Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999

 

 

II

 

      Utzidazu pentsatzen non geunden. Ah, bai... hitz-aspertu hura 1913ko abuztuaren lauan egin genuen. Oroitzen naiz esan niola bederatzi urte lehenago halako egunarekin ezagutu nituela senarra eta biak, eta oso egokia zirudiela nire lagun Edwarden omenaldi gisa urtebetetze eguneko hitzaldia ematen zuten hitz haiek esateak. Erabateko konfiantzarekin esan nezakeen, nahiz eta laurok era askotako lekuetan egonak izan, ez nuela, nire partetik, ez bataz ez besteaz, inolako kexarik. Eta erantsi nuen hori marka harrigarria zela elkarrekin horrenbeste denbora emandako jendearentzat. Ez pentsa Nauheimen bakarrik izan ginela elkarrekin. Hori ez zen aski izango Florencerentzat.

      Ohartzen naiz, nire agendan begiratuz, 1904ko irailaren 4an, Edward Florence eta biokin etorri zela Parisera eta etxean eduki genuela hil haren hogeita bata arte. Beste bisita labur bat egin zigun urte hartako abenduan: elkar ezagutu genuen urtean. Bisita horretan sartuko zizkion Jimmyri hortzak eztarrian behera. Are gehiago, esango nuke Florencek horretarakoxe ekarrarazi zuela. 1905ean hiru aldiz izan zen Parisen... behin Leonorarekin, arropa erosi nahi baitzuen. 1906an ia sei aste eman genituen elkarrekin Mentonen, eta, Londreserako bidean, Edward gurekin izan zen Parisen. Horrela zihoazen gauzak.

      Kontua zen gizagaixoak Florencerengan emakume deabrua aurkitu zuela, eta haren aldean Leonora bularreko haur bat zela. Gorriak ikusiko zituen. Leonorak berekin eduki nahi zuen —nola esan— bere Elizaren onerako edo; emakume katolikoek beren senarrak ez dituztela galtzen erakusteko. Utz dezagun horretan oraingoz; gero idatziko dut gehiago haren motiboez, agian. Florence, berriz, bere arbasoen etxearen jabeari atxiki nahi zitzaion. Dudarik gabe Edward oso maitale sutsua zen. Baina ziur naiz hiru urte elkarrekin ibili ondoren, etenaldiekin gainera, Edward aspertu zela. Eta a zer bizimodua eginarazten zion...!

      Leonorak gutunen batean bestela bezala aipatzen bazuen emakumeren bat izan zutela berekin etxean —edo niri idatzitako gutunen batean emakume izenen bat aipatzen bazuen— berehala bidaliko zion desesperaziozko telegrama zifratu bat gizagaixo hari Branshawera, berehalako errebelazio beldurgarri baten mehatxupean aginduz etortzeko segituan bere leialtasuna ziurtatzera; esango nuke Florence bazter utzi eta eskandaluari aurre egitera arriskatzeko prest zegoela; baina orduan Leonorari aurre egin beharko zion. Eta Leonorak garbi esana zion nik benetako egoeraren izpirik txikienaren berri inoiz izaten banuen, pentsa zezakeen mendekurik izugarriena hartuko zuela. Lantegi ederra gizajoarentzat. Florencek gero eta arreta gehiago eskatzen zion denbora aurrera joan ahala. Eguneko edozein momentutan musu ematera behartzen zuen; eta Hampshireko konderrian emakume dibortziatu batek sekula ez zuela posizio on bat lortuko Edwardek garbi ikusarazi zion arte, ezin izan zion burutik kendu berarekin trenean ihes egiteko ideia: Bai, bai, lantegi ederra, benetan.

      Zeren Florencek, pentsa, denborarekin nire izaera hobeki ezagutu eta bere hitzontzikeria menderatu ezinik, iritsi zen puntu bateraino non ia beharrezkoa iruditu zitzaion niri dena kontatzea. Bere egoera, nirekin, jasanezina omen zitzaion.

      Niri dena kontatzeko asmoa zuen; nigandik dibortzioa lortu, eta Edwardekin Kalifornian bizitzen jarri... ez dut uste horretan benetan zebilenik. Harentzat Bran­shaw Manorri buruz zituen esperantza guztien bukaera esan nahi zuen horrek. Behin buruan sartu zitzaion Leonora, osasun bikaineko emakumea, tisikoa zela. Beti ari zen nire aurrean Leonorari esaten medikuarengana joateko. Halaz guztiz ere, Edward gizajoak, dirudienez, sinetsi zuen berarekin ihes egiteko asmoa benetakoa zela. Edward ez zen joango; bere emaztea gehiegi maite zuen. Baina, Florencek horretara behartu izan balu, nik dena jakingo nuen, eta Leonoraren mendekua abian jarriko. Eta hark hamar edo hamabi modu desberdin zeuzkan gizajoari gorriak pasarazteko. Eta haietako bakoitza erabiliko zuela ziurtatu dit. Erabakita zegoen ni ez mintzera. Eta Leonorak oso ongi zekien, garai hartan, Edwardentzako tormenturik handiena zela berak sekula gehiago ikusi nahi ez izatea...

      Horra, uste dut aski garbi azaldu dudala dena. Goazen orain 1912ko abuztuaren 4ra, nire erabateko ezjakintasunaren —eta, benetan diotsut, nire erabateko zorionaren— azken egunera. Zeren neska iristeak zorion hori handitu besterik ez baitzuen egin.

      Abuztuaren 4 hartan hoteleko egongelan eserita nengoen, gauean bertan afaltzeko berandu samar iritsi zen Bagshawe izeneko ingeles higuingarri samar batekin. Leonora lotaratu berria zen, eta ni zain nengoen Florence, Edward eta neska Kasinoko kontzertu batetik noiz itzuliko. Ez ziren denak batera joanak. Florencek, gogoan dut, hasieran esan zuen Leonorarekin eta biokin geldituko zela, eta Edward eta neska bakarrik joanak ziren. Eta orduan Leonorak sekulako lasaitasunarekin esan zion:

      «Zu bi horiekin joatea nahi nuke. Uste dut neska horrelako lekuetara Edwardekin joaten denean norbaiten konpainian doalako itxura eman beharko lukeela. Uste dut garaia iritsi dela.» Hala, Florence bere pausu arinarekin atzetik joan zitzaien. Goitik behera beltzez zihoan, lehengusuren baten edo norbaiten dolu-aldia zela eta. Amerikarrak bereziak dira kontu horietan.

      Gu han geratu ginen egongelan eserita hamarretan Leonora lotaratu zen arte. Egun oso beroa izan zen, baina han fresko zegoen. Bagshawe izeneko gizona The Times irakurtzen aritua zen gelaren beste aldean, baina gero nigana hurbildu zen huskeriaren baten aitzakiarekin adiskidetasun harremanei hasiera eman nahian edo. Bainu-etxeko bezeroei ezartzen zitzaien zergari buruzko zerbait galdetu zidala uste dut, eta ea ez al zegoen saihesbiderik. Tankera horretako pertsona zen.

      Gizon nabarmena zen, militar itxurakoa, aski exajeratua, aurpegira begiratzen ez dizuten begi irtenekikoa, ezkutuan praktikatutako bizioen adierazle zen aurpegi zurbila eta kosta ahala kosta lagunak egiteko irrika nazkagarria zituena. Zapo nazkagarri halakoa...

      Hasi zitzaidan esaten Ludlow Manorrekoa zela, Ledbury ondokoa. Izena zerbait ezaguna egiten zitzaidan. Gero hasi zitzaidan hizketan lupuluaren zerga batzuei buruz, Kaliforniako lupuluaz, eta Los Angeles hiriaz, han izana baitzen. Nire estimazioa lortzeko moduko gai baten bila zebilen eginahalean.

      Eta gero, bat-batean, kaleko argi distiratsuan, Florence lasterka ikusi nuen. Honela izan zen: Florence pareta baino zuriago lasterka eta eskua bihotz gaineko oihal beltzaren gainean ezarrita. Bihotza raust gelditu zitzaidan, benetan; ez nintzen mugitzeko gauza. Ate kulunkarietatik sartu zen ziztu bizian. Aulkiak, zumezko mahaiak eta egunkariak egoten ziren gela korritu zuen begiradaz. Ni ikusi, eta ahoa zabaldu zuen. Nirekin hizketan ari zen gizona ikusi zuen. Eskuak aurpegiaren kontra estutu zituen, begiak atera nahi balitu bezala. Eta ezkutatu zen.

      Ez nintzen mugitzeko gauza; behatz bat mugitzeko ere ez. Eta orduan gizon hark esan zuen:

      «Alajaina! Florry Hurlbird.» Nigana bihurtu zen, algara izan nahi zuen hots koipetsu eta desatsegin bat eginez. Nirekin benetan adiskidetzeko bidea aurkitua zuen:

      «Ezagutzen duzu?» galdetu zidan. «Neska hori azkenekoz ikusi nuenean Jimmy izeneko gazte baten logelatik ateratzen ari zen goizeko bostetan. Ledburyn, nire etxean. Ikusi duzu ezagutu nauela.» Zutik zegoen, goitik behera niri begira. Ez dakit zer itxura neukan. Dena dela, eztarri-hots baten ondoren hitz totelka hasi zen:

      «Oh, zera...» Horiek izan ziren Bagshaweri entzun nizkion azken hitzak. Handik denbora puska batera egongela hartatik atera, eta Florenceren gelara igo nintzen. Atea itxi gabe zeukan... gure ezkondu-bizitza osoan ixten ez zuen lehenbiziko gaua. Etzanda zegoen, oso postura txukun eta duinean. Ohe gainean, Maidan andrea ez bezala. Eskuineko eskuan amilo-nitratoa eduki beharko zukeen tubo txiki bat zeukan. 1913ko abuztuaren lauan gertatu zen.

 

Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999