Historiarik goibelena
II
Ederki. Horrek ia eramaten nau Edwarden telegrama lakonikoa Waterburyn jaso nuen egunera, zeinean esaten zidan Branshawera etortzeko hitz-aspertu bat egitera. Garai horretan oso lanpetuta nenbilen, eta ia erabakita nengoen beste telegrama batez bi asteren buruan abiatuko nintzela erantzutera. Baina elkarrizketa luze batean nengoen Hurlbird jaunaren abokatuekin, eta hura bukatu eta berehala Hurlbird andereñoekin elkarrizketa luze bat izatekoa nintzen. Beraz, telegrama geroko utzi nuen. Hurbirld andereñoak oso-oso zaharturik aurkitzea espero nuen... laurogeita hamarren inguruan edo. Denbora hain mantso pasatu zenez, iruditzen zitzaidan hogeita hamarren bat urte joanak zirela Estatu Batuak utzi nituenetik. Hamabi besterik ez ziren. Egiaz Hurlbird andereñoak hirurogeita bat urte zituen eta Florence Hurlbirdek, berriz, berrogeita hemeretzi, eta biak, buruz eta gorputzez, sasoi ezin hobean zeuden. Egia esateko, adimenez niri komeni zitzaidan baino bizkorrago zeuden; izan ere, Estatu Batuetatik lehenbailehen alde egin nahi nuen. Hurlbirdarrak oso familia batua ziren, oso batua puntu sail batean izan ezik. Hiruretako bakoitzak bere medikua zeukan, inplizituki fidagarritzat zeukana, eta bakoitzak bere abokatua. Eta bakoitza besteen medikuaz eta abokatuaz ez zen fidatzen. Eta medikuek eta abokatuek denbora guztian esaten zieten kontuz ibiltzeko besteekin. Ezin duzu imajinatu hori guztia zein korapilatsua bihurtu zen niretzat. Nik, jakina, neure abokatua neukan, Carter gazteak, Philadelphiako nire ilobak, gomendatua. Ez dut esan nahi inolako diru-goseak eragindako tirabira handirik izan zenik. Problema beste bat zen... dilema moral bat. Begira, Hurlbird jaunak bere ondasun guztiak Florenceri utzi zizkion, eta ordainetan eskatzen zion gauza bakarra zen Waterburyn (Connecticut) haren oroitzapenetan instituzio moduko bat eraikiaraztea, bihotzeko gaitza zutenei laguntzeko. Florenceren dirua oso-osorik eskuratu nuen... eta, beraz, Hurlbird zaharrarena ere bai. Nire emaztea baino bost egun lehenago hil zen, juxtu-juxtu. Begira, bihotzeko gaitzak jotakoen minak arintzeko milioi bat dolar gastatzeko prest nintzen. Jaun xahar hark milioi eta erdi utzi zuen gutxi gorabehera; Florencek zortziehunen bat milako ondasunak zeuzkan... eta nire kalkuluen arabera neronek beste milioiren bat baneukan. Dena dela, dirua galanki zegoen. Baina nik bizirik geratutako ahaideei kontsultatu beharra neukan zer nahi zuten jakiteko, eta orduan hasi ziren benetako problemak. Badakizu azkenean jakin zela Hurlbird jaunak ez zuela ezer eduki bihotzean. Biriketan bai, zerbait izan zuen bizitza osoan, eta bronkitisetik hil zen. Florence Hurlbird andereñoari iruditzen zitzaion bere anaia biriketako gaitz batetik hil zenez eta ez bihotzekoak jota, haren diruak biriketako gaixoentzat izan behar zuela. Hori zen haren anaiak nahi izango zukeena. Beste alde batetik, garai hartan ulertu ezin nuen erokeria baten ondorioz, Hurlbird andereñoa tematua zebilen diru guztia neronek hartzeko eta hartzeko eginez. Ez omen zuen nahi Hurlbird familiaren ohoretan eraikitako inolako monumenturik. Hori New Englandeko jendeak arrandia nekrologikoei dien gorrotoaren ondorioa zela uste nuen garai hartan. Baina orain ohartzen naiz, Edward Ashburnhami buruz niri egindako zenbait galdera behin eta berriz egin zizkidala ikusita, beste zerbait zeukala buruan. Eta Leonorak esan dit Florenceren jantzitokiko mahaian, haren hilotzaren ondoan, Hurlbird andereñoari idatzitako gutun bat zegoela... Leonorak niri esan gabe bidali zuena. Ez dakit Florencek nola izan zuen bere izebari idazteko denbora; baina ongi ulertzen dut mundutik joan nahi ez izatea komentario batzuk egin gabe. Beraz, uste dut Florencek Edward Ashburnhami buruz gauza franko kontatuko ziola Hurlbird andereñoari zirriborratutako lau hitzetan... eta hori zela dama xaharrak Hurlbirden deiturak jarraipenik ez zezala izan nahi izatearen arrazoia. Agian Hurlbirdarren dirua ere irabazia nuela pentsatuko zuen. Eztabaida gorabeheratsu bat ekarri zuen horrek, alde batetik medikuek oharrak elkarri egiten zizkiotelako eztabaidek dama xaharrengan izango zituzten ondorio txarren gainean, eta bestetik niri batak bestearen aurka isilean aholkuak ematen zizkidatelako, esanez Hurlbird jauna azken finean bihotzeko gaitzetik hilko zela, bere medikuaren diagnostikoa gorabehera. Eta abokatuek metodo desberdinak zeuzkaten dirua inbertitzeko eta fideikomiso gisa ezartzeko moduaz. Nik neuk dirua inbertitu eta interesak bihotzeko eritasunak zituztenei laguntzeko izan zitezen nahi nuen. Hurlbird jauna organo horren akatsen batetik hil ez bazen ere, ajeren bat bazuela uste izan zuen. Gainera, Florence bihotzekoak jota hil zen, dudarik gabe, nire ustez. Eta Florence Hurlbird andereñoak defendatu zuenean diruak biriketako gaixoentzat izan behar zuela, hasi nintzen pentsatzen bularreko gaixoentzako instituzio bat ere beharko zela, eta emateko prest nengoen dirutza milioi bat eta erdi dolarretaraino igo nuen. Horrek gaixo klase bakoitzarentzat zazpiehun eta berrogeita hamar mila dolar egingo zuen. Nik ez nuen inondik ere diru premia larririk. Nancy Rufford pozik edukitzeko adina besterik ez nuen behar. Ez nekien asko etxezaintzako gastuak zenbaterainokoak ziren Ingalaterran, nire ustez hark bizi nahiko zuen lurraldean. Badakit garai hartan aski zituela bonboi onak, zaldi on bat edo bi eta soineko polit xinpleak. Seguru aski hori baino gehiago nahiko zuen geroago. Baina instituzio horiei milioi bat eta erdi dolar ematen banizkien ere, urtean hogei mila libra izango nituen, eta iruditzen zitzaidan Nancy horrekin edo gutxiagorekin ederki bizi zitekeela. Dena dela, eztabaida tirabiratsu sail bat izan genuen hiriaren goenaldeko harkaitz batean eraikia den Hurlbirdarren etxandian. Agian harritu egingo zara, entzule isil hori, harrigarria baita baldin eta europarra bazara. Baina estilo horretako problema moralak eta instituzioei milioiak ematea oso gai serioak dira nire herrialdean. Izan ere, horiek dira klase aberatsek eskuartean erabili ohi dituzten gai nagusiak. Guk ez dugu noble jenderik eta gizartean gora egiteko irrikarik gai horietaz gehiegi arduratzeko, eta jende prestuak ez dio kasu handirik egiten politikari edo jende adinduak kirolari. Beraz, Hurlbird andereñoak eta Florence andereñoak benetan negar egin zuten ni hiritik joan aurretik. Bat-batean alde egin nuen. Edwarden telegrama baino lehen Leonoraren beste bat iritsi zen esanez: «Bai, etorri. Oso lagungarria izan zintezke.» Nire abokatuari milioi eta erdi hura han zegoela besterik ez nion esan, eta helburuak Hurlbird andereñoek erabaki behar zituztela. Dena dela, eztabaida guztiekin aski aspertuta nengoen. Eta, Hurlbird andereñoen berri geroztik izan ez dudanez, pentsatzen dut Hurlbird andereñoak, ezkutukoak agerian jarriz edo indar moralaz, Florence andereñoa konbentzituko zuela Waterburyn (Connecticut) haien izenean inolako monumenturik ez eraikitzeko. Hurlbird andereñoak sekulako negarrak egin zituen Ashburnham senar-emazteen etxera nindoala aditu zuenean, baina ez zuen ezer esan. Egun haietan banekien haien iloba Jimmy izeneko tipo hark limurtu zuela nirekin ezkondu baino lehen... baina moldatu nintzen hari pentsarazten Florence emazte eredugarria izan zela. Hara, egun haietan oraindik uste nuen Florence zeharo zintzoa izan zela nirekin ezkondu ondoren. Ez zitzaidan burutik pasatzen ere abentura harekin nire etxe barnean jarraitzeko bezain jokabide lotsagarria izan zezakeenik. Ikusten duzu, inozoa nintzen erabat. Baina ez nuen asko pentsatzen Florencez egun haietan. Burua Branshaweko gertaerekin betea neukan. Buruan sartua nuen telegrama haiek Nancyrekin zerikusia zutela. Iruditzen zitzaidan bazitekeela tipo ez oso gomendagarriren batekin harremanetan hasia zelako seinaleak ematea eta Leonorak nahi izatea ni itzuli eta Nancyrekin ezkontzea okerbidetik hura libratzearren. Hori zen buruan aski garbi neukan gauza bat. Eta leku eder hartara iritsi, eta hamar egunez eduki nuen buruan. Ez Edwardek, ez Leonorak ez zuten egin ezertxo ere nirekin eguraldiaz edo uztaz beste ezertaz hitz egiteko. Hala ere, nahiz eta zenbait gazte inguruan izan, ez nuen ikusten neskak haietako inor beste inor baino nahiago zuenik. Gaixo-antza eta urduri ematen zuen, nirekin gauza hutsal eta alaiez mintzatzeko xuxpertzen zenean izan ezik. Ai, zein izaki ederra zen... Pentsatu nuen tipo ez gomendagarriari hara azaltzea galarazi egingo ziotela eta Nancy pixka bat muturtuta zegoela. Gertatu zena infernuaren pareko zerbait zen. Leonora Nancyrekin mintzatu zen; Nancy, Edwardekin; Edward, Leonorarekin... eta hitz-aspertu luzea egin zuten biek. Luzea. Ilunpe eta tristurazko koadroak ekarri behar dituzu gogora, eta gau isiletan lehertutako sentipenak. Gau osoetan gainera. Imajinatu behar duzu nire Nancy ederra Edwardi agertzen bat-batean, haren ohe-barrenean bat-batean zutitzen bere adats luzea askaturik, itzalezko kono erdibitu bat bezala, Edwarden aldamenean piztuta zegoen kandela dardarati baten ondoan. Neska irudi isil, dudarik gabe hilzorizko bat bezala imajinatu behar duzu, mamu baten gisakoa, bat-batean bere burua gizon hari eskaintzen... eromenetik salbatzeko! Eta Edwarden uko aztoratua imajina ezazu... eta hitz-aspertuak. Eta hitz-aspertuak! Jainkoa! Eta hala ere, niri, etxean bizi bainintzen, bizimodu lasai eta ordenatuaren xarman bildurik, zerbitzari isil, trebeekin, zeinek nire jantziak jartzeko zeukaten modua laztan bat bezala baitzen... niri, orduro haiekin bainengoen, jende xamur, zintzo eta bihotz onekoa iruditzen zitzaidan, tarte egokietan desagertzen zena; ehizaldietara eramaten ninduten... jende aberatsa, besterik gabe. Nola arraio... nola arraio egiten dute hori? Afari batean Leonorak —telegrama bat zabaldu berria zuen— honako esan zuen: «Nancy badoa Indiara bere aitarekin bizitzera. Bihar aterako da.» Inork ez zuen hitzik esan. Nancyk bere platerera begiratzen zuen; Edwardek bere faisaia jaten jarraitu zuen. Ni oso gaizki sentitu nintzen; bururatu zitzaidan arrats hartan egin behar niola Nancyri ezkontzeko proposamena. Bitxia egiten zitzaidan Nancyren partitzeaz haiek lehenago ezer ez esatea. Baina pentsatu nuen ingelesen gizalegea besterik ez zela... ni ohitua ez nengoen fintasun klaseren bat. Gogoan izan une hartan Edward eta Leonoraz eta Nancy Ruffordez fidatzen nintzela, eta baita antzinako bake-gordelekuez ere, nire amaren maitasunean sinesten nuen bezala. Eta gau hartan hustu zidan bere bihotza Edwardek. Bitartean honako hau gertatu zen: Nauheimetik itzultzean Leonorak lur jo zuen... Edwardez fida zitekeela jakin zuelako. Harrigarria dirudi, baina depresioaz zerbait baldin badakizu, jakingo duzu, patuak prestatzen dizkigun tormentu antzetsuak direla medio, tentsioa lasaitu ahala, egiteko beste ezer geratzen ez den bezain laster horrelako krisiak gertatzen direla. Senarraren gaixotasun luze baten eta heriotzaren ondoren geratzen da alarguna deseginda; estropada luze baten ondoren geratzen dira porrot eginda arraunlariak arraunen gainean erorita. Eta horixe gertatu zitzaion Leonorari. Edwarden ahotseko zenbait tonu aditurik, Nauheimeko hotelean mahaitik altxatzean bere begi odol-puztuekin egin zion begirada ikusirik, Leonorak bazekien, neskato gaixoaren kasuan, Edwarden eskrupulo moralek, haren gizarte-legeak edo doilorkeria handiegia izango zela buruan edukitzeak Nancy erabat salbu uzten zutela. Ziur zegoen neska ez zegoela inolako arriskutan Edwardekin. Eta horretan erabat zuzen zebilen. Erabateko lur-jotzea Leonoraren beraren eskutik etorriko zen. Atseden hartu zuen; etsi egin zuen, hasieran azkar eta gero eta indar handiagoarekin patuaren indarraren mende utzi zuen bere burua. Agian esan daiteke, bere erlijioaren mugapenetatik libraturik, bizitzan lehenbiziko aldiz, bere-berezko desioei bide eman ziela. Ez dakit ez ote dudan pentsatu behar horretan ez zela bera; edo bere arauen, konbentzioen eta tradizioen loturak askatu ondoren, lehenbizikoz, zen bezalakoa izaten ari zela. Erdibituta zegoen; alde batetik ama batek bezain gartsu maite zuen neska, eta bestetik berak maite zuen gizonak bere bizitzako behin-betiko pasioa zirudiena aurkitu zuela ohartzen zen emakume baten jeloskeria sentitzen zuen. Erdibituta zegoen: alde batetik Edwardek horrelako pasio bati amore emateak nazka ematen zion, hura jasaten ari zen sufrimenduek erruki izugarria pizten zioten, baina, nahiz eta bere buruari ezkutatu horiek bezain sentipen bortitza zen beste hau ere: Edwardek amodiozko harreman berezi hartan zintzo jokatzeko hartutako erabakiarekiko errespetua. Izan ere, pertsonaren bihotza misterioz betea da. Ezin daiteke esan Leonora, egin zuena egitean, ez zegoela Edwarden hil aurreko bertutearenganako nolabaiteko gorrotoz beterik. Nire ustez, Edward mesprezatu nahi zuen. Konturatzen zen Edward beragandik betiko aldendua zela. Orduan, sufri zezala, gorriak ikus zitzala; ahal izanez gero, desegin eta joan zedila infernura, asmo betegabeen gordeleku den tokira. Beste bide bat har zezakeen. Oso erreza izango zen neska lagunen batzuen etxera bidaltzea; handik ateratzea aitzakiaren bat edo beste baliatuz. Horrek ez zituen gauzak konponduko, baina zentzuzko jokabidea izango zen... Garai hartan, ordea, Leonora ez zen gauza inolako jokabiderik hartzeko. Edwardek sekulako pena ematen zion une batean... eta orduan errukiak eraginda egiten zituen gauzak; beste une batean nazka ematen zion, eta orduan nazkaren arabera jokatzen zuen. Tuberkulosiaz hilzorian denaren arnasestuak bezalakoak egiten zituen aire bila. Beste norbaitekin komunikatzeko irrikaz zegoen. Eta aukeratu zuen pertsona neska izan zen. Agian Nancy zen solaskidetzat har zezakeen pertsona bakarra. Bere diskrezio premiak, bere manera hotzak zirela medio, Leonorak lagun min gutxi zituen, oso gutxi. Bat ere ez zeukan, alde batera uzten baditugu Whelan koronelaren emaztea, La Dolciquita-ren abenturan aholku eman ziona, eta erlijioso bat edo bi, bizitzan zehar gidari izan zituenak. Koronelaren emaztea garai hartan Madeiran zegoen; erlijiosoei iskintxo egiten zien orain. Bere bisitarien liburuak zazpiehun izen zeuzkan; ez zegoen inortxo ere hitz egiteko modukorik, ordea. Bera Branshaw Teleragheko Ashburnham andrea zen. Branshaweko Ashburnham andre handia zen, eta egun osoan bere ohe zoragarrian etzanda egoten zen, bere gela zoragarri, argitsu, zabalean bere tapizeria estanpatuekin, Chippendale altzariekin eta Zoffanyk eta Zuccherok Ashburnhamtar hildakoei egindako erretratuekin. Ehizaldia zenean nekez ateratzen zen ohetik —zaldi-kotxez joateko moduko bidea baldin bazen— eta Edwardi agintzen zion bera eta neska bidegurutzeraino edo landetxeraino eramateko. Gero bakarrik itzultzen zen; Edward eta neska zaldi-gainean aldentzen ziren. Leonora ez zen gauza, garai hartan... buruko min handiak zeuzkan. Bere behorraren urrats bakoitza tortura bat zen harentzat. Baina gauza zen zaldi-kotxea txukun eta zuzen gidatzeko. Gimmen, Ffoulke eta Hedley Seatontarrei irribarre egiten zien. Atakak irekitzen zizkioten mutikoei penikeak doitasunez botatzen zizkien eskura; zaldi bakarreko kotxe altuan zuzen esertzen zen; Edwardi eta Nancyri eskuaz agur egiten zien, ehiza-zakurrekin zaldiz aldentzen zirenean, eta denek entzuten zuten haren ahots garbi, ozena, eguraldi freskoarekin, esaten: «Ongi pasa!» Emakume gaixo etsipenak hartua. Hala ere, kontsolamendu printza bat geratzen zitzaion. Bayhameko Rodney Bayhamen begirada tematietatik sortua. Hiru urte joanak ziren berarekin amodiozko abentura frustratu hura izan zuenetik. Hala ere, neguko goizetan zaldi-kotxearen pertiketara hurbildu eta «Egunon» esan eta berari begiratu besterik ez zion egiten, ez ordea erreguzko begiradarekin, baizik esango balio bezala: «Begira, oraindik ere, alemanek esaten duten bezala A.D. nago, at disposition, zure esanera, alegia.» Kontsolamendu handia zen, ez berriro maitale gisa hartzea pentsatzen ari zelako, baizik eta erakusten ziolako oraindik bazela munduan zaldi-gainerako jantziekiko arima leial bat. Eta horrek erakusten zion berak ere ez zeukala batere itxura txarrik. Eta benetan ez zeukan batere itxura txarra. Berrogei urte zituen, baina komentutik atera zenean bezain guri zegoen... gorpuzkera berdina, ilea orduan bezain argia, begi urdin ilun berdinak. Uste zuen bere ispiluak hori esaten ziola; baina beti izaten dira zalantzak... Rodney Bayhamen begiek uxatzen zituzten. Harrigarria da oso Leonora batere zahartu ez izana. Uste dut badirela edertasun mota batzuk eta are gaztetasun mota batzuk sufrimenduarekin edertzen direnak. Hau modu konplikatuegian dago esana. Esan nahi dut Leonora, dena ongi atera balitzaio, gogorregia bihur zitekeela, eta agian harroputza. Gertatutakoaren ondoren konformatzen zen, eraginkor... eta, hala ere, onbera agertzearekin. Hori da nahasketen artean bitxiena. Eta, hala ere, zin degizut Leonorak, bere modu estuan, ikaragarri onbera izatearen itxura ematen zuela. Zuri adi bazegoen, urrunean entzuten zen hotsen bati ere adi zegoela ematen zuen. Halaz guztiz ere, zuri adi zegoen eta esandakoa barneratzen zuen, eta esandakoa, gizateriaren historia nahigabeen historia baita, tristea izan ohi zen normalean. Uste dut Nancyk hari esker gaindituko zituela gaueko zenbait izualdi eta eguneko zenbait momentu txar. Eta horiek izango zuten eragina neskak emakume helduari zion maitasun suharrean. Izan ere, Nancyk Leonorari zion maitasuna katolikoek Ama Birjina eta santuenganako dituzten sentipenek sortzen duten mirespenaren gisakoa zen. Gutxiegi da esatea neskak bere bizitza Leonoraren oinetan utzia izango zuela, zeren bere bertutearen... eta arrazoimenaren eskaintza utzi baitzuen han. Horiek aski ziren bere bizitzaren aldera egindako hasierako ordainketa gisa. Gaur askoz hobe litzateke Nancy Ruffordentzat hilda egotea. Agian pentsamendu hauek traba besterik ez dira; baina pilan datozkit gainera. Gertatua kontatzen saiatuko naiz. Hara, Nauheimetik itzuli zenean, Leonora buruko minekin hasi zen... egunetan eta egunetan iraun zioten buruko minak, zeinetan ezin baitzuen hitzik esan edo inolako hotsik jasan. Eta eguna joan eguna etorri, Nancy izaten zuen zaintzaile; hantxe egoten zen ordutan isilik eta mugitu gabe, musuzapiak ozpin-uretan blaitzen eta bere kasa pentsatzen. Oso txarra izan behar zuen berarentzat —baita otorduak Edwardekin bakarrik egitea ere— eta izugarri txarra Edwardentzat. Edward, jakina, bere portaeran zalantzan zebilen. Besterik egin al zezakeen? Batzuetan isilik geratuko zen eserita janari probatu gabea aurrean zuela lur jota. Monosilaboekin erantzuten zuen neskak zerbait esaten zionean. Gero Nancy beraz maiteminduko zen beldurrak harturik ibiltzen zen. Beste batzuetan ardo pixka bat edaten zuen; konpostura gordetzen saiatzen zen; txantxetan hasten zen neskaren behorra adaxkekiko hesi baten aurrean saltatu nahi ezik geratu zelako, edo Chitraleko bizimoduaz jarduten zuen. Halako lagun aspergarriarekin gelditzea neska gaixoarentzat gogorra izango zela pentsatzen zuenean egiten zuen hori. Konturatzen zen Nauheimeko parkean esandakoak ez ziola neskari kalterik egin. Baina hori guztia Nancyri sekulako kaltea ari zitzaion egiten. Pixkana ikusarazten zion Edward bere gorabeherak zituen gizona zela, eta ez tipo beti alai bat, zakur esaneko baten, zaldi fidagarri baten edo lagun min baten antzekoa. Beldurtzeko moduan lur jota ikusten zuen, bere besaulkian hondoraturik, alde batean arma-gela ere bazen bulegoan. Ate irekitik begiratuz ohartzen zen haren aurpegia, norekin hitz egin ez zeukanean, gizon zahar, hil batena zela. Pixkana horrek ohartarazi zion alde nabarmenak zeudela osaba-izebatzat zeukan bikotean. Oso pixkana ziurtatu zuen kontua izan zen. Edwardek mutil gazte bati zaldi zahar samar bat ematearekin hasi zen dena. Selmesen aitari abokatu iruzurgile batek joarazi zion erreka, eta Selmes familiak bere ehiza-zaldiak saldu behar izan zituen. Konderriko alde hartan zalaparta dezente sortu zuen auzia izan zen. Eta Edwardek, egun batean gazte horrekin topo egitean, zaldirik gabe, eta ikusirik oso goibel zegoela, bera gainean zeraman zaldi irlandarra eskaini zion. Benetan txorakeria ederra zen hori egitea. Zaldiak hogeita hamar edo berrogeiren bat libra balio zuen, eta Edwardek jakin behar zuen opari horrek bere emaztea asaldatuko zuela. Baina mutil zorigaiztoko hari gustua eman behar, haren aita umetatik ezagutzen baitzuen. Eta dena okerrago bihurtzen zuena beste hau zen: Selmes gazteak ezin zuela zaldia mantendu ere. Edwardek, eskaintza egin bezain laster, garbi ikusi zuen hori, eta honela esan zion: «Zaldia Branshaweko ukuiluan edukiko duzu, noski, zure egoera hobetu edo saldu eta hobe bat eskuratu arte.» Nancy etxera joan zen zuzenean, eta dena Leonorari esan zion, ohean baitzen. Nancyri iruditzen zitzaion Edwardek estu zebiltzanen sentipenak eta egoera kontuan hartzeko zuen sentiberatasun azkarraren agerkari bikaina zela. Pentsatu zuen horrek Leonora alaituko zuela... zeren edozein emakumek alaitu beharko luke horrelako senar eskuzabala daukala jakitean. Hori izan zen berak izandako azken haur-pentsamendua. Izan ere, Leonora, buruko mina pasatuta lasai baina oso ahul zegoenez, ohean jiratu, eta neskarentzat erabat harrigarriak ziren hitz hauek esan baitzizkion: «Nahiago nuke,» esan zuen, «zure senarra balitz, eta ez nirea. Erreka joko dugu. Erreka. Ez ote dut sekula aukerarik izango?». Eta bat-batean Leonora negar-zotinka hasi zen. Burko artetik atera eta ukondo baten gainean jarriz, han geratu zen negar eta negar, aurpegia esku artean ezkutaturik eta malkoak behatz artetik isurtzen zitzaizkiola. Neska gorritu, eta hitz-totelka eta zotinka hasi zen, berari irain egin baliote bezala. «Baina osaba Edward...» hasi zen. «Gizon horrek,» esan zuen Leonorak, sekulako garraztasunez, «bere alkandora eta nirea... eta baita zurea ere, emango lioke edozein...» Ez zen esaldia bukatzeko gauza izan. Une horretan bere senarrarenganako sekulako gorroto eta mesprezua sentitzen zuen. Goiz osoan eta arratsalde osoan hantxe egon zen etzanda Edward eta neska elkarrekin zeudela pentsatzen... landan zaldiz zebiltzala eta iluntzean etxeratuko zirela imajinatzen. Bere azkazal zorrotzak esku-ahurretan sartzen aritua zen amorruz. Etxea oso isilik zegoen neguko eguraldi goibelean. Eta gero torturazko eternitate baten ondoren, ateak irekitzean egin zuten hotsa nagusitu zen etxean, neskaren ahots alaiarekin batera: «Beno, mihuraren azpian bakarrik...» Eta Edwarden ahots lakarra aditu zen. Gero Nancy sartu zen, eskaileretan gora presaka igo, eta oin-puntetan jarraitu zuen Leonoraren gelako ate irekira hurbiltzen. Branshawen sala handi bat zegoen haritzezko lurzorua eta tigre larruak zituena. Sala horren inguruan galeria bat zegoen, eta Leonoraren gelak hara ematen zuen. Eta buruko minik gogorrenak zituenean ere, bere gelako atea irekita eduki nahi izaten zuen... nire ustez hondamen eta desastrearen oinkadak hurbiltzen sentitzeko. Dena dela, ez zitzaion gustatzen atea itxita gela barnean egotea. Une horretan Leonorak gorroto bizia zion Edwardi, eta bere zaldi-zigorraz gustura zartatuko zion aurpegia neskari. Zer eskubide zeukan neska hark gaztea, liraina eta beltzarana izateko, eta batzuetan alai eta beste batzuetan triste egoteko? Zer eskubide zeukan bere senarra zoriontsu egiteko moduko emakumea izateko? Zeren Leonorak bazekien Nancyk Edward zoriontsu egingo zuela. Bai, Leonorak bere zaldi-zigorraz aurpegia zartatuko zion Nancyri gustura. Hazpegi berezi haietan zigorkada ematean nolako atsegina sentituko zuen imajinatu zuen; nolako atsegina sentituko zuen, haragian sakon sartu eta seinale iraunkor bat uzteko, zartadaren une berean eskutokia bereganantz tiratuz. Tira, seinale iraunkorra utzi zion, eta haren hitzak sakon sartu ziren neskaren gogoan. Haietako inork ez zuen gai hori gehiago aipatu. Hamabost egun igaro ziren... eta egun horietan euri jasa handiak, soro aztakatuak eta zakurrentzat arrastoa bilatzeko zailtasunak izan ziren. Leonoraren buruko minak betiko joanak ziren, itxuraz. Behin edo bitan atera zen ehizaldietara, Bayham erakustun zuela, Edwardek neska zaintzen zuen bitartean. Gero gau batez hirurak bakarrik afaltzen ari zirela, Edwardek esan zuen, egun haietan hitz egiten zuen tonu bitxi eta berariaz ilunean, (mahaira begira): «Nancyk bere aitarengatik gehiago egin beharko lukeela pentsatzen aritu naiz. Zahartzen ari da. Rufford koronelari idatzi diot, eta neskak berarengana joan beharko lukeela esan diot.» Leonorak hots egin zuen: «Nola ausartu zara? Nola ausartu zara?» Neskak eskua bihotz gainean ezarri, eta oihuz esan zuen: «Oh, nire salbatzaile errukiorra! Lagun nazazu!» Hori izan zen gogora etorri zitzaiona, eta hitzek bere ezpainetarako bidea bilatu zuten, hark nahi gabe. Edwardek ez zuen ezer esan. Eta gau hartan, gure infernu itogarri honen ardura duen deabruaren amarru gupidagabe batengatik, Nancyk bere amaren gutun bat jaso zuen. Leonora Edwardekin hizketan ari zela iritsi zen; bestela Leonorak berak jasoko zuen, beste batzuekin egin izan zuen bezala. Gutun txundigarri eta lazgarria zen. Ez dakit zer esaten zuen. Nancyrengan izandako ondorioengatik bakarrik jakin dezaket alde-aldera haren ama, tipo ziztrinen batekin ihes egin ondoren, «gero eta zulo beltzagoan» sartu zela, esan ohi denez. Ez dakit garai hartan kalean larrua eskaintzen zebilen ala ez, baina esango nuke bere senarrak pasatzen zion pentsio txikia bizimodu horrekin osatzen zuela. Eta uste dut horrelaxe adierazten ziola Nancyri bere gutunean eta aurpegiratzen ziola luxuan bizitzea bera goseak hiltzen zegoen bitartean. Eta tonua bera ere izugarria izango zen, zeren Rufford andrea emakume krudela baitzen bere unerik onenetan ere. Bere amaren hitzak, beste pena batzuez ahazteko logelan irekitzean, deabruaren algarak irudituko zitzaizkion. Ezin dut jasan nire neskato gaixoa une horietan imajinatzea... Eta aldi berean Leonora, ero bihozgabe baten gisara, Edward gizagaixoa zigortzen ari zen. Edo agian ez zen hain gizagaixoa; agian, egin beharrekoa egin zuela zekienez, zoriontsu sentitzen zela pentsatu beharko da. Zuk erabaki, dena dela; Ashburnham bere besaulkian zegoen, eta Leonora haren gelara sartu zen..., lehenbizikoz bederatzi urtetan. Esan zion: «Zure bizi higuingarrian egin duzun gauzarik higuingarriena da hau.» Ez zen mugitu, eta ez zion emazteari begiratu ere. Jainkoak daki zer zegoen zehazki Leonoraren buruan. Pentsatu ohi dut esaldi horrek batez ere adierazten zuela neskatoa aitarengana bidaltzeak sortzen zion kezka eta izua; izan ere, neskari haren ahotsak gauean garrasi eragiten baitzion. Eta benetan hori oso arrazoi sendoa zen Leonorarentzat. Baina nire ustez Edward neskaren presentziarekin torturatu nahiak ere bazuen bere eragina. Garai hartan horretarako gauza ere bazen. Edward bere besaulkian hondoratuta zegoen; gelan bi kandela zeuden, kristalezko pantaila berdez estaliak. Pantaila berdeak liburu-apalategiaren kristaletan ispilatzen ziren, liburuen ordez kanoi distiratsuko armak eta arrantzako kanaberak baieta berdez forratutako kutxetan zeuden apalen kristaletan. Tximiniaren erlaitzean, ezproi, apatx eta brontzezko zaldi-irudiz gainezka baitzegoen, zaldi zuri bat eta atzealde marroi iluna zuen margolan bat zegoen, baina hango argiarekin ez ziren ongi ikusten. «Uste baduzu,» esan zuen Leonorak, «ez dakidala neskaz maitemindurik zaudela...» Kemen handiz hasi zen, baina ez zuen aurkitu esaldiarentzako bukaerarik. Edward ez zen mugitu; ez zuen hitzik esan. Eta gero Leonorak esan zuen: «Dibortziatzea nahi baduzu, dibortziatuko naiz. Orduan berarekin ezkontzeko aukera izango duzu. Zutaz maitemindurik dago.» Edwardek intziri moduko bat egin omen zuen, Leonorak esana. Gero bera atera egin omen zen gelatik. Jainkoak daki horren ondoren zer gertatu zen Leonoraren baitan. Ziur naiz berak ere ez dakiela. Seguru aski nik jaso ahal izan dudana baino askoz gauza gehiago esango zion Edwardi; baina hori da esan didan guztia eta ni ez noa hitzaldiak asmatzera. Emakumearen une hartako aurrerabide psikologikoa ulertzeko, nik uste, beren iraganeko bizitzako gauza sail bat aurpegiratuko zion, Edward isil-isilik geratzen zen bitartean. Eta, egia esan, horretaz gerora hitz egitean, Leonorak behin baino gehiagotan esan du: «Nahi nuen baino gauza askoz gehiago esan nizkion. Isil-isilik geratu zelako, hain zuzen ere.» Izan ere, Leonorak hitz egitera akuilatzeko hitz egin baitzuen. Dirudienez hainbeste gauza esan zituen, non umorea aldatu zitzaion jasandako irainak kanporatzean. Galeriako bere gelara joan zen, eta han geratu zen denbora puska batean pentsatzen. Eta pentsatuz erabateko eskuzabaltasun eta automesprezuko jarrera batera iritsi zen. Bere buruari esaten zion ez zuela ezertarako balio; bere ahalegin guztiak alferrikakoak izan zirela... bai Edward bereganatzekoak, bai gastuetan neurritsuago bihurraraztekoak. Bereak egin zuela imajinatu zuen; bukatua zela. Orduan izutu egin zen oso. Pentsatu zuen berak esandakoaren ondoren Edwardek bere buruaz beste egin beharko zukeela. Galeriara atera, eta aditzen geratu zen. Etxean salako erloju handiaren tiki-taka besterik ez zen aditzen. Baina, nahiz eta hondamen egoera hartan egon, ez zen gertaeren zain geratzeko emakumea. Ez zen geldi geratu. Edwarden gelara joan zen zuzenean; atea ireki, eta barnera begiratu zuen. Edward errifle baten krisketari olioa ematen ari zen. Gauza harrigarria zen hartan aritzea, gaueko ordu hartan, artean kaleko jantziak soinean zituela.Leonorari, hala ere, ez zitzaion bururatu Edward tresna harekin bere buruari tiro egitera zihoanik. Bazekien denbora-pasa hutsagatik ari zela... bere buruari pentsatzea galarazteko. Edwardek gora begiratu zuen emazteak atea ireki zuenean, aurpegia pantaila berdeen goiko aldetik ateratzen zen distirak argiturik. Leonorak esan zuen: «Ez dut pentsatu Nancy hemen aurkitzerik.» Azalpen hori zor ziola pentsatu zuen Leonorak. Orduan, Edwardek erantzun zion: «Ez nuen pentsatzen hori pentsatuko zenuenik.» Haiek izan ziren gau hartan esan zituen hitz bakarrak. Leonora, oilo bustia bezala, pasillo luzeetan barrena itzuli zen, ohiko tigre-larruetan estropezu egin zuen sala ilunean. Nekez herrestatzen zuen hanka bat bestearen ondoren. Galerian konturatu zen Nancyren gelako atea erdi-irekita zegoela eta argi bat piztuta zegoela gela hartan. Bat-batean eromenak hartu zuen, zerbait egin nahiak, azalpenak emateko egarriak. Gelek galeriara ematen zuten; Leonorarenak ekialderantz, hurrena neskarena zegoen, eta azkenik Edwardena. Hiru ate horiek zabalik ikusteak, bata bestearen ondoan, gaueko halabeharrak ekar ziezaiekeena hartzeko prest, Leonorari burutik oin-puntetarainoko hotzikara eman zion. Nancyren gelan sartu zen. Neska erabat geldi zegoen eserita besaulki batean, oso tente, komentuan erakutsi zioten bezala. Eliza bat bezain lasai zegoen; ile beltza sorbalden gainera erortzen zitzaion hil-oihal bat bezala. Aldamenean zeukan sua bizi-bizi zegoen; ikatza jarriko zion lehentxeago seguru aski. Zetazko kimono zuri bat zeukan soinean, oinetaraino iristen zitzaiona. Erantzitako arropak eserleku egokietan tolestaturik zeuden. Bere esku luzeak bizkarralde zuri eta arrosako besaulkiaren beso banatan ezarrita zeuzkan. Leonorak esan zizkidan gauza hauek guztiak. Harrigarria iruditzen zitzaion nonbait neska halako gau batean erantzitako jantziak tolestaturik uztea bezalako gauza metodikoak egiteko gauza izatea... Edwardek bere aitarengana bidaltzeko asmoa azaldu eta amaren gutun hura hartutako egunean. Gutuna, azal barnean, eskuineko eskuan zeukan. Leonora hasieran ez zen ohartu. Esan zion: «Zer ari zara hain berandu?» Neskak erantzun zuen: «Pentsatzen.» Zurrumurruka pentsatu eta ahapetik hitz egiten zutela ematen zuen. Orduan Leonorak gutun-azala ikusi, eta Rufford andrearen letra ezagutu zuen. Pentsatzea ezinezkoa den une horietako bat izan omen zen, hala esan zidan Leonorak. Alde guztietatik harrika ari eta ihes egin beste biderik ez balu bezala Bere burua honela hots egiten aditu omen zuen: «Edward hilzorian da... zuregatik. Hilzorian. Gu biok baino gehiago balio du...» Neskak Leonoraz harantzagoko ate erdi-itxiaren paneletara begiratu zuen: «Aita gaixoa,» esan zuen neskak. «Aita gaixoa.» «Hemen geratu behar duzu,» erantzun zion Leonorak haserre. «Hemen geratu behar duzula esan dizut.» «Glasgowera noa,» erantzun zuen Nancyk. «Bihar goizean Glasgowera joango naiz. Nire ama Glasgowen dago.» Badirudi Rufford andreak Glasgowen jarraitzen zuela bere bizimodu nahasian. Hiri hori aukeratu zuen, ez probetxugarriagoa zelako, baizik eta bere senarraren jaioterria zelako; izan ere, ahalik eta kalterik handiena egin nahi zion. «Hemen geratu behar duzu,» hasi zen Leonora. «Edward salbatzeko. Zureganako maitasunez hilzorian dago.» Neskak bere begi lasaiak Leonorarengana bihurtu zituen. «Badakit,» esan zuen. «Eta ni berarenganako maitasunez hilzorian.» Leonorak intziri egin zuen, eta nahi ez bazuen ere, izu eta penazko intziria izan zen. «Horregatik noa Glasgowera...» jarraitu zuen neskak, «nire ama handik ateratzera.» Erantsi zuen: «Munduko azken mugetara.» Zeren nahiz eta azken hilabeteetan emakume bihurtua izan, haren esaldiak eskola-ume erromantiko batenak baitziren. Hain azkar haztean ilea bilduta jartzeko denborarik izan ez balu bezala. Baina erantsi zuen: «Gu ez gara onak, ama eta biok.» Leonorak bere baretasun amorratuarekin esan zuen: «Ez. Ez. Zu ona zara. Ni naiz gaiztoa. Ezin duzu utzi gizon hori hondamendira joaten zuregatik. Berari eman behar zatzaizkio.» Leonorak esan zuenez, neskak irribarre egin zion, irribarre bitxi, urrun bat... mila urte balitu eta Leonora haur txiki bat balitz bezalakoa. «Banekien honetara helduko zinela,» esan zuen oso mantso mintzatuz. «Baina guk ez dugu horrenbeste merezi... Edwardek eta biok.»
Historiarik goibelena |