Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999

 

 

I

 

      Maidan andrearen heriotza 1904ko abuztuaren 4an gertatu zen. Eta gero ez zen ezer gertatu 1913ko abuztuaren 4a arte. Daten kointzidentzia bitxi hori dago, baina ez dakit ez ote den egintza parte-txarreko, erdi-txantxetako eta aldi berean gupidagabea, egokiera deitzen dugun Probidentzia ankerrak eragina. Zeren baliteke bere adimen superstiziosoa izatea Florence hipnotizaturik bezala zenbait jokabidetara bultzatzen zuena. Hala ere, egia da abuztuaren 4a beti izan zela data esanguratsua harentzat. Hasteko, abuztuaren 4an jaioa zen. Gerora, 1899an, data horretan abiatu zen munduari itzuli bat ematera bere osabarekin Jimmy izeneko mutil bat lagun zuela. Baina hori ez zen inola ere egokiera hutsa. Haren osaba adintsu onbera, ustez bihotzeko gaitza zuena, bidaia horrekin adin nagusitasunera iristeagatiko urtebetetzeko oparia ari zitzaion eskaintzen, bere modu delikatuan. Gero, 1900eko abuztuaren 4an, Florencek bere bizitza osoari... eta baita nireari ere, kolorea erabat aldatu zion egintza bat onartu zuen. Ez zuen suerterik izan. Seguru aski goiz hartan urtebetetzeko opari bat eskaintzen ari zitzaion bere buruari.

      1901eko abuztuaren lauan nirekin ezkondu, eta Europara joateko itsasoratu zen, haize ekaitz baten erdian: bihotza hondatu zion ekaitza. Eta dudarik gabe, orduan ere, berriro bere buruari opari bat egiten ari zitzaion: nire bizitza urrikalgarriaren oparia. Ohartzen naiz ez dizudala ezer esan nire ezkontzari buruz. Honela gertatu zen. Esan dizut, nik uste, Florence Hamalaugarren kalean, Stuyvesantsen ezagutu nuela. Eta, une hartatik, izaera seguru aski ahul baten burugogorkeria guztiarekin erabaki nuen neretu ezin banuen ere, gutxienez harekin ezkontzea. Ez nuen lanbiderik, ez negoziorik. Stamforden ostatu hartu nuen, hotel ziztrin batean, eta egunak hantxe edo Hurlbird andereñoen gorapean ematen nituen. Hurlbird andereñoek, modu arraro burugogor batez, ez zuten gogoko ni han izatea. Baina horrelakoetan bertako gizalegeak agintzen zuenak eragiten zien atzera. Florencek bere egongela zeukan. Nahi zuena gonbida zezakeen hara, eta ni hara joaten nintzen, besterik gabe. Lotsatia nintzen, inon lotsatirik bada, baina kontu horretan automobil baten aurrean errepidea gurutzatzeko prest dagoen oilaskoaren antzekoa nintzen. Florenceren gela polit, zaharkitura joan, kapelua kendu, eta eseri egiten nintzen.

      Florencek, jakina, beste lagun batzuk bazituen: New Englandeko gazte sendoak, egunez New Yorken lan egin eta beren jaioterrira gauean bakarrik biltzen zirenak. Eta arratsean Florencerengana azaltzen ziren, ia nirea bezain asmo sendoarekin. Eta esan beharra daukat niri bezain harrera txarra egiten zietela... Hurlbird andereñoek.

      Izaki bitxiak ziren bi emakume haiek. Bazirudien madarikazio batek jotako aspaldiko familia batekoak zirela: hain ziren señorak, hain zuzenak, eta halako intziriak egiten zituzten. Batzuetan malkoak ikusten nizkien begietan. Ez dut uste Florence gorteatzean hasieran asko aurreratu nuenik. Agian gorteatze hori ia erabat egunez gertatzen zelako, arratsalde beroetan, hauts hodeiak lainoak bezala zintzilik geratzen direnean, zumar hosto-meheen gainaldea bezain altu. Gaua da garai egokia, nire ustez, maitasun egintza gozoetarako, eta ez Connecticuteko uztaileko arratsaldeak, edozein hurbiltze ia laborri-eragingarri baita. Baina, Florenceri sekula musu bat eman ez banion ere, oso erraz ikusarazi zizkidan, hamabost egunetan, bere premia sinpleak. Eta nik bete nitzakeen premia haiek...

      Florencek jaun aisiatsu bat nahi zuen senartzat; Europan behar zuen bizilekua. Senarrak azentu ingelesa izatea nahi zuen, urtean berrogeita hamar mila dolarreko irabaziak ateratzea ondasun higiezinetatik eta irabazi horiek handitzeko asmorik ez izatea. Eta —hitz-erdika adierazi zuen— ez zuen afera horretan grina fisiko handirik nahi. Amerikarrek, badakizu, horrelako elkartzeak lasai asko onar ditzakete.

      Informazio hori hitz-parrastada alaietan bota zuen... Rialtori, Veneziari buruzko komentarioetan tartekatuz eta Balmoraleko gaztelua dotore deskribatzen ari zen bitartean esango zuen bere senar ideala Britainiako Gortean sarbidea aurkitzen ahal ziona zela. Dirudienez bi hilabete eman zituen Britainia Handian —zazpi aste turismo egiten Stratfordetik Strathpfeferrera eta bat Ledbury ondoko familia ingeles baten etxean ostatuz— Bagshawe izeneko familia batean, pobretua baina izen handikoa. Bi hilabete gehiago egotekoak ziren leku goxo hartan, baina dirudienez bere osabaren negozioan gertatutako ustekaberen batek Stamfordera aski presaka itzultzera behartu zituen. Jimmy izeneko gaztea Europan geratu zen kontinente hori hobeki ezagutzera. Eta baita ezagutu ere: guretzat oso onuragarria izan zen gero.

      Baina punturik nabarmenena —zeharo garbi zeukana— zen garbi erabakita zeukala, hotz-hotzean eta lasai, begiratu ere ez egitea Europan bizilekua ezarri ezin zion ezein gizoni. Ingalaterrako etxe-barneko bizitza axaletik ezagutze hutsaren ondorioa zen hori. Ezkondu ondoren urte bete Parisen eman nahi zuen, eta gero lurren batzuk erosarazi senarrari Fording­bridge inguruan, eskualde horretatik atera baitziren 1688. urtean Hurlbirdarrak. Familiaren historia baliatuz, Florencek ingeles lurjabeen artean bere lekua hartzeko asmoa zuen. Hori garbi zeukan.

      Xehetasun horiek aztertzean aski animatzen nintzen; izan ere, ez bainuen ikusten Stamforden zituen ezagunen artean nahi horiek betetzeko moduko inor. Gehienak ez ziren ni bezain aberatsak, eta hala zirenak ere ez ziren Wall Streeteko liluramenduak Florenceren konpainia luzarokoaren truke uzteko modukoak. Baina ez zen ezer gertatu uztailean. Abuztuaren lehenean Florencek dirudienez bere izebei esan zien nirekin ezkontzeko asmoa zuela.

      Niri ez zidan esan, baina izebei bai, ez zen dudarik, zeren arratsalde hartan, Florence Hurlbird andereñoak, zaharrenak, Florenceren egongelara bidean geldiarazi, eta bisita-gelara eraman ninduen aztoraturik. Elkarrizketa bitxia izan genuen, gela kolonial, zaharkitu hartan, altzari hanka-bihurri haietaz, siluetaz, miniaturaz, Braddock Jeneralaren erretratuaz eta izpiliku usainez inguraturik. Hara, bi neskazahar gaixo haiek herio batean zeuden... eta ez ziren gai ezertxo ere zuzenean esateko. Eskuak ia bihurritu egiten zituzten, eta galdetzen zuten ea kontuan hartu nuen izaera-desberdintasuna bezalako gauzarik. Zinez diotsut ia maitekor eta are nitaz kezkaturik agertzen zirela, Florence kaskarinegia balitz bezala nire bertute sendo eta zinezkoen aldean.

      Zeren bertute sendo eta zinezkoak aurkituak baitzituzten nigan. Washington jenerala baino Braddock jenerala nahiago nuela esan nuelako ote? Baliteke. Izan ere, Hurlbirdarrak Independentziako Gerran galtzaileen aldekoak izan baitziren, eta nabarmenki pobretu eta aski modu eraginkorrean bazterturik geratu ziren horregatik. Hurlbird andereñoek ezin zuten hori ahaztu.

      Hala ere, Florencek eta nik Europan bizimodua antolatzearen ideiak hotzikara ematen zien. Bina ala biak intzirika hasi ziren beren ilobari hori ematea espero nuela entzun zutenean. Horren arrazoia hein batean izango zen haientzat Europa gaiztakeriaren putzu bat zela, bizio bitxiak nagusi zirena. Ingalaterra beste edozein lurralde bezain erastianismoak joa iruditzen zitzaien. Eta beren protestak oso urrun eraman zituzten, haientzat...

      Pentsa, juxtutik ez zuten esan ezkontza sakramentu bat zela; baina ez Florence andereñoa, ez Emily andereñoa ez ziren, asko saiatuta ere, hitza botatzera deliberatu. Eta ia-ia esan zuten Florenceren aurreko bizitzan maitakeria izan zela nagusi. Horrelako zerbait.

      Badakit elkarrizketa hitz hauekin bukatu nuela:

      «Ez dit axola. Florencek banku bat lapurtu badu ere, berarekin ezkondu eta Europara eramatera noa.»

      Eta hori aditzean Emily andereñoa negarrez hasi, eta konortea galdu zuen. Baina Florence andereñoak, bere ahizparen egoera halakoa izanik ere, lepotik heldu zidan, eta negarrez hasi zen:

      «Ez egin hori, John. Ez egin hori. Gazte jatorra zara,» eta erantsi zuen ni Florenceren bila bere izebari laguntzeko deitzera atera nintzenean:

      «Gehiago esan beharko genizuke. Baina gure ahizpa maitearen alaba da.»

      Florencek, gogoan dut, karea baino aurpegi zuriagoarekin errezibitu ninduen, eta hitz hauekin:

      «Atso zahar horiek nitaz gaizki esaka aritu al dira?» Baina ezetz ziurtatu nion, eta presaka bidali nuen hain nahigabe harrigarriak hartuak ziren bere izebengana. Florenceren hitz horiek erabat ahaztuak nituen. Hain ongi tratatu ninduen —halako kontu handiz— non, geroztik sekula pentsatu izan badut, niganako zuen atxikimendu sakonari egotzi izan dizkiodan.

      Eta arratsalde hartan, zalgurdian paseatzera ateratzeko bila joan nintzaionean, ezkutatua zen. Ez nuen denborarik galdu. New Yorkera joan nintzen, «Pocahontas»-en kamarotea hartu, hilaren lauan arratsaldean itsasoratzekoa baitzen, eta gero, Stamfordera itzulirik, egunean zehar, Florencek utzitako arrastoei jarraituz, jakin nuen Rye Stationera joana zela. Eta han jakin nuenez, Waterburyko tranbia hartu zuela. Bere osabarengana joana zen, jakina. Agureak aurpegi serio, ilunez errezibitu ninduen. Ez neukan Florence ikusterik; gaixo zegoen; ez zen gela hartatik aterako. Eta hitz-erdika esan zuen zerbaitegatik —ahaztua dudan Bibliako esaldi bitxi bat— ulertu nuen familia hark osoak ez zuela nahi hura bizi osoan ezkontzerik.

      Berehala pastore hurbilenaren izena eta sokazko eskala bat lortu nituen: ez dakizu gauza hauek zein modu primitiboan moldatzen ziren garai hartan Estatu Batuetan. Agian gaur egun gauza bera gertatzen da. Eta abuztuaren lauko goizeko ordu batean Florenceren gelan nengoen. Nire asmo hark hain itsututa nindukan, non ez zitzaidan batere desegokia iruditu goizeko ordu batean Florenceren logelan egotea. Esnatu egin nahi nuen. Baina ez zegoen lo. Nire zain zegoen, eta bere familiakoek orduantxe utzia zuten bakarrik. Besarkada sutsu batekin hartu ninduen... Emakume batek besarkatzen ninduen lehen aldia zen... eta niretzat emakume baten besarkadak inongo berotasunik izan duen azkenekoa.

      Ondorengoa nire errua izan zela uste dut. Dena dela, ezkontza bukatzeko halako presa nuen, eta haren familiakoek ni han aurkitzeak halako beldurra ematen zidan, non ez nintzaion oso erne egon haren berotasunari. Gela hartatik eskalan behera ateratzeko minutu erdi bat ere ez nuen behar izan. Behean denbora puska batean eduki ninduen... goizeko hirurak baziren pastorearen etxean atea jotzerako. Eta uste dut itxaronaldi hori izan zela Florencek nireganako ardura azaldu zuen aldi bakarra... non eta nire besoetan puxka batean egotea ez zen ardura-seinalea. Orduan suhartasuna erakutsi izan banu, nire ustez emazte benetako bat bezala portatuko zen nirekin... edo zapuztu egingo ninduen berriro. Baina Philadelphiako jaun prestu bat bezala portatu nintzenez, gizonezko erizainaren zeregina ezarri zidan, nik uste. Agian pentsatu zuen ez zitzaidala axola izango.

      Ondoren, nik dakidanez, ez zuen berriz inolako damurik izan. Bere planak betetzeko irrikaz zegoen, zeren, eskalan behera iritsi baino lehentxeago ni txotxongilo bat bezala gora eta behera nenbilen tresna grotesko haren goi aldera deitu ninduen. Ni neure buruaren jabe nintzen erabat. Zakar antzean esan zuen:

      «Gaur arratsaldeko lauretan itsasoratuko garela segurua da? Kamarotea hartua duzula ez da, bada, gezurra izango?»

      Konturatu nintzen itxuraz erotuta zeuden bere ahaideen ingurutik ihes egiteko irrikaz zegoela, noski, eta berehala barkatu nion, beraz, horrelako gauza bati buruz gezurra esateko gauza izan nintekeela pentsatzea. Garbi esan nion, hortaz, «Pocahontas»-en itsasoratzeko asmo sendoa nuela. Orduan esan zuen —ilargia zegoen eta belarrira ari zitzaidan xuxurlatzen eskala gainean nengoela. Waterbury inguruko mendiak oso bare ageri ziren txaletaren inguruan— batere berotasunik gabe esan ere:

      «Jakin beharra neukan, maletak egiteko,» eta erantsi zuen: «Baliteke gaixotzea, badakizu. Nire bihotza osaba Hurlbirdena bezalakoa dela uste dut. Famili kontua, badakizu.»

      «Pocahontas» oso itsasontzi segurua zela xuxurlatu nion.

      Eskalaren behealdean eduki ninduen bi orduetan Florenceren burutik zer pasatu zen ari naiz orain galdezka neure artean. Zerbait emango nuke jakiteagatik. Ordura arte ez zuen plan jakinik, nire ustez. Ordura arte ez zuen bere bihotza aipatu, hori seguru. Agian bere osaba Hurlbird berriro ikusteak eman zion ideia. Dudarik gabe izeba Emilyk, Waterburyra berarekin etorria baitzen, sartuko zion buruan, ordutan eta ordutan talaka emanez, eztabaida sutsuek jaun zahar hura hilko zutela. Horrek ekarriko zizkion burura munduari itzulia eman ziotenean jaun xahar txolindu hura ez aztoratzeko hartu zituzten babes-neurri guztiak. Horrek ekarriko zion burura agian. Hala ere, niregatik bihotz-zimikoren bat ere bazuela uste dut. Leonorak esan zidan Florencek esan zuela... zeren Leonorak bazuen horren guztiaren berri, are gehiago, behin ausartu zen Florenceri galdetzera ea nola egin zezakeen horrelako doilorkeria. Hark bere burua zuritzeko pasio menderaezin bat zela argudiatu omen zuen. Nik beti esan dut pasio menderaezinak aitzakia polita direla sentimenduentzat. Ezin dituzu menderatu. Eta aitzakia polita dira egintza lotsagabeetarako: tipo harekin alde egitea eduki zuen, nirekin ezkondu aurretik edo ondoren. Eta, ez baldin bazeukaten behar adina diru aurrera ateratzeko, zintzurra ebaki edo familiari zeukana zurrupatzea zeukaten, nahiz eta Florenceri, jakina, hainbeste behar zuenez, ez zitzaion oso ongi etorriko senartzat purtzil-dendako saltzaile bat edukitzea; izan ere, Hurlbird agureak lanbide hori emango zion. Ezin zuen ikusi... ez, ez dut uste Florencerena barkatzeko modukoa denik.

      Jainkoak daki. Eroxka izutu bat zen, eta fantasiazalea, eta nire ustez, garai hartan, benetan ergel hura maite zuen. Mutilari, berriz, bost axola zitzaion Florence. Gaixoa... Dena dela, «Pocahontas» itsasontzi segurua zela esan nionean, hau besterik ez zuen esan:

      «Modu berezi batean zaindu beharko nauzu... osaba Hurlbird zaintzen duten bezala. Esango dizut nola egin.» Eta leiho-ertzera igo zen itsasontzi batera sartuko balitz bezala. Bere ontziak erreak zituen nonbait!

      Dudarik gabe izan nuen begi-irekigarri franko. Goizeko zortzietan Hurlbirdarren etxandira itzuli ginenean haiek leher eginda zeuden. Florencek garailearen itxura bortitza zeukan. Goizeko laurak aldera ezkonduak ginen eta hiri gaineko oihanean batetik bestera ibiliak, gaubele batek basakatu baten histak nola egiten zituen aditzen. Beraz, uste dut Florencerentzat nirekin ezkontzea ez zela izan oso bizkorgarria. Ez nuen aurkitu hari esateko zein pozik nengoen baino gauza hunkigarriagorik, bariazio batzuekin. Zorabiatuegia nengoen, nik uste. Hurlbirdarrak ere zorabiatuegiak zeuden ezer asko esateko. Elkarrekin gosaldu genuen, eta Florence bere poltsa eta gauzak prestatzera joan zen. Hurlbird zaharra aukera hartaz baliatu zen niri sekulako sermoia botatzeko —sermolari amerikarren estiloan— Europako oihanean gazte amerikarrarentzat zelatan dauden arriskuei buruz. Esan zuen Paris sugez beteriko belardi bat zela, berak bazituela horren froga saminak. Eta bukatzeko, agure gaixo horiek egin ohi dutenez, bere nahia azaldu zuen, alegia emakume amerikarrak noizbait sexugabeak izango ahal zirela... nahiz eta hau ez den hark esandakoa adierazteko modua.

      Hala, ordu bata eta erdietan pozik iritsi ginen ontzira... eta haize ekaitz bat altxatua zen. Ekaitz hura ederki etorri zitzaion Florenceri. Zeren Sandy Hooketik atera eta hamar minutu baino lehen, Florence kamarotera jaitsi, eta bihotzeko atake bat izan zuen. Gelari aztoratu bat igo zen gora nire bila, eta ni presaka jaitsi nintzen. Emaztearekin nola portatu adierazi zidaten. Gehien bat Florencek berak eman zituen jarraibideak, nahiz eta ontziko medikua izan maitasunezko agerpenak neure buruari galaraztea hobe nuela hitz-erdika adierazi zidana. Prest nintzen horretarako.

      Sekulako harra nuen barnean, noski. Bururatu zitzaidan Hurlbirdarrek beren gazteena eta maiteena ezkongai edukitzeko zuten arrazoi ezkutua haren bihotza zela. Beren arrazoia hitzez garbi azaltzeko finegiak ziren, jakina. New Englandeko antzinako kastakoak izaki. Ez zuten beren burua beharturik ikusi nahi senar bati esatera bere emazteari garondoan musurik ez ziola eman behar. Ez zuten adierazi nahi hori egin zezakeenik ere, horretara bagoaz. Ezin dut asmatu, ordea, nola lortu zuen Florencek medikua konspirazio hartan sartzea... mediku sail bat, hobeki esanda.

      Bihotzak zurrumurru pittin bat egiten zion, bai... birikak bere osaba Hurlbirdek bezalakoak zituen egitura aldetik. Eta, harekin zebilela, espezialistek bihotzari buruz esaten zutena askotan adituko zuen. Dena dela, berak eta medikuek ederki lotu ninduten... eta baita Jimmyk ere, jakina. Mutil ilun hura... zer arraio ikusi ote zuen Florencek harengan? Goibela zen, hitz gutxikoa, isilzalea. Pintore kaxkarra zen, horixka, beltzarana, eta ez zuen bizarra behar bezain maiz kentzen. Havren agertu zen gure bila eta hurrengo bi urteetan guretzat lagungarri izaten jarraitu zuen, epe horretan gure etxean bizi baitzen Parisen, gu bertan ginenean eta ez ginenean. Margotzen ikasten ari zen Julian Akademian, edo horrelako lekuren batean....

      Tipo hark eskuak beti bere txaketa nazkagarri, bizkar zuzeneko eta gerri zabalekoen patriketan sartuta edukitzen zituen, eta haren begi ilunak zorigaitzeko aieruz beteak ziren. Gizenegi zegoen, gainera. Ni askoz aukera hobea nintzen, bai horixe...

      Eta ausartzen naiz esatera Florencek halakotzat nindukala. Horren seinaleak ematen zizkidan. Bainugelara sartzen zenean sorbalda gainetik begiratuz egin ohi zidan irribarre enigmatikoa gonbidapen moduko bat izan zitekeela uste dut. Aipatu dut. Bazirudien esaten zidala: «Hona sartzera noa. Eta hain biluzik, hain zuri eta hain prest egongo naiz... eta zu gizon bat zara...» Agian hori zen.

      Ez, ezinezkoa da tipo hura luzaro gustatzea. Buztin horixkazkoa zirudien. Florenceren lehen ezbeharraren garaian liraina, beltzarana eta erakargarria omen zen. Baina, Parisen alferkerian ibiltzeak eta Florenceren pagaren kontura eta Hurlbird zaharrak Estatu Batuetatik kanpo edukitzeagatik emandako ordain sariaren kontura bizitzeak berrogei urteko gizonaren zorroa eta ultzera (dispepsia suminkorra) ekarri zizkion.

      Nola maneiatu ninduten, alajainkoa! Haiek biek ezarri zituzten arauak elkar harturik. Esan dizut zerbait haietaz: nola mintzagaiak hamaika urtez desbideratu behar izan nituen maitasun, pobretasun, gaiztakeria eta horrelakoetatik. Baina idatzi dudana berrirakurriz, konturatzen naiz nahi gabe engainatu zaitudala Florence nire bistatik kanpo sekula ez zela egon esatean. Hala ere, hori zen orain arte uste nuena. Pentsatzen jarrita, denbora gehiena nire bistatik kanpo izaten zen.

      Hara, tipo hark sartu zidan buruan Florencek gehien behar zuena loa eta bakea zela. Ez nuen sekula haren gelan sartu behar atea jo gabe, edo bestela haren bihotz ahula aztoratu eta hondamendira amil zitekeen. Kontu hauek bere karrazka-ahots ilunarekin eta bere begi bele-trazakoekin esan zituen, halako moldez non Florence gaixoa egunean hamar aldiz hiltzen ikustea iruditzen zitzaidan... gorpu txiki, zurbil, ahul bihurturik. Begira, baimenik gabe haren gelan sartzea niretzat eliza batean lapurreta egitea bezain zaila iruditzen zitzaidan. Sakrilegio hori egingo nuen lehenago. Egingo nuen, baldin eta haren bihotzaren egoerak hori eskatzen zuela pentsatu izan banu. Beraz, gaueko hamarretan Florenceren gelako atea ixten zen, tipo haren gomendioak gogo onez onartuz, nahiz eta itxuraz muzin egiten zien; eta gabon esaten zidan bere maiteari agur esaten ari zitzaion cinquecento-ko dama italiar bat bailitzan. Eta hurrengo egunean goizeko hamarretan han aterako zen bere gelatik Greziako elezaharretan aipatzen diren oheetatik jaikitako edozein Venus bezain sasoi onean.

      Gelako atea lapurren beldur zelako ixten zuen giltzaz; baina kable batez hornitutako tresna elektriko bat eskumutur meheari erantsita edukitzen zuen. Aski zuen botoi bat zapaltzea etxe osoa jaikiarazteko. Eta nik aizkora bat neukan —aizkora bat! Jainkoarren—, haren gelako atea botatzeko, danbateko on batzuk eman ondoren noizbait nire deiari erantzuten ez bazion... Oso ongi pentsatuta zegoen, ikusten duzu.

      Oso ongi pentsatuta ez zeudenak luzarora begira izango zituen ondorioak ziren: Europan loturik geratzea. Zeren gazte hark barne-barneraino sartu baitzidan Florence hilko zela kanala gurutzatzen bazuen... hain konbentzituta nindukan, non gerora Florencek Fordingbridgera joan nahi izan zuenean, proposamenari azalpenik gabe uko egin bainion. Ezetz eta kito. Uko horrek kolpe latza eman zion, eta beldurtu egin zen. Medikuak alde nituen. Uste dut elkarrizketa amaigabeak izan nituela mediku batekin eta beste batekin, denak gizon hotz lasaiak, tonu zentzuzkoan galdetzen zutenak ea Ingalaterrara joateko arrazoiren bat bazegoen... arrazoi bereziren bat. Eta arrazoi berezirik ikusten ez nuenez, beren epaia ematen zuten: «Hobe ez, orduan.» Esango nuke aski zintzoak zirela, beren modura. Seguruenik uste zuten itsasontziaren oroitzapen hutsak Florenceren nerbioetan eragina izango zuela. Hori aski izango zen, hori eta gure dirua kontinentean eduki nahia.

      Horrek kolpe ederra emango zion Florence gaixoari. Zeren ohartuko zara haren ideia nagusia —bihotzean zuen irrika ero bakarra, gainerakoan hotza baitzen— Fordingbridgera iritsi eta bere arbasoen lurrean aristokraziako dama bihurtzea zela. Baina Jimmyk han eduki zuen: kanaleko atea itxi zion; zeru urdineko egunik garbienean ere, Ingalaterrako labarrak Calaistik nakarezkoak bailiran bezalako distira zabaltzen bazuten ere, ez zion utziko baporeko sarrera gurutzatzen, bizia salbatzeagatik. Benetan kolpe latza.

      Kolpe latza, ezin baitzuen esan sendatua zela, horrek gela giltzatuko trikimailuen bukaera ekarriko zuen eta. Eta Jimmyz aspertu zenean —1903an— Ashburnham kapitainarekin hasi zen harremanetan. Bai, kolpe ederra zen Florencerentzat, zeren Edwardek Fordingbridgera eraman baitzezakeen, eta, Branshaw Manor eman ezin bazion ere, bere arbasoen etxe hori emaztearen izenean baitzegoen, gutxienez han edo inguruetan aski nabarmendu zitekeen, gure diruarekin eta Ashburnhamtarren laguntzarekin. Bere osabak, nirekin harremana ongi finkatua zuela uste izan zuenean —eta nik Florenceren bertute eta leialtasunaren berri sutsuenak besterik ez nizkion bidaltzen— bere ondasunen zati handi bat eman zion, ez baitzeukan haren premiarik. Nire ustez bion artean hamabosten bat mila izango genituen urtean Ingalaterrako dirutan, nahiz eta sekula ez dudan jakin hortik zenbat joaten zitzaion Jimmyri. Dena dela, Fordingbridgen aski nabarmen gintezkeen.

      Ez dut sekula jakin nola libratu ziren Edward eta biak Jimmyz. Seguru aski Florence eta etxea bien kontura utzita, ni Rue de la Paix-era lore bila aterea nintzen bitartean Ashburnhamek sei hortz urrezkoak eztarrian behera sartuko zizkion goiz batez bele gizen eta itzal gaiztoko hari. Eta ongi merezia zeukan, ezin dut besterik esan. Xantaiagile gaiztoetakoa zen. Espero dut Florencek hurrengo bizitzan hura ondoan ez izatea.

      Jainkoa jartzen dut lekuko, ez dut uste bi haiek elkarrengandik bereiziko nituenik benetan eta pasioz elkar maite zutela jakin izan banu. Ez dakit zenbaterainoko eragina duen kasu hauetan jendaurreko moralitateak, eta inork ez daki benetan zer egingo lukeen kasu guztietan, jakina. Baina benetan uste dut biak elkartuko nituela, ahal bezain bide eta bitarteko garbienak baliatuz. Bizitzeko behar zuten dirua emango nien, nik uste, eta ahal bezala kontsolatuko nintzen. Garai hartan gazteren bat aurkituko nuen, Maisie Maidan esaterako, edo neska gaixoa, eta bake pixka bat izango nuen. Zeren bakerik ez bainuen sekula izan Florencerekin, eta ez dut uste maitasunaren gisako ezer sentitzen nuenik bi urteren buruan. Niretzat izaki bitxi eta hauskor bat bihurtua zen, gauza pisu baina oso ahula. Hara, oilo-arrautza oskol-mehe bat eman eta Afrika Ekuatorialetik Hobokenera esku-ahurrean ekarri behar banu bezalako zerbait zen. Bai, niretzat apustu baten saria bihurtua zen nolabait esateko, atleta baten markaren trofeoa, garbi eta neurritsu izatearen, sakrifizioen eta borondate makurgaitzaren erramuzko koroa. Emazte bezala, niretzat, berezko baliorik ez zuen izan batere. Uste dut haren janzkeraz ere ez nintzela harro sentitzen.

      Baina Jimmyrenganako haren grina ez zen hori ere... eta, hau esateak erokeria badirudi ere, bizia galtzeko beldurrez bizi zen. Bai, beldurra ematen nion. Esango dizut nola gertatu zen.

      Nik banuen aspaldi zerbitzari beltz bat, Julius izenekoa, beti zaindu eta kontu egiten zidana, eta maite ninduena bere burua bezala. Waterburytik «Pocahontas»-en itsasoratzeko atera ginenean, Florencek larruzko poltsa bat eman zidan zaintzeko, oso berezia eta oso ederra. Esan zidan bere bizitza bihotzeko atakeen kontrako drogak gordetzen zituen poltsa haren mende egon zitekeela. Eta ni gauzak eramateko oso trebea ez naizenez, Juliusen eskuetan utzi nuen, hirurogeiren bat urteko tipo ile-txuri bat, aski deigarria horretarako. Florenceri halako zirrara egin zion, non aita bati bezala begiratzen zion, eta deblauki galarazi zidan Parisera gurekin eramatea. Traba besterik ez zion egingo.

      Hala, Julius hain aztoratuta zegoen han bazter uzteagatik, non ezinbestean poltsa eder hura erori zitzaion bidean. Sutan jarri nintzen. Erasoan joan nintzaion. Begiondoko bat eman nion, ferryan ginela; itoko nuela mehatxu egin nion. Eta beltz jasankor batek zalaparta negargarria atera eta ikuskizun negargarriagoa eman dezakeenez, eta Florenceren ezkondu-denborako lehen gertaera zenez, nire izaerari buruz ideia bat egin ahal izan zuen. Horrek indartu zion niri zer emakume klase zen ezkutatzeko erabaki desesperatua: ez baitzen «emakume garbia» deituko genukeena behintzat. Eta hori zen haren egintza fantastikoen eragilea: nik hilko nuen beldur zen...

      Hala, ontziratu orduko lehen aukera izan zuenean bihotzeko atakearen itxurak egin zituen. Agian ez zaio erru osoa berari bota behar. Gogoan izan New Englandekoa zela, eta New England ez zela artean hasi beltzaranak higuintzen gaurko egunean bezala. Hala ere, Philadelphia baino pittin bat hegoalderaxeagokoa izan balitz eta antigoaleko familia batekoa, konturatuko zen niretzat Julius jipoitzea ez zela egintza bat bere lehengusu Reggie Hurlbirdentzat, nik ikusi izan dudan bezala, bere etxezain ingelesari astindu bat emango ziola esatea bezain larria. Gainera berarentzat botika-poltsa ez zen niretzat bezain garrantzitsua, izan ere niretzat emazte maite ezkonberri baten biziaren sinboloa baitzen; berarentzat, berriz, gezur mesedegarri bat. Ez besterik.

      Horra, bada. Hor duzu egoera, nik ematen ahal dizudan bezain argi: senarra, inozente bat, emaztea, atseginzale hotz bat, beldur zentzugabeek hartua —zeren hain nintzen ni inozentea, non ez bainuen sekula jakingo bera zer zen eta zer ez— eta maitale xantaiagilea. Eta gero beste maitalea etorri zen...

      Ederki. Edward Ashburnham merezi zuen gizona zen. Ikusarazi al dizut zein tipo zoragarria zen? Soldadu fina, lurjabe bikaina, epaile atsegin, arretatsu, langilea; pertsonaia publiko zintzo, zuzen, hitzekoa, aho garbikoa. Uste dut ez dizudala ikusarazi. Egia esateko nik ez nuen hori dena jakin neska gaixoa agertu zen arte... Ashburnham bezain zintzo, zuzen eta bikaina zen neska gaixoa. Zinez diot neska halakoa zela. Jakin beharko nukeen, nik uste. Benetan horregatik nuen hain gogoko, hain itxuragabeki gogoko. Pentsatzen jarrita, milaka egintza etortzen zaizkit gogora haren izaera atsegina, behekoenganako arreta erakusten dutenak, baita kontinentean bertan ere. Ezagutzen ditut bi familia pobre Hessekoak, batere erakargarriak ez zirenak, eta hark sekulako pazientziarekin lurretik altxatu, poliziaren fitxa ezeztatu, baliatzeko moduan jarri edo nire herri abegitsura bidali zituen. Eta bestela bezala egiten zuen hori dena, haur bat kalean negarrez ikuste hutsak bultzatuta. Hiztegiekin burrukan ibiliko zen, hizkuntza arrotz hartan... Horra, ezin zuen haur bat negarrez ikusi. Agian ezin zuen ikusi emakume bat eta bere dohainen kontsolamendua eskaini gabe utzi.

      Baina hainbeste estimatzen banuen ere, joera garbia nuen bertute horiek gauzarik normalena bezala hartzeko. Berarekin eroso sentiarazten ninduen, onbera: fidatzera bultzatzen ninduen. Baina haren mailako ingeles guztiak gutxi gorabehera horrelatsukoak zirela pentsatzen nuen, nik uste. Hara, egun batean buruan sartu zitzaion Excelsiorreko zerbitzari-burua negarrez aritu zela... aurpegi gris eta masail-bizar griseko gizon hura. Orduan, astearen zatirik handiena eman zuen ahalegin guztiak egiten, gutunen bidez eta kontsul britainiarra bisitatuz, tipoaren emaztea Londrestik eta alabarekin itzul zedin. Sukalde-laguntzaile suitzar batekin ihesi joana zen. Aste hartan bertan itzuli ez balitz, bera joango zen Londresera haren bila. Horrelakoa zen.

      Edward Ashburnham horrelakoa zen, eta nik uste nuen bere lerrun eta egoerari horixe zegokiola. Agian hori besterik ez zen... baina Jainkoari eskatzen diot nik ere nire eginbeharrak horrelaxe bete ditzadala. Eta, neska gaixoarengatik izan ez balitz, ez nintzen horretaz jabetuko nahiz eta sentipen hori nire barnean hain sartua izan. Neskak halako garra zuen harenganako, non, nahiz eta oraindik ez ditudan ulertzen bizimodu ingelesaren mekanismoak, franko garbi ikusten baitut. Neska haiekin egon zen Nauheimen azkenekoz izan ginen denboraldi osoan.

      Nancy Rufford zuen izena; Leonoraren adiskide bakarraren haur bakarra zen; eta Leonora zuen zaintzaile, hori bada hitz zuzena. Ashburnham senar-emazteekin bizitakoa zen hamahiru urte zituenetik, bere amak, senarrak ematen zizkion jipoiengatik, bere buruaz beste egin omen zuenean. Bai historia alaia da...

      Edwardek hura aipatzean beti «neska» hitza erabiltzen zuen, eta oso polita zen elkarri zioten atxikimendua. Leonorari oinak musukatuko zizkion; berarentzat haiek biak bezalako gizon edo emakumerik ez zen lurraren gainean... ezta zeruan ere. Uste dut gaiztakeria zer zen sekula ez zitzaiola burutik pasatu ere egin. Neska gaixoa...

      Dena dela, Nancyk orduak ematen zituen niri Edwarden gorespenak egiten, baina, esan dizudan bezala, ezin nuen hortik gauza handirik atera. Itxuraz, D.S.O. domina zeukan, eta bere soldaduek gizagaindiko maitasunez estimatzen zuten. Haren soldaduak bezalakorik ez zen maiz ikusten. Eta Errege Elkarte Humanitarioaren domina bereizgarriduna ere bazuen. Horrek esan nahi zuen, dirudienez, bi aldiz gerra-ontzitik itsasora jauzi egin zuela neskak «Tommies» deitzen zituenak salbatzeko, Itsaso Gorrian eta gisako lekuetan uretara eroriak baitziren. V.C.-a emateko ere bi aldiz proposatua izan zen, horrek zernahi adierazten duela ere, eta, nahiz eta zenbait gorabehera teknikorengatik ez zuen gutiziatua omen den bereizgarri hori sekula jaso, leku berezi bat izan zuen bere Erregearen koroatzean. Edo agian Beefeaterren artean leku bat. Nancyrentzat Lohengrin eta Bayard Zaldunaren batura bat zen. Agian hala zen... baina tipo isilegia zen, bere alde hori benetan apaingarri izan zekion. Oroitzen naiz harengana joan nintzela garaitsu hartan D.S.O. zer zen galdetzera, eta purrustada moduko bat egin zidala:

      «Dendariei, gerra-denboran kafe adulteratua soldaduei ohorezki hornitzeagatik ematen zaien zera bat...» horrelako zerbait. Ez ninduen asko konbentzitu; beraz, azkenean Leonorari zuzenean galdetu nion. Zuzenean eta deblauki gainera —nahiz eta galderari sarrerako zenbait ohar eginez, aurretik eman dizkizudanak bezalakoak, adibidez jendea benetan ezagutzea zein zaila den, norberaren intimitatea ingelesen adiskidetasunaren arabera gordetzen denean—, galdetu nion ea bere senarra ez al zen tipo benetan bikaina... eginkizun publikoetan bederen. Harritu antzean begiratu zidan, eta aztoratuta ere begiratuko zidan, Leonora sekula aztoratzeko modukoa izan balitz.

      «Ez al zenekien?» galdetu zuen. «Pentsatzen hasten banaiz, ez dago beste hiru konderritan tipo bikainagorik, non-nahi bilatzen hasita ere... eginkizun horietan.» Eta erantsi zuen, denbora luzea iruditu zitzaidan aldi batez niri begira egon ondoren:

      «Nire senarrari zor zaiona emateko, esan behar dizut lurraren gainean ez dagoela gizon hoberik. Ez litzateke gehiagorentzat lekurik izango... eginkizun horietan.»

      «Orduan,» esan nuen, «Lohengrin eta El Cid batera izango da. Ez baitago axola duen bestelako eginkizunik.»

      Berriro ere luzaro begira geratu zitzaidan.

      «Hori al da zure iritzia? Ez dagoela axola duen bestelako eginkizunik?» galdetu zuen astiro.

      «Zera,» erantzun nion alaiki, «ez zara hasiko esaten ez dela senar ona. Edo zure babespean duzun neska horri kontu egiteko zaindari ona ez dela.»

      Orduan poliki mintzatu zen, belarrian ezarritako itsas barraskilo baten oskoleko hotsak entzuten ari den pertsona bezala, eta —sinesten al didazu?— gero esan zidan nire hitzak aditzean sumatu zuela lehenbizikoz hain azkar gertatzera zihoan tragedia... nahiz eta neska zortzi urtez edo haiekin bizitzen egon.

      «Oh, ez dut esango senarrik hoberena ez denik, edo neskari sekulako atxikimendua ez dionik.»

      Eta hurrena honelako zerbait esan nuen:

      «Begira, Leonora, gizon batek emazte batek baino hobeki ikusten ditu gauza hauek. Eta esan behar dizut Edward ezagutzen dudanetik urte hauetan guztietan ez diola, zu aurrean ez zinela, beste emakume bati inolako arretarik jarri... begiaren itxi-ireki bat ere ez du egin. Ohartuko nintzen. Eta zutaz Jainkoaren aingeru bat bazina bezala hitz egiten du.»

      «Oh,» egin zuen egoera hartan zegokion gidoiari jarraituz, Leonorarengandik zalantzarik gabe espero izatekoa zenez, «ziur naiz nitaz beti ongi hitz egiten duela.»

      Ziur naiz horrelako egoerak ez zitzaizkiola arrotzak; jendeak beti bere senarraren leialtasuna eta adorazioarengatik zorionak ematen zizkion. Jendearen erdiak —Edward eta Leonora ezagutzen zituen jende guztiak behintzat— uste zuen Kilsyte auzian kondenatzea justiziaren oker bat izan zela... etsai Inkonformistek bildutako froga faltsuekin egindako konspirazio bat. Baina pentsa zein inozentea nintzen.

 

Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999