Historiarik goibelena
IV
Eta iruditzen zitzaion ongi heldu zela giroarekin, orduarekin eta aurrez aurre zeukan emakumearekin esatea bazekiela Edward berarenganako maitasunez hiltzen ari zela eta bera Edwardenganako maitasunez hiltzen ari zela. Izan ere, bat-batean gertaera horrek bere lekua aurkitu zuen eta benetakoa bihurtu zen berarentzat, whist-eko koaderno bateko markatzaileak behatz lodiaren bultzada batekin bere lekua aurkitzen duen bezala. Altxaldi hura behintzat irabazia zen. Eta bat-batean bazirudien Leonora aldatua zela, eta Nancyri ere iruditzen zitzaion Leonorarekiko jarreran aldatua zela. Ematen zuen bere kimono arin, zuri, zetazkoa jantzita suaren aldamenean eserita zegoela, baina tronu batean. Eta Leonorak, farfaila beltzezko soineko estua jantzita —bere sorbalda zuri distiratsuekin eta neskatoari munduko gauzarik ederrena iruditu izan zitzaion ile hori kizkur harekin—, zalakatu, higatu, hotzez ubeldu, hotzikaratu eta erregutzaile bihurtuaren itxura hartua zuen. Hala ere Leonorak aginduak ematen zizkion. Hari aginduak ematea alferrik zen, ordea. Biharamunean bere amarengana joango zen Glasgowera. Leonorak jarraitu zuen esaten han geratu beharra zeukala Edward salbatzeko, berarengatik maitasunez hilzorian baitzegoen. Eta Edwardek bera eta berak Edward maite zuelako ideiarekin harro eta zoriontsu, ez zion Leonorak esaten zuenari kasurik ere egin. Iruditzen zitzaion Leonorari zegokiola bere senarraren gorputza salbatzea; bera, Nancy, haren arimaren jabe zen, eta gauza zoragarri hura bere besoetan babesturik eraman beharra zeukan, Leonora, zakur goseti baten gisara, berak zeraman bildots bati eraso egiten saiatzen ariko bailitzan. Bai, berak piztia krudel eta harrapari batengandik salbatzen zuen bildots zoragarri bat bezala sentitzen zuen Edwardenganako maitasuna. Zeren, garai hartan, Leonora piztia krudel eta harrapari bat iruditzen zitzaion. Leonorak eraman zuen, bere gosearekin, bere krudeltasunarekin, Edward eromenera. Edwardek zion maitasunaz eta berak hari zion maitasunaz babestu beharra zeukan: urrun-urrundik eta hitzik gabe zion maitasunaz bera bilduz, inguratuz, goratuz; Glasgowetik mintzatuz bere ahotsaren bitartez, esanez maite zuela, adoratzen zuela, ez zela momenturik pasatzen beraz pentsatu hutsarekin irrikaz, maitasunez, hotzikaraz urtu gabe. Leonorak esan zuen ozenki, temati, aginduzko tonu garratzez: «Hemen geratu behar duzu; Edwardi eman behar zatzaizkio. Dibortzioa eskatuko dut.» Neskak erantzun zuen: «Elizak ez du onartzen dibortzioa. Ezin naiz izan zure senarrarena. Glasgowera noa nire ama erreskatatzera.» Ate erdi-irekia erabat ireki zen zaratarik gabe. Edward han zegoen. Begi goseti, hondamendira kondenatuak neskaren aurpegian finkaturik zeuzkan, sorbaldak aurrerantz makurtuak; erdi mozkortuta zegoen dudarik gabe, whisky botila esku batean zeraman, eta argi-mutil bat bestean. Amorrazio galantarekin esan zion Nancyri: «Gauza hauei buruz hitz egitea debekatzen dizut. Hemen geratu behar duzu zure aitarekin hitz egin arte. Orduan joango zara berarengana.» Bi emakumeek, elkarri begiratuz, eraso egiteko prest diren bi piztia bailiran, ia ez zioten Edwardi begiratu ere egin. Hura ate-zango batean bermatzen zen. Berriro esan zuen: «Nancy, gauza hauetaz mintzatzea debekatzen dizut. Ni naiz etxe honetako nagusia.» Eta Nancyk aditu zuenean haren gizon-ahots lodia bularraren sakonaldetik ateratzen, gauaren ilunpea atzean zuela, sentitu zuen bere arima eskuak elkarturik haren aurrean makurtzen zela. Indiara joango zela sentitu zuen, eta ez zuela gehiago mintzatu nahi gauza haietaz. Leonorak esan zuen: «Ikusten duzu berari eman behar zatzaizkiola. Ez zaio utzi behar gehiago edaten.» Nancyk ez zuen erantzun. Edward joana zen; haritzezko eskailera argizariztatuetan irristatzen eta estropezuka sentitu zuten. Nancyk garrasi egin zuen erorketa astun baten zarata aditu zuenean. Leonorak berriro esan zuen: «Ikusten!» Zarata beheko salatik zetorren; Edwardek eskuan zuen kandelaren argia astinduka heltzen zen galeriako baranden artetik. Gero haren ahotsa aditu zuten: «Jarri Glasgowerekin... Glasgow, Eskozian... White izeneko gizon batekin hitz egin nahi dut, Simrock Parkekoa, Glasgowen... Edward White, Simrock Park, Glasgow... hamar minutu... gaueko ordu honetan, bai...» Haren ahotsa oso lasaia zen, normala, eta egonarritsua. Alkoholak zangoetan egiten zion eragina, ez mingainean. «Itxarongo dut,» esan zuen berriro haren ahotsak. «Bai, badakit telefonoa dutela. Lehenago ere mintzatua naiz haiekin.» «Zure amarekin telefonoz hitz egitera doa.» esan zuen Leonorak. «Dena konponduko du.» Jaiki eta atea itxi zuen. Sutondora itzuli zen, eta haserre erantsi zuen: «Nitaz beste gainerako guztiei konpontzen die dena. Gainerakoei! Nitaz beste guztiei!» Neskak ez zuen ezer esan. Hantxe geratu zen amets gozo batean bezala. Ematen zuen bere maitalea beti esertzen zen tokian eserita ikusten zuela, atzealde borobileko aulki batean ilunpetan zegoen sala handian..., aulkian hondoraturik ikusten zuen, poliki mintzatuz telefonoz bakarrik jartzen zuen ahots eme, geldian... eta mundua eta neska ilunpe beltzean utziaz. Neskak zintzur azpiko biluztasunean ibili zuen eskua, haragiaren epeltasuna haren gainean sentitzeko, eta bular gainera irristatzen utzi zuen. Ez zuen hitzik esan; Leonorak hizketan jarraitu zuen... Jainkoak daki Leonorak zer esan zuen. Neskak bere senarrarena izan behar zuela errepikatu zuen. Esaldi hori erabiltzen omen zuen. Nahiz eta berak dibortzioa lortu ahal izan edo Elizak ezkontza desegitea bera lortzen bazuen ere, adulterioa izango zen neskak eta Edwardek egingo zuketena. Baina hori beharrezkoa zela esaten zuen; hori zen neskak pagatu behar zuen prezioa Edward bera maitatzera behartzearen bekatuagatik, bere senarra maitatzearen bekatuagatik. Hizketan jarraitu zuen sutondoan. Neskak adulterioa egin behar zuen; Edward okerbideratu zuen bere edertasunaz, dohainez, zintzotasunaz baliatuz. Bekatua zen horren ona izatea. Okerbideratutako gizona salbatzeko, prezio hori pagatu behar zuen. Isiluneetan neskak Edwarden ahotsa aditzen zuen, hots beti-batekoa, gorabeherarik gabea, bat-bateko etenaldiak egiten zituena. Harrotasunezko distira pizten zion; berak maite zuen gizona beretzat ari zen lanean. Hark gutxienez erabakia hartua zuen; benetako gizonen modura; bazekien zuzena zer zen. Leonorak hizketan jarraitu zuen Nancyri bekoz beko begiratuz. Neskak ia ez zion begiratzen, eta aditu ere ezer askorik ez. Denbora puska baten buruan, orduak eta orduak igaro eta gero, Nancyk esan zuen: «Edwardek nire aitarekin hitz egin bezain laster joango naiz Indiara. Ezin dut gauza hauetaz hitz egin, zeren Edwardek ez du nahi.» Hori aditzean Leonorak garrasi egin zuen, eta ate itxirantz joan zen bat-batean. Eta Nancy ohartu zen aulkitik jauzi egin zuela bere beso zuriak erabat zabaldurik. Beste emakumea bularraren kontra estutzen ari zen; honela esaten zion: «Ai, gaixoa; ai, gaixoa.» Eta han zeuden, bata bestea besoetan estutzen eta negar batean, eta ohe berean etzan, eta ez ziren gau osoan isildu. Eta gau soan Edwardek haien ahotsak aditzen zituen hormaz bestaldetik. Hori zen gertatu zena...
Hurrengo goizean hirurak ezer gertatu ez balitz bezala zeuden. Hamaikak aldera Edward Nancyrengana etorri zen, zeina ari baitzen Eguberritako arrosak zilarrezko ontzi batean jartzen. Telegrama bat ezarri zuen haren ondoan. «Zerorrek deskodetzea badaukazu» esan zuen. Gero, atetik ateratzean, erantsi zuen: «Esan izebari, nahi baduzu, Dowell jaunari telegrama bat bidali diodala etortzeko eskatuz. Hark gauzak erraztuko dizkizu joan artean.» Telegramak, deskodeturik, hau zioen, oso oker ez banaiz: «Rufford andrea Italiara eramateko prest. Erabakita nago. Rufford andreari zintzoki atxikirik nago. Ez dut diru-laguntza premiarik. Ez nekien alaba bat bazenik, eta eskertzen dizut nire eginbeharra adieraztea. White.» Horrelako zerbait zen. Orduan etxekoek beren ohiko martxa hartu zuten berriro ni iritsi arte.
Historiarik goibelena |