Historiarik goibelena
VI
Oroitzen naiz barre egin niola «egoera onartu» esaldiari; izan ere bazirudien Leonorak seriotasun handiegiz errepikatzen zuela. Honelako zerbait esan nion: «Ez da horrenbesterako ere. Herritar amerikar libre gisa zure erlijiokideei buruz nahi dudana pentsatzeko eskubidea eskatzen dut. Eta uste dut Florencek nahi duena pentsatzeko eta gizalegeak ontzat ematen diona esateko askatasuna izan behar duela.» «Hobe luke,» erantzun zuen Leonorak, «hitz bakar bat ere ez esatea nire herriaren edo fedearen aurka.» Une hartan harritu egin ninduen ahotsean sumatu nion garraztasun ez-ohiko eta ia desafiozko hark. Ia-ia, bazirudien nire bitartez jakinarazi nahi ziola Florenceri benetan kalte larria egingo ziola, baldin eta muga-mugako zerbaitetara iristen bazen. Bai, oroitzen naiz garai hartan pentsatu izan nuela, ia-ia ematen zuela Leonora nire bitartez Florenceri esaten ari zitzaiola: «Nahi duzun moduan trufa zaitez nitaz; neurea dudan guztia har dezakezu, baina ez esan txintik ere, horrek sortuko duen egoera kontuan hartuz, zure oinpeko alfonbra bihurtzen nauen fedearen aurka.» Baina, jakina, nik ikusten nuenez, baliteke hori ez izatea hark esan nahi zuena. Goi-mailako jendea, nahiz eta oso sinesmen desberdinak izan, ez da ibiltzen bata besteari desafioka. Beraz, Leonoraren hitzek beste hau besterik ez zutela adierazten ulertu beharko dut: «Hobe litzateke Florencek nire erlijiokideen aurka ezertxo ere ez esatea, kontu horretan oso sentikorra naiz eta.» Hori izan zen, beraz, Florenceri helarazi nion mezua handik pixka batera Edward eta biak dorretik behera jaitsi zirenean. Eta ulertu behar duzu, une horretatik harik eta Edward, neska eta Florence, denak, hil ziren arte, ez nuela sekula ezertxo ere ikusi, ez susmorik lausoenik izan «han zerbait tartean izan zela» pentsatzeko, esan ohi denez. Bost minutuz, beraz, Leonorak zeloak izan zitzakeela ibili zitzaidan buruan; baina ez zen beste txinpartik izan hain nortasun suharra zuen emakume haren baitan. Non sumatuko nuen horrelakorik? Zeren, denbora hartan guztian, gizonezko erizain bat besterik ez bainintzen. Eta zer aukera nuen nik hiru jokalari porrokatu haien aurka, elkar harturik baitzeuden niri beren kartak ezkutatzeko? Zer aukera nuen? Hiru baten kontra ziren... eta zoriontsu egiten ninduten. Jainko maitea, hain zoriontsu egiten ninduten, non duda egiten dudan paradisuak berak ere, mundu honetako oker guztiak zuzenduko dituen arren, beste horrenbeste emango ote didan. Eta zer egin zezaketen hoberik, edo zer egin zezaketen, gero okerrago bihur zitekeenik? Ez dakit... Uste dut, denbora horretan guztian senar engainatua izan nintzela eta Leonora alkahueta gisa aritzen zela Edwardentzat. Hori izan zen bere bizitzako kalbario luzean eraman behar izan zuen gurutzea... Senar engainatua izateak zer sentiarazten duen galdetuko duzu. Zeru Santua!, ez dakit. Ez da ezer sentitzen. Ez da infernua, eta dudarik gabe ez da nahitaez zerua. Orduan, tarteko maila da. Nola deitzen diote? Linboa. Ez, ez dut ezertxo ere sentitzen horretaz. Hilak dira; joan dira beren Epailearen aurrera, eta hark, hala espero dut, irekiko dizkie Bere errukiaren iturriak. Ez da nire eginbeharra horretan pentsatzea. Niri dagokidana da, Leonoraren fedekoen gisara, esatea: «Requiem aeternam dona eis, Domine, et lux perpetua luceat eis. In memoria aeterna erit...» Baina zer izan ziren? Zintzoak? Gaiztoak? Jainkoak daki! Nire ustez biak errukarri batzuk besterik ez ziren, lurrean arrastaka zebiltzanak hira eternoaren itzalpean. Benetan beldurgarria... Ia beldurgarriegia ere bada epaiketa horren irudia, niri batzuetan agertzen zaidan bezala, gauetan. Seguru aski nonbait ikusi dudan margolanen batek gogora ekartzen didan zerbait da. Baina ordeka amaigabe batean, airean esekirik, hiru irudi ikustea begitantzen zait, haietako bi estu-estu elkar besarkatzen, eta bat bakar-bakarrik, desolaturik. Zuri-beltzean da epaiketa horren irudia, grabatu bat agian; kontua da ez naizela gauza grabatu bat eta argazki bat bereizteko. Eta ordeka amaigabea Jainkoaren eskua da, milia eta miliatara luzatua, gainetik eta azpitik espazio handiak dituela. Eta hirurak Jainkoaren aurrean daude, eta Florence da bakarrik dagoena... Eta, badakizu?, bakardade latz horretan pentsatzean gainditzen nauen gogo bat sentitzen dut kontsolatzera lasterka hurbiltzeko. Ezinezkoa da, ikusten duzu, hamabi urtez erizain gisa pertsona bat zaindu eta hortik aurrera hura zaintzen jarraitzeko gogorik ez izatea, nahiz eta gorrotatu suge-gorriaren herrarekin, baita Jainkoaren esku-ahurrean badago ere. Baina gauez, epaiketaren ikuspegi hori aurrean dudala, badakit neure buruari gogor egiten. Zeren nik Florence gorrotatu egiten dut. Halako herraz gorrotatzen dut, non ez bainuke betiereko bakardadetik ere libratuko. Ez zeukan egin zuena egin beharrik. New Englandeko amerikar bat zen. Ez zeuzkan europar hauen grina biziak. Edward ergel gizajoa desegin zuen... eta eskatzen diot Jainkoari Edward bere bakean eduki dezala, neska gaixo hura estu-estu besoetan harturik. Gaixoa! Eta, dudarik gabe, Maisie Maidanek bere senar gaztea aurkituko du berriro, eta Leonorak distiratuko du, argi eta bare, iparreko egunsenti eta Jainkoaren goi-aingeruetako bat bihurturik. Eta ni... Bada, agian igogailu-zain jarriko naute... Baina Florence... Ez zuen hori egin behar. Ez zuen hori egin behar, ez. Oso jokabide lotsagarria izan zen. Handiuste hutsagatik desegin zuen Edward gizajoa; Leonora eta bien artean sartu zen dama eskuzabalaren pentsaera ergelarekin. Sinetsiko al zenuke Edward etengabe bere emaztearekin elkartzen saiatzen zela haren maitalea izan zen denboran? Leonorari barkamenaz mintzatzen zitzaion etengabe... gaia aztertuz amerikarren ikuspegi alaitik. Eta Leonorak halako puta batek merezi bezala tratatzen zuen. Behin goizean goiz esan zion Florenceri: «Bere ohetik zuzenean al zatoz hura dela niri dagokidan lekua niri esatera? Badakit. Mila esker.» Baina hori ere ez zen aski Florence geldiarazteko. Jarraitu zuen esaten bere asmoa zela bere bizitza laburrak irauten zuen bitartean mundu hau argixeago egitea, eta oso gogo onez utziko zuela Edward, zeina bere ustez oso barne-egoera ederrean jarri baitzuen, Leonorak hari aukera ematen bazion. Xamurtasuna behar omen zuen Ashburnhamek beste ezer baino gehiago. Eta Leonorak erantzuten zion —zeren irain hori urtetan jasan baitzuen—... Leonorak, nire ustez, honelako zerbait erantzuten zion: «Bai, utziko zenuke. Eta jarraituko zenukete elkarri isilpean idazten, eta alokatutako geletan adulterioa egiten. Zuek biok ezagutzen zaituztet nik, ulertzen? Ez. Nahiago dut egoera bere horretan.» Erdietan Florencek Leonoraren oharrei, itxuraz, ez zien kasurik egiten. Ez zitzaizkion irudituko andre batentzat egokiak. Beste erdietan Edwardenganako bere maitasuna zeharo espirituala zela konbentzitzen saiatuko zen... haren bihotzeko gaitza zela medio. Behin honela esan zion: «Maisie Maidani buruz hori sinets badezakezu, eta zerorrek aitortua da, zergatik ezin duzu horixe bera sinetsi nire kasuan?» Leonora, oker ez banago, ilea orrazten ari zen bere gelako ispiluaren aurrean. Eta jiratuz Florenceri begiratu zion —normalean ez baitzion begiratu ere egiten—... jiratu, eta begirada hotz eta lasaiarekin, esan zion: «Ez aipatu ere egin sekula gehiago Maidan andrearen izena. Zuk hil zenuen. Zuk eta nik, biok hil genuen. Ni zu bezain gaiztoa naiz. Ez dut gogoko oroitaraztea.» Florence berehala aldendu zen marmarka esanez ea nola egin ziezaiokeen kalterik juxtu-juxtu ezagutzen zuen pertsona bati, asmorik hoberenekin, mundua argixeago uzteko asmoa betetzeko, Edwardengandik salbatzen saiatu zen pertsona bati. Horrelaxe ikusten zituen gauzak berak. Benetan pentsatzen zuen... Hala, Leonorak pazientziaz esan zuen: «Ederki, eman dezagun nik hil nuela eta gai mingarria dela. Batek ez du pentsatu nahi izaten norbait hil duela. Ez, noski. Hobe nuen Indiatik ekarri ez banu.» Eta, benetan, Leonorak horrelaxe ikusten zuen afera. Modu gordin samarrean azaldua da, baina Leonora paregabea izan zen beti azalpen gordinetan. M... hiri zaharrera egindako txangoan honako hau gertatu zen. Leonora orduan ere haur gaixoaganako errukiz eta damuz betea baitzen, gure hotelera itzultzean zuzenean joan zen Maidan andrearen gelara. Losentxa batzuk egin nahi zizkion. Eta hasieran belus gorriz estalitako mahai soil borobilean berari zuzendutako gutun bat besterik ez zuen ikusi. Honelako zerbait zioen:
«Ai, Ashburnham andrea, nola egin duzu hau? Zugan konfiantza osoa nuen. Sekula ez didazu aipatu Edwardena eta nirea, baina zugan konfiantza nuen. Nola erosi eta bereizi nauzu nire senarrarengandik? Entzun dut nola zuk... atalondoan horretaz ari ziren hizketan Edward eta andre amerikarra. Zuk ordaindu zenuen ni hona ekartzeko dirua. Ai! Nola egin zenuen hori? Nola? Banoa berehala Bunnyrengana...»
Bunny hori Maidan andrearen senarra zen. Eta Leonorak esan zuen, gutuna irakurtzen jarraitu ahala, sentitu zuela hoteleko gela hutsik zegoela eta mahai gainean ez zegoela paperik, kakoetan ez zegoela jantzirik eta isiltasun pisu bat zegoela... isiltasun bat, esan zuen, egindako zarata guztiak irensten zituen zerbait balego bezalakoa. Sentipen horren aurka borrokatu behar izan zuen, gutunaren idatzi-ondokoa irakurri zuen bitartean.
«Ez nekien adulteroa izateko behar ninduzula,» jarraitzen zuen idatzi-ondokoak. Neska gaixoa ia eskolatu gabea zen. «Ez zenuen eskubiderik eta nik sekula ez nuen horietako bat izan nahi. Eta aditu diot Edwardi andre amerikarrari esaten ni arratoitxo gaixo bat naizela. Niri pribatuan arratoitxoa deitu izan dit beti, eta ez zait axola izan. Baina, nitaz hori esan badio berari, uste dut ez nauela maite. Ai, Ashburnham andrea, zuk mundua ezagutzen zenuen, baina nik batere ez. Nik pentsatzen nuen zuk posible zela uste bazenuen dena ongi aterako zela, bestela ez ninduzun hona ekarri behar. Ez zenuen hori egin behar, biok komentu beretik atereak izaki...»
Leonorak esan zuen oihu egin zuela hori irakurri zuenean. Eta gero Maisieren kutxa guztiak itxita zeudela ikusi omen zuen, eta berehala hasi omen zen bere kasa Maidan andrearen bila... hotel osoa miatzen. Zuzendariak esan zion Maidan andreak bere kontua ordaindu zuela, eta geltokiraino joan zela Reiseverkehrsbureau-n berehala Chitralera itzultzeko bidaia antolatzera. Uste zuen itzultzen ikusia zuela, baina ez zegoen erabat ziur. Hotel handi hartan ez zen inor batere kezkatu haurraz. Eta hura, berriz, atalondoan batera eta bestera bakarrik ibiliz, dudarik gabe atzean Edward eta Florence zeuden bionboren baten ondoan eseriko zen. Ez nuen orduan entzun, ez geroago ere, zer gertatu zen bikote zoragarri harekin. Imajinatzen dut Florence orduantxe hasia izango zela Edward gizajoarengana hurbiltzen lagun-oharrak eginez neskaren bihotzean egin zezakeen sarraskiari buruz. Hori izango zen haren hasteko modua. Eta Edwardek sentimentalki ziurtatuko zion ez zegoela ezer bien artean; Maisie arratoitxo gaixo bat zela, eta Nauheimerako bidaia bera ere bere emazteak bere dirutik ordaindu ziola. Hori aski izango zen nahi zuena lortzeko. Izan ere, aski modu errazean lortu baitzuen. Leonorak, gero eta izutuago eta gero eta bihotz-zimiko handiagoarekin, hoteleko gela publiko guztiak miatu zituen: jantokia, egongela, schreibzimmer-a, berotegia, Jainkoak daki zertarako behar zuten berotegirik maiatzetik urrira bakarrik irekita egoten zen hotel batean. Baina bazegoen. Eta gero Leonorak lasterrean —bai, lasterrean— igo zituen eskailerak Maisie bere gelara itzuli gabea ote zen ikustera. Haur hura berehala leku nazkagarri hartatik ateratzea erabakia zuen. Iruditzen zitzaion dena higuingarria zela. Ez dut esan nahi ez zela nahiko hotza izan gai horretan. Leonora beti Leonora zen. Baina justizia hotzenak ere eskatzen zuen berak amaren zeregina bete zezala, komentuan bere ikaskide izandako haur harenganako. Horrenbesterainoko betebeharra bazuela iruditzen zitzaion. Edward Florenceri utziko zion —eta niri—, eta berak bere denbora guztia haur hari maitasunezko inguru bat hornitzen emango zuen, harik eta bere senar gazteari itzultzeko modua izan arte. Beranduegi zen, jakina. Hasieran ez zen arduratu Maisieren gela miatzeaz. Orain, sartu orduko, ohartu zen oin ttiki pare bat takoidun zapatak jantzita ohetik kanpora aterata zeudela. Maisie maleta handi bat irekitzeko ahaleginetan hil zen. Hiltzeko modurik groteskoenean hil zen. Haren gorputz txikia kutxaren barne aldera erori zen, eta estalkia gainean itxi zitzaion, kaiman erraldoi baten matrailen gisara. Giltza eskuan zeukan, ile iluna, japoniarrena bezalakoa, beherantz erorita, eta gorputza eta aurpegia estaltzen zizkion. Leonorak altxatu —luma baino arinagoa baitzen—, eta ohe gainean ezarri zuen ilea inguruan zuela. Irribarreka ari zen, hockey partidu batean gol bat sartu duen jokalari baten gisan. Ez zen suizidioa izan, ikusten duzunez. Bihotza gelditu egin zitzaion, besterik gabe. Nik ikusi nuen, betile luzeak masailen gainean, irribarrea ezpainetan, lorez inguraturik. Lili zuri baten txortena eskuan zeukan; eta lorea bera sorbaldan geratzen zitzaion. Andregai bat zirudien inguratzen zuten hil-beila kandelen argitan, eta haren oinetan aurpegiak estalirik belauniko zeuden bi mojen buru-estalki zuriak bi zisne izan zitezkeen, muxu eta laztanen lurraldeetara eramango zutenak, nonbait horrelako lekurik bada. Leonorak erakutsi zidan. Ez zuen nahi izan beste biek ikus zezaten. Pentsa, ez zuen Edward gaixoa asaldatu nahi. Hark ezin izan baitzuen sekula gorpurik ikusi. Eta, Leonorak Maisieren gutuna sekula aipatu ez zionez, Edwardek pentsatu zuen heriotza hura munduko gauzarik naturalena izan zela. Azkar ahaztu zen. Benetan, hura izan zen sekula bihotzeko zimiko handirik sentiarazi ez zion abentura bakarra.
Historiarik goibelena |