Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999

 

 

I

 

      Hau da sekula entzun dudan historiarik goibelena.

 

 

      Ashburnham senar-emazteak Nauheim hirian bederatzi denboraldiz izan genituen lagun; gainera, lagun minak izan ginen, edo, hobeki esanda, gure harremanak hain malgu eta laxoak ziren eta aldi berean hain doiak nola eskularru onak eskuarentzat. Nire emazteak eta biok Ashburnham kapitaina eta bere andrea edozein bezain ongi ezagutzen genituen, eta, hala ere, beste zentzu batean, ez genituen batere ezagutzen. Hau, nik uste, ez daiteke gerta ingelesekin baizik, zeinez oraintsu arte, amodiozko afera goibel honen zatiak lotzera eseri naizen arte, ez nekien ezertxo ere. Duela sei hilabete arte ez nintzen sekula Ingalaterran izan, eta sekula arakatu gabeak nituen ingelesen bihotzen sakonaldeak. Axalaldeak besterik ez nituen ezagutzen.

      Ez dut esan nahi ingeles jende franko ezagutzen ez genuenik. Europan biziz gero, eta hala bizi ginen gu ezinbestez, eta amerikar aisiatsuak izanik, eta hala ginen gu ezinbestez, hau da, oso amerikar bitxiak, ingeles aberatsekin elkartzera bultzatuak ginen. Paris genuen bizileku. Niza eta Bordigheraren arteko lekuren batek eskaintzen zigun urtero neguko kuartela, eta urtero Nauheimen egin ohi genuen egonaldi bat uztailetik irailera arte. Hori jakinda konturatuko zara gutako batek, esan ohi denez, «bihotzekoa» zeukala, eta, nire emaztea hila dela esaten badizut, bera zela gaixoa.

      Ashburnham kapitainak ere «bihotzekoa» zeukan. Baina, urtean hilabetez edo, Nauheimen egoteak gainerako hilabeteetarako punttu-punttuan uzten zuen bitartean, gure bi hilabeteak doi-doi ziren aski Florence gaixoa hurrengo urtera arte bizirik iraunarazteko. Kapitainaren «bihotzekoa», gutxi gorabehera, poloaren ondorioa zen, edo gaztetan kirol gogorretan gehiegi ibili izanarena. Florence gaixoaren urte latzen arrazoia, berriz, itsasoko ekaitz bat zen, Europara lehenbizikoz gentozela gertatua, eta kontinente horretan preso hartuta egoteko arrazoia, berriz, medikuen agindu bat izan zen: Mantxako Kanala gurutzatze hutsa, bere laburrean, aski izango omen zen gaixoa hiltzeko.

      Elkar ezagutu genuenean, Ashburnham kapitainak, Indiatik etxera gaixotasun-baimenarekin etorri eta sekula hara gehiago itzuliko ez zenak, hogeita hamahiru urte zituen; Ashburnham andreak —Leonorak—, hogeita hamaika. Nik hogeita hamasei nituen, eta Florence gaixoak hogeita hamar. Beraz, gaur Florencek hogeita hemeretzi izango zituzkeen, eta Ashburnham kapitainak berrogeita bi; nik, berriz, berrogeita bost ditut eta Leonorak, berrogei. Konturatuko zara, beraz, gure adiskidetasuna jende heldu gazteen afera izan dela; denok oso lasaiak ginen izaeraz, eta Ashburnham senar-emazteak zehazkiago «goi-goiko» jendea esaten zaiena ziren.

      Kapitaina jatorriz, seguruenik espero izango duzunez, Charles I.a urkabera lagundu zuen Ashburnham harekin lotua zen, eta, ingeles jende horrekin espero izango duzunez, ez zuen batere ezagun. Ashburnham andrea Powys bat zen. Florence, Hurlbird bat, Stamfordekoa (Connecticut), non, ongi dakizunez, antigoalekoagoak diren Cranfordeko (Ingalaterra) biztanleak izan daitezkeena baino. Ni Dowell bat naiz, Philadel­phiakoa, non, historikoki egia da, familia ingeles zahar gehiago dauden batera hartutako edozein sei konderri ingelesetan baino. Aldean eraman ohi ditut —munduko lekuren bati ezkutuan ainguraturik naukaten gauza bakarra bailiran— nire etxaldearen jabetza-tituluak; haren mugak garai batean Chestnut eta Walnut Streeten arteko zenbait etxe-sailetara hedatzen baitziren. Jabetza-titulu horiek wampun motakoak dira, Buruzagi indiar batek emanak William Pennekin batera Surreyko Farnham utzi zuen lehen Dowell hari. Florenceren familia, Connecticuteko jendearekin maiz gertatu ohi denez, Fordingbridge ingurutik dator, non baitago Ashburnhamtarren egoitza; etxe horretatik ari naiz, une honetan, idazten.

 

 

      Zergatik idazten dudan galdetuko duzu agian. Eta hala ere nire arrazoiak asko dira. Zeren maiz gertatzen da hiri baten sakeoa edo herri baten txikizioa ikusi duten gizakiek ikusi dutenaren berri ematea beren oinordeko ezezagunen edo belaunaldi arras urrunen onerako; edo, besterik ez bada, ikusi dutena burutik kentzeko. Norbaitek esana da minbiziz hildako arratoi bat pareka daitekeela Godoek Erroma suntsitzearekin, eta zin egiten dizut gure lau kantoiko lagunartearen haustea horrelako gertaera ustekabekoa izan zela. Eman dezagun klubaren aurrealdeko mahaitxoetako baten inguruan laurok eserita aurkitzen gintuzula, adibidez Homburgen, arratsalde batez tea hartzen eta mini-golfera begira; bada, gizakien aferen nondik norakoak ezagutuz, gaztelu biziki segurua ginela esango zenukeen. Beren bela zuriak itsaso urdinaren gainean zabaldurik zituzten ontzi batzuk ginen gu, nahi baduzu. Jainkoak gizakien adimenari sortzen utzi dizkion gauza eder eta seguru guztietan harro eta seguruenak diruditen gauza horietako batzuk. Non babestu hobeki? Non?

      Iraupena? Sendotasuna? Ezin dut sinetsi joana denik. Ezin dut sinetsi bizitza luze, lasai hura, minueto bat dantzatzearen gisakoa, lau egun suntsigarritan desegin zela bederatzi urte eta sei asteren bukaeran. Hitzematen dizut, bai, gure adiskidetasuna minueto bat bezalakoa zela, zeren noiznahi eta zernahi kasutan bagenekien nora joan, non jarri, zein mahai aukeratuko genuen denok aho batez; inoren keinurik gabe, laurok batera, jaiki eta joan gintezkeen, beti kasinoko orkestraren doinuari segituz, beti eguzki-printza epelen azpian edo, euria ari bazuen, babesleku diskretuetan. Ez, benetan ezin daiteke joana izan. Ezin duzu minuet de la cour bat desegin. Partitura-liburua, klabikordioa itxi daiteke; armairu eta arasetan arratoiek jan ditzakete satin zurizko dama-opariak. Zarpazuek Versailles txiki-txiki egingo dute, Trianon gainbehera etorriko da, baina dudarik gabe minuetoak berak bere kasa dantzan jarraituko du izarrik urrunenetaraino, Hesseko bainu-lekuetako gure minuetoa dudarik gabe dantzan ariko den bezala. Ez al dago inon zerurik antzinako dantzen, antzinako intimitate zoragarrien jarraileku denik? Ez al dago Nirvanarik, hauts samin bihurtu arren arima hauskor, dardarati, hilezkorra duten musika-tresnen dardara xumeak gordetzen dituenik?

      Ez, Jainkoarren, hori gezurra da! Ez ginen minueto batean bizi, hura presondegi bat zen... garrasi histeriko erreprimituz betea, oihuak Taunus Waldeko ibilbide itzaltsuetan barrena gure zalgurdien gurpilen hotsaren gainetik ez nabarmentzeko.

      Eta hala ere, nire kreatzailea lekuko hartuz, zin dagit egia zela. Benetako eguzki printzak; benetako musika; iturrietako ur zipriztin benetakoa harrizko delfinen ahotik irteten. Zeren, niretzat, gustu berdinak genituen lau pertsona ginen, han eta hemen batera jarduten genuenak —ez, jardun ez— jartzen ginenak, hori ez al da egia? Bederatzi urtez sagar eder bat izan badut, zuztarra usteldua zuena, eta aurkitzen badut usteldura hori bederatzi urte eta erdi ken lau egunen buruan, ez al da egia bederatzi urtez sagar eder bat eduki dudala? Gauza bera gerta daiteke Edward Ashburnhamekin, haren emazte Leonorarekin eta Florence gaixoarekin. Eta ongi pentsatzen jarriz gero, ez al da arraro samarra gure lau kantoiko etxean gutxienez bi pilarek gorputza usteldua izatea ez zitzaidala iruditzen haren segurtasunarentzat mehatxu bat? Ez zait iruditzen hala orain ere, bi horiek hilda egon arren. Ez dakit...

      Ez dakit ezer —ezertxo ere— gizon-emakumeen bihotzaz. Bakarrik nagoela besterik ez dakit... bakar-bakar-bakarrik. Niretzat ez da lurreko surik, adiskidetasun harremanik ikusiko duenik. Ez da erretzaile-gelarik ke kiribilen artean dabiltzan irudi enigmatikoz beterik egongo ez denik. Eta hala ere, Jainkoaren izenean, zer dakit nik, ez badakit sutondoko eta erretzaile-gelako bizitzaz dakidana, nire bizitza osoa hor pasatu eta gero? Sutondoaren epela! Han zegoen Florence, bada: uste dut bihotza sendaezineraino ahuldu zion ekaitzaren ondoren haren bizitzak iraun zuen hamabi urteetan... ez dut uste minutu batez egon zenik nire begi-bistatik kanpo, ez bada ohean sartuta goian zegoenean eta ni beheko solairuan, egongela edo erretzaile-gelaren batean lagun onen batekin hizketan edo oheratu aurretik zigarro puru bat errez azkeneko itzulia ematen nenbilenean. Ez diot Florenceri errurik botatzen, ulertu ongi. Baina nola jakin ahal izan zuen zekiena? Nola lortu zuen jakitea? Horren ongi jakin ere? Zeru Santua! Ez du ematen horretarako astirik izan zenik ere. Nire bainuak hartzen, nire gimnasia-ariketetan edo manikura egiten ari nintzenean izango zen. Nik egiten nuen bizimodua egitez gero, erizain saiatu lanpetuarena, zerbait egin behar sasoian egoteko. Une horiek baliatuko zituen, ziur! Hala ere, denbora-tarte horiek ere ezin daitezke aski izan Leonorak, biak hil zirenez geroztik, aipatu dizkidan solasaldi ikaragarri luze haiek jakituria mundutarrez betetzeko. Eta pentsa ote liteke Nauheim eta inguruetako gure ibilaldi aginduzkoetan Florencek aurkitu zuela denbora Edward Ashburnhamen eta haren emaztearen artean egin zituen negoziazio luzeak egiteko? Eta ez al da sinestezina denbora hartan guztian Edward eta Leonorak ez ziotela hitzik esan elkarri pribatuan? Zer pentsatu behar du batek gizateriaz?

      Zeren, zin degizut bikote ereduzkoa zela. Edward izan litekeen adeitsuena zen, ergelkeriaraino iritsi gabe. Hain zen itxura onekoa, bere begi urdin zintzoekin, bere xalotasun ukituarekin, hain bihotz oneko goxotasunarekin. Eta Leonora... hain garaia, hain ederra zaldi-zelaren gainean, hain polita. Bai, Leonora izugarri polita zen, eta hain guztizkoa, non onegia ematen zuen benetakoa izateko. Jeneralean inork ez du izaten dena maila gorenean batera. Aristokrazia lurjabekoa izatea, aristokrazia lurjabekoaren itxura izatea, hain neurriz eta hain oparo aberatsa izatea; hain perfektua maneratan... are gehiago, beharrezkoa dirudien lotsagabekeri punttu barkagarria falta gabe. Hori guztia izatea eta hori guztia edukitzea! Ez, gehiegi zen benetakoa izateko. Eta, hala ere, gaur arratsaldean bertan esan dit: «Behin maitale bat izaten saiatu nintzen, baina aurretik bidali egin behar izan nuen: hartaraino gaizkitu zidan bihotza, hain utzi ninduen desegina!» Sekula aditu dudan gauzarik harrigarriena iruditu zait. Esan du: «Gizon baten besoetan nengoen, egon ere. Mutil ederra. Maitagarria benetan! Eta neure artean ari nintzen esaten, bortizki, hortz artetik arnasestuka, nobeletan esan ohi denez —eta eginahalean hortzak estutuz—, ari nintzen neure artean: «Orain erabakia hartua dut eta bizitza osoan behingoz ongi pasatzera noa... nire bizitzan behingoz.» Ilunpetan izan zen, zalgurdi baten barnean ehiza-dantzaldi batetik itzultzean. Hamaika miliako bidea genuen aurretik! Eta orduan, bat-batean betiko miseriaren samina, etengabe itxurak egiten aritu beharra... dena madarikazio bat bezala erori zitzaidan gainera, eta dena hondatu nuen. Bai, konturatu nintzen aukera nuenean ere ez nintzela gauza ongi pasatzeko. Eta negarrez hasi, eta hamaika milia haietan negar batean etorri nintzen. Ni negarrez, pentsa! Eta halako mutil ederra lelo-aurpegiarekin uzten! Hori ez zen garbi jokatzea, ala?»

      Ez dakit, ez dakit; Leonoraren azken oharpena purtzil batena ote da? Ala emakume txukun guztiek, aristokrazia lurjabe edo lurjabe ondoko, beren bihotzaren barne-barnean hori pentsatzen ote dute? Edo denbora guztian pentsatzen ote dute hori, horretara ezkero? Nork daki?

      Hala ere, batek ez badaki, gaur den egunean eta orduan, erdietsi dugun zibilizazio goi-punttu honetan, moralista guztien sermoien ondoren eta ama guztiek alaba guztiei in saecula saeculorum erakutsitakoen ondoren... baina agian hori da ama guztiek alaba guztiei erakusten dietena, ez ezpainekin baizik begiekin, edo bihotzak bihotzari xuxurlatuz. Eta batek ez badaki horrenbeste ere munduko lehenbiziko gauzaz, zer daki eta zertarako dago hemen?

      Ashburnham andreari galdetu nion ea Florenceri kontatu al zion gertaera hori, eta erantzun zuen: «Florencek ez zuen komentariorik egin. Zer esan zezakeen? Ez zegoen ezer esateko. Itxurak mantentzeko aurre egin behar genion pobrezia itogarriarekin, eta pobrezia etorri zitzaigun moduarekin —badakizu zer esan nahi dudan— edozein emakumek justifikatua izango zukeen maitale bat hartzea eta opariak onartzea. Florencek esan zuen oso antzeko kasu bati buruz —ongitxoegi hezia zen, amerikarregia, nireaz mintzatzeko— aukera libreko kasu garbi bat zela eta zilegi zela emakumeak momentuko bultzadaren arabera jokatzea. Hori hizkera amerikarrean esan zuen, baina zentzu hori zeukan. Hark benetan esandako hitzak uste dut hauek izan zirela: «Emakumeari zegokiola hartu ala uztea...»

      Ez dut nahi idatzi dudanarengatik pentsatzerik Teddy Ashburnham kirten bat zenik. Ez dut uste horrelakoa zenik. Jainkoak daki! Agian gizon guztiak dira horrelakoak. Zeren, esan dudan bezala, zer dakit nik erretzaileen gelako jendeaz ere? Tipo bat sartzen da hara eta kontatzen ditu istoriorik zikinenak... mingarriak izateraino zikinak. Eta, hala ere, mindu egingo litzateke esango bazenio ez dela batek bere emaztea harekin bakarrik uzteko bezain fidagarria... hori inor inorekin bakarrik uzteko bezain fidagarria bada. Baina horrelako tipo batek atseginago du istorio zikinak kontatzea edo entzutea... atseginago munduan beste ezer baino. Ehizan, janzten, otorduetan, motel ibiliko dira, inolako gogorik gabe egingo dute eta aspergarria irudituko zaie edozertaz hiru minutuko solasaldi bat izatea, eta, hala ere, beste tankera horretako solasaldia hasten denean, barrez hasi, esnatu eta eserlekuetan alderoka hasiko dira. Orduan, kontu horiek horren atsegin badituzte, nola liteke mintzea —eta benetan mindu gainera— zeure emaztearen ohoreari eraso egin liezaioketela esaten badiezu? Are gehiago, Edward Ashburnham tiporik txukunena zen itxuraz: magistratu bikaina, lehen mailako militarra; Hampshireko (Ingalaterra) etxeko jaunik hoberenetako bat, ziotenez. Pobreentzat eta mozkor porrokatuentzat, nerau izan naiz lekuko, zaintzaile arretatsua zen. Eta nik ezagutu nuen bederatzi urteetan ez zuen kontatu istorio bakar bat ere Field-eko zutabeetan ager ez zitekeena. Ez zuen gustuko halakorik aditzea ere; bere lekuan urduri mugitzen hasi, jaiki, eta kanpora aterako zen zigarro puru bat erostera. Esango zenuen zure emaztea harekin uzteko bezain fidagarria zela tipo hura. Eta ni neurea uzteko adina fidatu nintzen, eta erokeria izan zen.

      Eta, hala ere, berriro harrapaturik naukazu. Edward gizajoa bere adierazpenen garbitasuna zela-eta baldin bazen arriskutsua —eta esan ohi da hori dela libertinoaren ezaugarria—, ni zer? izan ere, zin-zinez diot ez dudala utzi nire solasean sekula ezer zatarren izpirik lerra zedin, are gehiago, nire pentsamenduen garbitasunaz eta nire bizitzaren kastitate erabatekoaz hitz ematen dut. Orduan, zein da kontu garbia? Erokeria bat edo trufa hutsa ote da dena? Eunuko bat besterik ez ote naiz ni, eta gizon benetakoa —bizitzeko eskubidea duen gizona— bere auzoaren familiako emakumeen aurrean beti irrintzika ari den garaño galgarik gabea besterik ez ote da?

      Ez dakit. Eta ez dago ezer gida gisa balia dezakegunik. Eta dena hain lanbrotsua bada sexuaren etika bezalako oinarrizko gauza batean, zer balia ote dezakegu gida gisa harreman pertsonalen, elkarlanaren eta beste egitekoen moraltasun irristakorragoan? Edo gure barne-bultzaden menpeko jokabideari makurtzeko eginak ote gara? Dena oso iluna da.

 

Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999