Historiarik goibelena
Stella Fordi egindako
Stella maitea: Beti iruditu izan zait hau nire libururik hoberena dela... gerra aurreko hoberena bai behintzat; eta idatzi nuenetik nire hurrengo nobela argitaratu arte hamarren bat urte igaroko ziren. Beraz, harrezkero idatzitako edozer beste gizon baten lantzat hartu behar da... zure gizonaren lantzat. Zeren egia da bizitzeko zuk eskaini zenidan pizgarria gabe nekez aterako nintzela bizirik gerra aurreko alditik, eta are egia handiagoa berriro idazteko zuk emandako akuilukadarik gabe ez nuela sekula gehiago idatzi izango. Eta gertatzen da, egokiera bitxiren batengatik, Soldadu zintzo hau dela nire liburuetatik inori eskainia ez dagoen ia bakarra: Patuak erabaki zuen nonbait itxaron dituen hamar urteak itxarotea... eskaintza honetarako. Orain naizena zuri zor dizut: Soldadu zintzoa idatzi nuenean nintzena, berriz, bizimodu aski zentzugabe eta alderokako baten zirkunstantzien segidari. Liburu hau idaztera eseri nintzenean —1913ko abenduaren 17an— ez nintzen ausartu lauhazkan zaldi-gainean joatera, giro horretako esaldi bat erabiltzeko. Hein batean beti oso finkaturik izan dudalako buruan ni, behintzat —beste idazleei zer gertatu zaien ez dakit—, berrogei urte bete arte ez nintzela gauza izango defendatzeko moduko nobelarik idazteko; eta horrez gain ez nuelako inolako lehian sartu nahi ospearen edo ospeak ematen duenaren irrika edo premia nik baino handiagoa zuten beste idazle batzuekin. Benetan ez nintzen saiatu behin ere nire nobeletan idazteari buruz nekien guzti-guztia jartzen. Jarraipenik gabe liburu batzuk —mordo galanta— argitaratuak nituen, baina denak «pastiches» gisakoak ziren, idazketa aski preziosistako lanak edo tours de force-ak. Baina beti txoratu izan nau idazteak... nola idatzi behar den, eta nire kasa eta Conradekin batera, garai hartan bertan ere, sakonki aztertua nuen hitzak nola erabili behar ziren eta nobelak nola moldatu. Beraz, berrogei urte bete nituen egunean zer egin nezakeen erakusteko asmoz eseri nintzen... eta emaitza Soldadu zintzoa izan zen. Benetan nahi nuen nire azken liburua izan zedin. Orduan pentsatzen nuen —eta ez naiz ziur orain ez ote dudan gauza bera pentsatzen— gizon batentzat aski zela liburu bat idaztea, eta Soldadu zintzoa bukatu nuen egunean, Londres behintzat, eta agian mundu osoa, idazle berriago eta biziagoen mendera pasatzen ari zen. Literatur kubisten, vortizisten, imagisten eta hamarkada gazte hartako gainerako tapageur eta jeunes zalapartari haien garaiak ziren. Hala, neure burua aingira bezala ikusten nuen, zeina itsaso handira iritsirik bere umea egin eta hiltzen den... edo Alka Handiak bezala nik ere uste nuen esleitutako lekura iritsi ondoren arrautza bakarra errun eta hil nintekeela. Beraz, literaturari agur erabatekoa egin nion Thrush izeneko aldizkari baten zutabeetatik: eta hura, alka-arrautza gaixo bat besterik ez zenez, ahaleginean hil zen. Gero, gure —zure eta nire— lagun onei bidea erraztera prestatu nintzen: Ezra, Eliot, Wyndham Lewis, H.D.-ri eta orduan ate-joka ari ziren gainerako idazle gazte zalapartatsuei alegia. Baina zalaparta handiagoek eraso zioten Londresi eta konkistatzaile harro haien oinpean zetzala zirudien munduari; kubismoak, vortizismoak, imagismoak eta gainerakoek ez zuten sekula izan aukera garbirik kanoien danbaden artean, eta horrela ni berriro nire zulotik atera naiz eta zure lan bortitz, delikatu eta ederren artean nire lanen bat uzteko adinako adorea bildu dut. Soldadu zintzoa, hala ere, nire alka-arrautzarik handiena da oraindik; izan ere, ondorengorik izango ez duen arraza batekoa baita, eta hain aspaldi idatzia non ez dudan handiputza emango bizpahiru gogoeta eskaintzen badizkiot. Nire ustez, ez da idazlerik estu hartzerik merezi duenik, baldin eta hamar urte lehenagoko bere libururen bat hartzean esaten badu harriturik: «Jainko maitea, garai hartan honen ongi idazten al nuen?», zeren horrek beti berekin baitakar batek ez duela jada garai batean bezain ongi idazten, eta gutxi dira sumendi itzali batek bere buruari egiten dizkion laudorioak gaitzesteko bezain bekaiztiak. Dena dela, liburu honen azterketa sakon samarra egin behar izan dut berriki, frantsesera itzuli behar izan baitut, eta horrek behartu nau arreta handiagoa jartzera beste edozein irakurketatan baino, nahiz eta irakurketa zorrotza izan. Eta bide emango diot neure buruari esateko harri eta zur eginik geratu naizela liburuaren bilbaketan egin behar izan nuen lana, aipamen eta zehar-aipamenen katramila ikusirik. Ez da harritzekoa; izan ere, nahiz eta beste batzuen aldean azkarxeago idatzi, lehenago hamar urtez barnean inkubatzen ibili bainuen. Izan ere, historia hau benetako gertaera bat da, Edward Ashburnhamek berak kontatua, eta ezin nuen idatzi gainerako guztiak hil arte. Beraz, urte horietan guztietan aldean eraman nuen, eta tarteka hartaz pentsatzen nuen. Egun haietan asmo handi bat nuen: Nobela ingelesaren arloan Maupassantek Fort Comme la Mort-en frantsesarenean egin zuena egitea. Egun batean jaso nuen saria, zeren, talde batekin nengoela, nire miresle gazte sutsu batek esan baitzuen: «Alajaina, Soldadu zintzoa, ingelesez idatzi den nobelarik onena da.» Eta hori aditzean John Rodker adiskideak, beti nire lanaz mirespen neurrizkoa izan baitu, esan zuen bere ahots garbiaz poliki mintzatuz: «Ah, bai. Halaxe da, baina hitz bat ahaztu zaizu. Ingelesezko nobela frantsesik onena da.» Hori esanda —Frantziako nire irakasle eta goragokoei egiten diedan zor-aitorpena baita— liburua irakurlearen esku utziko dut. Liburu honi hasieran nik jarri nion izenburua Historiarik goibelena izan zen, baina gerrako egunik beltzenetara arte argia ikusi ez zuenez, Lane jaunak telegrama eta gutunekin ez zidan bakerik ematen —ni garai haietan beste zeregin batzuetan sartua nintzen— titulua aldatzeko eta aldatzeko eginez, izenburuak garai hartan liburua salezina egiten baitzuen haren ustez. Egun batean, desfile batean nengoela, Lane jaunak telegrama bat bidali zidan azken erregua eginez, eta erantzun ordaindukoa zenez, erantzun-inprimakia hartu, eta presakako ironiaz idatzi nuen: «Lane adiskidea, zergatik ez Soldadu zintzoa?»... Harri eta zur geratu nintzen handik sei hilabetera liburua titulu horrekin argitaratu zela ikusi nuenean. Harrezkero ez zait damua joan, baina gerraz geroztik liburua izenburu horrekin irakurri delako hainbeste froga jaso ditut, non zalantzan nagoen ea aldatzeak ez ote duen nahasketa sortuko. Aldaketa gerra-garaian egiteko aukerarik izan balitz, ez nintzen duda-mudatan ibiliko aldatzeko, zeren inork haren berri izanaren bi froga besterik ez baitut. Behin batean nire errejimenduko laguntzailearekin topo egin nuen baimen-aldi batetik etorri berritan, eta oso aurpegi txarra zeukan. Esan nion: «Alajainkoa, zuk zerbait baduzu!» Eta berak erantzun zidan: «Begira, herenegun ezkontzeko hitza eman nuen, eta gaur Soldadu zintzoa irakurtzen aritu naiz.» Beste batean, berriz, desfile batean nintzen berriro ere, Chelseako Guard's Plazan, eta instrukzio ariketa batzuk egin behar ziren. Eta, urduritasunak hezurretaraino harturik nindukanez, xingola gorriko kapela zeukaten sei jaun adinekoren aurrean egin behar baikenuen, ederki astindu nituen nire mutilak, Bere Maiestatearen Coldstream Guardeko kideekin ahal den neurrian. Tente-tente erne-egoeran nengoela, goi-goiko mailako jaun adineko haietako bat atzetik hurbildu, eta belarrira argiro esan zidan: «Soldadu zintzoa, beraz?». Ikusten duzu Lane jaunak mendekua hartu zuela. Dena dela, ikasi dut ironia aho biko ezpata izan daitekeela. Zuk, Stella maitea, historia hauek makina bat aldiz adituko zenizkidan. Baina orain itsasoak bereizten gaitu, eta gutun honetan sartzen ditut, ni ikusi baino lehen jasoko baituzu, ahots ezagun eta maitekor bat aditzeak pixka bat alaituko zaituen esperantzarekin. Eta honela sinatzen dut liburu honen eta argitalpen osoaren eskaintza, dudarik gabe onartuko duzun bene-benetako esperantzarekin. Zure F.M.F. New York, 1927ko urtarrilaren 9an
Historiarik goibelena |