Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999

 

 

I

 

      Historia hau, konturatzen naiz, oso modu nahasian kontatu dut; beraz, edozeinentzat zaila izango da bidea aurkitzea labirinto bat izan daitekeen nahaste honetan. Ezin dut besterik egin. Landetxe batean haize boladen eta itsaso urrunaren orroaren artetik historia datorren bezala aditzen ariko litzatekeen entzule mutu batekin egotearen ideiari atxiki natzaio.

      Eta batek amodiozko historia bat —historia luze, goibel bat— azaltzen duenean, orain atzera eta hurrena aurrera egiten du. Ahaztutako puntuak etortzen zaizkio gogora, eta denak ahalik eta xehetasun handienarekin azaltzen ditu leku egokietan aipatzea ahaztu egin zaiola eta puntu batzuk ez aipatzearekin agian inpresio okerra eman duela konturatzen denean. Neure burua kontsolatzen dut pentsatuz hau benetako historia bat dela eta, azken finean, benetako historiak hobeki kontatzen direla pertsona batek historia bat kontatzean egiten duen bezala. Benetakoagoak emango dute orduan.

      Dena dela, uste dut kontakizunean Maisie Maidanen heriotzaren eguneraino iritsia nintzela. Esan nahi dut azaldu dudala haren aurretik gertatutako guztia beharrezkoak ziren ikuspuntu desberdinetatik: Leonorarenetik, Edwardenetik eta, puntu bateraino, neuretik. Hor dituzu gertaerak, bila ibili behar baduzu ere; hor dituzu ikuspuntuak, nik argitu edo jakin ahal izan ditudan neurrian. Utzidazu neure burua berriro imajinatzen, orduan, Maisie Maidanen heriotzaren egunean..., edo, hobeki esanda, Florencek Protestari buruz egindako hitzaldiaren momentuan, M... hiriko gaztelu zaharrean. Azter dezagun Leonoraren ikuspuntua Florenceri buruz; Edwardena ezin dizut eman, jakina, berak ez baitzuen nire emaztearekin izan zuen harremana sekula aipatu, normala denez. (Hemendik aurrera baliteke Florencerekin gogor samarra izatea; baina gogoan izan historia hau idazten eta gorabehera guztiak behin eta berriz aztertzen sei hilabete eman ditudala.)

      Eta zenbat eta gehiago aztertu, are garbiago ikusten dut Florencek eragin gaiztoa izan zuela: Edward gaixoa goibeldu eta hondatu zuela; Leonora errukarria etsipeneraino hondatu zuen. Ez dago dudarik Leonoraren nortasuna hondatu zuela. Leonorak ezer ederrik bazuen, hain zuzen ere burgoia eta isila izatea zen. Burgoitasun eta isiltasun hori, ordea, eztanda izugarri harekin hautsi zen, Protesta zegoen gela ilun hartan eta ibaira ematen zuen terrazatxoan. Ez dut esan nahi ezer txarrik egiten ari zenik. Zuzen jokatu zuen dudarik gabe Florence bere senarrarekin flirteatzen zebilela ohartaraztean. Baina zuzen jokatu bazuen ere, bide okerra hautatu zuen. Agian hobe zuen gehiago pentsatzea; hitz egingo zuen, nahi izanez gero, ongi pentsatu ondoren. Edo hobe izango zuen zera egin izan balu... Florenceren karabina bihurtu eta Edward eta bien arteko harremana galarazi. Ezkututik aditzen ibili beharko zuen, logelen kanpo aldetik zelatan. Nazkagarria da; baina horrela jokatu behar da. Maisie hil zenean Edward handik eraman behar zukeen. Ez, gaizki jokatu zuen...

      Eta hala ere, gaixoa, niri al dagokit hura gaitzestea...? Eta zer axola dio horrek azken finean? Florence izan ez balitz, beste norbait izango zen... Hala ere, behin hasiz gero, nire emaztea baino emakume hobea aukeratzen ahal zuen! Florence arrunta baitzen, kaskarin ziztrin bat, azkenean bakerik ematen ez ziona; eta hitzontzi galanta. Ez zegoen hura isilduko zuenik; ez zegoen ezer isilaraz zezakeenik. Edward eta Leonora, gutxienez, jende burgoi eta begiratua ziren. Burgoitasuna eta begiramena ez dira bizitzako gauza bakarrak; agian ez dira gauza ederrenak ere. Baina, zeure bertute bereziak badituzu, txikituta geldituko zara horiek galduz gero. Eta Leonorak galdu egin zituen. Edwardek baino lehenago galdu ere. Kontuan har ezazu Leonoraren jarrera Lutherren Protesta zela-eta lehertu zenean... Kontuan izan haren kezka larriak...

      Ez ahaztu bere bizitzako pasiorik handiena Edward berreskuratzea zela; une hartara arte sekula ez zuen etsi berreskuratzeaz. Zitala dela pentsa daiteke, baina kontuan izan behar duzu senarra berreskuratzea harentzat ez zela beretzako garaipena soil-soilik. Haren ustez, emazte guztientzako eta bere Elizarentzako garaipen bat izango zen. Horrela hartzen zuen berak. Gauza hauek arakaezinak izaten dira nolabait. Ez dakit zergatik Edward berreskuratzeak garaipena izan behar zuen emazte guztientzat, gizartearentzat eta bere Elizarentzat. Edo agian nolabaiteko susmoren bat badut...

      Harentzat bizitza sexuen arteko etengabeko borroka bat zen, beren emazteekin desleialak izan nahi duten senarren eta azkenean beren senarrak berreskuratu nahi dituzten emazteen artekoa. Hori zen ezkontzari buruz hark zuen ideia goibel eta apala. Harentzat gizona bere noraezak, bere gehiegikeriak, etxetik kanpoko gaupasak, nolabait esateko, bere sexu-beroaldiak behar zituen basatia zen. Nobela gutxi zituen irakurriak; beraz, ezkontza-ezkilen ondoren zetorkeen maitasun amaigabe eta garbi baten ideia ez zitzaion maiz bururatu. Zurturik eta izuak hartuta joan zen bere haurtzaroko komentuko Ama Nagusiarengana dantzari espainiarrarekin Ed­wardek izandako abentura kontatzera, eta moja xahar hark, berari izugarri zuhur, mistiko eta santua iruditzen zitzaionak, buruari eragin zion atsekabez, eta hau esan besterik ez zuen egin:

      «Gizonezkoak horrelakoak dira. Jainkoaren laguntzarekin dena konponduko da azkenean.»

      Hori izan zen aholkulari espiritualek jarri ziotena bizitzako eginbehar gisa. Edo, dena dela, horrela ulertu zituen Leonorak haien aholkuak: hori zen haiek eman zioten lezioa. Ez dakit zehazki zer erakutsi zioten. Emakumeei zegokiena pazientzia, pazientzia eta pazientzia zen —ad majorem Dei gloriam—, eta egun seinalatuan, Jainkoak hala nahi bazuen, izango zuten beren saria. Orduan, azkenean, Edward berreskuratzea lortzen bazuen, emazte batek gehienez ere espero ditzakeen mugen barnean edukiko zuen bere senarra. Are gehiago, gehiegikeria horiek gizonengan normalak direla erakutsi zioten, barkagarriak... umeak balira bezala.

      Eta gauza handiena zen bere erlijiokideen artean eskandalurik ez ematea. Beraz, Edward berreskuratzeko ideiari hilzoriaren parekoa zen pasio bortitzarekin atxiki zitzaion. Beste aldera begira egona zen, ideia bakarra buruan zuela bizi izana. Horren arabera, Edward, berreskuratzen zuenean, aberats eta ospetsu agertaraziko zuen, bere lurren jabe izateari zegokion bezala, eta burgoi. Egintzekin erakutsiko zuen, beraz, mundu desleial batean emakume katoliko batek arrakasta lortu zuela bere senarraren leialtasuna edukitzen. Eta bere desioak betetzea hurbil zeukala pentsatu zuen.

      Maisierentzat zeukan planak emaitza bikainak ematen ari zitzaiola iruditu zitzaion. Ematen zuen Edward ez zebilela lehen bezain sutsu neskarekin. Ez zen ibiltzen irrikatan Nauheimeko denborako minutu guztietan neska etzanaren ondoan; polo partiduetara joaten zen, bridge-an aritzen zen gauetan, alai eta pozik zegoen. Leonora ziur zegoen Edwardek ez zuela neskatoa limurtu nahi; hasia zen pentsatzen Edwardek ez zuela sekula horrelakorik nahi izan. Ematen zuen hasieran Maisierentzat izandakora ari zela itzultzen: erregimentuko goi-ofizial atsegin, arduratsu bat, ezkonberri batekin galai-atentzioak zituen gizon bat. Goitik datorren egunsentia bezain gutxi ezkutatzen ziren elkarrekin kuttunkerietan ibiltzetik. Eta ez zuen ematen Maisie urduritzen zenik Edward gurekin txangoetara ateratzen zenean; izan ere, ordu mordo bat eman behar izaten zituen etzanda arratsaldeetan, eta ez zuen ematen tarte horietan Edwarden arduraren irrikaz egoten zenik.

      Eta Edward Leonorarenganako hurbilketa-saiotxoak egiten hasia zen. Behin edo bitan, pribatuan —zeren jendearen aurrean maiz egiten baitzuen— esan zion: «Bai ederra zaudela,» edo «Bai soineko polita, horixe.» Florencerekin soineko bat edo beste erostera joana zen Frankfurtera, non jendea Parisen bezain dotore janzten baita. Bazeukan horrenbesterako dirua, eta Florence aholkulari bikaina zen jantzi kontuetarako. Koska non zegoen asmatua zuen Leonorak.

      Bai, Leonorak koska non zegoen asmatua zuela ematen zuen. Iraganean neurri batean oker ibilia zela iruditzen zitzaion. Ez zuen Edward horren estu loturik eduki behar diru-kontuetan. Uste zuen bide zuzena Edwardi berriro bere irabazien kontrola edukitzen uztea zela: beldur eta zalantza handiekin egin zuen gauza; bestalde Edwardek hurbiltzeko pausu bat ere eman zuen, eta onartu zuen, inork behartu gabe, Leonorak ongi egin zuela urte haietan guztietan beren baliabide guztiak zuhurki erabiltzea. Egun batean Edwardek esan zion:

      «Ongi egin duzu, maitea. Ez dut ezer gustukoagorik diru pixka bat kezkarik gabe gastatzea baino. Eta orain hori egin dezaket, zuri esker.»

      Hori izan omen zen Leonorarentzat bere denborako egunik zoriontsuena. Eta Edwardek, horretaz jabetu bailitzan, bizkarra laztandu zion. Kateorratz bat eskatzeko aitzakiarekin sartua zen Leonoraren gelara.

      Eta berak Maisieri belarrondokoa eman izanak, dena pasatu zenean, Edwarden eta Maidan andrearen artean ezer ez zegoela sendotu zion buruan. Pentsatu zuen, handik aurrera, aski zuela Edwarden patrika ongi hornitua eta burua neska politekin entretenitua edukitzea. Konbentzituta zegoen berarengana itzultzera zihoala. Ez zien muzin egin hilabete hartan sekula urrunegi joan ez ziren hurbilketa uzkur haiei. Zeren benetan egin baitzituen hurbilketa uzkurrak. Bizkarra laztandu zion, Kasinoan ikusten zuten jende bitxiari buruzko bromatxoak xuxurlatzen zizkion belarrira. Bromatxoak egitea ez zen ezer asko... baina belarrira xuxurlatzea intimitate xoragarria zen...

      Eta bat-batean —kra— dena desegin zen. Dena txiki-txiki egin zen, Florencek Protestaren eskuizkribua babesten zuen kristalaren gainean zeukan eskua Edwarden eskumuturrean ezarri zuenean, eguzkiaren argia han-hemenka marrak eginez sartzen zen kontraleihoekiko dorre altu hartan. Edo seguruago, Leonora jabetu zenean Edwardek Florenceri bekoz beko begiratzean zeukan begiradaz. Ezagutzen zuen begirada hura, ezagutzen zuenez.

      Konturatua zen —elkar ezagutu zutenetik, elkarrekin afaltzera eseri ginenetik— Florence Edwardi aieruka ari zitzaiola. Baina hainbat eta hainbat emakume zituen ikusiak Edwardi aieruka: ehunka eta ehunka emakume, trenetan, hoteletan, baporeetan, kale-kantoietan. Eta azkenean hasi zen pentsatzen Edwardek ez ziela kasu handirik egiten aieruka hasten zitzaizkion emakumeei. Garai hartan ideia zuzen samarra egina zuen Edwarden amodioen metodo eta arrazoiei buruz. Ziur zegoen ordura arte hauek izan zirela: La Dolciquita-renganako grina laburra, Basil andrearenganako benetako maitasun modukoa eta Maisie Maidanen gorteatze erromantikotzat zeukana. Gainera Florence halako burgoitasunez gutxiesten zuen, non ezin imajina zezakeen Edward hark erakarririk. Eta bera eta Maisie Edwarden inguruko bastioi bat bezala ziren.

      Horrez gain, Florence zaindu beharra zeukan... Florencek Maisieri belarrondokoa ematen ikusi baitzuen. Leonorak premia larria zeukan Edward eta bien arteko batasuna ajerik gabea zela erakusteko... Baina hori guztia bukatu zen...

      Edwardek Florenceren begi urdin goratuetara itzuli zuen begirada aski izan zen Leonorarentzat dena desegina zela jakiteko. Konturatu zen begirada hark adierazten zuela bi haiek elkarrizketa intimo luzeak izanak zituztela... beren gustuen, izaeren eta ezkontzari buruzko ikuspegiaren gainean. Konturatu zen horrek esan nahi zuela bera, laurok elkarrekin paseatzera joaten ginenean, beti nirekin ibiltzen zela, Florence eta Edward baino hamar metro aurrerago. Ez zuen pentsatzen beren gustuei, izaerei edo ezkontzaren instituzioari buruzko elkarrizketetatik aurrerago iritsiak zirenik. Baina, Edwardi bizitza osoan erreparatzen ibili ondoren, bazekien eskua eskumuturrean ezartzeak, begiradari begirada itzultzeak ondorengoa ezinbestekoa zela esan nahi zuela. Edward oso pertsona serioa zen berez.

      Bazekien bere partetik bi haiek bereizteko edozein ahaleginek pasio menderaezin bat sendotuko zuela Edwardengan; eta, lehen esan dizudan bezala, Edwarden izaeraren bitxitasun bat zela uste izatea emakume bat limurtzeak emakume hari gizona betiko bere mende edukitzeko eskubide osoa ematen ziola. Eta esku-ukitze hark, bazekien Leonorak, emakume hari limurtua izateko eskubide osoa emango zion. Eta hainbesteko mesprezua zion Florenceri, non nahiago izango zuen zerbitzari bat izan balitz. Badira zerbitzari errespetagarri askoak.

      Eta bat-batean buruan sartu zitzaion Maisie Maidanek Edwardenganako benetako grina zeukala; horrek bihotza txikituko ziola emakume hari... eta berak, Leonorak, izango zuela horren erantzukizuna. Bere onetik atera zuen horrek. Eskumuturretik helduta eskailera haietan behera arrastaka eraman ninduen, eta pilare eta tximinia altu pintatuak zituen Rittersaal zurrumurrutsu hartan barrena ondoren. Ez zen behar adina haserretu, nire ustez.

      Honako hau esan beharko zukeen:

      «Zure emaztea nire senarraren maitalea izateko bidean den purtzil bat da...» Horrek konponduko zuen arazoa. Baina, bere onetik aterata ere, beldur zen horretaraino iristeko. Beldur zen, hori eginez gero, Edward eta Florencek alde egingo zutela, eta, hori egiten bazuten, berak azkenean senarra bereganatzeko aukera guztiak galduko zituela. Oso gaizki portatu zen nirekin.

      Horra, arima tormentatu bat zen, bere Eliza Philadelphiako Quaker baten interesen aurretik jartzen zuena. Hori ongi dago... Erromako Eliza da bietan inportanteena. Maisie Maidan hil eta handik aste betera ohartu zen Florence Edwarden maitale bihurtua zela. Florenceren atearen kanpoaldean itxaron zuen, eta Edwardekin topo egin zuen handik ateratzean. Ez zuen ezer esan, eta Edwardek eztarri-hots bat besterik ez zuen egin. Baina ez zen oso atsegina izango Edwardentzat ere...

      Bai, Leonorarengan Florencek eragin zuen gogo-hondamena izugarria izan zen; bizitza osoa eta aukera guztiak desegin zizkion. Lehenik, itxaropengabe bihurtu zuen —zeren ezin baitzuen ikusi gertatutakoaren ondoren Edward nola itzul zitekeen beregana— emakume arrunt batekin izandako abentura arrunt baten ondoren. Basil andrearekin izandako harremanari, orain bere bihotzean Edwarden aurka zeukan gauza bakarrari, ezin zion abentura deitu. Amodiozko harreman bat zen... aski gauza garbia bere moduan. Baina oraingo hau lazgarria iruditzen zitzaion..., kapritxo bat, are higuingarriagoa beretzat, Florenceri zion gorrotoagatik. Eta Florence ez zen isiltzen...

      Hori zen izugarria, Florencek Leonorari berari bere begiramen handia utzarazi baitzion: Florencek eta egoerak. Badirudi Florence zalantzan zebilela niri edo Leonorari aitorpena egiteaz. Egin, egin beharra zeukan. Eta azkenean Leonoraren aldera makurtu zen; izan ere, ni aukeratu banindu, askoz gehiago aitortu beharko zuen. Edo, gutxienez, nik askoz gehiago asmatuko nuen, haren «bihotzekoaz» eta Jimmyz. Hala, Leonorarengana joan zen egun batean, eta hasi zen zirika eta zirika. Eta Leonora amorrarazi zuen, azkenean hau esatera bultzatzeraino:

      «Edwarden maitalea zarela esan nahi al didazu? Aurrera. Niri Edwardek bost axola dit.»

      Hori Leonorarentzat hondamena izan zen benetan, zeren, behin hasiz gero, hitz-jarioa ez baitzegoen gelditzerik. Saiatu zen gelditzen... baina ezin. Edwardi Florenceren bitartez mezuak bidaltzea beharrezkoa iruditu zitzaion, ez baitzion hitzik esan nahi. Aditzera eman behar zion, adibidez, nik inoiz jakiten banuen haren abenturaren berri, gorriak ikusaraziko zizkiola. Eta Edwardek, garaitsu hartan, Leonora benetan pixka bat maitatzeak gauza asko konplikatu zuen. Emaztea oso gaizki tratatu zuela uste zuen; emakume bikaina zela. Leonora hain triste zegoenez, Edward hura kontsolatzeko irrikaz zegoen, eta, bere burua hain lotsagabetzat zeukanez, ez zegoen ezer egingo ez zuenik ibilera okerren ordaina emateko. Eta Florencek berri hauek Leonorari jakinarazten zizkion.

      Ez diot batere errurik botatzen Leonorari Florencerekiko zakarkeriarengatik; Florenceri mesede galanta egingo zion. Baina bai azken finean komunikazio desioa besterik ez zenari bide emateagatik. Konturatuko zara kontu horrek bere elizarengandik urrundu zuela. Ez zuen aitortu nahi zer egiten ari zen, beldur baitzen bere aholkulari espiritualek ni engainatzeagatik ez ote zuten estu hartuko. Nire ustez nahiago zuen kondenatzea niri bihotza txikitzea baino. Horretara mugatzen da kontua. Eta berak ez zeukan neke hori hartu beharrik.

      Baina hitz egiteko apaizik ez zeukanez, norbaitekin hitz egin behar, eta, Florence berarekin hitz egiten tematzen zenez, erantzun egiten zion, esaldi labur, eztandazkoekin, kondenatu baten gisan. Bai, kondenatuko bat bailitzan zehazki. Beno, lur honetan infernuan alditxo bat emateak Betikotasunean saminaldiren batetik libratzen badu —han ez baita aldirik— uste dut Leonora infernuko sutik libratuko dela.

      Florencerekin zituen elkarrizketak gisa honetakoak izan ohi ziren. Florence agertzen zitzaion Leonorari bere ile ederra orrazten ari zenean Edwarden proposamen batekin, garai hartan poligamoa izan zitekeelako ideia xaloa baitzerabilen buruan, dirudienez. Buruan hori sartu ziona Florence zela esango nuke. Dena dela, ni ez naiz giza psikologiaren bitxikerien erantzukizuna duena. Baina benetan badirudi egun horietan Edwardek sekula baino gehiago maite zuela Leonora... edo dena dela, aspaldi handian baino gehiago. Eta, Leonora jokalaria izan balitz eta bere kartak ongi jokatu izan balitu eta lotsarik izan ez balu eta abar, Edward Florencerekin erdibana izango zuen, kuku gaixo hura habiatik botatzeko garaia iritsi arte.

      Ederki. Florence horrelako proposamen batekin etortzen zitzaion Leonorari. Ez dut esan nahi gordin-gordinean botatzen zuenik, besterik gabe. Florencek defendatu zuen ez zela Edwarden maitalea, Leonorak Edward haren gelatik goizeko ordu txikietan ateratzen ikusi zuela esan zuen arte. Horrek Florence pixka bat moztuta utzi zuen; baina berriro bere «bihotzekoa» jarri zuen aitzakiatzat, eta esan zuen Edwardekin hizketan aritu besterik ez zuela egin, ea hark gogo-jarrera hobea hartzen zuen. Florencek, jakina, istorio horri heldu beharra zeukan; zeren Florencek berak ere ez baitzuen azalik Leonorari eskatzeko bere faboreak eman ziezazkiola Edwardi, haren maitalea zela onartu ondoren. Hori ezin zuen egin. Aldi berean Florencek zerbaitez hitz egiteko sekulako gogoa zeukan. Bikote arroztu haren arteko hurbilketa besterik ez zen izango hitz egiteko. Hala, Florencek tar-tarrean jarraituko zuen Leonora ilea orrazten ari zen bitartean, eta Leonorak honelako zerbait esango zuen:

      «Profanatua izan naizela pentsatuko nuke, Edwardek orain, zu ukitu ondoren, ni ukituko banindu.»

      Horrek Florence pixka bat desanimatzen zuen; baina aste beteren buruan edo, beste goiz batean berriro saiatzen zen.

      Eta beste gauza batzuetan ere Leonora hondatu egin zen. Edwardi agindua zion bere irabaziak gastatzeko askatasun osoa izango zuela. Eta benetan asmo hori zeukan. Hori egin ere egingo zuela ere esango nuke; hala ere, dudarik gabe banku-kontua zelatatuko zion ezkutuan. Ez zen alferrik katoliko irlandarra. Baina halako ikuspegi serioa hartu zuen Maisie gaixoaren memoriarekiko Edwarden desleialtasunaz, non ezin baitzen gehiago hartaz fidatu.

      Hala, Branshawera itzuli zenean hasi zitzaion Edwardi, hilabete baino lehen, bere gastu xeheenen kontuak hartzen. Txekeak luzatzeko baimena eman zion, baina ia ez zen txekerik berak arakatzen ez zuenik... urtean bostehunen bateko kontu pribatu bat salbu, zeina, ezer esan gabe, bere maitaleak edo maitaleek eragindako gastuetarako uzten baitzion. Parisera bere txangoak egin beharrak zeuzkan; Florenceri astean bizpahiru aldi telegrama zifratu garestiak bidali beharrak. Baina ardotan egiten zituen gastuengatik kargu hartzen zion, fruta-arboletan, zaldi-tresnetan, ataketan egindakoengatik, edo armadarako inbentatu nahi zuen ointoki berri baten patenterako errementariak egiten zion lanaren kontuengatik. Ez zuen ulertzen zergatik inbentatu nahi zuen armadarako ointoki mota berri bat, eta benetan amorratu zen, inbentua aurreratua zegoenean, Gerra Departamentuari diseinuak eta patente eskubideak erregalatu zizkiolako. Ointoki aski ona zen.

      Esan dizut, nik uste, Edwardek denbora puska bat eman zuela eta berrehunen bat libra gastatu zituela, neska gazte bat, bere lorazainetako baten alaba, absolbitua atera zedin bere seme jaioberria hiltzearen akusaziotik. Hori izan zen Edwardek bere bizitzan egin zuen azkeneko gauza, nik dakidala. Nancy Rufford Indiara bidean zihoala gertatu zen, tristurarik latzena etxeaz jabetu zenean, Edward bera hilzorian izanik ahalik eta duintasun handienaz portatzen zenean. Hala ere, orduan ere Leonorak eszena izugarri bat egin zion denbora eta nekeak horretarako hartzeagatik. Leonorak nolabait uste zuen neskarekin gertatutakoak eta gainerakoak erakutsi behar ziotela Edwardi lezioa... aurrezten jakitearen lezioa. Berriro bankuko kontua kentzeko mehatxua egin zion. Uste dut horrek bultzatu zuela zintzurra moztera. Bestela agian eutsiko zion..., baina Nancy galdu izanaren ideiak eta, horrez gain, berarentzat egunen segida monotonoa besterik ez zitzaiola geratzen pentsatzeak, zeinetan ezingo baitzion gizarteari inolako zerbitzurik egin... Horra, horrek eman zion errematea.

      Urte horietan saiatu zen Leonora bere kasa amodiozko harreman bati hasiera ematen Bayham izeneko tipo batekin... pertsona aski zuzena. Gizon atsegina benetan. Baina harremanak ez zuen arrakastarik izan. Lehenago ere esan dizut, nik uste...

 

Historiarik goibelena
Ford Madox Ford

euskaratzailea: Xabier Olarra
Igela, 1999