Historiarik goibelena
II
Florence hil eta berehala Leonora bai Nancy Rufford, bai Edward kate motzean lotzen hasi zen. Kasino ondoko zuhaitzen itzalpean gertatutakoa asmatu zuen. Ni joan ondoren Nauheimen geratu ziren hiru astez, eta Leonorak esan dit bere bizitzako aldirik latzena izan zela. Duelu isil, luze baina armarik gabea ematen omen zuen. Eta neskaren erabateko xalotasunak are latzagoa egiten zuen. Zeren Nancy, oporretan etxean zenean, Edwardekin bakarrean kanpora ateratzeko beti prest izaten baitzen... bizitza osoan egin zuen bezala. Haren ahotik gauza politak entzun nahi zituen berriro. Egoera izugarri nahasia zen, ikusten duzu. Izan zitekeen korapilatsuena eta oso kontuz ibiltzekoa. Alde batetik Edwardek eta Leonorak elkarri hitzik ez zioten esaten, beste norbaiten aurrean izan ezean. Hori zen korapiloetako bat. Gainera, esan dudan bezala, elkarrekiko jarrera ezin hobea zeukaten. Neskaren erabateko xalotasunak sortzen zuen korapiloa ere hor zegoen; hurrengo korapiloa zen Edwardek eta Leonorak neska hura beren alabatzat zeukatela. Edo zehazkiago mintzatzeko Leonoraren alaba balitz bezala begiratzen ziotela. Eta Nancy neska bitxia zen; oso zaila egiten zait zuri azaltzea. Luzea eta izugarri mehea zen; aho bihurritua zeukan, begi etsiak eta umore zentzu izugarria. Esan liteke batzuetan izugarri aldrebesa eta beste batzuetan ikaragarri ederra zela. Hara, ile beltz sarriagoa duen bururik ez dut ikusi; haren pisua nola jasan zezakeen pentsatzen aritzen nintzen neure artean. Hogeita bat urte bete berriak zituen, eta batzuetan kredoa baino zaharragoa ematen zuen, eta beste batzuetan hamasei urte ere ez zituela. Une batean santuen bizitzak hartuko zituen ahotan, eta hurrena sanbernardoaren umearekin zilipurdika ibiliko zen belardian barrena. Menade bat bezala erbi-zakurrekin lasterkadan ibili edo ordutan eta ordutan eserita geldi-geldi egon zitekeen, zapiak behin eta berriz ozpinetan bustitzen Leonorak buruko min ohikoetako bat zeukanean. Labur esateko, pazientzia mirakulu bat zen, eta aldi berean mirakuluzki pazientzia-gabea izan zitekeen. Ez zegoen dudarik komentuko bizitzaren ondorioa zela. Gogoan dut hark idatzitako gutunetako batean, hamasei urte zituela, honelako zerbait zioela: «Corpus Christi egunean» —edo beste santuren baten egunean izan zitekeen, ezin ditut horrelako gauzak buruan gorde— «gure eskola Roehamptonekoekin hockey-an aritu zen. Eta gureak galtzen ari zirela ikusirik, hiru eta bat ari baikinen galtzen atsedenaldian, kaperara joan ginen irabazteko otoitz egitera. Bost eta hiru irabazi genuen.» Eta gogoan dut ondoren saturnalia-ren gisako zerbait deskribatu zuela. Hamabost irabazleak, edo hamaikak, errefektoriora afaltzera joan zirenean, ospatzeko ikasle guztiak mahai gainera igo, aulkiak lurraren kontra puskatu, eta ontziak zirtzilatzen aritu omen ziren... denbora jakin batez, Ama Nagusiak esku-kanpaitxo bat jo arte. Hori da tradizio katolikoa, noski: une batean, zigor baten zartadaz bezala, buka daitekeen saturnalia. Tradizio hori ez dut gogoko, baina beharturik nago esatera horrek eman ziola Nancyri... edo dena dela Nancyk zeukala, sekula gainditurik ikusi ez dudan zintzotasunaren zentzu bat. Labana bezalako zerbait zen, begiradan eta ahotsean nabari zuena tarteka. Benetako beldurra ematen zidan. Ia beldurra ematen zidan horrelako eredu zorrotza izan zitekeen mundu batean egoteak. Gogoan dut hamabost edo hamasei urte zituenean soberano ingeles pare bat eman nizkiola behin komentura itzultzera zihoan batean. Bihotz-bihotzez eskertu zidan esanez oso ongi etorriko zitzaizkiola. Arrazoia galdetu nion, eta argitu zidan. Eskolan bazuten arau bat: ikasleek ezin zuten hitz egin kaperatik errefektoriora joaten zirenean lorategitik pasatzean. Eta, arau hori Nancyren adimen arakagaitzari ergela eta arbitrarioa iruditzen zitzaionez, egunero hausten zuen. Iluntzean haurrei galdetzen zitzaien ea egunean zehar okerrik egin zuten, eta Nancyk gauero aitortzen zuen arau hori hautsi zuela. Arau-hauste bakoitza sei penike kostatzen zitzaion, hori baitzen okerrari ezarritako isuna. Jakite hutsagatik galdetu nion ea zergatik aitortzen zuen beti, eta honelaxe erantzun zidan hitzez hitz: «Ah, ba, Haur Santuaren neskak beti nabarmendu izan dira beren egiazaletasunagatik. Izugarri pisua da, baina behartuta nago horretara.» Esango nuke haren haurtzaro zorigaitzekoak, komentu-bizitza zen saturnalia eta diziplina nahastearen aurrekoak, bitxitasuna areagotu ziola. Aita tipo ero zalapartatsu bat zen, Highlandetako erregimentuak derizten horietako komandante bat. Ez zuen edaten, baina umore txar kontrolaezina zeukan, eta Nancyren lehenbiziko oroitzapena zen behin gosaltzen ari zirela bere aitak ukabilaz ama jo eta lurrera bota, eta konorterik gabe utzi zuela. Ama emakume ernegagarria zen dudarik gabe, eta erregimentu hartako soldaduak ere halakoxeak omen ziren; beraz, etxea oihu eta etengabeko zalapartaz betetako lekua zen. Rufford andrea Leonoraren lagunik minena zen, eta Leonora oso mingarria izan daiteke batzuetan. Baina iruditzen zait Rufford andrearen aldean ez zela ezer. Komandantea bazkaltzera leher eginda eta biraoka iristen zen, bere gizon egoskorrekin instrukzioa egiten eguzki galdatan emandako goiz kaxkarra madarikatzen. Eta orduan Rufford andreak ohar mingarriren bat egiten zuen, eta sekulako istilua sortzen zen. Behin, hamabiren bat urte zituela, Nancy saiatu zen bien tartean sartzen. Aitak kopetan eman zion kankarrekoarekin hiru egunez konortera itzuli gabe egon zen. Hala ere, ematen zuen Nancyk ama baino aita nahiago zuela. Haren portaera atsegin batzuk bazituen gogoan, nahiz zakar-antzak izan. Oso txikia zela behin edo bitan aitak oso modu traketsean jantzi zuen, urduri, baina oso jarrera goxoarekin. Ia beti ezinezkoa izan zen neskameek etxean iraun zezaten lortzea, eta batzuetan, dirudienez, Rufford andrea egun mordoxka batean ez zen ezertarako gauza izaten. Edan egingo zuen, seguru aski. Dena dela, halako suge-miztoa zuen, non Nancy berak ere beldurra baitzion... halako burla egiten zien xamurtasun adierazpenei, halako iseka sentipenen agerpenei. Nancy oso haur sentibera izango zen nahitaez. Gero, egun batean, Fort Williamera egindako zaldizko ibilaldi batetik itzultzean, Nancy zuzenean hegoaldera, barnetegi hartara bidali zuten, bere hezitzailea lagun zuela, oso zurbil zegoen emakumea. Bi hilabeteren buruan zen hara joatekoa. Ama orduan desagertu zitzaion bizitzatik. Handik hamabost egunera Leonora barnetegira joan zitzaion ama hila zuela esatera. Sinesgarria zen. Dena dela, nik ez nuen azken-azkenera arte jakin zer atarramendu izan zuen Rufford andreak. Leonorak ez zuen sekula ezer esaten emakume horretaz. Eta orduan Rufford komandantea Indiara joan zen, eta handik oso gutxitan eta oso bisita motzetarako itzultzen zen; eta Nancy Branshaw Teleragheko bizimodura laketu zen pixkanaka. Uste dut garai horretatik aurrera oso bizimodu zoriontsua egin zuela azkeneraino. Zakurrak, zaldiak, zerbitzari zaharrak eta Forest aldea zeuzkan. Eta Edward eta Leonora ere bai, eta haiek maite zuten. Betidanik ezagutzen nuen —esan nahi dut beti etortzen zela Ashburnham senar-emazteekin Nauheimera haien egonaldiko azken hamabostaldirako—, eta pixkana hazten ikusi dut. Oso pozik egoten zen nirekin. Are gehiago, beti musu ematen zidan, goizean eta gauean, hemezortziren bat urte bete zituen arte. Eta nire inguruan saltoka ibiltzen zen, gauzak ekartzen zizkidan, eta barre egiten zuen Philadelphiako nire bizimodua kontatzen nionean. Baina, alaitasun horren azpian ezkutaturik bere beldurrak zeuzkan zelatan, nik uste. Gogoratzen naiz egun batez, hemezortzi urte bete berritan, bere aitak Europara egiten zituen bisita bakanetako batean, burdin ur arrastoak zituen iturriaren ondoan lorategian eserita geundela. Leonorak bere buruko min haietako bat zeukan, eta Florence eta Edward bere bainuetako batetik itzultzeko zain geunden. Ez duzu ideiarik ere Nancyk zein itxura ederra zeukan egun hartan. Loterian jokatzeko ohituraz ari ginen hizketan: alderdi moraletik begiratuta alegia. Zuriz jantzita zegoen goitik behera; oso luze eta sotila ematen zuen; eta ilea orduan hasi zen bilduta eramaten, lepoari ibiltzean gaztetasunaren eta ez-ohikoaren ukitu xarmangarri hori emateko. Gauean botatako euri-jasaren ondoren lehortu gabe geratutako putzu baten ispilu-distira zintzurrean ari zitzaion jolasean, eta aurpegi aldea guardasol zuriaren itzal argitsu eta lausoak estaltzen zion. Ile iluna lastozko kapelu zuri zabalaren azpitik juxtu-juxtu agertzen zitzaion; oso lepo luzea eta aurrerantz makurtua zeukan, eta bekainek, nire hizkeraren zaharkitu-kutsuari barre egitean pixka bat uztai tankera hartuz, utzia zuten beren sumintasuna. Kolore pixka bat zeukan masailetan, eta bere begi urdin sakonetan argitasuna. Eta pentsatzea gauza zuri bizi hura, izaki zintzo eta zisne gisako hura... pentsatze hutsa... Begira, bela-ontzi baten oihal bat bezalakoa zen, zuri-zuria eta erabat zehatza mugimenduetan. Eta pentsatzea sekula ez duela... Zergatik ez duen sekula ezer gehiago egingo. Ezin dut sinetsi. Dena dela, loteriaren moraltasunari buruz ari ginen. Eta bat-batean, gure atzeko arkupeetatik haren aitaren ahots nabarmenaren burrunba iritsi zitzaigun; laino-tutu batek kanabera batez trabaturik egin dezakeen durundiaren gisakoa zen. Non zegoen ikusteko ingurura begiratu nuen. Berrogeita hamar urteko gizon luze, eder, zurrunki tente hura Kongo belgikarrarekin zerikusi franko izan zuen baroi italiar batekin zihoan. Indigenei emateko tratu egokiaz arituko ziren, zeren aditu bainion esaten: «Utikan onbera izatea!» Berriro Nancyri begiratu nionean begiak itxita zeuzkan eta aurpegia jantzia baino zurbilago. Izan ere, aurpegiak harri-txintxarren distira arroxa batzuk behintzat bazeuzkan. Beldurgarria zen begiak horrela itxita zituela ikustea. Harridurazko intziri bat egin, eta haztamuka bezala zerabilen eskua une batez nire besoan ezarri zuen. «Ez sekula aipatu gai hori. Hitz eman ez diozula nire aitari horretaz ezer esango. Amets gaizto haiek ekartzen dizkit berriro gogora...» Eta begiak zabaldu zituenean bekoz beko begiratu zidan. «Santu zorionekoek», esan zuen, «horrelako gauzetatik libratuko gintuztela espero izatekoa zen. Munduko bekatu guztiengatik ere ez dut uste horrelakorik merezi dugunik.» Esaten dute gaixoari beti uzten ziotela gauez argi bat piztuta edukitzen, baita logelan ere. Eta hala ere, ez zen neskatorik bere aita maitearekin modu sotil eta goxoagoan jolasean ibiltzen zenik. Beti solapetatik heltzen ibiltzen zitzaion, denbora non pasatzen zuen kontuak hartzen, buruan musu ematen. Ongi hezia zen horratik, inor ongi hezirik baldin bazen. Gizagaixo hura alabaren aurrean uzkurtu egiten zen... baina neskatoak ezin zuen gehiago egin aita lasaitzeko. Agian lezioak emango zizkioten horretaz komentuan. Ahotsaren doinu berezi hura besterik ez zen, burgoi edo dogmatiko agertzen zenean erabiliz neska izutzen ahal zuena... eta ustekabean gertatzen zitzaionean baizik ez zitzaion sumatzen. Izan ere, santu bedeinkatuek beren bekatuengatik egiten uzten zizkioten ametsek aitaren ahots zalapartatsuaren burrunba izaten baitzuten aitzindari. Hots hori zen bere haurtzaroko bazkari beldurgarrien aurretik entzun izan zuena...
Kapitulu honexetan goraxeago azaldu dut, nik alde egin ondoren Leonorak Nauheimen egin zuen egonaldiaren gainerako egunetan, iruditu zitzaiola etsai isilen aurka arma ikusezinekin dueluan ari zela. Nancy, esan dudan bezala hau ere, Edwardekin bakarrik atera nahian zebilen beti. Urtetako ohitura zen. Eta Leonorari iruditu zitzaion hori galarazi beharra zeukala. Oso zaila zen. Nancy ohitua zegoen nahi zuen guztia egiten, eta urtetan Edwardekin bakarrik ateratzen ohitua zegoen arratoiak edo untxiak harrapatzera edo izokinetara joaten Fordingbridgera, edo Edwardek egiten zituen bisita karitatezkoetara edo maizterrei egiten zizkienetara. Eta Nauheimen Edward eta biak beti Kasinora elkarrekin joaten ziren iluntzean... Florencek atentzioak eskatzen ez zituenean behintzat. Pentsa zein begi-bistakoa izango zen bi horien elkarrenganako atxikimenduaren garbitasuna, Florencek berak ere ez baitzuen inolako jeloskeriarik sentitu sekula. Leonorak hamarretan oheratzeko ohitura zuen. Ez dakit nola lortu zuen, baina Nauheimen egon ziren denbora guztian moldatu zen bi haiek bakarrik gera ez zitezen, egun argiz eta jendez betetako lekuetan izan ezean. Protestante batek hori egin izan balu, ez zukeen neskarengan kezkarik sortuko. Baina katolikoak, beti izan baitituzte ezkutuko eta isilpeko zoko bitxiak, hobeki moldatzen dira horrelako gaietan. Eta esango nuke bi gauzak erraztu ziotela Leonorari horretarako bidea: Florenceren heriotzak eta Edward gaixotzen aritzeak. Oso gaizki zegoela ematen zuen, sorbaldak makurtzen hasi zitzaizkion, begi-zuloak handitzen, eta tarte luzetan burua joanda izaten zuen. Eta Leonorak bere buruaz dio bidean distraiturik dagoen usakume baten zelatan katu basa bat bezala ibili zela Edwarden atzetik. Zelatan egoteak berriro ere agerian uzten du haren katolikotasuna: gureak ez bezalako pentsamenduak izateko eta beretzat gordetzeko gauza den jende artekoa zela. Eta buruan bazebilzkion ideiak; haietako batzuk senarrarengana ere iritsi ziren, hitzik ez esan arren. Hasieran uste zuen agian barne-harra, edo Florenceren heriotzagatiko atsekabea barnea jaten ari zitzaizkiola. Baina zer-suma eta zer-suma jarraitu zuen, eta Florenceri buruz itxuraz asmo jakinik gabeko esaldiak bota zituen neskaren aurrean, eta ohartu zen Edwardek ez zeukala ez barne-harrik, ez atsekaberik. Ez zitzaion burutik pasatzen ere Florencek gutxienez erretolika bat berari idatzi gabe bere burua hil zuenik. Halakorik ez izateak ziurtatzen zion bihotzeko gaitza izan zela. Zeren Florencek ez baitzion sekula kontu horretan egia esan. Horrek dena erromantikoago bihurtzen zuela uste zuen Florencek. Ez, Edwardek ez zeukan barne-harrik. Hil baino bi ordu lehenago arte Florenceri berak emandako tratua hark nahi bezain galai eta adeitsua izan zela konbentzituta egoteko gai zen. Leonorak begiradan nabaritu zion hori, eta hura hilkutxan zetzanean sorbaldak zuzentzeko moduan... horretan eta beste mila gauza txikitan. Leonorak neskari Florence aipatzen zion bat-batean, eta Edward ez zen batere aztoratzen; ez zuen kasurik egiten ere, baina begi odol-puztuekin mahai-zapiari begiratuz eseriko zen. Dezente edaten zuen garai hartan... gauero etengabe ederki bustitzen zuen barrena emakumeak ohera joan ondoren denbora luzean. Zeren Florencek hamarretan neska ohera bidaltzen baitzuen, nahiz eta Nancyri erabat zentzugabea iruditu. Florencerengatik dolu-aldi moduko batean zeudenean, tira, uler zezakeen ez zuela kasinoa bezalako leku publikoetan ibili behar; baina ezin zuen ulertu zergatik ezin zuen bere osaba lagundu parkean zehar iluntzean egiten zituen ibilaldietan. Ez dakit zer aitzakia jartzen zizkion Leonorak... Seguru aski Florenceren arimaren alde neskak eta biek egin beharreko gaueko otoitzen bat edo gisako horretako zerbait. Eta orduan, gau batez, handik hamabost egunera edo, neskak, otoitz aldian bertan ere urduriturik, berriro ere eskatu zionean uzteko Edwardekin paseatzera joaten eta Leonora bere onetik ateratzeko puntuan zegoenean Edward bera jarri zen haren eskuetan. Afaria bukatu eta zutitu berria zen, eta beste aldera jiratuta zegoen. Baina bere buru sendoa eta begi odol-puztuak emaztearengana bihurtu, eta bekoz beko begiratu zion. «Von Hauptmann doktoreak,» esan zuen, «afaldu eta berehala oheratzeko agindu dit. Nire bihotza askoz okerrago dago.» Minutu luze batez Leonorari begira jarraitu zuen, mesprezu etsi batekin bezala. Eta Leonorak ulertu zuen senarrak, esan zizkion hitzekin, neskarengandik urrunarazteko behar zuen aitzakia eman ziola eta begiradarekin aurpegiratzen ziola Nancy galbideratzen saiatuko zela pentsatu izana. Edward bere gelara isilik igo zen, eta han geratu zen denbora puska batez —neska oheratu eta franko geroago arte— anglikanoen otoitz liburua irakurtzen. Eta hamarrak eta hamar aldera Leonorak senarraren pausuak aditu zituen bere gelako ate ondotik pasa eta kanpora atera zenean. Handik bi ordu eta erdira itzuli zen, balantzaka nabarmen. Leonorak egoera horretaz gogoetan jarraitu zuen Nauheimen egon ziren azken gaua arte. Gero bat-batean gogoetak alde batera utzi zituen. Zeren, modu berean, afaldu eta berehala, bat-batean senarrari begiratuz esan baitzuen: «Teddy, ez al zaizu iruditzen doktorearen aginduak egun batekoagatik ahaztu eta Nancyrekin Kasinora joan zaitezkeela? Neskato gaixoak horrenbeste gorabeherarekin ez du oso egonaldi atsegina izan.» Emazteari begirada itzuli zion, minutu luze batez egoerari neurria hartu nahian bezala. «Tira, bada,» esan zuen azkenean. Nancyk bere aulkitik salto egin, eta musu eman zion. Bi hitz horiek bere bizitza osoan entzundako beste edozein bik baino lasaitu handiagoa eman omen zioten Leonorari. Zeren ohartzen baitzen Edward desegiten ari zela, ez neska limurtzeko irrikaz, baizik eta bere desioa menderatzeko asmo egoskorragatik. Bere zainketa pixka bat laxatzea bazeukan. Hala ere, bere zurtsarezko pertsiana erdi-itxien atzetik kalera, iluntasunera eta zuhaitzetara begira geratu zen ilunpetan, oso berandu Nancyren ahots garbia hurbilagotzen eta hau esaten sentitu zuen arte: «Gezurrezko sudur harekin barregarri zeunden.» Kasinoan bertako festaren bat izan zen. Eta Edwardek bihotz oneko haserre itxurak eginez erantzun zion: «Ba, zuk Ama Sideacher zatarra ematen zenuen.» Neska ibilera sotilez agertu zen, gas-farolaren azpian silueta bihurturik. Edward beste horrenbeste, haren aldamenean ibilera ganoragabez. Neskak hamazazpi urte bete zituenetik beste edozein garaitan bezala hitz egiten zuten; tonu berdinean, Branshawen dibertitzen zituen atso eskalearen txantxa berdina eginez. Neskak, geroxeago, Leonoraren gelako atea ireki zuen, eta gauero bezala Edwardi kopetan musu ematen ari zitzaiola esan zuen: «Gau zoragarria izan dugu. Gero eta hobeki dago. Hogei metroko saioa egin dugu lasterka, ea etxera lehenago zein iritsi. Zergatik zaude ilunpetan?» Leonorak Edward gelan hara eta hona sentitzen zuen, baina neskaren jarduna zela medio, ez zuen jakiterik izan berriro atera zen ala ez. Eta gero, askoz geroago, pentsatu baitzuen berriro edaten ari bazen zerbait egin beharko zela, lehenbizikoz eta kontu handiz ireki zuen beren gelen tarteko ate sekula ireki gabea. Berriro aterea zen jakin nahi zuen. Edward bere ohe ondoan belauniko zegoen, burua ohegainekoan hondoraturik. Besoak luzaturik Ama Birjinaren iruditxo bati eusten zion: gauza nabarmen bat, gorri bizi eta urdin prusiarrez pintatua, komentutik lehenbizikoz itzuli zenean neskak emana. Sorbaldek hiru astinaldi eman zituzten, eta negar-zotinka hasi zen, Leonorak atea itxi baino lehen. Ez zen katolikoa; baina horrelako eragina izan zuen harengan. Leonorak lehenbizikoz behin ere esnatu gabe lo egin zuen gau hartan.
Historiarik goibelena |