Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999

 

 

III

 

      Eta gero Leonora erabat lur jota geratu zen... Branshaw Teleraghera itzuli ziren egunean. Gure adimen errukarrientzako zigor merezia... patu latz baina seguru aski zuzen batek ezarritako tormentua da ezbeharrak banaka ez etortzea. Ez, edozein sufrimendu handik, nahiz eta sufrimendua bera joana izan, bere lekuan laztura, zorigaizto eta etsipen sail bat uzten du. Izan ere, Leonorak, bere baitan, lasaitu ederra hartu baitzuen. Jakin zuen Edward neskarekin utz zezakeela eta Nancy erabat fidagarria zela. Eta gero, bere begiraletza laxatzearekin batera, bere adimen osoaren laxatzea etorri zen. Hau da agian historia osoaren zatirik latzena. Latza baita ideia argiak eduki arren norbait amore ematen ikustea; eta Leonora amore ematen hasi zen.

      Konturatu behar duzu Leonorak gorroto eroa ere bazen pasioaz maite zuela Edward. Eta urtetan eta urtetan bizi izan zela berarekin hitz goxo bat hari esan gabe. Ez dakit nola lortu zuen. Harremanaren hasieran bertan ezkondu zuten berarekin. Etxalde irlandar soil, gaizki zaindu batean jaiotako zazpi alabatako bat zen, eta hainbeste aldiz aipatu dudan komentutik bere ikasketak bukatu ondoren itzuli zen hara. Urtebete lehenago bukatu zituen, eta hemeretzi urte bete berria zen. Zaila da hain eskarmentu gutxiko inor imajinatzea. Ia esan liteke apaiz ez ziren gizonekin ez zuela hitz egin. Komentutik zuzenean itzulirik, etxaldeko harresi altuen barnealdera sartu zen, edozein komentu baino itxiagoa zen etxera. Han zazpi neskak zeuden, ama leher egina, aita kezkatua, urtean zehar hiru aldiz maizterrek postaz tiro egin baitzioten hesi baten atzetik. Etxeko emakumeak, oro har, errespetatzen zituzten maizterrek. Astean behin nesketako bakoitza, zazpi baitziren, bere amarekin ateratzen zen paseatzera pony lodi eta astun batek tiratzen zuen zumezko kalexa zahar batean. Noizean behin bisitaren bat egiten zuten, baina hain bakanak ziren, non, Leonorak ziurtatu didanez, komentutik atera eta ondorengo urtean hiru aldiz izan baitzen beste norbaiten etxean. Gainerako denbora guztian zazpi ahizpak batetik bestera ibiltzen ziren espaldera kimatu gabeen artean lorategi zaindugabeetan. Edo belar gainean tenisean edo squash-ean aritzen ziren lorategia inguratzen zuen harresiaren txoko batean... fruta-arbolak aspaldi desagertuak ziren txoko batean hain zuzen ere. Akuarelaz pintatzen zuten, brodatu, poemak albumetan kopiatu. Astean behin mezatara joaten ziren; astean behin konfesatzera haurtzain xahar batek zainduta. Zoriontsuak ziren, ez baitzuten beste bizitzarik eza­gutu.

      Bitxikeria galanta iruditu zitzaien, hiriburutik egun batean argazkilari bat ekarri eta argazki bat egitea zazpiei, enbor bihurrian liken grisa zeukan sagarrondo zahar baten itzalpean zutik.

      Baina ez zen bitxikeria.

      Hiru aste lehenago Powys koronelak Ashburnham koronelari idatzi zion:

      «Aizak, Harry, hire Edward hori ez al lukek ezkonduko nire nesketako batekin? Jainkoaren bedeinkazio bat izango lukek niretzat; izan ere, azkenetan nauk, eta neska batek norekin joan bilatzen badu, besteak atzetik joango dituk.»

      Gero esaten zuen bere alaba guztiak zirela altuak, tenteak, neurriz egokiak eta erabat garbiak, eta Ashburnham koronelari gogorarazten zion ezkondu zirenean, egun berean ezkondu baitziren biak, nahiz eta eliza desberdinetan, bata katolikoa baitzen eta bestea anglikanoa, biek erabaki zutela aurreko gauean, garaia iritsitakoan bataren semeren bat bestearen alabetakoren batekin ezkonduko zela. Ashburnham andrea Powys kastakoa zen, eta Powys andrearen lagunik maiteena izaten jarraitzen zuen. Munduan barrena ibiliak ziren biak soldadu ingelesen erara, elkar gutxitan topatuz, baina bien emazteak beti elkarrekin gutun-harremanetan. Gauza hutsalak zituzten solasgai, adibidez Edwardi eta neska zaharrenei hortzak atera zitzaizkiela edo galtzerdi zetazko batean urratu bat konpontzeko modurik hoberena zein zen.

      Eta, gutxitan elkartu arren, aski maiz zen gogoan fresko edukitzeko batak bestearen nortasuna, pixkana gristatzen ari baitzen eta, pixkana junturetan zurrunagotuz joan arren, beti oroitzapen mordo bat gordetzen baitzuen solasgaitarako. Gero, zerbitzu aktiboko urteetan normalean edukitzen zituzten barnetegitik ateratzeko adinera iritsi zirenean, Powys koronela Armadatik erretiratu zen, haientzat etxe bat egin behar zuela-eta. Kontua da Ashburnhamtarrek ez zutela Powysen alabetako bat bakarra ere ezagutzen; Edward, berriz, lau gurasoak Londresen elkartzen zirenean beti izaten zen haiekin. Garai hartan hogeita bi urte zituen, eta nire ustez Leonora bera bezain garbia zen. Harrigarria da mutil batek mundu honetan nola eduki dezakeen bere adimen garbia hondatu gabe.

      Hori hein batean bere amaren arreta handiaren ondorioa zen, baina baita Winchesterko ikastetxeko giro garbiarena eta Edwardek hizkera zatarrari eta kontu lizunei zien gorrotoarena ere. Sandhursten horrelako gauzei propio muzin egin zien. Soldadu-lanak, matematika, topografia, politika zituen gogoko eta, bere adimenaren isuri bitxi batengatik, literatura. Hogeita bi urte zituenean ere orduak ematen zituen Scotten nobelak edo Froissarten kronikak irakurtzen.

      Ashburnham andreak pentsatzen zuen horregatik zorionak eman behar zitzaizkiola, eta ia astero, Powys andreari idazten zionean, bere zoriona aipatzen zion.

      Gero, egun batean, bere semearekin Bond Streeten behera paseatzen zihoala, Lordsen izan ondoren, erreparatu zuen Edwardek nola bihurtu zuen burua parean pasatu zitzaien ongi jantzitako neska bati berriro begiratzeko. Hori ere idatzi zion Powys andreari, eta nolabaiteko larritasuna adierazi zion. Edwarden partetik egintza erreflexu erabatekoa izan zen. Une hartan hain zegoen bere baitan sartua tutoreak ezartzen zion memorizazio lana zela medio, non ez baitzen konturatu ere egin zer egin zuen.

      Ashburnham andreak Powys andreari idatzitako gutun horrek ekarri zuen Powys koronelak Ashburnham koronelari egin zion gutuna: erdi txantxetakoa, erdi irrikazkoa. Ashburnham andreak bere senarrari erantzunarazi zion, gutun ez hain txantxetako batekin... Powys koronelak eskaintzen zituen ondasunei buruzko ideiaren bat eman behar zuela esanez edo. Horregatik bidali zuen argazkia. Nik ikusi dut, zazpi neskak denak zuriz jantzita, denak oso antzekoak hazpegiz, denak Leonora izan ezik, kokots-aldea beteagoa eta begirada zozoagoa baitzituen. Esango nuke argazkiak berak egiten zuela Leonora kokots-aldez beteago eta begiradaz zozoago, ez baitzen argazki ona. Baina sagarrondoaren adarretako baten itzalak aurpegia mozten dio, eta ia erabat ezkutuan geratzen zaio.

      Powys koronelak eta bere emazteak oso denboraldi neketsua izan zuten. Ashburnham andreak idatzi zien esanez, bene-benetan, bere ama-kezkek ez zutela lasaibide hoberik izango beren semea Powys andrearen alabetako batekin ezkontzen bazen baino, beti ere mutilak horretarako gogoa erakusten bazuen. Zeren, eransten zuen, bere Edwarden kasuan maitasunezko elkartze batean besterik ez baitzegoen pentsatzerik. Baina Powys bikoteak merke-zurrean ibili beharra zeukan, hainbesteraino, non gazteak elkar ezagutzea bera ere oso apustu arriskutsua baitzen.

      Nesketako bat Irlandatik Branshawera bidaltzearen gastua izutzeko modukoa zen haientzat; eta edozein neska aukeratuta ere, gerta zitekeen Edwarden gustukoa ez izatea. Beste alde batetik Ashburnhamtarren bisita batek janari eta aparteko maindiretan eragingo zituen gastuak ere izutzekoak ziren. Horrek esan nahi zuen, matematikoki, beren otorduetan murritz ibili beharko zutela gero. Hala ere, arriskatu ziren, eta Ashburnhamtarrak etxalde bakartira etorri ziren, hirurak. Edwardi leku basa samarrean ehiza eta arrantza eta emakumezkoen zurrunbiloa eskaini ahal izan zizkioten; baina nik esango nuke neskek zirrara handiagoa egin ziotela Ashburnham andreari Edwardi berari baino. Oso guriak eta fidagarriak iruditu zitzaizkion. Izan ere, hain ziren sendoak, non itxuraz Edwardek nolabait mutilak balira bezala begiratu zien, ez neskak balira bezala. Eta orduan, arrats batez, Ashburnham andreak bere mutilarekin ama ingelesek beren semeekin izan ohi dituzten elkarrizketa horietako bat izan zuen. Badirudi prozedura aski gaitzesgarria izan zela, han zer gertatu zen ez badakit ere. Dena dela, hurrengo goizean Ashburnham koronelak bere semearen izenean Leonora emaztetarako eskatu zuen. Horrek nolabaiteko laborria sortu zien Powys senar-emazteei; izan ere, Leonora hirugarren alaba zen eta Edwardek zaharrenarekin ezkondu beharko zukeen. Powys andreak, gizarte-arauen kontuan estua baitzen, proposamenari uko egin nahi izan zion ia. Baina koronelak, senarrak alegia, argudiatu zuen bisita hirurogei libra kostatua izango zela, zerbitzari estra bat, zaldia eta zalgurdia, ohe bat eta ohe-jantziak erostea eta mahai-zapi estrak tarteko. Ezkontza beste biderik ez zen geratzen. Horrela bihurtu ziren Edward eta Leonora senar-emazte.

      Ez dakit beharrezkoa den erabateko bereizketaraino egindako aurrerabidearen azterketa xeherik. Agian bai. Baina gauza asko dira ongi ulertzen ez ditudanak, Leonorari galdetzea ongi egongo ez liratekeenak edo Edwardek kontatu ez zizkidanak. Ez dakit Edwardek sekula maitatu zuen bere emaztea. Desiragarriena iruditzen zitzaion zazpi ahizpen artean. Burugogor jarri zen, hura ez bazen beste inor ez zuela hartuko eginez. Eta, dudarik gabe, ezkondu aurretik irakurritako liburuetatik ateratako kontu politak esango zizkion. Baina bere sentipenak azaltzeko gauza zen heinean, badirudi gero lasai-lasai eta pultsua batere aztoratu gabe eta inolako oztoporik gabe eraman zuela neska. Hala ere, dena hain aspaldiko kontua zenez, bere bizitza errukarriaren bukaeran kontu ilun eta lauso bat iruditzen zitzaion. Leonora izugarri miresten zuen.

      Benetan miresten zuen Leonora. Haren zintzotasuna, gogo-garbitasuna, gorputzaren sendotasuna, eraginkortasuna, larruazalaren zuritasuna, ilearen urre-kolorea, fedea, eginbeharraren zentzua miresten zituen. Atsegingarria zen batera eta bestera hura ondoan eramatea.

      Baina Leonorak ez zuen magnetismo izpirik Edwardentzat. Nire ustez, benetan, Leonora sekula triste egoten ez zelako ez zuen Edwardek maite. Arrazoi ezkutu eta ilunengatik triste zegoena kontsolatzeak sentiarazten zuen Edward benetan ongi bizitzan. Hori ez zuen sekula egin behar izan Leonorarekin. Agian, gainera, Leonora oso esanekoa izan zen hasieran. Ez dut esan nahi menpeko hutsa zenik... bere ideietan senarrari men egiten zionik. Hori ez. Baina erdi-aroko birjina esaneko bat bezala eman zioten senarrari, bizitza osoan emakumearen lehen eginbeharra obeditzea dela erakutsi zioten. Eta hori egiten zuen.

      Leonorarengan, gutxienez, Edwarden dohainen mirespena amodiorik sakonena bilakatu zen berehala. Senarraren taupadak sekula azkartu ez baziren ere, Leonora, esan didatenez, erabat aztoratzen zen dantza-gelaren beste aldetik hurbiltzen zitzaionean. Batetik bestera jarraitzen zion konfiantza, mirespen, esker on eta maitasunez betetako begiradaz. Hura zuen, hein handi batean, bere artzain eta gidari... eta hark gidatzen zuen, komentutik atera berria zen neska batentzat ia zerua zen bizimoduan. Ez dakit batere nolakoa den ofizial ingeles baten emaztearen bizitza. Dena dela, festak, solasaldiak eta mirespen zintzoa eskaintzen zioten gizonak eta neskato bat balitz bezala tratatzen zuten emakume atseginak ez ziren falta izaten. Bere konfesoreak ontzat ematen zuen Leonoraren bizimodua, Edwardek uzten zion barnetegian utzi zituen lagunei oparitxoak egiten, eta Ama Nagusiak ontzat ematen zuen Edward. Ez zen izan neska zoriontsuagorik bost edo sei urtez.

      Denbora horren buruan hasi ziren lainoak azaltzen, esan ohi den bezala. Orduan hogeita hiruren bat urte izango zituen, eta agian bere eraginkortasunaz jabetzeak agintzeko desioa piztu zion. Edwarden eskuzabaltasuna gehiegikeria iruditzen hasi zitzaion. Edwarden gurasoak garaitsu horretan hil ziren, eta, nahiz eta gurasoek armadan jarraitu behar zuela erabaki, Edwardek arreta handia eskaini zion garai hartan Branshaw administratzaile batekin gobernatzeari. Aldershot ez zegoen hain urrun, eta biek hantxe ematen zituzten bere baimenaldi guztiak.

      Eta, bat-batean, Leonorari eskuzabaltasun horiek fantasiosoegiak zirela hasi zitzaion iruditzen nonbait. Dohaintza handiegiak egiten zituen bera kide zen ofizialen jantokirako, eta bere aitaren zerbitzariei, nahiz zaharrei nahiz berriei, pentsio handiegiak ematen zizkien. Ashburnhamtarrek diru-sarrera handiak zituzten, baina diruz urri ibiltzen ziren tarteka. Edward baserri bat edo beste hipotekatzeaz mintzatzen hasi zen, nahiz eta sekula ez zuen horrelakorik egin.

      Leonorak senarra zentzarazteko saio bat edo beste egin zuen, baina ez oso zorrotzik. Bere aitak, noizbehinka ikusten baitzuen, esan zion Edward eskuzabalegia zela maizterrekin; bere armakideen emazteak kexuka etorri zitzaizkion Leonorari; hark egiten zituen dohaintzak handiegiak omen ziren, eta horrek zail egiten omen zuen haren mailara iristea. Ironia dezentea bada ere, bien arteko lehen istilua Ashburnhamek Branshawen kapera katoliko bat eraiki nahi izatetik sortu zen. Leonoraren ohoretan egin nahi izan zuen, eta ez zuen merke-zurrean ibiltzeko asmorik. Leonorak ez zuen hura egitea nahi; Branshawetik ederki joan zitekeen zaldi-kotxean hurbileneko eliza katolikora nahi zuen guztietan. Ez zuten maizter katolikorik, ez zerbitzaririk, haurtzain xahar bat salbu, eta harekin joan zitekeen beti. Nahi adina apaiz zituen berarekin egoteko... eta apaizek berek ere ez zuten nahi kapera dotorerik han; izan ere, jarraibide handiputz nabarmena emango baitzuen. Prest zeuden erabat Leonora eta bere haurtzainarentzat meza emateko Branshawen zeudenean, behar bezala txukundutako alboko etxetxo batean. Baina Edward astoa baino burugogorrago jarri zen kontu horrekin.

      Leonoraren gogorkeriak min eman zion... berarengandik horrelako omenaldi ageriko bat jaso nahi ezak alegia. Irudimen eskaseko emakumea iruditu zitzaion: hotza eta gogorra. Ez dakit apaizek zenbaterainoko eragina izan zuten kontu hura bihurtu zen tragedian; zintzo jokatu zutela uste dut, baina oker. Baina, ongi pentsatuta, nor ez zen okertuko Edwardekin? Uste dut Edward minduta zegoela Leonoraren konfesoreak bera konbertitzen sekulako ahaleginak egin ez zituelako. Izan zen garai bat sentipenez katoliko bihurtu nahi izan zuena.

      Ez dakit nola ez ziren aukera hartaz baliatu; baina jende horiek zuhurtzia-mota bitxiak eta kontuz ibiltzeko joera bitxiak dituzte. Agian pentsatuko zuten itsumustuko konbertsio batek ezkongai protestante aberatsak, neska katolikoentzat desiragarriak izan zitezkeenak, uxatuko zituela. Agian Edwarden sakonaldeak berak baino hobeki ikusten zituzten, eta ohartzen ziren ez zela oso konbertso errespetagarria izango. Dena dela, apaizek —eta Leonorak— bakar-bakarrik utzi zuten. Hori oso mingarria izan zen harentzat. Leonorak serio hartu balitu haren asmoak, dena desberdina izango omen zen, Leonorak esan zidanez. Baina hori txorakeria bat dela uste dut.

      Dena dela, kaperaren kontuarekin izan zuten beren arteko lehenbiziko istilu benetan latza. Edward garai hartan ez zegoen ongi; berak uste zuen erregimentuko eginbeharrekin lanpetuegia zebilela: garai hartan jantokia gobernatzen zuen. Eta Leonora ez zegoen ongi: beren ezkontza antzua izango zela-eta beldurtzen hasia zen. Eta orduan aita etorri zitzaien Glasgowetik beraiekin egun batzuk pasatzera.

      Garai nahasia izan zen hura Irlandan, jakin dudanez. Dena dela, Powys koronelak maizterrak zituen buruan, bereek eskopetaz tiro egin baitzioten. Eta Edwardekin egindako solasaldietan —eta haren administratzailearekin izandako solasaldi are luzeagoetan— buruan sartu zitzaion Edwardek maizterrekiko eskuzabaltasun burugabez gobernatzen zituela bere jabetzak. Jakin dut, gainera, urte haiek —laurogeita hamarrak— txarrak izan zirela nekazaritzarako. Gariak xilin batzuk besterik ez zituen egiten ehun librako; haragiaren prezioa hain zen baxua, non ez baitzuen ematen aziendaren bazka bera pagatzeko adina ere; konderri ingeles osoek jo zuten erreka. Eta Edwardek bere maizterrei beherapen handiak egiten zizkien.

      Biei justizia egiteko esan behar dut Leonorak gerora onartu duela bera oker zebilela garai hartan eta Edward epe luzerako politika hobea ari zela egiten bere maizter benetan onak zainduz garai txar haietan. Besterik izango zen baldin eta bere irabazi guztiak lurretik atera izan balitu; zati bat trenbideko dibidenduetatik zetorkion, ordea. Baina Powys koronel zaharra susmoek hartua zebilen, eta nahiz eta sekula ez zen ausartu Edwardi zuzenean hartaz galdetzera, etengabe ematen zizkion bere sermoiak Leonorari, aukerarik galdu gabe. Bere ideiarik kuttunena zen Edwardek bere maizter guztiak bota eta Eskoziatik maizter sail berri bat ekarri beharko zukeela. Hori ari ziren egiten Essexen. Haren iritziz Edward arrapaladan zihoan erreka jotzera.

      Horrek Leonora oso kezkatzen zuen, izugarri kezkatu ere; gauak ematen zituen esna; ezpainen inguruan urduritasunak eragindako marra bat zeukan. Eta horrek Edward ere kezkatzen zuen. Ez dut esan nahi Leonorak Edwardi maizterren kontua aipatu zionik... baina hark jakin zuen norbait aritu zela gai horretaz hizketan Leonorarekin, seguru aski haren aita. Horren berri izan zuen, behintzat; izan ere, administratzaileak egunero gosari garaian bisita bat egiteko ohitura baitzuen, gero gertaera xumeen berri emateko. Eta bazen Mudford izeneko maizter bat, azken hiru urteetan errentaren erdia besterik pagatu ez zuena. Goiz batez administratzaileak esan zuen Mudfordek ezin zuela urte hartan errentarik batere pagatu. Edward pentsatzen geratu zen une batez, eta gero honelako zerbait esan zuen:

      «Ongi da, gizajoa zaharra da eta bere familia ehun urtez izan dugu maizter. Ez dezala pagatu, bada.»

      Eta orduan Leonorak —gogoan izan behar duzu bazituela motiboak garai hartan urduri eta kezkaturik sentitzeko— intziri baten gisako hots bat jaregin zuen. Horrek Edward izutu egin zuen, haren burutik zer pasatzen zen susmatu baino gehiago egiten baitzuen... izutu eta amorrua eman zion. Zorrozki esan zuen:

      «Ez duzu, bada, nahiko guretzat mendetan dirua irabazten aritu den jendea —gure gain hartu behar dugun jendea— botatzea eta horien ordez baserritar eskoziar sail bat ekartzea, ez da?»

      Leonorak esan zuenez, Edwardek ia gorrotozkoa zen begirada bota, eta gero, itsumustuan, gosari-mahaitik jaiki omen zen. Leonorak bazekien agian okerrena zela hirugarren baten aurrean amorru agerpen batek gain hartu izana. Lehenbizikoa eta azkenekoa izan zen horrelako amorruzko agerpen batek gain hartu ziona. Administratzailea, gizon neurritsu eta orekatua baitzen eta haren familiak mende bat baino gehiago egina baitzuen Ashburnhamtarrekin, arduratu zen bere ustez Edward maizterrekin bide zuzenean zebilela argitzeko lanaz. Agian eskuzabaltasunerako joeran pixka bat okertzen zen, baina garai txarrak garai txarrak ziren, eta denek zeukaten estu ibili beharra, bai lurjabeek, bai maizterrek. Lurra hondatzen ez uztea zen garrantzizkoena. Baserritar eskoziarrek lurra ustiatu eta hondatzen utzi besterik ez zuten egiten. Baina Edwardek maizter onak zeuzkan, bai berentzat eta bai berarentzat ahal zuten guztia egiten zutenak. Argudio horiek garai hartan ez zuten Leonora asko konbentzitu. Hala ere, oso kezkatu zen Edwarden amorraziozko leherketarekin.

      Kontua da Leonora bere aldetik murrizketak egiten aritua zela. Bi neskame bidali zituen, eta zuen ordezkorik ekarri; urte hartan askoz gutxiago gastatu zuen jantzitan. Ematen zituzten afarietan jarri zituen menuak ez ziren aurreko urteetakoak bezain oparoak, ez eta hain garestiak ere, eta Edward hasi zen bere emaztearen gogortasun eta borondate sendoaz jabetzen. Gainean sare bat ixten ikusi zuen: auzoko familia behartsuagoak bezala bizitzera behartuko zituen sare bat. Eta, elkarrekin bizi diren bi pertsona hitzik esan gabe bata bestearen pentsamenduak asmatzera iristen diren modu misteriotsuan, Edwardek bazekien, leherketaren aurretik ere, bere ondasunak administratzeko zuen moduaz Leonora kezkatuta zebilela. Hori jasanezina iruditzen zitzaion Edwardi. Horrekin batera bere buruarekiko mesprezua sentitzen zuen Leonorari administratzailearen aurrean zakarki hitz egin ziolako. Bere indarrak ahitzen ari zirela pentsatzen hasi zen, eta gizon gutxi izan zitezkeen Edward baino errukarriago garai hartan.

      Ikusten duzu, oso gizon xaloa zen... oso xaloa. Pentsatzen zuen gizon batek ezin zuela bere bizitzako eginbeharra bete berarekin bizi den emakumearen laguntza leial eta zintzoarekin ez bada. Eta hasia zen sumatzen, lausoki bederen, bere tradizioak erabat elkarlanekoak ziren bitartean, emaztea erabat indibidualista zela. Bere ideala —bere menpekoen alde ahal duen guztia egiten duen jaun baten eta beren jaunaren alde ahalegin guztia egiten duten menpekoen teoria feudala—, teoria hori alegia, erabat arrotza zitzaion Leonoraren izaerari. Irlandako lurjabe txiki batzuen familia batean jaioa zen: lurralde sakeatu batean setiaturiko goarnizio etsai batean. Eta gainera Leonorari ez zitzaizkion burutik kentzen izan nahi zituen haurrak.

      Ez dakit zergatik ez zuten haurrik izan... nahiz eta ez dudan benetan pentsatzen horrek gauzak aldatuko zituenik. Edward eta Leonora oso desberdinak ziren. Edward Ashburnhamen xalotasun erabatekoaz ohartuko zara esaten badizut ezkondu zenean haurrak nola egiten ziren ez zekiela, eta agian ondorengo bi urteetan ere ez. Ezta Leonorak ere. Ez dut esan nahi egoera horrek iraun zuenik, baina horrela zen. Esango nuke eragin handia izan zuela beren mentalitatean. Dena dela, ez zuten haurrik izan. Jainkoaren borondatea zen.

      Leonorari behintzat Jainkoaren borondatea iruditzen zitzaion: Ahalguztidunaren zigor misteriotsu eta lazgarria. Zeren lehentxeago jakin baitzuen bere gurasoek ez ziotela hitz emanarazi Edwarden familiari umerik izaten bazuen katoliko gisa heziko zituztela. Berak ere ez zuen gai horretaz hitz egin ez aitarekin, ez amarekin, ez senarrarekin. Azkenean bere aitari ihes egin ziotenean hitzen batzuk hori horrela zela pentsarazi ziotenak, Edwardi promes hori eginarazi nahi izan zion desesperaturik. Burugogortasun ustekabekoarekin topo egin zuen. Edward erabat ados zegoen neskak katoliko gisa heztearekin; baina mutilek anglikanoak izan behar zuten. Ez dut ulertzen kontu hauek ingelesen artean izaten duten pisua. Ingeles jendea erlijio eta politika kontuetan ero samarra iruditzen zait. Edwardengan bereziki bitxia zen, bera katoliko bihurtzeko erabat prest baitzegoen. Hala ere, ematen du bera katoliko bihurtzeko asmotan izanagatik, semeak bere arbaso hurbilen erlijioan hezi nahi zituela. Ilogikoa irudi lezake, baina esango nuke ez dela dirudien bezain ilogikoa. Edwardek, esan beharra dago, uste zuen bere gorputzaren eta arimaren jabe zela. Baina bere familiaren tradizioekiko leialtasunak ez zion uzten bere izenaren oinordeko edo onuradunik beste fede bati lotzen bere egintzekin. Nesken kasuan ez zuen horrenbeste axola. Beste etxe batzuk eta inguruabar batzuk ezagutuko zituzten. Gainera, hori zen ohitura. Baina mutilei hautatzeko aukera eman behar zitzaien... eta lehenbizi hezkuntza anglikanoa hartu behar zuten. Kontu horretan erabat tinko egon zen.

      Leonora herio batean bizi izan zen denbora horretan guztian. Gogoratu behar duzu berak benetan sinesten zuela mundura ekartzen zituen haurrak arriskuan egongo zirela, betiko kondenatzeko ez bazen ere, gutxienez dotrina faltsuan hezteko. Azaldu ezinezko sufrimendu bat zen. Ez zen saiatzen deskribatzen, baina ahotsean antzematen nion, esan zidanean ia bestela bezala, «Gau osoak ematen nituen esna. Nire aholkulari espiritualak alferrik saiatzen ziren ni kontsolatzen.» Ahotsean antzeman nion gau haiek zein latz eta luzeak irudituko zitzaizkion eta zein probetxu eskasekoak izango ziren berarentzat aholkulari espiritualen kontsolamenduak. Haiek arazoa lasaixeago hartu zutela ematen du. Esan zioten inola ere ez zuela pentsatu behar berak bekatu egin zuenik. Are gehiago, aginduz eta mehatxuz saiatu ziren gogo-eritasuntzat zeukaten hartatik aterarazten. Haurrak etortzen zirenean bere esku zegoena besterik ez zuen egin behar, haiek bide onera bultzatu, ez, ordea, propagandaren bidez, baizik bere nortasunaz baliatuz. Eta ohartarazi zioten bekatu egiten zuela, hain zuzen ere, pentsatzen jarraitzea zela bekatua. Hala ere, bekatu egiten zuela pentsatzen jarraitu zuen.

      Leonorak nahitaez konturatu behar zuen pasioz maite zuen gizona, eta, maitatu arren, estu gobernatzen hasi zena... gizon hori gero eta arrotzago ari zitzaiola bihurtzen. Emakume hotza iruditzen hasi zitzaiola ematen zuen, ez bakarrik gorputzez, baizik buruz, eta hori ez ezik zekena eta zitala. Batzuetan ia hotzikarak jotzen zuen, Leonorak hitz egiten zionean. Eta Leonorak ezin zuen ulertu nola iruditzen zitzaion senarrari zekena eta zitala zela. Leonorari erotasun gisako bat iruditzen zitzaion Edwardek bere soldaduen, erregimentuaren, lurren eta herri-erdiaren karga bere gain hartu nahi izatea. Ezin zuen pentsatu megalomania iruditzen zitzaiona menderatzen saiatzean ezer txarrik egiten zuenik. Etortzen ez ziren haurrentzat gauzak banatu gabe edukitzen saiatu besterik ez zuen egiten. Eta pixkana-pixkana beren arteko harreman guztia mugatu zen erabakitzera ea Edwardek erakunde honi edo hari laguntza eman behar zion edo mozkor hau edo hura onbideratu behar zuen. Leonora ezin zen ohartu, ordea.

      Egoera izugarri estu hartan, itxura guztien arabera irtenbiderik gabean, Kilsyte kasua ia aringarri izan zen. Patuaren ironia bitxiaren zati bat da Edwardek ez zuela haurtzaina musukatuko, Leonoraren gustua egiten aritu ez balitz. Haurtzainak ez dira lehen klasean ibiltzen, eta egun hartan Edward hirugarreneko bagoi batean zihoan, Leonorari aurrezteko gai zela frogatzeko. Esan dut Kilsyte kasua beraien artean zegoen egoera estuan ia aringarri izan zela. Leonorari benetako eta erabateko moduan senarraren babesleku izateko aukera eman zion. Bere ustez emazte batek senarrarekin izan behar duen portaera izateko aukera izan zuen.

      Ikusten duzu, Edward hemeretzi urte inguruko neska polit batekin aurkitu zen treneko bagoi batean. Eta hemeretzi urteko neska polit hura, ile beltzaran, masaila gorri eta begi urdinekoa, negarrez ari zen isilean. Edward bere txokoan egona zen ezertan pentsatu gabe. Halabeharrez begiratu zion haurtzainari; bi malko handi eder begietatik atera eta magalera erori zitzaizkiola ikusi zuen. Edwardi hura kontsolatzeko zerbait egin beharra zeukala bururatu zitzaion berehala. Hori zuen eginbeharra bizitzan. Bera etsipeneraino zorigaiztokoa sentitzen zen, eta munduko gauzarik naturalena iruditu zitzaion elkarri penak arintzea. Oso demokratikoa zen; klase diferentzien kontua ez zitzaiola sekula bururatu ematen du. Hizketan hasi zen neskarekin. Jakin zuen haren mutila 54 zenbakiko Annierekin ateratzen ikusi zutela. Neskaren ondoan eseri zen bagoian. Seguru aski informazio hori gezurra zela esan zion. Azken finean, mutil bat 54 zenbakiko Annierekin atera zitekeen, horrek ezer seriorik adierazi gabe. Eta ia aita baten gisa sentitu omen zen besoaz gerria inguratu eta musu eman zionean. Neskak, ordea, ez zuen ahaztua klase diferentzia.

      Bizitza osoan, amak, beste neskek, eskolako maisuek, bere klaseko tradizio osoak jaun-dotoreekin erne ibiltzeko esan zioten. Jaun bat ari zitzaion musuka. Garrasika hasi zen, eta indarrean askatu zen harengandik; zutik jarri, eta alarmatik tiratu zuen.

      Edward ospe aldetik aski ongi atera zen; baina haren gogoari kalte latza egin zion.

 

Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999