Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999

 

 

III

 

      Oso abuztu beroa izan zen 1904koa. Florencek hilabete egina zuen bainuak hartzen. Ez dakit zer sentitzen duten horrelako lekuetan egoten diren gaixoek. Ez naiz sekula inon horrela egon. Nik esango nuke gaixoak etxekotu egiten direla eta lekuarekin nolabaiteko ainguramendua lortzen dutela. Aurpegi alai, autoritate-kutsu eta jantzi zuriekiko bainu-laguntzaileak atsegin dituztela ematen du. Baina Nauheimen egoteak niri ematen zidan sentsazio bat —nola esango nuke?— ia larrugorritan egotearena... batek itsasertzean edo leku zabaletan sentitzen duena bezalako biluztasunarena. Ez neukan atxikimendurik, ez jabetza pilaturik. Zure bizilekuan joera xume berezkoek bultzatzen zaituzte besarkada batean bezala hartzen zaituzten aulki jakin batzuetara, edo eramaten zaituzte lagunkoiak ematen duten kale batzuetara eta ez etsai kutsukoak diruditen beste batzuetara. Eta, sinets iezadazu, sentsazio hori garrantzitsua da bizitzan. Ongi ikasia dut, luzaro ibilia bainaiz bizitegi publiko batetik bestera. Eta bat txukunegi ibili ohi da. Jainkoak daki sekula ez naizela zabarra izan. Baina Florence bere goizeko bainua hartzen ari zenean izan ohi nuen sentsazioa zen... ni Englischer Hof-eko eskailburu eskobatu berrian egoten nintzen, txukun jarritako harri-txintxarraren gainean lorontzietan txukun jarritako zuhaixken ondoan, txukun jantzitako jendea alaitasun ongi kalkulatuaz aldamenetik pasatzen zenean ongi kalkulatutako orduan, eta gorantz eta eskuinerantz egiten zuten zuhaitzak eta bainuetako harri gorrixka ikusten nituen... edo zurezko txalet zuriak ziren? Benetan ahaztua dut, hainbeste aldiz han egona izan arren. Horrekin konturatuko zara zenbateraino nengoen inguruarekin bat egina. Begiak itxita ere aurkituko nuke bainugela beroetarako bidea, dutxa-geletarakoa, ur uherra zurrustan ateratzen den laukiaren erdiko iturrikoa. Bai, begiak itxita bidea aurkituko nuke. Distantzia zehatzak badakizkit. Regina Hoteletik ehun eta laurogeita zazpi pausu eman eta ezkerretara estu-estu hartuz beste laurehun eta hogei pausu emanez gero, zuzenean iturriraino iristen zara. Englischer Hof-etik, berriz, espaloitik hasiz, laurogeita zazpi pausu eta laurehun eta hogei horiexek eman behar dira, baina ezkerretara hartuz.

      Eta orain konturatuko zara munduan batere eginkizunik gabe... baina ezta batere!, nola eman nion pausuak kontatzeari. Florencerekin joaten nintzen bainuetara. Eta hark bere solasarekin entretenitzen ninduen, noski. Harrigarria zen, esan dudan bezala, zein trebea zen solasean. Oso ibilera arina zuen, ilea oso txukun zuela ibiltzen zen, eta oso dotore jantzita eta oso arropa garestiekin. Bere dirua bazuen, noski, baina ez zitzaidan axola izango niretik pagatzea. Eta, hala ere, ez dut gogoan haren jantzi bakar bat ere. Edo bat bakarra dut gogoan, zeta tankerakoz egindako soineko oso sinple bat —irudi txinatarrekikoa— gonalde zabal-zabalekoa eta sorbaldetan zabaltzen zena. Ilea kobre kolorekoa zeukan, eta zapaten takoiak nabarmenki luzeak, oin-punten gainean ibilaraztekoak. Eta bainugelaren aurrera iritsi eta atea irekitzen zenean hari bidea uzteko, atzera begiratzen zuen niri koketeriazko irribarre bat eginez, masailaz sorbalda laztanduz bezala.

      Gogoan dut jantzi harekin Livornoko kapela izugarri handi bat ibiltzen zuela.. Rubensen Chapeau de Paille-ren antzekoa baina oso zuria. Kapela soinekoaren oihal berdineko painelu batez lotzen zen, lasaiki korapilatuz. Bazekien nola nabarmendu bere begi urdinak. Eta lepo-inguruan koralezko lepoko-ale arrosa sinple batzuk izaten zituen. Eta haren larruazal arrosak argitasun guztizkoa zeukan, leuntasun guztizkoa...

      Bai, horrelaxe dut zehazkien gogoan, soineko harekin, kapela horrekin sorbalda gainetik niri begira, begiek beren distira urdina nabarmenduz... agata-urdin hura...

      Eta ze arraio! Norentzat egiten zuen hori? Bainuetako laguntzailearentzat? Bidean topo egiten zuen jendearentzat? Ez dakit. Dena dela, ezin zitekeen izan niretzat, zeren nire bizitzako urte guztietan beste inon ez baitzidan sekula horrelako irribarrerik egin, erdi txantxetan, erdi zirikatuz. Ai, enigma bat zen; baina, orduan, gainerako emakume guztiak ere enigma bat dira. Eta ohartzen naiz atzeraxeago esaldi bat utzi dudala bukatu gabe... Florenceren bila bainuaren ondoren abiatu aurretik goizero nire hoteleko eskailburuan nengoenean izaten nuen sentipenei buruzko hura da. Txukun, dotore, ongi eskuilatuta, ingeles altuen, amerikar lirainen, aleman sendoen, eta emakume judu errusiar gizenen artean ttiki samarra izateaz ohartuki, hantxe egoten nintzen zutik, zigarro batekin kaxari kolpetxo batzuk emanez, une batez ingurua eguzkitan aztertzen. Baina etorriko zen egun bat hori gehiago bakarrik egingo ez nuena. Imajina dezakezu, beraz, Ashburnham senar-emazteen etorrera zer izan zen niretzat.

      Gauza askoren itxura ahaztua dut, baina sekula ez zait ahaztuko Excelsior Hotelak gau hartan... eta beste zenbait gauetan zeukana. Gaztelu osoak joan dira nire oroimenetik, berriro sekula bisitatu ez ditudan hiri osoak, baina gela zuri hura papier mâche-zko fruta eta loreak zituena inguru osoan, leiho altuak, mahai sail luzea, atearen inguruko bionbo beltza, hiru lertxun doratu gorantz hegatuz zituena orri bakoitzean; zerbitzariaren oinen xarrasta-hotsa; dotoretasun garesti hotz hura; afaldarren aurpegiera arratsero sartzen zirenean... haien ernetasuna, bainu-etxeko arduradunek agindutako afari batera joateko prestatu bailiran, eta haien jarrera neurritsua, inolaz ere janariaz gozatzera ez balihoaz bezala... gauza horiek ez ditut aise ahaztuko. Eta orduan, behin batean, iluntze aldera, Ashburnham kapitaina ikusi nuen bionboa inguratuz gelan sartzen. Zerbitzariburua, aurpegi zeharo griseko gizon bat —zein lurpe-zulo edo zokotan lortzen ote ditu jendeak horrelako larru-azal zeharo grisak?— jende-klase horren babesle-jarrera beldurtiarekin hurbildu zitzaion eta belarria luzatu zuen hark zerbait xuxurlatzeko. Iritsi berrientzat nahasmendu desatsegina izan ohi zen, baina Edward Ashburnham ingeles eta jaun dotore batek bezala jasan zuen. Haren ezpainak hiru silabako hitz bat ebakitzen ikusi nituen —gogoan izan horrelako huskeriei erreparatu beste lanik ez nuela bizitzan— eta berehala jakin nuen hark izan behar zuela Edward Ashburnham, kapitaina, Hussareen Hamalaugarrenekoa, Branshaw Teleragheko Branshaw Housekoa. Zergatik nekien? Ba, gauero afaldu baino lehen, atalondoan itxaroten nuen bitartean, Monsieur Schontz jabearen kortesiaz, bezero bakoitzak gela bat hartzean sinatu behar izaten zuen poliziarentzako txartelak aztertzeko ohitura nuelako.

      Zerbitzariburuak berehala gidatu zuen hutsik zegoen mahai batera, niretik hiru harantzago... New Jerseyko Falls River-eko Grenfalltarrek libre utzi berria zutena. Harritu nintzen, hura ez baitzen oso mahai egokia iritsi berrientzat; izan ere, eguzkiak, aski beheraturik, bete-betean jotzen baitzuen, eta Ashburnham kapitainari une berean gauza bera bururatu zitzaion nonbait. Haren aurpegiak, ingelesen estilo miresgarrian, ez zuen ezer adierazi ordura arte. Ezertxo ere. Ez zuen nabari ez alaitasunik, ez etsipenik; ez itxaropenik, ez beldurrik; ez asperdurarik, ez satisfakziorik. Jendez betetako gela hartan ez zuela inor ikusten ematen zuen. Junglan barrena oinez zihoala zirudien. Ez dut sekula horrelako aurpegiera guztizkoarekin topo egin eta ez dut sekula aurkituko. Lotsagabekeria zen eta ez zen; apaltasuna zen eta ez zen. Haren ilea horia zen, modu berezian uhin bat eginez orraztua, ezkerreko lokitik eskuinera; haren aurpegiaren kolorea adreilu-gorri argia zen, erabat berdina tonuz ilearen erroetarainoxe; haren bibote horia hortz-eskuila bezain zurruna zen eta benetan uste dut bere esmokin beltza sorbaldetan pixka bat betea zuela bere buruari makurtu-itxura izpi bat emateko. Hark egingo zuen horrelakorik; horrelako gauzetan pentsatu ohi zuen. Uhalak, zaldien Chiffney ahokoak, botak; xaboirik onenak, brandyrik onena non lortu, Khyber labarretik lasterketa-zaldi batean bere burua bota zuen tipoaren izena; hiruko kartutxoen hedapen indarra lauko baten bolbora-kargaz tiro eginda; alajaina, gure adiskidetasunak iraun zuen urte guztietan sekula ez nion entzun beste ezertaz hitz egiten. A, bai, behin esan zidan Burlington Arcade-ko saltoki batean nire gorbata urdin berezikoak merkeago eros nitzakeela New Yorkeko nire saltzailearenean baino. Eta handik aurrera saltoki horrexetan erosi izan ditut. Bestela ez nintzen oroituko Burlington Arcade izenaz. Zer itxura ote du? Ez dut sekula ikusi. Bi pilare-ilara luze izango dira, Erromako Forokoen gisakoak, eta Edward Ashburnham haien artetik paseatzen: horrela imajinatzen dut. Baina seguruena ez da horrela izango... ezta hurrik ere. Beste behin Caledonian Deferred erosteko aholkua eman zidan, akzio horiek igo egingo baitziren. Eta nik, erosi; eta igo egin ziren. Baina informazioa nola lortu zuen ez dakit batere. Zeru urdinetik eroria ematen zuen.

      Eta hori zen duela hilabete arte hari buruz nekien guzti-guztia... hori eta kutxa ugari zituela, denak zerri-larruzkoak eta bere inizialez grabatuak. E.F.A.: Arma-kutxak, lepokoen kutxak, alkandora-kutxak, gutun-kutxak, eta lau botika-botilatxo zeuzkatenak; eta kapela-kutxak eta aurpegi-babesenak. Bere kutxateria osatzeko Gadareneko zerri-talde osoa beharko zen. Eta inoiz haren gela pribatuan sartuz gero, han ikusten nuen zutik, txaketa eta txalekoa erantzita, baina bere galtza dotoreetan marra guztizko bat nabari zuela gerritik boten takoietaraino. Eta beti gogoetan bezala kutxa-mota bat ixten eta beste bat irekitzen.

      Jainko maitea, zer ikusten zuten emakume guztiek harengan? Zeren zinez diot ez zela besterik alderantzira jiratuta ere, nahiz eta esan ohi zen soldadu zintzoa zela. Hala ere, Leonorak heriozko pasio batekin maite zuen, eta itsasoa baino garratzagoa zen amorru batekin gorrotatzen. Nola ernearaz zezakeen sentimenduaren gisako ezer inorengan?

      Are gehiago, zertaz hitz egiten zien... norbaitekin bakarrean zegoenean? A, bai, bat-batean inspirazio txinpart batek jota bezala, badakit. Zeren soldadu zintzo guztiak sentimentalak baitira... klase horretako soldadu guztiak. Eta inpresio okerra eman dut Edward Ashburnhami buruz pentsarazi baldin badizut lagun minak izan ginen bederatzi urteetan sekula «gauza serioak» deituko zituzkeenak ez zituela aipatu. Nirekin izan zuen azken aitorpen-eztanda hura baino lehen, batzuetan, gauean oso berandu, esate baterako, munduari buruz zuen ikuspegi sentimentala iradokitzen zuen zerbaitek ihes egiten zion. Emakume batekiko loturak zenbat egin zezakeen bat salbatzeko esango zuen, eta leialtasuna zela bertuterik ederrena. Oso zurrun esaten zituen horrelakoak, jakina, baina baieztapenak dudarik ametituko ez balu bezala, hala ere.

      Leialtasuna! Ez al da ideia bitxia? Eta hala ere erantsi beharra daukat Edward gizajoa oso irakurzalea zela... orduak emango zituen nobela sentimentaletan galduta... bulego-neskak markesekin eta haur-hezitzaileak kondeekin ezkontzen diren horietan. Eta haren liburuetan benetako amodioaren bidea ezti gurineztatua bezain leuna zen jeneralean. Eta poesiazalea zen, mota batekoarena... eta historia zeharo goibelak irakurtzeko gauza ere bazen. Begiak malkoz beterik ikusi izan dut erremediorik gabeko despedida baten aurrean. Eta maite zituen, xamurtasun sentimental batekin, haur guztiak, txakurkumeak eta ahulak oro har...

      Beraz, ikusten duzu, emakumeei xuxurlatzeko gauza franko izan zezakeen —horrekin eta uhalei buruzko zentzu komun sanoarekin eta magistratu gisa izandako esperientziekin —horiek ere sentimentalak—, eta momentuan maitasuna egiten ari zitzaion emakumeari destinatuta zegoela eta betiko leiala izango zitzaiolako uste sendo baikorrarekin. Lotsa sentiarazten zion gizonik inguruan ez zeukanean franko hitz egiteko gauza zela esango nuke. Eta aski harrituta geratu nintzen bere azkeneko aitorpen-eztandarekin —gauzen benetako bukaeran, neska gaixoa Brindisi zorigaiztoko hartara itzultzeko bidean zenean eta benetan neska ez zitzaiola behin ere axola izan bere burua eta ni konbentzitzen saiatzen ari zenean—, aski harritu nintzen haren esaldiak zein literarioak eta zein zehatzak ziren ohartzean. Liburu on samar baten hitzekin mintzo zen... ez liburu sentimental merkeen gisan. Ni ez ninduen gizontzat hartzen, nonbait. Emakume edo abokatutzat hartzen ninduen. Dena dela, gau lazgarri hartan lehertu zitzaion barnekoa. Eta hurrengo goizean Auzitegira eraman ninduen, eta ikusi nuen nola modu zeharo lasaian eta praktikotasun osoz hasi zen lanean neska bat, bere maizter baten alaba, errugabe deklaratzen zutela ziurtatzeko, bere umea hiltzeaz akusatua baitzen... Berrehun libra gastatu zituen hura defendatzen. Horra, hori zen Edward Ashburnham.

      Haren begiez ahaztua nintzen. Pospolo kaxa klase jakin baten ertzeko urdin berdinekoak ziren. Arretaz begiratuz gero, ohartzen zinen erabat leialak zirela, erabat xaloak, erabat... inozoak; baina larruazalaren adreilu kolore arrosak, betazalen barnealdeko adreilu-arrosaren parekoak, aurpegiera bitxi, parte txarrekoa ematen zion... portzelana txinatar urdinezko mosaiko bat portzelana arrosan ezarria balitz bezala. Eta tipo hark gela batean sartzean emakume guztien begiradak bat-batean erakartzen zituen, prestidigitadore batek billar bolak ezkutatzen dituen trebetasunarekin. Harrigarria zen. Ezagutzen dituzu ikuskizunaren munduko gizon horiek? Hamasei bola airera bota denak batera eta banan-banan beren patriketara nola erortzen zaizkien, sorbaldetan, orpoetan, mahuken barne-aldean? Eta beraiek hantxe lasai, batere mugitu ere egin gabe. Ba, horrelaxe gertatzen zen. Ahots lakar, lehor samarra zuen.

      Eta hantxe zegoen mahai ondoan zutik. Ni hari begira nengoen, bizkarra bionboari emanez. Eta bat-batean, bi espresio garbi pizten nabaritu nizkion begi geldietan. Nola arraio egin ote zuten hori halako begi urdin, aztoragaitz, begirada zuzenekoek? Zeren begiak berak, nire sorbaldaren gainetik bionbora begiratuz zeudenak, ez baitziren mugitu. Eta begirada erabat lasai, erabat zuzen, erabat aldagaitz egon zen. Nire ustez, betazalak pixka bat uztaituko zituen eta agian ezpainak ere pixka bat mugituko zitzaizkion, esaten ari bailiran: «Horra, hor duzu lekua, maitea!» Dena dela espresioa harrotasunezkoa zen, satisfakziozkoa, jabearena. Gerora behin ikusi nuen, une batez, Branshaweko soroetara begiratu eta esaten: «Lur hau guztia nirea da!»

      Eta gero berriro begirada agian zuzenagoa bihurtu zen, gogorragoa posible bada... eta ausartagoa. Begirada neurtzailea zen, desafiozkoa. Behin Wiesbadenen polo partidu batean Bonner Hussaren Taldearen aurka nola jokatzen zuen begira geundela, begirada berdina agertu zen haren begietan, posibilitateak neurtuz lurrera begira zegoela. Kapitain alemana, Idigon von Lelöffel Konde Baroia, beren gol-atearen aurrean zegoen, baloiarekin lauhazka lasaian zetorrela alemanen estilo berezi harekin. Gainerako jokalariak barreiatuta zeuden. Halabeharrez antolatutako partidu bat zen. Ashburnham hesien ondoan zegoen gugandik bost yarda baino gutxiagora. Eta aditu nion bere kasa nola ari zen: «Agian egin liteke!» Eta egin zuen. Alajaina! Pony hura itzularazi zuen lau hankak zabal-zabalik zituela, teilatu batetik erori den katuaren gisan...

      Ba, begirada horixe sumatu nion begietan: «Agian egin liteke,» oraindik ere bere buruari xuxurlatzen aditzen ari natzaiola iruditzen zait.

      Nire sorbaldaren gainetik ingurura begiratu, eta Leonora ikusi nuen: altua, irribarre zabalekoa eta animatua. Eta nire emaztea: txikia eta polita eta eguzkiaren errainua itsasoan bezain distiratsu.

      Gizajo ziztrina! Une hartan, trantze benetan larrian zegoela pentsatzea... eta hala ere hantxe zegoen, bere buruaren zokotik esaten: «Agian egin liteke!» Gisa horretakoa litzateke su-mendi baten erupzio baten erdian esatea nahaste-borrastearen erdira indarrean sartu eta belar-meta bati su emateko gai dela. Erokeria? Predestinazioa? Nor arraiok daki?

 

 

      Une hartan Ashburnham andreak geroztik sekula ikusi diodana baino alaitasun handiagoa erakusten zuen. Badira ingeles jende batzuk... goikoak, bainu-etxe gehiegitan egon direnak, benetan saiatzen direnak ohi baino animatuago agertzen nire erkideei aurkezten dizkietenean. Maiz ohartu izan naiz horretaz. Jakina, lehenagotik amerikarrak onartu behar dituzte. Baina hori betez gero, badirudi beren buruari esaten diotela: «Bai alaiak direla emakume horiek. Bizitasunean ez zaizkigu, bada, gailenduko!» Eta aldi batez lortu ere egiten dute. Baina ez du irauten. Horrela gertatu zen Leonorarekin... gutxienez ni ikusi ninduen arte. Hasi zen, Leonora alegia —eta agian hori izan zen haren nortasunean lotsagabekeria ukitu bat bazelako ideia eman zidana, geroztik ez baitzuen sekula gisakorik egin— hasi zen esaten ahots ozenez eta urruti sama­rretik:

      «Ez geratu jende ttentte horren ondoan, Teddy. Goazen jende atsegin horren ondoan esertzera.»

      Eta hori gauza harrigarria zen esateko. Oso harrigarria. Nik ezin izan dut esan nire denboran erabateko ezezagunei buruz jende atsegina dela. Baina bera bere aukera egiten ari zen, eta horretan nik, dena dela —eta ez beste inork gela osoan, zeren berak ere bezeroen zerrenda irakurtzeko lana hartua baitzuen— bull-terrier txukun askok adinaxe balio nuen. Eta hantxe eseri zen dotoretasun handiz mahai huts batera, gurearen ondoan... Guggenheimertarrentzat erreserbatuta zegoena. Eta besterik gabe eseri zen, zerbitzariburuak ahari gris baten gisako aurpegiaz egiten zizkion purrustadei entzungor eginez. Gizajo hura ere bere eginbeharra zorrozki betetzen ari zen. Bazekien Chicagoko Guggenheimertarrek han hilabete pasatu eta gizajoari sekulako kezkak sortu ondoren, bi dolar eta erdi besterik ez ziotela emango eskupeko gisa, eta gainera ohitura horretaz kexatuz. Eta bazekien Teddy Ashburnhamek eta haren emazteak ez ziotela inolako arazorik sortuko, salbu eta Leonoraren irribarreak haren barne ia hunkiezinean sor zitzakeenak —nahiz eta sekula ez dagoen esaterik zer gorde daitekeen zikin handirik gabeko atorraren atzean!—, eta Edward Ashburnhamek, berriz, astero soberano ingeles sendo, txukun, urrezkoa emango zion. Hala ere, tipo burugogor hark berean jarraitzen zuen, mahai hura Chicagoko Guggenheimertarrentzat gorde nahian. Florenceren esaldi honekin bukatu zen kontua:

      «Zergatik ez dugu denok jaten ganbela berean? New Yorkeko esaera zakar bat da. Baina ziur naiz denok jatorrak eta ongi heziak garela, eta gure mahaiaren inguruan lau aulki jar daitezke. Borobila da.»

      Orduan entzun zen kapitainak onartuz bezala egin zuen eztarri hots bat, eta nik garbi sumatu nuen zalantza zantzu bat... bat-bateko mugimendu azkar bat Ashburnham andrearengan, zaldia bat-batean gelditu balitzaio bezala. Baina berehala saltarazi zion hesia, eta hartua zuen eserlekutik jaiki, eta nire aurrez aurre eseri zen, dena mugimendu bakarrean, esateko.

      Ez dut sekula pentsatu Leonorak itxura aldetik bere onenak gau-jantziekin ematen zituenik. Oso lerro zuzenekoak janzten zituen, inolako lepoko apaingarririk gabe. Beti beltzerako joera zuen, eta haren sorbaldak klasikoegiak ziren. Gerruntzetik atera egiten zela ematen zuen, marmolezko busto zuri bat Wedgewoodeko ontzi beltz batetik bezala.

      Beti maite izan dut Leonora, eta gaur nire bizitza, geratzen zaidana, gustura emango nuke haren zerbitzuan. Baina ziur naiz sekula ez dudala harenganako sentitu sexu-grina esaten zaion horren arrastorik ere. Eta uste dut... ez, ziur naiz berak ere ez zuela niganako halakorik sentitu. Niri dagokidanez sorbalda zuri haien ondorioa da. Haiei begiratzen nienean, nonbait, sentitzen nuen inoiz nire ezpainak haien kontra estutzen banituen, hotz antxak egongo zirela... ez izoztuak, ez giza berotasunik batere gabeak, baina, bainuez esan ohi den bezala, frexko antzak. Begiratzen nionean nire ezpainen kanpoaldean hotza sentitzen nuela iruditzen zitzaidan...

      Dena dela, nire ustez jostun-traje urdinak ematen zion hobekiena. Orduan ile miresgarria ez zioten sorbaldek itzaltzen. Emakume batzuen gorpuzkeraren lerroek begiak haien lepoetara gidatzen dizkizute, edo betileetara, ezpainetara, bularretara. Baina Leonorak begirada eskumuturretara erakartzen zuen beti. Eta eskumuturrek hobekiena eskularru beltz edo zakur-larruzko batzuekin ematen zioten, eta beti eramaten zuen urrezko besoko batetik zintzilik kate bat eta hari loturik gutunen kutxatila baten giltza txiki-txiki bat. Agian han gordeko zituen bere bihotza eta sentipenak.

      Dena dela, aurrez aurre eseri zitzaidan, eta orduan hasi zen ni han nintzela jabetzen. Bat-batean, baina espresuki, begirada luze bat egin zidan. Begiak ere urdin ilunak zituen, eta betazalak hain zituen zabalduak, non irisen borobil osoa uzten baitzuten agerian. Eta begirada aski nabarmena, aski mugikorra zuen, une batez faro batek begiratu balit bezala. Iruditzen zitzaidan begi haien atzean zegoen burmuinean galderak etengabeko segidan zebilzkiola. Eta burmuinari galdetu, eta begiek erantzuten ziotela, zaldi baten balioa neurtzeko begi ona zuen emakume baten sinpletasunarekin... eta horixe begi ona zuela! «Planta ona du; badu nahiko leku oloarentzat zingilaren atzean. Sorbaldetan eskasagoa,» eta horrelakoak. Eta begiek horrelaxe galdetzen zuten: «Gizon hau fidagarria ote da diru kontuetan? Maitalearena egiten saiatuko ote da? Bere familiako emakumeei bazterrak nahasten uzteko tankera al du? Eta, batez ere, nire aferei buruz kontu-kontari ibiliko al da?»

      Eta bat-batean, portzelanazko biribilgune urdin, hotz, erronkari, ia defentsibo haien barnerantz goxotasun, xamurtasun, adiskidantzazko onarpen bat sartu zen..., ai, xarmangarria zen oso, eta oso hunkigarria... eta aski mingarria. Ama batek bere semeari, edo arrebak anaiari egiten dion begirada zen. Konfiantza adierazten zuten; hesien edonolako premiarik eza. Jainkoarren, ezindu bat banintz bezala begiratu zidan... edozein emakume onberak bainu-aulkian dagoen edozein gizajori begiratuko liokeen bezala. Eta, bai, egun hartatik aurrera beti tratatu ninduen gaixoa ni banintz bezala, ez Florence. Pentsa, egun freskoetan manta bat hartuta atzetik lasterka etortzen zitzaidan. Uste dut, hala ere, haren begiek onespenezko erantzuna eman zidatela. Edo agian ez zen onespenezkoa. Eta orduan Florencek esan zuen: «Eta honela hasi zen mahai borobilaren historia osoa». Berriro ere Edward Ashburnhamek eztarri-hots ttiki batzuk egin zituen; baina Leonora pixka bat dardaratu zen, antzara batek haren hilobia zapaldu balu bezala. Eta ni zilar-nikelezko ogi-otartxoa pasatzen ari nintzaion. Avanti!...

 

Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999