: «Bi mila hirurehun eta berrogeita hamar izan beharko genituzke.» Ukuilu-mutil batek telegrama bat ekarri zion, eta joan zen. Ganora gabe zabaldu zuen, gogogabeturik begiratu zion, eta, txintik esan gabe, eskura eman zidan. Paper arroxan idatzitako letra laxoan irakurri nuen: «Ongi iritsiak Brindisira. Hagitz ongi nabil. Nancy.» Ederki. Edward jaun prestu ingeles bat zen, baina azken uneraino sentimental bat, adimena poema eta nobela kaxkarrez osatua zuena. Ukuiluko teilatura begiratu besterik ez zuen egin, zerura begira balego bezala, eta nik ulertu ez nuen zerbait xuxurlatu zuen; bi behatz oihalezko traje grisaren txalekoan sartu zituen; labanatxo polit bat atera zuen... labanatxo txiki-txiki bat. Esan zidan: «Telegrama hori Leonorari eramango al diozu?» Eta begirada zuzen, desafiozko, aginduzko batez begiratu zidan. Uste dut begietan ikusten zidala ez neukala atzera eginarazteko batere asmorik. Zergatik eginaraziko nion atzera? Ez dut uste munduan beharrezkoa zenik, bere maizter madarikatuak, bere tiratzaile-klubak eta bere mozkorrak, zentzatu nahiz erremediorik gabeak, konpon zitezela ahal zuten bezala. Haietako ehunka eta ehunka ez ziren aski gizagaixo haren sufrimendua luzatzeko. Oztoporik jartzeko asmorik ez nuela konturatu zenean, begirada gozatu, eta ia maitekor jarri zitzaion. «Agur, adiskide,» hots egin zuen. «Atseden pixka bat hartu beharra daukat, badakizu.» Ez nekien zer esan. «Jainkoak bedeinka zaitzala,» esateko gogoa neukan, ni ere sentimental bat bainaiz. Baina pentsatu nuen ez zela izango oso modu ingeles egokia; beraz, telegrama Leonorari eramatera joan nintzen korrika txikian. Poz handia hartu zuen irakurri zuenean.
Historiarik goibelena |