Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999

 

 

V

 

      Kontakizun honi historiarik goibelena deitu diot, «Ashburnhamen Tragedia» deitu beharrean, hain zuzen ere oso goibela delako, gauzak ezinbesteko bukaeraraino azkar-azkar eraman zituen bultza-indarrik izan ez zelako. Ez du bere baitan tragediak izaten duen goitasuna; ez dago ez nemesirik, ez paturik. Bi pertsona jator ziren historia honetan —zeren konbentzituta nago bai Edward bai Leonora jatorrak zirela izaeraz—; hor ziren, bada, bi pertsona berez jatorrak, bizitzan noraezean, bela-ontziak aintzira batean ur gainean bezala zebiltzanak, eta hondamena, larritasuna, etsipena eta heriotza eraginez. Eta beraiek beren burua hondatzen. Eta zergatik? Zertarako? Zer erakusteko? Dena iluna da.

      Historia honetan ez dago gaiztorik —zeren Basil komandantea bera, jarraian Edward zorigaitzekoari benetako kontsolamendua eman zion emakumearen senarra— Basil komandantea, diot, ez baitzen izan melodrama honetako gaiztoa. Tipo alfer, alproja, ganoragabe horietako bat zen... baina Edwardi ez zion ezer egin. Birmaniako goarnizio berean elkarrekin zeudela, diru mordoxka eskatu zion maileguz... nahiz eta, Basil komandanteak bizio berezirik ez zuenez, ez den erraza asmatzen zertarako behar zuen. Bildumazalea zen —antzina-antzinatik gaur arte egin izan diren zaldientzako ahoko desberdinak biltzen zituen— baina, horretan ere grina izugarririk ez zuenez, ez zuen diru askorik beharko adibidez Genghis Khanen gudu-zaldiaren ahokoa erosteko... Genghis Khanek gudu-zaldirik baldin bazuen. Eta Edwardi diru mordoxka mailegu gisa eskatu ziola esatean ez dut esan nahi loturak iraun zuen bost urteetan mila libra baino gehiago jaso zuenik. Edwardek ez zeukan diru asko, jakina; Leonora arduratzen zen horretaz. Hala ere, urtean bostehunen bat libra izango zituen bere menus plaisirs-etarako: erregimenturako dohaintzetarako eta bere gizonak ongi hornituta edukitzeko. Leonorari amorrazioa ematen zion horrek; nahiago izango zuen dirua beretzat soinekoak erosteko edo hipotekaren bat garbitzeko erabili. Hala ere, bere justizia-zentzuarekin, konturatzen zen, urtean hiru mila ematen zituen jabetza bat kudeatzen ari bazen berriro urtean bost mila emango zituen jabetza bihurtu nahian, eta jabetza hori izatez, nahiz eta legez ez hala izan, Edwardena baldin bazen, arrazoizkoa eta zuzena zela Edwardek beretzat zati bat eskuratzea. Lan makurra zeukan emakumeak horratik.

      Ez dakit finantza-xehetasunak zuzen-zuzen ditudan. Zenbakietarako aski ona naiz, baina nire buruak oraindik maiz nahasten ditu dolarrak eta librak eta zenbaki okerra ateratzen zait. Dena dela, proposamena honelako zerbait zen: Branshaw etxaldeak, Edwardek bere esku zeukanean, ongi landuz gero eta maizterrei beherapenik egin gabe, eta eskolak eta gainerakoak mantenduz, bost mila eman behar zituen urtean. Eman, lau bat mila ematen zituen (libratan ari naiz, ez dolarretan). Edwardek dama espainiarrarekin egindako gehiegikeriak errenta hori hiruraino murriztu zuen... gehienez ere, inolako deskonturik gabe. Leonorak berriro bosteraino igo nahi zituen.

      Gazteegia zen horrelako egoera bati aurre egiteko, noski: hogeita lau urte ez da oso adin handia. Beraz, gaztetasunak ematen duen kemenarekin egin zituen zenbait gauza, bizitzaz gehixeago jakin balu seguru aski lasaixeago egingo zituenak. Edward aise sartu zuen arrastoan. Londresko hotel batean aurre egin behar izan zion, Edward Montecarlotik bere isats gaixoa hanka gaixoen artean zuela arrastaka etorri zenean. Nik dakidanez Leonorak airoso asko moztu zizkion Edwardek hitz totelka eta zurikeriaz esan nahi izan zizkion kontu potxoloak honelatsuko hitzekin:

      «Erreka jotzeko zorian gaude. Gauzak konpontzen utziko al didazu? Nahi ez baduzu, Hendonera erretiratu, eta nire ondasunen errentetatik biziko naiz. (Hendon komentu bat zen, lagunarte katolikoetan «erretiro» esaten zaiona egitera noizbehinka joaten zena.)

      Eta Edward gizajoak ez zekien ezer... ezertxo ere ez. Ez zekien zenbat diru zeukan, ez baitzekien joko-mahaietan zenbat «txahutu» zuen, berak esaten zuen bezala. Milioi laurden bat izan zitekeen, ez zen ongi oroitzen. Ez zekien Leonorak La Dolciquita-ren berririk bazuen ala ez, edo bera yatean ibiltzera joan zela edo Montecarlon gelditu zela uste zuen. Mutu zegoen, eta zulo batean sartu eta hitzik egin beharrik ez izatea baizik ez zuen nahi. Leonorak ez zion hitz eginarazi; eta berak ere ez zuen ezer esan.

      Ez dakit asko legezko prozedura ingelesei buruz... ez naiz gauza Edward lotzeko erabili zuten moduaren xehetasun teknikoak azaltzeko. Baina badakit handik bi egunetara, nik zuri esan dizudana baino gehiago esan gabe, Leonora eta bere abokatua, Edwarden jabetza guztien fideikomisario bihurtuak zirela, uste dut horrela esaten zaiela, eta hori zen Edwarden bukaera lurjabe eta bere herriko ugazaba gisa. Bazter geratu zen.

      Orduan Leonorak hiru milako errenta zeukan bere esku. Edwardi ezarri zion Birmanian zegoen bere Erregimentuko zati batera bidal zezaten lortzeko lana... horrela esatea zilegi bada. Leonora bera luzaz mintzatu zen, astebetez edo... Edwarden administratzailearekin. Ulertarazi zion jabetzari azken penikea ere aterarazi behar zitzaiola. Indiarantz atera aurretik Branshaw alokatua zuen, zazpi urtetarako, urtean mila libratan. Bi Vandyke eta zilar-gauza batzuk saldu zituen hamaika mila libratan, eta hogeita bederatzi mila eskuratu zituen, hipoteka-trukean. Hori guztia Edwardi mailegua eman zioten Montecarloko lagunentzat zen. Beraz, hogeita bederatzi mila horiek berreskuratu beharra zeukan; izan ere, ez baitzitzaion iruditzen Vandyke haiek eta zilarra berreskuratu beharrekoak zirenik. Ashburnhamtarren harrokeriaren edergailuak besterik ez ziren. Edwardek bi egun eman zituen lanturuka bere arbasoen desagerpenagatik, eta orduan Leonora damutu egin zen egindakoaz; baina hortik ez zuen ezer ikasi, eta Edwardi zion estimua asko jaitsi zen. Horrez gain, ez zuen ulertzen Branshaw uzteak zikinkeria fisikoko sentsazio bat sortzen ziola Edwardi... berea zuen emakume bat prostituta bihurtu balitz bezain txarra zela harentzat. Horrelako eragina izan zuen Edwardengan; baina esango nuke dantzari espainiarrarekiko ere ez zela hobeki sentitzen.

      Horrela ekin zion Leonorak lanari. Zortzi urte eman zituzten Indian, eta denbora horretan guztian gogor jarri zen beren burua mantentzeko gauza izan beharrarekin: kapitain soldata gehi frontean egoteagatiko sariarekin bizi beharra zeukaten. Hala ere urteko bostehun librak eman zizkion, Ashburnhamtarren arrandietarako libra haiek, bere kolkorako esan ohi zuenez... eta harekin oso eskuzabala zela iruditzen zitzaion.

      Benetan, alde batera, eskuzabala zen oso... baina ez Edwardek ongi hartzeko moduan. Beti gauza garestiak erosten zizkion, nolabait bere buruari ukatuz. Adibidez, Edwarden larruzko kutxak aipatu ditut. Ba, ez ziren Edwarden kontu bat inola ere. Leonoraren esku-erakutsiak baizik. Edwardi garbi ibiltzea gustatzen zitzaion, baina janzki higatuak ere bai, nolabait. Leonorak ez zuen hori sekula ulertu eta zerri-larru hura guztia mila eta ehun librako irabaziak ekarri zizkion espekulaziorako informazio bat eman izanaren ordaina zen. Leonora bera zen janzki higatuak erabiltzen zituena. Simla izeneko leku batera joan zirenean, non, aditzera dudanez, udan fresko egiten duen eta gizarte harremanak ugariak izaten diren..., Simlara bizkortzera joaten zirenean, Leonorak ibilarazten zuen senarra arrandian, Estatu Batuetan esango luketen bezala, mila dolarreko zaldi baten gainean eta pintxo-pintxo jantzita. Leonora, berriz, erretiro espiritualetara joaten zen. Oso ona zen bere osasunerako, eta oso merkea gai­nera.

      Seguru aski oso ona zen Edwarden osasunerako ere, zeren gehienetan Basil andrearekin ibiltzen baitzen arrandian, oso emakume ederra eta berarekin oso-oso atsegina zena. Uste dut bere maitalea izan zela, baina Edwarden ahotik ez nuen sekula horren berri jakin, noski. Iruditzen zait oso modu erromantikoan moldatu zutela harreman hori, bientzat oso modu egokian... edo Edwardentzat, behintzat; emakume hori, dirudienez, xamurra eta goxoa zen bihotzez, eta Edwardek behar zuena egiten zuen. Ez dut esan nahi nortasunik ez zuenik; hau zuen eginbeharra: Edwardek behar zuena egitea. Beraz, iruditzen zait, bost urte haietan, Edwardek hurbiltasun sakoneko aldi luzeak behar zituela, solasaldi luze-luzetan oinarrituak, eta noizean behin «erori» egiten zirela; horrek Edwardi bihotz-zimikoa sentitzeko aukera emango zion eta komandanteari beste berrogeita hamar maileguan emateko. Ez dut uste Basil andrearentzat hori «erortzea» zenik; errukia zion eta maite zuen, ez besterik.

      Konturatuko zara Leonorak eta Edwardek zerbaitez hitz egin beharra zeukatela urte haietan guztietan. Ezin zara hitzik esan gabe bizi, norbaitekin bizi zarenean, non eta ez zaren Ingalaterrako iparraldekoa edo Maine estatukoa. Hala, Leonorak trikimailu polit bat asmatu zuen: senarrari bere jabetzen kontuak ikusten utzi eta horretaz eztabaidatzea. Edwardek ez zuen jarrera kritikoa hartu; zintzo portatzeko jarrera hartua zuen. Baina Mumford jaun adinekoak —bere errenta pagatzen ez zuen nekazariak— bultzatu zuen Edward Basil andrearen besoetara. Basil andrea Edwardekin topo egin zuen ilunpetan, Birmaniako lorategian, hainbat lore eta abarren artean. Eta Edward sable batekin ari zen haiek mozten, ez bastoi batekin. Edward bakarrik hizketan eta biraoka ari zen, sekulakoak botatzen.

      Basil andreak jakin zuen Mumford izeneko jaun adineko bat bere baserritik bota, eta borda txiki errenta gabeko bat eman ziotela, non bizi baitzen astean nekazarien ongintza-elkarte batek ematen zizkion hamar txelinekin gehi Ashburnhamen fideikomisarioek ematen zizkioten zazpiekin. Edwardek etxaldearen kontuetatik atera zuen informazio hori. Leonorak Edwarden janzteko gelan utzi zituen, eta hura irakurtzen hasi zen bere desfile-jantziak erantzi aurretik. Horregatik zeukan ezpata eskuan. Leonorak uste zuen Mumford jaunarekin inoiz baino eskuzabalagoa izan zela borda errentagabean bizitzen utzi eta zazpi txelin astean ematearekin. Dena dela, Basil andreak ez zuen sekula ikusi gizonik Edward bezain aztoraturik. Denbora puska bat zeraman hartaz maitemindurik, eta Edward ere harena bezain pasio sakonez ibilia zen horrelako samurtasun eta mirespen baten irrikaz. Horrela hasi ziren gaiaz mintzatzen, Birmaniako lorategian, zeru hitsaren pean, landare moztu sorta lauso eta usaintsuak oinen inguruan zituztela. Gertaera horren ondoren uste dut begiramen handiz portatu zirela denbora luzean, nahiz eta Basil andreak Ashburnhamtarren kontuekin hainbeste ordu eman zituen, non buruz ikasi baitzituen soro guztien izenak. Edwardek bere lurren mapa bat zeukan bere zaldi-tresnen gelan, eta ez zirudien Basil komandanteari asko axola zitzaionik. Jendea, nik uste, ez da asko arduratzen goarnizio bakartietan dagoenean.

      Egoera horrek ez zuen bukaerarik izango komandantea ez balute egin behin-behineko koronel deitzen dena Hego Afrikako Gerra aurreko tropa-mugimendua zela-eta. Beste norabait eraman zuten, eta Basil andrea ezin izan zen Edwardekin geratu. Edwardek hobe zuen Transvaalera joatea. Sekulako mesedea egingo zioten han hil izan balute. Baina Leonorak ez zion utzi: gerra-garaian husarren erregimentuak zuen portaerari buruzko historia lazgarriak entzunak zituen: larreetan ehun botilako xanpain kaxak, bost gineako botilaz beteak, hantxe uzten omen zituzten bertan behera, eta horrelakoak. Gainera, Edwardek bere bostehun librak nola gastatzen zituen ikusi nahiago zuen. Ez dut esan nahi Edwardek penarik izan zuenik horregatik. Sekula ez zen izan egintza heroikoen zale, eta berdin zitzaion ipar-mendebaldeko mugan frankotiratzaile batek nahiz onddo-kapela zeukan jaun presturen batek erreka-zoztor baten ubidean tiroz hiltzea. Horiek dira gutxi gorabehera berak esandako hitzak. Uste dut paraje haietan jokabide nabarmena izan zuela. Han lortu zuen D.S.O. domina eta han egin zuten behin-behineko komandante.

      Leonorak, ordea, ez zuen batere atsegin haren karrera militarra. Gorroto zien haren egintza heroikoei. Edwardek Itsaso Gorrian soldadu soil bat salbatzera gerra-ontzitik uretara bigarren aldiz bere burua bota zuelako izan zuten beren arteko istilurik handiena. Lehenbizikoan jasan zuen; are gehiago, zorionak eman zizkion. Baina bidaia hartan Itsaso Gorria zakar zegoen, eta soldadu soilek eromen suizida batek joak ziruditen. Leonora bere onetik atera zuen gertaera horrek; bidaiaren gainerako zatian Edward hamar minuturo bere burua uretara botatzen imajinatu zuen. Eta «Gizona uretan!» oihua berez da gauza gozakaitz, asaldagarri eta aztoragarria. Itsasontzia gelditu egiten dute eta era guztietako oihuak aditzen dira. Eta Edwardek ez zion agintzen ez zela berriro botako, nahiz eta, zorionez, eguraldi freskoagoa aurkitu zuten Golko Pertsikoan sartu zirenean. Leonorari buruan sartu zitzaion Edward bere burua hil nahian zebilela; beraz, uste dut gogorra egingo zitzaiola eskatutakoa hitz eman nahi ez izatea. Leonorak ez zuen inolaz ere itsasontzi horretan egon behar; baina merke-zurrean sartu zen han.

      Basil komandanteak bere goarnizio berrira bidali aurretixek jakin zuen bere emazteak Edwardekin zuen harremanaren berri. Ez dakit xantaiagile-trebetasuna izan zen ala patuaren jukutria bat. Baliteke denbora guztian dena jakitea edo ez jakitea. Dena dela, gutxi gorabehera garai hartan aurkitu zituen zenbait gutun eta beste gauza batzuk. Berehala hirurehun libra kosta zitzaizkion Edwardi. Ez dakit nola moldatu zen kontua; ez dakit xantaiagile batek nola egiten dituen bere eskaerak. Itxurak gordetzeko moduren bat izango da, nik uste. Imajinatzen dut komandantea Edwardi gutunak erakusten birao amorratuak botaz, eta gero gutunak, alde okerretik hartzen ez baziren, erabat inuzenteak zirelako azalpenak onartzen. Hurrena komandanteak esango zuen: «Aizak, adiskide, estu samar nabilek. Hirurehunen bat utziko al dizkidak?» Horrelako zerbait gertatuko zen. Eta urteak joan urteak etorri, komandantearen gutun bat iritsiko zen, esanez diruz estu samar zebilela eta ea hirurehunen bat utziko al zizkion.

      Edwardek kolpe dezentea hartu zuen Basil andreak joan behar izan zuenean. Benetan txera handia zion, eta denbora luzez leialtasuna gorde zion haren oroitzapenari. Basil andreak asko maite izan zuen, eta berarekin noizbait berriro elkartzeko itxaropena gordetzen zuen. Duela hiru egun gutun egoki baina negarti samar bat iritsi zen, hark Leonorari bidalia, Edwarden heriotzaren xehetasunak emateko eskatuz. Indiako egunkari batean irakurri zuen horren berri. Oso emakume xaloa izan behar zuela uste dut...

      Gero Ashburnham senar-emazteak Chitral izeneko leku batera mugiarazi zituzten. Ez naiz ona Indiako Inperioaren geografia kontuetan. Garai horretarako bikote ereduzkoaren estiloa bereganatua zuten eta ez zioten elkarri hitzik egiten pribatuan. Leonorak Edwardi Ashburnhamtarren etxaldeari buruzko kontuak erakustea ere alde batera utzia zuen. Edwardek uste zuen horren arrazoia zela Leonorak halako diru pila irabazia zuela, non ez baitzuen nahi berak jakiterik nola moldatzen zen oraindik gehiago lortzeko. Baina egia esan, bost edo sei urteren buruan, Leonora etsita zegoen Edwardentzat mingarria zela bere etxaldearen kontuak aztertu bai baina erabakitzeko eskurik ez izatea. Leonorak atsegina izan nahi zuen. Eta Chitralen Maisie Maidan gaixoa agertu zen...

      Hori izan zen Edwarden amodiozko aferetan asaldagarriena. Berez desleiala zela pentsarazi zion. La Dolciquita-rekin izandako afera hidrofobiaren gisako eroaldi labur bat bezala hartu zuen. Basil andrearekin izandako harremana ez zitzaion iruditu moral aldetik gaiztakeria larria. Senarra ulerbera agertu zen; elkar maite izan zuten; Leonora oso krudela izan zen berarekin, eta emazte izateari aspaldi utzia zion. Basil andrea bere arima bizkia zela pentsatu zuen, patu gaiztoak berarengandik bereizi zuena: horrelako sentimentalkeriaren bat.

      Baina konturatu zen, Basil andreari astero gutun luzeak idazten jarraitzen zuen bitartean, izugarri urduri jartzen zela egunean zehar Maisie Maidan ikusten ez bazuen. Bere burua ateetara urduri begira aurkitu zuen; konturatu zen haren senar gazteari denboraldi luzetan gorroto ziola. Konturatu zen, halaber, goizean desordutan jaikitzen zela, geroago eguartean Maisie Maidanekin paseatzera joateko denbora izateko. Neskak erabiltzen zituen argoteko hitzak erabiltzen eta haiei balio sentimentala ematen aurkitu zuen bere burua. Horiek, jakina, berandu iritsi ziren aurkikuntzak dira, hain berandu non berak ezin zuen haize alde aritu besterik. Pisua galtzen ari zen, begi-zuloak egiten hasi zitzaizkion, sukar gaiztoak hartzen zuen tarteka. Bere hitzekin esateko, lur jota zegoen.

      Eta egun izugarri bero batean Leonorari bat-batean honako hau esaten ari zitzaiola ohartu zen:

      «Aizu, Maidan andre gaixoa ezingo al genuke gurekin Europara eraman eta Nauheimen utzi?»

      Ez zuen inondik ere horrelakorik Leonorari esaterik pentsatu. Hantxe zutik aldizkari ilustratu bati begira, afaltzeko orduaren zain zegoen, besterik gabe. Afaria hogei minutu atzeratua zen, edo bestela Ashburnham senar-emazteak ez ziren elkarrekin bakardadean egongo. Ez, Edwardek ez zeukan esaldi hori botatzeko inolako asmorik. Beldurrak, irrikak, beroak, sukarrak eragindako mindura isil batekin hantxe zutik egon besterik ez zuen egiten. Hilabeteren buruan beraiek Bran­shawera itzuliko zirela eta Maisie Maidan han geratu eta hilko zela pentsatzen aritua zen. Eta orduan hitz horiek atera zitzaizkion.

      Punkah xarrastaka ari zen ilunpetan jarritako gelan; Leonora leher eginda eta geldi-geldi zegoen bere kanaberazko etzanaulkian; ez bata, ez bestea ez ziren mugitu. Biak une horretan oso gaizki zeuden gaitz jakinik ez izan arren.

      Eta gero Leonorak esan zuen:

      «Bai. Charlie Maidani arratsaldean agindu diot. Gastuak neronek pagatzeko eskaintza egin diot.»

      Edwardek juxtu-juxtu galarazi zion bere buruari «Jainko maitea!» esatea. Kontuan izan berak ez zekiela batere Leonorak zer zekien Maisiez, Basil andreaz, eta are La Dolciquita-z. Egoera aski iluna zen berarentzat. Bururatu zitzaion Leonora amodio-kontuak negozioak bezala ari zitzaiola maneiatzen, eta oraindik gorrotagarriagoa bihurtzen zuen horrek berarentzat... eta errespetagarriagoa ere bai.

      Leonorak, dena dela, dirua helburu batekin erabili zuen. Aste bete lehenago, zenbait urtetan lehenbizikoz, Leonorak hitz egin zion... diru kontuez. Bran­shaweko lurrari hogeita bi mila libra atera zizkion, eta Branshaw altzari eta guzti alokatuaz beste zazpi. Inbertsio emankor batzuk baliatuz —Edwarden aholkuz eginak— beste sei edo zazpi mila irabazi zituen, eta oraindik gehiago irabaz zezakeen haiekin. Hipoteka guztiak garbituak zituen; beraz, Van­dykeak eta zilarreria kenduta La Dolciquita tartean sartu baino lehenago bezain aberatsak ziren. Hori zen Leonoraren lorpen handia. Zenbakiak Edwarden aurrean utzi zituen, hura isil-isilik zegoela.

      «Armada utzi eta Branshawera itzultzea proposatu nahi dizut,» esan zion. «Biok gaixoegi gaude hemen jarraitzeko.»

      Edwardek ez zuen ezertxo ere esan.

      «Hau da,» jarraitu zuen Leonorak batere aztoramenik gabe, «nire bizitzako egunik handiena.»

      Edwardek esan zuen:

      «Lan harrigarria egin duzu. Emakume zoragarria zara.» Branshawera itzultzen baziren Maisie Maidan han utziko zutela zerabilen buruan. Pentsamendu horrek burua zeharo hartua zion. Branshawera itzuli beharra zeukaten nahitaez; garbi zegoen Leonora oso gaizki zegoela han jarraitzeko. Leonorak esan zuen:

      «Konturatuko zara diru-sarrera guztiak gastatzeko erabakiak zure esku izango dituzula. Urtean bost mila izango dira.»

      Leonorak pentsatzen zuen Edwardi asko axola izango zitzaiola urtean bost milako irabaziak gastatzeko aukera izatea, eta berak senarrarengatik horrenbeste egin izanaren ordain gisa bereganako txera pixka bat piztuko zuela Edwarden bihotzean. Baina hark Maisie Maidan besterik ez zeukan buruan... Maisie Maidan berarengandik milaka milia aparte. Biak bereiziko zituzten mendiak ikusten zituen... mendi urdinak eta itsasoa eta ordeka eguzkitsuak. Edwardek esan zuen:

      «Oso eskuzabala zara.» Eta Leonorak ez zuen jakin laudorioa edo mesprezua izan zen. Astebete lehenago gertatu zen hori. Eta aste osoa sekulako lazturak jota eman zuen, mendi haiek, itsaso hark eta ordeka eguzkitsu haiek Maisie Maidan eta biak bereiziko zituztela pentsatzen. Gogoeta horrek astintzen zuen gau itogarrietan: izerdi patsetan egoten zen, eta hotzez dardarka eguerdi itogarrietan... hori pentsatzean. Ez zeukan atseden unerik txikiena ere; hesteak korapilatuta zeuzkan; mingaina denbora guztian lehor; eta hortz artetik ateratzen zitzaion arnasa, berriz, izurriak jotakoen etxeko airea zela iruditzen zitzaion.

      Ez zuen ezertxo ere pentsatu Leonoraz. Paperak aurkeztu besterik ez zuen egin. Handik hilabetera joango ziren. Leku hartatik joan eta Leonorari bere babesa ematera behartuta zegoela iruditzen zitzaion. Eta bere eginbeharra bete zuen.

      Garai hartako bien arteko harremanak zuen okerrena zen Leonorak egiten zuen edozein gauzak Edwardi harenganako gorrotoa pizten ziola. Gorrotoa piztu zion berriro Branshaweko nagusi egitea proposatu zuela jakin zuenean... nagusi gezurrezko ordea, era guztietako murrizketekin. Bere emazteak hori Maisie Maidanengandik bereizteko egiten zuela pentsatzen zuen. Gau sargorietan airean zegoen gorrotoak geletako txoko ilunak betetzen zituen. Hala, entzun zuenean Maidan jaunari proposatu ziola bere emaztea berarekin Europara eramatea, automatikoki gorrotatu zuen Leonora, hark egiten zuen guztia gorrotatzen zuenez. Garai hartan iruditzen zitzaion Leonora krudela besterik ezin zitekeela izan, baita, halabeharrez, gauza atseginen bat egiten zuenean ere... Bai, egoera latza zen benetan.

      Baina itsasoko haize freskoek gorroto hura behe-lainoa balitz bezala ezereztu zuten nonbait. Leonorarenganako mirespena eta begirunea itzuli zizkiotela ematen zuen. Dirua barra-barra eskura edukitzearen atsegina, Maisie Maidanen laguntasuna hark ordaindu izana... gauza horiek hasi ziren Edwardi ikusarazten agian bere emazteak arrazoi zuela bere gose aldi eta murrizketetan tinko egotean. Edward gustura sentitzen zen; are gehiago, erabat zoriontsua zen Maisie Maidanentzat ontzi-gainean salda-katilukadak eramaten zituenean. Gau batez Leonoraren ondoan karelean bermaturik zegoela, bat-batean esan zuen:

      «Munduko emakumerik zoragarriena zara. Nahiago nuke adiskide hobeak bagina.»

      Leonora jiratu, eta hitzik esan gabe joan zen bere kamarotera. Hala ere, osasunez askoz hobeki ze­goen.

 

 

      Eta orain kasuari buruz Leonorak zuen bertsioa eman beharko dizut, nik uste...

      Oso zaila da. Zeren Leonorak, nahiz eta itxuraz beti berean egon, maiz aldatzen baitzuen ikuspuntua. Erakutsi zioten —bere tradizioan, bere hezkuntzan— ahoa itxita edukitzen. Baina batzuetan, esaten zuen, hitz egiteko tentazioari amore ematetik hain hurbil egoten zen, non hotzikarak jotzen zuen aldi horietaz oroitzean. Gauza ziurtzat eman behar da beste edozeren gainetik ahoa itxita eduki nahi zuela munduaren, Edwarden eta hark maite zituen emakumeen aurrean. Hitz eginez gero, bere burua mesprezatuko zuen.

      La Dolciquita-rekin izandako abenturaren garaitik Leonorak ez zuen emazte eginbeharrik bete Edwardekin. Ez berak printzipio bezala betiko Edwardengandik bereizita bizitzeko asmoa zuelako. Bere aholkulari espiritualek debekatu egiten zioten hori, nik uste. Baina erabaki zuen Edward zela, modu agian sinboliko batean, berarengana itzuli behar zuena. Ez zuen oso garbi azaltzen zer nahi zuen; berak ere ez zekien seguru aski. Edo agian bai.

      Momentu batzuetan Edward berarengana itzultzen zela ematen zuen. Momentu batzuetan Leonora Edwardenganako grina fisikoari amore emateko zorian egoten zen. Eta beste momentu batzuetan Basil andrea bere senarrari salatzeko tentazioari amore emateko zorian, edo Maidan andrea bere senarrari salatzeko. Eskandalu publikoaren lazturak sortzeko desioa izaten zuen orduan. Zeren, Edwardi arreta handiagoz erreparatuz eta katu batek inguruan dabilkion txori bati jartzen dion baino begi erneagoa eta belarri-arreta handiagoa jarriz, ohartua baitzen Edwardek bi emakume horiengatik sentitzen zuen pasioaren aurrerabideaz. Edwarden begiak ate eta sarbideetara itzultzen ziren moduan antzematen zion; senarraren lasaitasunak erakusten zion noiz ase zuen bere grina.

      Batzuetan iruditzen zitzaion benetan zegoena baino gehiago ikusten zuela. Iruditzen zitzaion Edwardek beste emakume batzuekin abenturak zeuzkala... birekin batera, hirurekin. Tarte luzetan libertino galdu bat iruditzen zitzaion, eta ez zuen ikusten zer eduki zezakeen beraren kontra. Libertate osoa ematen zion; bere burua ia gosez edukiz ari zitzaion senarrari ondasunak pilatzen; emakumetasunaren alaitasun guztiak ukatzen zizkion bere buruari —ez jantzi, ez pitxirik—, ia lagunik ere ez zeukan, harreman horiek dirua kostako zitzaizkion beldurrez.

      Eta hala ere, harrigarriro, ezinbestean konturatu beharra zeukan bai Basil andrea, bai Maidan andrea emakume ederrak zirela. Emakume batek beste bati begiratzean duen begi gutxiesleak ez zion galarazten ikustea Basil andreak mesede handia egiten ziola, eta Maidan andreak beste horrenbeste. Patuaren lan lazgarri eta ulertezina iruditzen zitzaion. Ulertezina! Zergatik, galdetzen zion bere buruari, bere senarrari egiten zizkion egintza onetako bat bakarra ere ez zitzaion hari barnera heltzen edo egintza on iruditzen? Zer erokeriaren jukutriagatik ez zion senarrak berari uzten harekin Basil andrea bezain ona izaten ? Basil andrea ez zen, bada, hain nabarmenki desberdina bere aldean. Egia zen altua zela, beltzarana, ahots goxo malenkoniatsua eta izaki guztiekin jarrera goxoa zituela, bai emakume punkah-eragileekin, bai zuhaitzetako loreekin. Baina ez zen Leonora bezain ikasia, ez behintzat liburu serioetan. Leonorak ezin zituen jasan nobelak. Baina, alde horiekin guztiekin ere, Leonorari ez zitzaion iruditzen bien artean horrenbesteko desberdintasunik zegoenik. Egiazalea zen, zintzoa eta, gainerakoan, emakume bat, besterik gabe. Eta Leonorak bazuen ideia lauso bat, alegia, gizonentzat emakume guztiak berdinak zirela harreman estuko hiru asteren buruan. Pentsatzen zuen izaera atseginaren erakarpen indarra ahituko zela, ahots goxo eta malenkoniatsuak zirrara eragiteko ahalmena galduko zuela, emakumearen luzera beltzaranak ez ziola gehiago gizonari sortuko oihan esploratu gabean barneratzearen ilusioa. Ezin zuen ulertu nola jarrai zezakeen Edwardek Basil andrearekin talaka amaigabean. Ezin zuen ulertu nola jarraitzen zuen hari gutun luzeak idazten bereizi ondoren. Horren ondoren, gaizki pasatu zuen, benetan.

      Garai horretan Edward «munstro bat» zelako teoria deitu dudana zeukan Leonorak. Beti imajinatzen zuen senarra parean pasatzen zitzaion edozein emakume begiez irensten. Urte hartan ez zen joan Simlako «erretirora», bera kanpoan zela Edwardek neskamea galbideratuko zuen beldur baitzen. Senarra bertako emakumeekin edo zuriekin abenturetan imajinatzen zuen. Dantzaldietan zelatatzeko sukarrak hartua ibiltzen zen...

      Bere burua konbentzitu zuen eskandaluen beldurragatik egiten zuela hori. Gerta zitekeen Edward nahastea zalaparta handia atera zezakeen norbaiten alabarekin edo axola zitzaion senarra zeukan emazteren batekin. Baina benetan, bere buruari gero aitortu zionez, espero zuen, Basil andrea tartean ez zegoenez, etorriko zitzaiola Edwardi berarengana itzultzeko garaia. Denbora hori guztia jeloskeriak eta beldurrak hezurretaraino harturik pasatu zuen: Edward edozeinekin oheratzen hasiko zen beldurra.

      Beraz, harrigarria bada ere, poztu egin zen Maidan andrea agertu zenean... eta konturatu zen ordura arte ez zela senar eta eskandaluez batere kezkatu; ordutik aurrera, ordea, eginahalak egin zituen, Maidan andrearen senarrak batere susmorik izan ez zezan. Egoera gaiztoa zen berarentzat. Baina Edward oso gaixo zegoen, eta berak irribarretsu ikusi nahi zuen berriro. Pentsatu zuen berriro hari irribarre eragiteko gauza baldin bazen, itzul zitekeela, esker onez eta maitasun gogo betez... beregana. Garai hartan pentsatzen zuen Edward grina hutsal eta igarokorreko pertsona zela. Eta berak uler zezakeen Edwardek Maisierenganako zuen grina; izan ere Maisie beste emakumeek erakargarritasuna ezagutuko zioten emakume horietako bat baitzen.

      Oso polita zen, oso gaztea, bihotzeko gaitza izan arren, oso alaia eta ibilera sotilekoa. Eta Leonora maite zuen, eta Maisiek Leonora ere bai. Benetan uste zuen afera hura ederki konponduko zuela. Ez zeukan buruan Maisie adulteriora bultzatzeko asmorik; iruditzen zitzaion Maisie eta Edward Nauheimera eramanez gero, Edwardek haren solasalditxoez eta haren oin eta eskuen mugimendutxoez azkar aspertzeko adina denboraz izango zuela aldamenean. Eta Edwardez fida zitekeela pentsatu zuen. Ez baitzegoen dudarik Maisieren Edwardenganako grinaz. Edwardekin txoratuta zegoen, Leonorak aditua zuenez neskak ikastetxeetan marrazketa-irakasleekin txoratu ohi diren bezala. Bere senar gazteari etengabe galdetzen zion ea zergatik ez zen janzten bere komandantea bezala, zergatik ez zen hura bezala zaldi-gainean ibiltzen, hark bezala tiro egiten, poloan jokatzen, edo are poema sentimentalak errezitatzen. Eta Maidan gazteak, senarrak, izugarri miresten zuen Edward, haren emaztea adoratzen zuen eta aho-zabalik zegoen harekin, eta erabat fidatzen zen Leonoraz. Iruditzen zitzaion Edwardek bere emaztea oso maite zuela. Eta Leonorari iruditzen zitzaion Maisie gaixoa bihotzetik sendatzen zenean eta Edward harekin aspertutakoan beregana itzuliko zela. Ideia lauso pasiozko bat zeukan, alegia Edwardek bestelako emakume sail bat probatutakoan, beregana itzuliko zela nahitaez. Zergatik ez zuen berak bezalako batek bere aukera izan behar haren bihotzean? Iruditzen zitzaion, ordurako, hobeki ulertzen zuela senarra, hobeki ulertzen zituela haren arrandiak, eta, zoriontsuago eginez, haren maitasuna piztuko zuela.

      Florencek horri guztiari errematea eman zion...

 

Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999