Historiarik goibelena
IV
Zaila da edozein gizonen inpresio osoa ematea. Zenbateraino lortu ote dudan Edward Ashburnhamen kasuan ari naiz neure baitan. Huts egin dudala esango nuke. Zein ezaugarrik duten garrantzia ikustea bera ere zaila da. Edward gaixoaren kasuan punturik garrantzitsuena zein zen? Gorputzez ongi egina zela, ibilera dotorekoa, mahaian neurritsua eta bizimodu erregularra egiten zuela? Ingelestzat hartzen diren bertute guztiak zituela? Batere asmatu al dut hori guztia zela eta bertute horiek guztiak zituela ulertarazten? Horrelakoxea zen, bada, eta bertute horiek guztiak izan zituen, bere bizitzako azken hilabeteak arte. Haren ilarrian jartzeko moduko gauzak dira horiek. Alargunak jarriko ditu seguru aski. Eta behar bezala adierazi ote dut haren bizitza nola zegoen zatituta eta denbora zertan ematen zuen? Zeren, azken-azkenera arte, bere grinek hartzen zioten denbora ez baitzen hainbeste ere. Haren grinez ezinbestean franko idatzi behar izan dut, baina kontuan hartu behar duzu —gustatuko litzaidake kontuan hartzera behartuko bazintut— goizero zazpietan jaikitzen zela, bainu hotz bat hartu, zortzietan gosaldu, eta bere erregimentuko eginbeharretan aritzen zela bederatzietatik ordu bata arte; gero, tearen ordura arte poloan aritzen zen bere mutilekin, edo kriketean, denboraldiaren arabera. Ondoren administratzailearen gutunak eta bere jantokiko arazoak izaten zituen esku artean afalordura arte. Afaldu, eta iluntzean kartetan aritzen zen, edo Leonorarekin billarrean edo honelako edo halako eginkizun sozialetara joaten zen. Eta bere bizitzaren zatirik handiena gauza horiek hartzen zuten... bere bizitzaren zatirik handiena nabarmen. Haren amodiozko aferak, azken-azkenera arte, tarteetan edo bilkura sozialetan gertatzen ziren, dantzaldi eta afarietan. Baina uste dut zaila egingo zaizula, entzule isil hori, inpresio hori jasotzea. Dena dela, ez ahal nizun emango Edward Ashburnham kasu patologiko bat zelako ideia. Ez baitzen. Gizon normal bat besterik ez zen, eta oso sentimentala. Esango nuke bere gazte-denbora, amaren eragina, ezjakintasuna, armadako erakustunek ezarri zizkioten ikaskizunen betekada... esango nuke gazte denborako eragin bikain horiek guztiak oso txarrak izan zirela berarentzat. Baina denok jasan behar dugu hori, eta oso txarra izaten da denontzat, dudarik gabe. Hala ere, Edwarden bizitzaren ibilbidea gizon langile, sentimental eta profesional eraginkor baten ibilbide normala izan zen. Lehen inpresioen kontu hori askotan ibili dut buruan... baina oso modu teorikoan. Esan nahi dut, aldian-aldian burutan ibili dudala ea hoberena ote den gizarte harremanetan norberaren lehen inpresioez fidatzea. Baina nik ez dut sekula inorekin traturik izan, ez bada Ashburnham senar-emazteekin, eta haiekin ere ez nekien inolako traturik neukanik. Eta zerbitzari eta neskameei dagokienez, konturatu naiz nire lehen inpresioak aski zuzenak izan direla. Gizon bat ongi hezia, atsegina eta arretatsua zela iruditzen bazitzaidan, halakoa izaten jarraitzen zuela ematen zuen gehienetan. Behin, ordea, Parisko gure etxebizitzan xarmangarria eta erabat fidagarria zela ematen zuen neskame bat izan genuen. Ba, Florenceren diamanteekiko eraztun bat ostu zuen. Bere senargaia presondegitik libratzeko egin zuen hori, hala ere. Beraz, norbaitek nonbait esan duenez, hori kasu berezitzat hartu behar da. Eta Estatu Batuetako negozioen munduan egin dudan sartu-ateran —abuztuaren zati bat eta irail osoa iraun zuen sartu-atera hartan— jakin nuen lehen inpresioez fidatzea nuela onena. Aurkezten zidaten gizon bakoitza automatikoki sailkatzen eta hari etiketa jartzen aurkitu nuen neure burua, eta haren hazpegiak edo esandako lehen hitzak hartzen nituen kontuan. Ez dago esaterik, ordea, Estatu Batuetan eman nuen denboran benetan negozioetan sartuta ibili nintzenik. Nireak likidatu besterik ez nuen egiten. Neskarekin ezkontzeko ideiarengatik izan ez balitz, nire herrian zerbait egiteko bilatuko nuen. Izan ere, nire hango esperientziak gogoangarri eta dibertigarriak izan ziren. Museo batetik mozorro-dantzaldi zaratatsu batera sartzea bezala izan zen. Florencerekin bizi izan nintzen bitartean ia ahaztu nuen bazirela modak, eginkizunak edo irabazi-grina bezalako gauzak. Benetan ahaztua nuen dolarra bera bazenik ere, eta oso desiragarria izan daitekeela, ez daukanarentzat. Eta ahaztua nuen halaber kontakatilukeria bazela, eta garrantzia duela. Alde horretatik Philadelphia nire denboran izan naizen lekurik harrigarriena da. Hiri horretan ez nuen egin aste bete edo hamar egun baino gehiago, eta ez nuen gauza handirik egin negozio kontuan; hala ere, edozeinek beste edozeinekin kontuz ibiltzeko egin zizkidan oharren kopurua txundigarria izan zen. Hoteleko egongelan eserita nengoela ezagutzen ez nuen gizon bat atzetik etorri, eta, belarri ertzera xuxurlatuz, esaten zidan kontuz ibiltzeko ezagutzen ez nuen baina barraren aurrean zutik zegoen beste gizon batekin. Ez dakit zer pentsatzen zuten egiten nuela nik han, agian gure hiriko zorra erosi edo trenbideren baten negozioaren kontrola lortzeko asmotan nenbilela. Edo agian uste zuten egunkariren bat erosi nahi nuela, zeren politiko edo kazetariak baitziren, gauza bera, hortaz. Egia esateko, Philadelphiako nire ondasunak herriko alde zaharreko finkak ziren gehien bat, eta han egin nahi nuen gauza bakarra zen etxeak ongi zainduta eta ateak txukun pintatuta zeudela ziurtatu. Horrez gain nire ahaideak bisitatu nahi nituen, mordoxka baitziren. Gehienak profesionalak ziren, eta aski estu zebiltzan 1907ko banku porrota eta ondorioak zirela-eta. Hala ere, oso atseginak izan ziren. Atseginagoak izango ziren, ez balute den-denek buruan barneraino sartua niri mania bat iruditzen zitzaidana, alegia beraiek «ezkutuko indarrak» deitzen zituztenak kontra ari zitzaizkiela. Dena dela, hiri hark ematen zuen inpresioa zen antigoaleko gela asko zeudela, tankeraz amerikarrak ez, baizik ingelesak, non dama polit baina ez oso zainduak, nire lehengusu propioak, gehien bat hizketan aritzen baitziren beren aurka gertatzen ari ziren azpijokoez. Ez nuen sekula jakin zer zen hura dena, agian uste zuten nik banekiela, edo agian ez zegoen inolako azpijokorik. Dena oso sekretu, sotil eta ezkutukoa zen. Baina bazen Carter izeneko gazte bat, nire iloba txikia-edo zena, aski urruna. Ederra zen, beltzarana, dotorea, altua eta apala. Kriketeko jokalari ona omen zen. Nire errentak kobratzen zituzten higiezin-agenteentzat lan egiten zuen. Beraz, berak eraman ninduen nire jabetzak ikustera, eta maiz ikusi nuen bai bera eta bai haren andregaia, Mary izeneko neska polit bat. Garai hartan orain egingo ez nukeen gauza bat egin nuen: ilobaren izaerari buruzko zenbait ikerketa zorrotz. Haren nagusiek azaldu zidaten ematen zuen bezalakoxea zela: zintzoa, langilea, animosoa, adiskidetsua eta edozeini laguntzeko beti prest. Haren ahaideek, ordea —nireak ere baziren, noski—, bazuten beraren kontra gauza misteriotsu eta ilunen bat. Pentsatzen nuen amarruren batean nahastuta ibilia izango zela edo gutxienez dontzeila errugabe eta fidakorren batzuei traizio egina izango zela. Etxe misteriotsu hartan barneratu nintzen, eta demokrata zela jakin nuen. Hor zegoen koska. Nire tartekoak denak errepublikanoak ziren. Haientzat dena okerragotu eta ilunago bihurtzen zuen Carter gaztea Vermonteko demokrata deitzen zutena izateak, alegia, ezker muturrekoa inolako zalantzarik gabe. Baina ez dakit horrek zer esan nahi duen. Dena dela, uste dut nire dirua hari utziko diodala hiltzen naizenean: atsegin dut haren aurpegi onberaren oroitzapena eta baita haren andregai politarena ere. Patua ongi porta dadila biekin. Berriki esan dut nire oraingo pentsamoldearekin ez nukeela lehen begiradan atsegina egin zaidan inoren izaerari buruzko ikerketarik eginaraziko. (Nire Philadelphiako esperientziei buruzko digresio txikia honetara bideratzera zuzendua zen.) Zeren mundu honetan nork erabaki dezake inoren izaera? Nork daki mundu honetan ezer beste inoren bihotzaz... edo bereaz? Ez dut esan nahi ezinezkoa denik gutxi gorabehera kalkulatzea norbaitek izango duen jokabidea. Baina ezin daiteke inor seguru egon edonork kasu guztietan izango duen jokabideaz... eta hori ezinezkoa bada, «izaera» alfer-alferrik da edonorentzat. Hori zen, adibidez, Florenceren Parisko neskamearen kasua. Neska hari konfiantza osoarekin ematen genizkion txeke zuriak hornitzaileei pagatzeko. Gero, bat-batean, eraztun bat ostu zuen. Ez genuen sinetsiko horretarako gauza zenik; berak ere ez zuen bere buruaz horrelakorik pentsatuko. Ez zegoen ezer haren izaeran. Agian gauza bera gertatzen zen Edward Ashburnhamekin. Edo agian ez. Ez, seguru aski ez. Zaila da asmatzen. Esan dut Kilsyte kasuak momentuz behintzat tentsioa arindu ziela bai berari eta bai Leonorari. Ikusarazi zion Edwardi bere emaztea berarekin zintzo jokatzeko gai zela; Leonorari, berriz, Edwardez fidatzen zela erakusteko aukera eman zion. Eztabaidarik gabe onartu zuen haren azalpena: neskari musu ematean negarrez ari zen haur bati aita batenaren gisako kontsolamendua ematen besterik ez zela ari. Eta bere ingurukoek —magistratuak barne— kasuaren ikuspegi hori hartu zuten benetan. Jendeak edozein gauza esanagatik, norberaren ingurukoak batzuetan oso eskuzabalak izan daitezke... Baina, berriro diot, esan dudan bezala, kalte handia egin zion Edwardi. Berak, behintzat, horrela ikusten zuen kontua. Ziurtatu zidan auzi hori epaitegian ikusi zen arte eta abokatuek horrelako kasuetan esan ditzaketen lizunkeriak beren buru bihurriekin zarataka harrotu zituzten arte, ez zitzaiola sekula burutik pasatu ere bera Leonorarekin desleiala izan zitekeenik. Baina, istilu haren erdian —esaten zuen lekukoen aulkian zegoela bat-batean etorri zitzaiola burura— legearen zeremonia goren haietako baten erdian, bat-batean oroitu omen zen neskaren gorputza berearen kontra estutu zuenean sentitu zuen xamurtasunaz. Eta une hartatik neska hura desiragarria iruditu omen zitzaion... eta Leonora batere erakarpen indarrik gabea. Haurtzainarengana kontu handiagoarekin hurbildu eta gauzak urrunago eramaten zituelako ameskeriei amore ematen hasi zen. Tarteka beste emakume batzuk zuhurki gorteatzea ibiltzen zuen buruan... edo agian zuzenago litzateke esatea kontu handiagoarekin kontsolatu eta azkenean erabat harrapaturik geratzeaz pentsatzen zuela. Hori zen kasuari buruz zuen ideia. Bere burua epaileen biktimatzat zeukan. Ez dut esan nahi bere burua nolabaiteko Dreyfustzat zeukanik. Epailea praktikan oso ongi portatu zen berarekin. Haren arabera Ashburnham kapitaina beste sexuko norbait kontsolatzeko desio oker batek desbideratu zuen, eta fintasun ezagatik edo munduaren ezagupen faltagatik 5 txelineko isun bat ezarri zioten. Baina Edwardek esaten zuen hor hasi zitzaizkiola buruan zenbait ideia sortzen. Nik ez dut sinesten, nahiz eta berak hala uste izan. Orduan hogeita zazpi urte zituen, eta bere emazteak ez zuen ulertzen: ezinbestekoa zen hondamena. Aldi bateko hurbilketa izan zen bien artean; baina ezin zuen iraun. Leonorak erronkari hain ongi erantzun izanak gauzak okerragotu zituen agian. Izan ere, Edward gizajoak Leonorarenganako begirune gehiago eta esker ona sentitzen zuen bitartean, jarrera horrek oraindik itxura hotzagoa ematen zion Leonorari bihotzetik hurbilago zituen beste gai batzuetan: bere eginbeharrak, karrera, tradizioa. Emaztearekiko etsipena jasanezina izateraino eraman zuen horrek... eta behar zuen euskarri morala emango zion beste emakumeren bat agian bila zezakeelako ideia indartu zuen Edwardengan. Berari Lohengrin bati bezala begiratzea nahi zuen. Garai hartan laguntza eman ziezaiokeen emakumeren baten bila ibili omen zen propio. Zenbait aurkitu zituen; izan ere, bere ingurunean dama franko ziren lagun eder eta fin honekin ados egon zitezkeenak jaun feudal baten eginbeharrak feudalak zirelako kontuan. Bere denbora horrelako damaren batekin edo besterekin hizketan pasatzen zuen gustura. Baina beti bazen oztoporen bat: dama hori ezkondua bazen, beti zegoen senar bat, haren denbora eta arreta gehiena beretzat eskatzen zituena. Eta neska ezkongaia bazen, ezin zuen maiz ikusi, hura ez konprometitzeagatik. Garai hartan, konturatuko zara, ez zeukan horrelako damarik limurtzeko asmorik batere. Emakumeren batek emandako euskarri morala besterik ez zuen behar, gizonak solaskide zailak iruditzen baitzitzaizkion idealez mintzatzerakoan. Benetan, ez dut uste sekula izan zuenik haietako inor bere maitale bihurtzeko inolako asmorik. Bitxia dirudi; baina zeharo zuzena iruditzen zait haren izaerari buruzko azalpen gisa. Uste dut Leonoraren apaiz aholkularietako bat izan zela —mundua ezagutzen zuen gizon bat— Leonorari senarra Montecarlora eramateko ideia eman ziona. Haren ustez Edwardek Leonorarekin ongi konpontzeko behar zuena buru-arinkeria apur bat zen, Edwardek pertsona estuaren itxura ematen baitzuen, garai hartan. Esan nahi dut, poloan aritzen bazen eta dantzari bikaina bazen, sasoian egoteagatik aritzen zela kirol horretan, eta dantzan, berriz, eginbehar sozial bat zelako dantzaldietara joatea, eta, behin joanez gero, ongi dantzatzea. Ez zuen ezer egiten dibertitze hutsagatik, bere bizitzako eginbeharra kontsideratzen zena izan ezik. Apaizaren ikuspegitik horrek Leonorarengandik erabat arroztuko zuen... ez Leonorak bizi-pozari garrantzi handia ematen ziolako, baizik eta Edwarden eginbeharrekin loturarik ez zuelako. Bestalde, Leonorak atsegin zuen tarteka dibertitzea, eta, apaizaren ikuspegitik, Edwardek ere tarteka dibertitzea gogoko izatea lortzen bazuen, bien arteko lotura estuagotuko zen. Ideia ona, baina gaizki atera zena. Duke Handiaren maitalea izan zen lehen emaitza. Edward bezain sentimentala ez zen beste edozeinen kasuan ez zuen axola izango. Edwardentzat, ordea, zorigaiztokoa izan zen. Zeren, izaeraz hain zen zintzoa, non emakume baten faboreez gozatu izanak bizitza osorako harekiko lotura ezartzen ziola sentiarazten baitzion. Horrela gertatu zen praktikan. Psikologia aldetik horrek esan nahi zuen ezin zuela maitale bat izan hartaz txora-txora eginda maitemindu gabe. Pertsona serioa zen... eta kasu honetan oso garesti atera zitzaion. Duke Handiaren maitaleak —itxura suharreko dantzari espainiar bat— biak ostatuz zeuden hoteleko dantzaldi batean bere begiraden jomugatarako aukeratu zuen. Edward luzea zen, ederra, ile-horia eta oso aberatsa, hark jakin zuenez... eta Leonora goiz joan zen ohera. Ez zitzaizkion dantzaldiak gustatzen, baina lasaitu zen Edward neska atsegin batzuekin itxuraz ongi pasatzen ari zela ikusirik. Eta hori izan zen Edwarden hondamena: zeren itxura suharreko dantzari espainiarrak Edwardekin gau bat pasatu nahi baitzuen, haren beaux yeux haiek zirela medio. Edwardek lorategiko ilunpera eraman zuen, eta bat-batean Kilsyte kasuko neskaz oroituz, musu eman zion. Pasioz musukatu zuen, bizitza osoan bridaturik edukitako pasioak bat-batean eztanda egin balu bezala... zeren Leonora hotza baitzen... edo, dena dela, portaera onekoa. La Dolciquita-k aldaketa hori atsegin izan zuen, eta Edwardek haren ohean eman zuen gaua. Izaki pilpiratsu hura azkenean bere besoetan lokartu zenean, Edward emakume harekin txoraturik, pasioz beterik, bete-betean maitemindurik zegoela konturatu zen. Belar onduak sua hartzen duen bezala piztutako pasioa izan zen. Ezin zuen beste ezertan pentsatu, ezin zen beste ezertarako bizi. Baina La Dolciquita izaki zentzudun eta pasio izpirik gabekoa zen. Bere grinak nolabait asetzeko premia zeukan, eta Edwardek aurreko gauean grina piztu zion. Ase ondoren oso hotz esan zion Edwardi beragandik gehiago nahi bazuen, diru truke izango zela. Tratu komertzial erabat zentzuzkoa zen. Edward bost axola zitzaion, beste edozein gizon bezala, eta Duke Handiarekin zeukan egoera bikaina arriskuan jartzeko eskatzen ari zitzaion. Edwardek behar adina diru baldin bazeukan istripuren baten aurkako aseguru gisa, bera prest zegoen Edwardekin atsegin izateko denboraldi batez, poliza baliozkoa zen bitartean, nolabait esateko. Dukeari berrogeita hamar mila dolar ateratzen zizkion urtean; Edwardek bi urteko alokairu saria ordaindu beharko zuen hilabeteko konpainiagatik. Ez zen arrisku handirik izango Duke Handia konturatzeko, eta ez zen segurua jakiten bazuen ere pikotara bidaliko zuenik. Baina arriskua hor zegoen... ehuneko hogeiko arriskua, haren ustez. Jabetza bat saltzeko zeukan abokatu baten gisan hitz egin zion Edwardi: zeharo lasai eta zeharo hotz, ahotsean batere gorabeherarik gabe. Ez zuen zakarra izan nahi, baina Edwardekin atsegina izateko arrazoirik ere ez zuen ikusten. Negozio-emakume zintzoa zen, bere amaz eta bi ahizpaz eta zahartzaroko erosotasunaz arduratu beharra zeukana. Ez zuen uste bere karrera bost urte baino gehiago luzatuko zenik. Hogeita lau urte zituen, eta berak esaten zuenez: «Gu, emakume espainiarrak, hogeita hamar urterekin itsusi amorratuak izaten gara.» Edwardek zin egin zion bizitza osorako mantenua emango ziola berarekin joaten bazen eta horrelako gauza izugarriak esateari uzten bazion; baina emakume hark sorbalda bat astiro eta erdeinuz goratu besterik ez zuen egin. Edward saiatu zen emakumea konbentzitzen, bere ikuspegitik, hark bere bertutea eman izanaren trukean bera behartua zela hura mantentzera, zaintzera, eta are maitatzera ere... bere bizitza osoan. Eta emakumeak, berriz, bere maitasun ohoragarri haren truke Edwardek bere jabetzei buruz kontatzeko zeukana adituko zion. Horrela ikusten zuen Edwardek kontua. La Dolciquita-k sorbalda bera goratuz keinu berdina egin, eta ezkerreko eskua luzatu zuen ukondoa gorputzaren saihetsean edukiz: «Enfin, mon ami,» esan zion, «Forli's-eko tiara haren prezioa jarri esku honetan, bestela...» Eta bizkarra eman zion. Edward erotu egin zen; mundua hankaz gora jarri zitzaion; itsaso urdinaren aurreko palmondoek dantza groteskoak dantzatzen zituzten. Emakumeen bertute, xamurtasun eta babes moralean sinesten zuen. Beste ezer baino nahiago zuen La Dolciquita-rekin eztabaidan aritzea; harekin uharte batera erretiratu, eta hari ikusarazi bere ikuspuntuaren madarikazioa eta salbazioa benetako maitasunean eta sistema feudalean baizik ezin aurki zitekeela. Emakume hura behin bere maitalea izan zen, egiten zuen Edwardek bere artean, eta lege moral guztien arabera bere maitalea edo gutxienez bere sekretuen entzule errukitsua izan behar zuen. Baina dantzariaren gelak itxi egin zitzaizkion; La Dolciquita ez zen agertzen hotelean. Ezertxo ere ez, isiltasun osoa. Hori hausteko hogei mila libra behar zituen. Badakizu zer gertatu zen. Aste beteko eromena izan zen Edwardentzat; ez zuen jaten; begi-zuloak egin zitzaizkion; Leonorak ukitzen zuenean hotzikarak jotzen zuen. Esango nuke La Dolciquita-renganako pasiotzat zeukanak benetan Leonorarekiko leialtasuna hautsi zuela-eta sentitzen zuen kezka zela. Ohi baino okerrago sentitzen zen... ikaragarri gaizki, eta hori guztia maitasuna zela iruditzen zitzaion. Gizajoa ikaragarri xaloa zen. Leonora oheratu ondoren itxura gabe edaten zuen, mahaiz mahai ibiltzen zen Kasinoan, eta bi aste-edo eman zituen horrela; Jainkoak bakarrik daki zer atarramendu izan zezakeen; agian bere diru guztia hantxe xahutuko zuen. Berrogeiren bat mila libra galdu ondorengo gauean eta kontua hotel osoan ahoz aho zebilen bitartean, La Dolciquita gelara azaldu zitzaion lasai aski. Edward mozkorregi zegoen hura ezagutzeko, eta emakumea besaulkian eserita hantxe geratu zen puntu egiten, eta, Edwardi usaintzeko gatzak sudurpean jarririk —alkoholak zeharo pasata baitzegoen—, esan behar ziona ulertzeko gauza izan orduko, esan zion: «Aizu, mon ami, ez ibili berriz joko-mahaietan. Orain egin lo, eta etorri arratsaldean ni ikustera.» Bazkal ordura arte egin zuen lo. Ordurako Leonorak bazekien gertatutakoaren berri. Whelan koronelaren emazteak esan zion. Whelan koronelaren andrea izan zen, dirudienez, Ashburnham senar-emazteekin lotura zuen pertsona sentibera bakarra. Haren iritziz garbi zegoen harpia kastako emakumeren batek tartean izan behar zuela Edwarden portaera eta itxura sinestezinarekin loturik; eta Leonorari aholku eman zion Londresera zuzenean joateko —horrek Edward bere onera ekarriko baitzuen— eta kontsultatzeko bere abokatuarekin eta aholkulari espiritualarekin. Hoberena goiz hartan bertan joatea zen; alferrik zen Edwardekin, zegoen egoeran, eztabaidan hastea. Edwardek, benetan, ez zekien Leonora joana zenik. Esnatu orduko La Dolciquita-ren gelara joan zen, eta hark hantxe bertan bazkaltzera gonbidatu zuen. Edward lepotik zintzilikatu zitzaion, eta negarrez hasi zen, eta dantzariak pixka batean jasan zuen. Oso emakume onbera zen. Eta melisa-urarekin gizona lasaitu zuenean, esan zion: «Aizu, adiskide, zenbat diru geratzen zaizu? Bost mila dolar? Hamar mila?» Zeren zurrumurruek ziotenez hamalau gauez sekulako dirutzak galdu zituen, eta emakumeak uste zuen diru guztia ahitzeko zorian izango zuela. Melisa-urak Edward hainbeste lasaitu zuen, non burua lepo gainean asentatu baitzitzaion. Purrustadan bezala esan zuen: «Zer dugu?» «Begira,» erantzun zion emakumeak, «nahiago dut hamar mila dolarrak nik hartu, kasinoko mahaietan uztea baino. Diru horren truke aste beterako joango nintzateke zurekin Antibesera.» «Bost mila» erantzun zion Edwardek purrustadan. La Dolciquita zazpi mila eta bostehun eskuratzen saiatu zen; baina Edwardek bere bost mila gehi Antibeseko hoteleko gastuei eutsi zien. Lasaigarriaren indarra horraino iritsi zen, eta orduan berriro etorri zen gainbehera. Antibes aldera hiruretan abiatu beharra zeukan; hura gabe ez zen gauza. Leonorari ohar bat utzi zion esanez Clinton Morleytarrekin zihoala aste beterako yatean ibiltzera. Ez zen asko dibertitu Antibesen. La Dolciquita-k ez zekien diruaz beste ezertaz gartsuki mintzatzen, eta ez zion bakerik ematen egun osoan itxura garestieneko opari eskaerekin. Eta astea igaro zenean zalapartarik gabe bazter utzi zuen gizajoa. Edward hiru egunez boteka ibili zen Antibesen. Noizbait sartu zitzaion buruan La Dolciquita-rekin ez zeukala inolako betebeharrik: ez feudalik, ez bestelakorik. Baina bere sentimentalismoak Byronen eskolako malenkonia eskatzen zion: bere gortea erdi doluz jarri balitz bezala. Gero jateko gogoa bat-batean etorri zitzaion, eta Leonoraz oroitu zen. Bere hotelean, Montecarlon, Leonoraren telegrama bat jaso zuen, Londrestik bidalia: «Mesedez, ahal bezain laster itzuli.» Ezin zuen ulertu zergatik abandonatu zuen Leonorak horren presaka, Clinton Morleytarrekin yatean ibiltzera joan besterik ez zuela egin uste izanda. Gero jakin zuen berak oharra idazterako Leonora hoteletik joana zela. Londresera itzultzea gogor samarra egin zitzaion; bere bizimoduaz izutua zegoen... eta Leonora ez zitzaion sekula hain desiragarria iruditu.
Historiarik goibelena |