Historiarik goibelena
IV
Horrela hasi ziren etenik gabeko bederatzi urte baketsu haiek. Haien ezaugarria izan zen Ashburnham senar-emazteen aldetik sekulako erreserba, eta guk, gure aldetik, ordainetan utzi genituen alde batera eta ia erabat gorabehera pertsonalak. Esan behar dizut gure harremanaren ezaugarri nagusia zela dena ulertutzat ematea. Abiapuntuko oinarria zen denok ginela «goi mailako jendea». Ulertutzat ematen genuen denoi haragia gutxi egina gustatzen zitzaigula, baina ez oso gutxi egina, bi gizonok brandy on bat bazkalondoan nahiago genuela, bi emakumeek Rhineko ardo oso arin bat edaten zutela Fachingeneko urarekin nahastua... horrelako gauzak. Ulertutzat ematen zen halaber bi bikoteok aski aberatsak ginela gure posizioari zegozkion entretenimendu premia arrazoizko guztiak betetzeko... automobilak eta zalgurdiak egun osorako har genitzakeela, afaltzera elkar gonbida genezakeela eta lagunak ere bai, eta nahi izanez gero diru-kontuetan zuhurxeago ere ibil gintezkeela. Horrela Florencek egunero Daily Telegraph hartzeko ohitura zuen, Londrestik bidalia. Beti ingeleszalea izan zen, Florence alegia; nik aski nuen New Yorkeko Herald-en edizioa. Baina ikusi genuenean Ashburnham senar-emazteei Londresko egunkaria Ingalaterratik bidaltzen zietela, Leonorak eta Florencek erabaki zuten harpidetza haietako bat txandaka uztea, urte batean batak eta hurrengoan besteak. Gisa berean Nassau Schwerineko Duke Handiak, urtero bainu-etxera etortzen baitzen, bertan egoten ziren hemezortzi familietako bakoitzarekin behin afaltzeko ohitura zuen. Ordainetan hemezortzientzako afari bat ematen zuen. Eta afari horiek garesti samarrak izaten zirenez (Duke Handiaz gain bere segizioko zenbait jenderi eta han izan zitezkeen gorputz diplomatikoetako kideei eman behar baitzitzaien afaria), Florencek eta Leonorak elkar harturik pentsatu zuten ea zergatik ezin genuen afaltzera batera gonbidatu. Eta halaxe egin genuen. Ez dut uste Dukeari aurrezte hori axola izango zitzaionik, edo ohartu ere egingo zenik. Dena dela, Dukearentzako gure afari bateratuak urteroko gertakizun baten itxura hartu zuen. Izan ere, gero eta handiagoa bihurtu zen, harik eta denboraldiaren itxierako zeremonia bilakatu arte, guretzat behintzat. Ez dut inola ere esan nahi «erregetzako jendearekin» nahasteko inolako asmoa genuen jende klasea ginenik; ez genuen inolako eskubiderik, gu «goi mailako jendea» besterik ez ginen. Baina Duke Handia erregetzako jende mota atsegin, xaloa zen, Errege Edward VII.a zenaren gisakoa, eta atsegina zen hari aditzea lasterketez eta noizbehinka, bonne bouche-etarako, bere ilobaz, Enperadoreaz esaten zuena; edo bere paseoan une batez gelditu eta gure sendaketaren aurrerabideari buruz edo Frankfurteko oztopo-lasterketan Lelöffelen ehiza-zaldiaren alde zenbat diru jarri genuen galdezka edukitzea. Baina zin-zinetan, ez dakit zertan ematen genuen denbora. Zertan ematen du batek denbora? Nola liteke bederatzi urte joan eta erakusteko inolako emaitzarik ez izatea? Ezertxo ere ez, ulertzen? Ez hezurrezko luma-euskarri bat, xakeko figura bat eginez zizelkatua eta goian zulatua, handik Nauheimeko lau aldeak ikusteko moduan. Eta, esperientziari, norberaren inguruko izakien ezagupenari dagokionez..., ezer ez. Zin-zinetan, ezingo nizuke esan besterik gabe geltokira eramaten duen errepidearen bukaeran bioletak hain garesti saltzen zituen emakumeak hoxka egiten zidan ala ez; ezingo nizuke esan Livornoko geltokian gure trasteak eramaten zituen garraiaria lapurretan ari zen ala ez, ohiko tarifa paketeko lira bat zela esaten zuenean. Mundu honetan batek aurkitzen dituen leialtasun kasuak desleialtasun adibideak bezain harrigarriak dira. Norberaren gisakoekin berrogeita bost urtez harremanetan ibili ondoren, batek behar luke ohitura bere ingurukoei buruz zerbait jakiteko. Baina ez du izaten. Uste dut gaurko ohitura zibilizatuak —dena ulertutzat emateko ohitura ingeles zibilizatuak— duela hein handi batean horren errua... Gai hau aztertzen luzaro ibilia naiz, eta badakit zein gauza bihurri, atzemangaitza den; eta ohartzen naiz jarrera horrek, bere eskasean, ez zaituela sekula desilusionatzen. Kontuz, ez naiz ari esaten ez denik munduko bizimodurik desiragarriena, maila ia zentzugabeki altua ez denik. Baina benetan nazkagarria da, gorroto diozunean, egunero kautxu arrosazko xerra mehe epel sail bat jan beharra, eta ez da atsegina brandya edan beharra nahiago zenukeenean kümmel berogarri, goxo batekin xuxpertzea. Higuingarria da goizean bainu hotz bat hartu beharra, benetan behar duzuna gauean bainu bero bat denean. Eta zure arbasoen fedea pixka bat astintzen dizu zure sakoneko barnealdeetatik Episkopaliano bat zarela ulertutzat eman beharrak, benetan Philadelphiako Quaker antigoaleko bat zarenean. Baina gauza horiek egin behar dira; hori da Eskulapiori gizarte honek zor dion oilarra. Eta gauza bitxi, harrigarria da arau sail osoa edozeini aplikatzen zaiola... hoteletan, trenetan, gutxixeago agian baporeetan, aurkitzen dituzun edozein horiei; baina azken finean baita baporeetakoei ere. Gizon bat ezagutzen duzu, edo emakume bat, eta, hots txiki eta intimoetan, mugimendu txikienetan, berehala konturatzen zara goi mailako jendearekin zabiltzan edo behar den mailara iristen ez direnekin. Badakizu, nolabait esateko, programa osoa zorrozki beteko duten, hasi haragi gutxi eginarekin eta anglikanismoraino. Bost axola handiak ala txikiak diren, ahotsa txotxongiloen kurrixkaren gisakoa duten edo zezenaren marraka bezalakoa; bost axola alemanak, austriarrak, frantsesak, espainolak edo are brasildarrak diren... goizero bainu hotza hartzen duten aleman edo brasildarrak izango dira eta, oro har mintzatuz, diplomatiko jendearekin ibiliko dira. Baina kontu honen guztiaren alde txarra —tira, esango dut, behin hasiz gero—, amorrazioa ematen duena, hau da: dena ulertutzat ematean, ez zarela sekula iristen nik aipatutako gauzak baino hazbete sakonago. Horren adibide deigarri samar bat eman diezazuket. Ez naiz gogoratzen gure lehenbiziko urtean izan zen —gu laurok Nauheimen izan ginen lehenbiziko urtean alegia, zeren Florence eta bion laugarrena izango bailitzateke, jakina—, baina lehen edo bigarren urtean izan behar zuen. Eta honek erakusten du zein eztabaida gutxi izaten genuen eta zein azkar ginen lagun min bihurtuak. Alde batetik txango hartara erabateko naturaltasunez eta oso gutxi prestatuta abiatu ginen, lehenago horrelako ateraldi pila bat eginak bagenitu bezala; eta benetako lagun minak ginen... Hala ere, joan ginen lekua Florencek gutxienez hasiera-samarrean eraman nahiko gintuen bat zen dudarik gabe; beraz, pentsa dezakezu elkarrekin hara joango ginela lagun egiten hasi ginenean. Florence oso gida trebea zen espedizio arkeologikoetarako, eta ez zen gauzarik gehiago gustatzen zitzaionik jendea harri-hondarren inguruetara eraman eta norbaitek beste norbaiten hilketa ikusi zuen leihoa zein zen erakustea baino. Behin bakarrik egin zuen; baina bikain egin ere. Baedeker gidaren laguntza hutsarekin gauza zen edozein monumentu zaharren barnean bidea aurkitzeko Estatu Batuetako edozein hiritan bezain aise, non, etxe-sail guztiak karratuak eta kale guztiak numeratuak direnez, Hogeita laugarren kaletik Hogeita hamargarrenera aski erraz joan daitekeen. Gertatzen da Nauheimetik, tren on batean, berrogeita hamar minutura, antzinako M...... hiria dagoela, basaltozko mendi-tontor handi baten gainean, bere bizkarrean zeharka bufanda bat bezala hiru errepide dituena. Eta gainean gaztelu bat dago —ez gaztelu karratu bat, Windsorkoa bezalakoa, baina gaztelu bat arbelezko gabletez eta haize-orratz urre-koloreduneko gailur altuz betea: Santa Elisabeth Hungariakoaren gaztelua. Prusian egotea du txarra, ez baita atsegina herrialde horretara joatea; baina oso zaharra da, bi kanpandorreko eliza asko ditu eta tontorra piramide bat bezala altxatzen da Lahnen ibar berdean. Ez dut uste Ashburnham senar-emazteek hara joateko gogo berezirik zutenik, eta neronek ere ez. Baina, badakizu, ez zegoen aitzakiarik ateratzerik. Sendabidearen parte bat zen astean hiru edo lau aldiz txango bat egitea. Hala, denok aho batez Florenceri eskertu genion bultzada ematea. Florencek, noski, ez zeukan bultzada beharrik. Garai horretan Ashburnham kapitaina eskolatzea hartua zuen bere gain... ai, noski, huts-hutsik pour le bon motif! Leonorari esaten zion: «Ezin dut inola ere ulertu nola uzten diozun zure ondoan bizitzen eta hain ezjakina izaten!» Leonorak beti harritu ninduen, aski emakume ikasia baitzen. Florencek berari esateko zeukan guztia bazekien behintzat. Agian Baedekerren begiratuko zuen Florence goizean jaiki baino lehen. Ez dut esan nahi konturatzen zinenik Leonorak zerbait bazekiela, baina Florence hasten baldin bazitzaigun kontatzen nola Ludwig Adoretsuak hiru emazte batera izan nahi zituen —Henry VIII.ak ez bezala, hark bata bestearen segidan nahi baitzituen, nahaste ederrak ekarri zituen kontua bestalde— Florence hasten bazitzaigun hori kontatzen, Leonorak buruaz baietz egingo zuen, eta horrek nire emazte gaixoa oso barregarriro bere onetik ateratzen zuen. Florencek oihuz esan ohi zion: «Eta baldin bazenekien, zergatik ez diozu esan Ashburnham kapitainari dena lehenago? Ziur naiz izugarri interesgarria iruditzen zaiola!» Eta Leonorak bere senarrari pentsakor begiratu, eta esango zuen: «Iruditzen zait eskuetan kalte egin diezaiokeela... esku hori, badakizu, zaldien ahokoekin ibiltzen ohitua da...» Eta Ashburnham gizajoa gorritu, eta hortz artetik marmarrean hasiko zen: «Lasai. Ez kezkatu nitaz.» Iruditzen zait bere emaztearen ironiak Teddy gizajoa oso asaldatzen zuela; zeren arrats batez erretzaileen gelan benetan galdetu baitzidan burua gauza gehiegirekin betea izatea poloan aritzeko oztopoa izan ote zitekeen. Harritu egiten zen ikustean tipo buru-argiak lau-hankakoen gainera igota aski traketsak zirela. Ahal bezain ongi lasaitu nuen. Esan nion berak nahi adina sartuta ere ez zuela oreka galduko. Garai hartan kapitainak Florenceren eskolatze-lana oso atsegin zuen, begi-bistakoa zenez. Hiru edo lau aldiz izaten zuen astean Leonora eta bion onarpenezko begiradapean. Ez zen sistematikoa, jakina. Florence munduko leku ilunetako bat argitzen ari zen, mundua berak aurkitu baino argixeago uzteko. Hamleten istorioa kontatuko zion; sinfonia baten forma azaldu, lehenbiziko eta bigarren mugimenduak berari tarareatuz eta horrela; Arminiarren eta Erastiarren arteko aldea azalduko zion; edo hitzalditxo labur bat emango zion Estatu Batuen hasierako historiari buruz. Eta hori dena ohiturarik ez zuen baten arreta erakartzeko modu ongi kalkulatuan egina zen. Markham andrearen zerbait irakurri duzu? Ba, horrela izaten zen... Baina M.....-ra egin genuen txangoa askoz luzeagoa izan zen, pisu handiagoko afera. Begira, hiri hartako gazteluko artxiboetan dokumentu bat zegoen, eta Florencek pentsatu zuen azkenean gu denok batera eskolatzeko aukera emango ziola. Florence gaixoa kultur kontuetan Leonoraren gainetik ezin gelditzeaz benetan kezkatuta zegoen. Nik ez dakit Leonorak zer zekien eta zer ez, baina beti jakinean zegoen Florencek informazioren bat ematen zuenean. Eta Florencek juxtu-juxtu jaso berria zuen edozein gauza Leonorak ongi zekielako inpresioa ematen zuen nolabait. Ezin dut zehazki definitu. Ia zerbait fisikoa zen. Sekula ikusi duzu ehiza-zakur bat lasterka jolasean galgo baten atzetik? Biak ikusten dituzu zelai berde batean, ia elkarren parean, eta bat-batean ehiza-zakurrak adiskide hozkada bat botatzen dio besteari, eta galgoak ospa egin du. Ez duzu ikusi abiada azkartzen edo zangorik behartzen; baina hantxe dago, ehiza-zakurraren mutur luzatua baino bi yarda aurrerago. Horrelaxe gertatzen zen Florence eta Leonorarekin kultur kontuetan. Baina oraingo honetan banekien zerbait gertatzen zela. Egun batzuk lehenago Florence aurkitu nuen Rankeren Aita Santuen historia, Symonds»-en Berpizkundea, Motleyren Holandako Errepublikaren sorrera eta Lutherren Bazkalondoko solasak eta gisako liburuak irakurtzen. Esan behar dut, txundidura sortu zen arte, txango hura atsegin iturri besterik ez zela izan niretzat. Atsegin dut ordu biak eta hogeikoa hartzea; atsegin dut tren handi zoragarrien kulunka geldi, goxoa... eta horiek dira munduko trenik hoberenak! Atsegin dut lurralde berdeak zeharkatzea eta haietara begiratzea leiho handietako beira gardenaz barnetik. Hala ere, jakina, lurraldea ez da benetan berdea. Eguzkiak jotzen du, lurra odol-gorri eta more jartzen da, eta gero berde eta gorria berriz. Eta soroetako idiak nabar eta distiratsuak eta beltzak eta beltz-morexkak dira; eta nekazariek zuri-beltzez jantzita, mikak dirudite; eta mika talde handiak ere badaude. Edo nekazarien jantziak beste soro batean, non eguzkitan berde-grisak eta itzalean moreak ematen duten belar pilak dauden... nekazarien jantziak gorri biziak dira, eta ertz esmeraldak, gona moreak, alkandora zuriak eta gerruntze beltz belusezkoak dituzte. Hala ere, iruditzen zaizu zelai berde argitsuetan barrena alde banatan ihesi doazen izeidi more ilunetara zaramatzatela, basaltozko mendi-tontorretara, oihan zabaletara. Eta erreka bazterretan nasailoreak daude, eta azienda. Hara, oroitzen naiz arratsalde hartan ikusi nuela behi nabar bat beste zuri-beltz baten sabelpean adarrak kokatzen eta zuri-beltza erreka-zoztor baten erdi-erdira botatzen. Barrez lehertu nintzen. Baina Florence informazioa hain gogotsu ari zen ematen eta Leonora halako arretaz aditzen, non ez bata ez bestea ez baitziren ohartu. Ni, berriz, egun librea izateaz poz-pozik nengoen; pozez gainezka nengoen Florence momentuz arriskutik erabat libre zegoela pentsatuz... zeren Ludwig Adoretsuaz ari baitzen hizketan (Ludwig Adoretsua zela uste dut baina ez naiz historiagilea), Ludwig Adoretsu Hessenekoaz, hiru emazte batera izan nahi zituen eta Luther babestu zuen hartaz... horrelako zerbait. Ni hain lasai nengoen egun libre harekin, seguru aski Florencek ez zuelako aukerarik aztoratzeko edo bere bihotz gaixoaren abiada azkartzeko, non benetan barregarria egin zitzaidan behiaren istripua. Isilean noizean behin barrez aritu nintzen egun osoan. Izan ere, barregarria da benetan behi zuri-beltz bat hankaz gora erreka baten erdian erortzen ikustea. Horixe da, hain zuzen ere, behi batengandik espero ez dena. Uste dut abere gaixoarenganako errukia sentitu beharko nukeela; baina ez. Dibertitzera aterea nintzen. Eta baita dibertitu ere. Oso atsegina da dorre zorrotzak eta txapitel ugari dituzten gazteluz hornitutako hiri txundigarrien aurretik pasatzea. Eguzkitan hiritik distirak heltzen dira... leihoetako beiraren distirak; botiketako seinale urreztatuenak; mendi gailurretan ikasle-taldeek jarritako banderenak; lihozko galtza zurien barnean beren zangoak mugitzen ari diren soldadutxo barregarrien kaskoenak. Bai atsegina izan zela Prusiako geltoki handi txundigarrian jaistea, bere brontzezko apaingarriz eta nekazari, lore eta behien pinturez hornituan; eta aditzea nola ari zen Florence bortizki errekardaritzan bi zaldi iharrek tiratutako droschka zahar baten gidariarekin. Nik alemanez Florencek baino askoz hobeki nekien, jakina, nahiz eta ez nuen sekula lortu nire haurtzaroko Pennsylvaniako holandarren azentua erabat baztertzea. Dena dela, garaile gisan eraman gintuzten bost markoren truke, eta propinarik gabe, gazteluraino. Eta museora eraman gintuzten eta tximiniak ikusi genituen, antzinako beirateak, ezpata zaharrak eta antzinako tramankuluak. Eta eskailera kiribilkatuetan gora igo, eta areto margotu handira iritsi ginen, Rittersaalera. Han bildu ziren lehenbizikoz Erreformatzailea eta bere lagunak hiru emazte batera nahi zituen jaunaren babespean eta itun bat egin zuten sei emazte bata bestearen ondotik izan zituen jaunarekin. (Ez nago benetan interesatua xehetasun horietan, baina badute eragina nire kontakizunean.) Eta kaperak eta sabai itxuragabe altuko musika-gelak gurutzatuz areto zahar zabal batera pasatu ginen, prentsaz betea, inguru guztian pertsiana itxiak zeuzkaten leihoak zituena. Eta Florence elektrizitatez kargatu zen. Zaintzaile nekatu eta aspertuari zein leiho ireki esan zion; horrela eguzkiaren argi distiratsua gela zahar ilunean errainu-sorta nabarmenetan sartuko zen. Lutherren logela zela azaldu zuen, eta eguzkiaren argiak jotzen zuen lekuan egon zela haren ohea. Egia esan, nik uste oker zebilela eta Luther bazkaltzera bakar-bakarrik geratu zela, pertsekuzioari iskin egiteko. Baina haren logela izango zen, gauean han geratzeko konbentzitu izan balute. Eta orduan, zaintzailearen protestari kasu egin gabe, beste pertsiana bat ireki zuen, eta beirazko kutxa handi batera itzuli zen berehala. «Eta hor,» esan zuen ozenki alaitasun, garaipen eta ausardiazko ahoskera batekin. Paper puska bat ari zen seinalatzen, gutun baten orri-erdi baten gisako bat, lapitzez zirriborratua, guk egunean zehar egindako gastuen zerrenda izan zitekeena. Eta ni oso-oso pozik nengoen haren alaitasun, haren garaipen, haren ausardiarekin. Ashburnham kapitainak eskuak beirazko kutxaren gainean zeuzkan. «Hor dago... Protesta.» Eta gero, guk gure harridura tamainaz agertzen genuen bitartean, jarraitu zuen: «Ez dakizu zergatik deitzen diguten Protestanteak? Hori da haiek atera zuten Protestaren lapitzezko zirriborroa. Hor ikus ditzakezu Martin Lutherren sinadura, eta Martin Bucerrena, eta Zwinglirena, eta Ludwig Adoretsuarena... Izen batzuk baliteke nik gaizki hartzea, baina ziur nago Martin Luther eta Martin Bucer han zirela. Eta haren animazioa ez zen bukatzen, eta ni pozik nengoen. Hobeki zegoen, eta ezbeharretik libre. Berehala jarraitu zuen, Ashburnham kapitainaren begietara begiratuz: «Paper puska horrengatik zara zu zintzoa, neurritsua, langilea, burutsua, eta bihotz-garbia. Paper puska horrengatik ez balitz, zu irlandarrak edo italiarrak edo poloniarrak bezalakoa izango zinateke, baina bereziki irlandarrak bezalakoa...» Eta behatz bat ezarri zuen Ashburnham kapitainaren eskumuturrean. Ohartu nintzen bazela zerbait parte txarrekoa, zerbait beldurgarria, zerbait gaiztoa egurats hartan. Ezin dut definitu eta ez naiz gauza horrentzat konparazio bat aurkitzeko. Suge batek zulo batetik begiratu balu bezala izan zen. Ez, nire bihotzak taupada bat huts egin balu bezala. Gu lasterka handik atera eta oihuka hastera gindoazela ematen zuen; laurok alde banatara, beste aldera begiratuz. Badakit Ashburnhamen aurpegiak erabateko izua nabari zuela. Ni izugarri ikaratua nintzen, eta ohartu nintzen ezkerreko eskumuturrean sentitzen nuen mina Leonorak handik heltzean egiten zidala: «Ezin dut hau jasan,» esan zuen, benetan ohiz kanpoko indarrez: «Hemendik atera beharra daukat!» Benetan izugarri ikaratua nintzen. Une batez bururatu zitzaidan, nahiz eta pentsatzeko denborarik ez nuen izan, emakume jeloskor erabatekoa izango zela... Noren zeloak sentituko, eta Florence eta Ashburnham kapitainarenak. Eta izuak harturik airean atera ginen. Eskailera kiribilkatuetan behera jaitsi, Rittersaal amaigabea gurutzatu, eta Lahn ibaiaren bailara zabalera eta haren segidan dagoen ordeka baztergabera ematen duen terraza txiki bateraino atera ginen. «Ez duzu ikusten?» esan zuen, «Ez duzu ikusten zer gertatzen ari den?» Izuak berriro ere bihotza geratu zidan. Hitz-motelka, zezelduz, esan nion... Ez dakit nola lortu nuen hitzak ateratzea: «Ez. Zer gertatzen da? Zer da, ba, gertatzen dena?» Bekoz beko begiratu zidan; eta une batez iruditu zitzaidan bi disko urdin haiek baztergabeak zirela, eskergak, gainerako mundutik erabat kanpo uzten ninduen urdintasunezko harresi bat zirela. Badakit zentzugabea dirudiela; baina horixe da sentiarazi zidana. «Ez duzu ikusten?» esan zuen, benetako garraztasun latz batekin, ahotsa lanturu bihurturik. «Ez duzu ikusten hori dela arazo lazgarri guztiaren kausa, munduko pena guztiena? Eta zu eta ni eta horiek betiko kondenatzearena?» Ez naiz oroitzen nola jarraitu zuen; ni ikaratuegia nengoen. Uste dut laguntza bila lasterka ateratzeaz ari nintzela pentsatzen... mediku bat, edo Ashburnham kapitainaren bila. Edo agian Leonorak Florenceren ardura xamurra behar zuen, nahiz eta Florenceren bihotzarentzat oso txarra izango zen, jakina. Baina badakit nire onera etorri nintzenean ari zela esaten: «Ai, non dira mundu honetako izaki alai, zoriontsu, xalo guztiak? Non da zoriona? Liburuetan aipatzen da, bada!» Eskua kopetaren gainean atzaparkatzeko mugimendu bitxi bat eginez ibili zuen. Begiak zabal-zabalik zeuzkan; haren aurpegia infernuko zulora begira eta bertako lazturak ikusten ari den pertsona batena zen. Eta gero bat-batean gelditu egin zen. Aski harrigarriro Ashburnham andrea bihurtua zen berriro. Aurpegia erabat argi, zorrotz eta definitua zeukan; ilea zoragarri, bere urrezko txirikordekin. Sudur-hegalak mesprezu gisako zerbait adieraziz mugitzen zitzaizkion. Gure azpian urrun zubi bat pasatzen ari zen ijito-karabana bati arretaz begira zegoela ematen zuen. «Ez dakizu,» esan zuen bere ahots garbi gogorrarekin, «ez dakizu katoliko irlandarra naizela?»
Historiarik goibelena |