Historiarik goibelena
V
Hau da historia osotik gehien goibeltzen nauen zatia. Zeren neure buruari etengabe galdetzen baitiot, burua behin eta berriz oinaze gune aspergarri baten inguruan jirabiraka dabilkidala... zer egin behar zuen jende horrek? Jainkoaren izenean, zer egin behar zuen? Bukaera argi eta garbi zegoen haietako bakoitzarentzat: puntu horretan garbi zegoen, Leonoraren hitzekin esateko, neska ez bazitzaion ematen Edwardi, Edward hilko zela, neska erotuko zela Edward hila zelako... eta, denbora baten buruan, Leonorak, hiruretan hotzena eta sendoena baitzen, Rodney Bayhamekin ezkonduz bere burua kontsolatuko zuela, eta lasai, eroso eta ongi biziko zela. Bukaera hori, gau hartan, Leonora neskaren logelan zegoenean eta Edward telefonoz behean ari zenean... bukaera hori erabat argi zegoen. Neska, garbi ikusten zen, erdi-eroturik zegoen ordurako; Edward, erdi hilik; Leonora bakarrik ari zen «gauzak egiten», egintza kementsuetarako grina hotzak bultzaturik, langile, nekagaitz. Orduan, zer egin behar zuten? Hark denak bi pertsona bikain deuseztatzeko balio izan zuen —Edward eta Nancy pertsona bikainak baitziren—, hirugarren pertsona bat, normalagoa, arazo-aldi luze baten ondoren, lasai, eroso eta ongi bizi zedin. Orain ari naiz hau idazten, aurreko kapituluari bukaera ematen dioten hitzetatik hemezortzi hilabetera. Paragrafoari bukaera ematen dioten hitzak, «Ni iritsi arte» idatzi nituenetik, tren azkar batetik begi-kolpe batean berriro ikusi ditut Beaucaire bere dorre zuriarekin, Tarascon gaztelu karratuarekin, Rhone zabala, Craueko zabaldi baztergabeak. Proventza osoan barrena ziztu bizian pasatu naiz, eta Proventza osoa ez zait jadanik axola. Ez dut gehiago olibondoak dauden muinoetan aurkituko nire Zerua; zeren Infernua besterik ez baitago... Edward hila da; neska joana..., erabat joana; Leonora ongi bizi da Rodney Bayhamekin, eta ni bakarrik nago Branshaw Teleraghen. Proventza zeharkatu dut; Afrika ikusi; Asia bisitatu dut, nire neskato gaixoa gela ilundu batean Zeilanen ikusteko, geldi-geldi eserita bere ile zoragarriarekin, ikusten ez nauten begiez niri begira, eta garbi esaten: Credo in unum Deum omnipotentem... Credo in unum Deum omnipotentem». Horiek dira esandako hitz zentzuzko bakarrak; horiek dira, dirudienez, bizi den bitartean berak errepikatuko dituen hitz bakarrak. Hitz zentzuzkoak direla uste dut; ikaragarri zentzuzkoak izango dira harentzat, Jainkotasun Ahalguztidun bat sinesten badu. Begira, hortxe dago dena. Zeharo aspertuta nago honetaz guztiaz. Zeren, esango nuke, honek denak tankera erromantikoa dauka, baina nekagarria da, nekagarria, nekagarria da tartean ibili izana; txartelak hartu, trenak hartu, kamaroteak hautatu, Jainkotasun Ahalguztidun batean zuen sinesmena aldarrikatu besterik egiten ez zuen gaixo egonzalearentzat jateko zer zegoen galdetu izana ontzietako arduradun eta zerbitzariei. Tankera erromantikoa izan lezake... baina nekearen kronika bat besterik ez da. Ez dakit zergatik probetxuzkoa izateko hautatu izan nauten beti. Ez naiz kexu horregatik... baina ez naiz sekula mesedegarri izan. Florencek bere helburuetarako hautatu ninduen, eta ez nintzaion ezertarako baliagarri izan; Edwardek berarekin hitz-aspertu bat egitera etortzeko deitu ninduen, eta ez nintzen gauza izan lepoa ebaki zezan galarazteko. Eta gero, egun batean duela hemezortzi hilabete, Branshawen nire gelan lasai idazten ari nintzela, Leonora gutun batekin etorri zitzaidan. Rufford koronelak Nancyri buruz idatzitako gutun patetiko bat zen. Rufford koronela armada utzita Zeilango te-plantazio batera erretiratua zen. Gutuna hain laburra, hain loturagabea, hain hotza izateak egiten zuen patetiko. Itsasontziraino joan zen alabaren bila, eta alaba zeharo erotuta aurkitu zuen. Dirudienez, Nancyk Adenen bertako egunkariren batean Edwarden suizidioaren berria irakurri zuen. Itsaso Gorrian erotu egin zen. Luton koronelaren andreari, begirale gisa baitzihoan berarekin, esan zion Jainkotasun Ahalguztidun bat sinesten zuela. Ez zuen inolako zalapartarik atera; begiak erabat lehor eta distiratsu zeuzkan. Erotuta ere, Nancy gai zen behar bezala portatzeko. Rufford koronelak esan zuen medikuak ez ziela eman haurra bere onera etorriko zen inolako esperantzarik. Bazitekeen, hala ere, Branshaweko norbait ikusten bazuen, baretzea eta on egitea. Eta Leonorari hau besterik ez zion idatzi: «Mesedez, zatoz, ea zerbait egiterik baduzun.» Patetikotasunaren zentzu guztia galdua dudala iruditzen zait; baina hala ere, koronel zaharraren eskaera nabarmena patetikotasunagatik egiten zait harrigarri. Bere umore txarraren madarikazioa suertatu zitzaion; edan eta kalean larrua eskaintzen zuen emazte erdi-ero baten madarikazioa ere bai. Alaba erabat burutik egina zen..., eta hala ere giza naturaren zintzotasunean sinesten zuen. Leonorak Zeilanera haren alaba baretzera joateko nekea hartuko zuela iruditzen zitzaion. Leonora ez zegoen prest. Ez zuen Nancy gehiago ikusi ere egin nahi. Zirkunstantzia haietan aski naturala zela esango nuke. Aldi berean onartu zuen, ofizialki, nolabait esateko, kanpoaldera begira, Branshawetik Zeilanera Nancy baretzeko norbait joan zedin. Ni eta neskaren haurtzain zaharra bidali gintuen, hamahiru urte zituela Nancy lehenbizikoz Branshawera etorri zenean zaintzen zuen emakumea. Hala, horra ni Proventzan barrena ziztu bizian, Marseilleko portuan baporea hartzera. Eta ni Zeilanera iristeak ez zuen ezertarako balio izan; eta haurtzaina joateak ere ez. Ezerk ez du ezertarako balio izan. Kandyn medikuek esan zuten Nancy Ingalaterrara eraman ahal izanez gero, itsasoko aireak, klima-aldaketak, itsas bidaiak eta betiko gauzek agian burua bere onera ekarriko ziotela. Ez diote ekarri, jakina. Ziur naiz hortxe dagoela salan, idazten ari naizen lekutik berrogei urratsetara. Ez dut inondik ere erromantikoa izan nahi honetaz. Oso ongi jantzia da; isil-isilik dago; oso ederra da. Haurtzain zaharrak oso ongi zaintzen du. Egoeraren nondik norakoak hemen dituzu, noski, baina dena oso hitsa da, niri dagokidanez. Nancy inoiz bere onera etorriko balitz ezkontza anglikanoaren zeremoniaren esanahiaz jabetzeko adina, berarekin ezkonduko nintzateke. Baina seguruena da esanahi horretaz jabetzeraino sekula ez sendatzea. Beraz, ezin naiz berarekin ezkondu bertako legearen arabera. Beraz, duela hamahiru urte hasi nintzen lekuan nago. Kasurik egiten ez didan neska eder baten zaintzailea naiz, ez senarra. Arroztua naiz Leonoraz, ni han ez nintzela Rodney Bayhamekin ezkondu eta Bayhamekin bizitzera joan baitzen. Leonorak ez nau oso gogoko, buruan sartu baitzaio Rodney Bayhamekiko harremana ez diodala onartzen. Bale, ez dut onartzen haren ezkontza. Seguru aski jeloskeriak hartua nago. Bai, dudarik gabe zeloak ditut. Modu xumeagoan, nire erara, Edward Ashburnhamen ildoei jarraitzen ikusten dut neure burua. Uste dut benetan poligamoa izatea gustatuko litzaidakeela; Nancy, Leonora, Maisie Maidan eta baita Florence ere maitatzea, seguru aski. Beste edozein gizon bezalakoa naiz; alde bakarra, jatorriz Amerikarra naizelako, ahulagoa izatea. Aldi berean ziurtatzen ahal dizut pertsona zorrozki errespetagarria naizela. Ez dut sekula egin ezer, alaba baten amarik zorrotzenak edo katedral bateko dekanorik begiratuenak gaitzetsiko lukeenik. Edward Ashburnhamen urratsei jarraitu diet xumeki nire desio inkontzienteetan. Horra, bada. Dena bukatu da. Gutako inork ez du lortu benetan nahi zuena. Leonorak Edward nahi zuen, eta Rodney Bayham lortu du, ardi mota atsegin samarra. Florencek Branshaw nahi zuen, eta nik erosi diot etxalde hori Leonorari. Nik ez nuen benetan nahi; erizain laguntzaile izateari utzi nahi nion, hori zen benetan nahi nuena. Erizain laguntzailea naiz, bada. Edwardek Nancy Rufford nahi zuen, eta nik lortu dut. Erotuta dago, ordea. Mundu bitxi eta alegiazkoa da hauxe. Zergatik ezin du jendeak nahi duena lortu? Gauzak hortxe zeuden denak kontent izateko; eta denok okerrekoa eskuratu dugu. Agian zuk zentzua aurkitzen ahal diozu; nik ezin dut. Ba ote da paradisurik lurrean, olibondoen hostoen zurrumurruen artean jendea gogoko duenarekin egon eta nahi duena eduki eta itzalean eta freskotasunean lasai egon daitekeenik? Edo gizon guztien bizitza guk aberats jendeok —Ashburnham, Dowell edo Rufford familiok— bizi duguna bezain hautsia, zalapartatsua, etsipenezkoa eta amets gabea al da, garrasi, txotxolokeria, heriotza eta hilzoriz markatua? Nor arraiok daki? Zeren txotxolokeria franko izan baitzen Ashburnham tragediaren bukaerako eszenetan. Bi emakume haietako ez batak ez besteak ez zekiten zer nahi zuten. Edward bakarra izan zen ildo erabat garbia hartu zuena, eta ia mozkortuta egoten zen denbora gehienean. Baina, edana edo edan gabe, konbentzioek eta bere etxeko tradizioek eskatzen zutenari eutsi zion. Nancy Rufford Indiara bidali behar zen, eta ez zuen maitasun hitzik aditu behar haren ahotik. Indiara bidali zuten, eta ez zuen maitasun hitzik entzun Edward Ashburnamen ahotik. Hori zen zentzuzko jokabidea; Edwarden etxeko tradizioarekin ongi lotzen zen. Gizartearentzat erabat mesedegarria izan zela esango nuke. Konbentzio eta tradizioek, nire ustez, itsuki lan egiten dute, baina gizaki mota normala zaintzeko, hori seguru; harroak, zirt-edo-zartekoak eta ez-ohikoak garbitzeko. Edward gizon normala zen, baina sentimentaletik ere franko zeukan; eta gizarteak ez ditu sentimental asko behar. Nancy izaki bikaina zen, baina bazuen erotasun ttantto bat. Gizarteak ez ditu onartzen erotasun ttanttoa dutenak. Hala, Edwardek eta Nancyk zanpaturik bukatu zuten, eta Leonorak, mota normalekoa baita xuxen-xuxen, bizirik dirau, untxi baten tankera handia duen gizon batekin ezkonduta. Zeren Rodney Bayhamek untxi tankera handia baitu, eta entzun dut Leonorak haur bat espero duela hiru hilabeteren buruan. Beraz, izaki bikain eta zaratatsu horiek —nik benetan maite izan ditudan biak— beren magnetismo eta pasioekin joanak dira lur honetatik. Beraientzat hobe, dudarik gabe. Zer bihurtuko ote zuen Nancyk Edward berarekin bizitzea lortu izan balu? Zer bihurtuko ote zuen Edwardek neska? Zeren Nancyk bai baitzuen krudeltasun punttu bat... benetako krudeltasun punttu nabarmen bat, jendea sufritzen ikustea desirarazten ziona. Bai, Edward sufritzen ikusi nahi zuen. Eta senperrak ikusarazi zizkion, alajainkoa. Senperrak eta bi ikusarazi zizkion. Bi emakume horiek gizagaixo hura pertsegitu eta larrua zatika atera zioten, zigor batekin joaz bezala. Esaten dizut haren gogoa ia ikusteko moduan ari zela odolusten. Iruditzen zait ikusten dudala gerriraino biluzik, besaurreekin begiak babestuz, eta haragia zirtzilaturik zintzilik zuela. Sinets iezadazu sentipen hauek azaltzean ez naizela exajeratzen ari. Ematen zuen Leonorak eta Nancyk elkar hartu zutela gizatasunaren izenean, beren eskura zegoen gizon bat astiro hiltzeko. Apatxe bat harrapatu eta zutoin bati lotua zeukaten sioux pare bat ematen zuten. Benetan diotsut egin zizkioten torturek ez zutela bukaerarik. Gauez gau Edwardek haien elkarrizketak aditzen zituen; eroturik hitz eginez, izerditan, edarian ahaztura bilatuz, han egoten zen etzanda ahotsak isildu gabe ari ziren bitartean. Eta Leonora egunero etortzen zitzaion beren deliberazioen emaitzen berri ematera. Kriminal batentzako sententzia eztabaidatzen ariko liratekeen epaileak ematen zuten, hilobi batean hilotz zurrun batekin zeuden gorpu-lapurrak ziruditen. Ez dut uste Leonorari neskatoari baino erru handiagoa botatzerik dagoenik... nahiz eta Leonora bietan saiatuena izan. Leonora, esan dudan bezala, emakume erabat normala zen. Esan nahi dut zirkunstantzia normaletan haren desioak gizartean beharrezkoa den emakume batenak zirela. Umeak, begiramena, posizio bat nahi zituen; alferrikako gasturik ez egin, itxurak gorde. Erabat eta osoki normala zen, eta erabateko edertasun ukaezina zeukan. Baina ez dut esan nahi erabat normalki jokatu zuenik bere egoera erabat anormalean. Mundu guztia erotuta zegoen haren inguruan, eta etsipenak jotako emakume ero baten itxura hartu zuen, oso emakume gaiztoarena, melodramako gaiztoarena. Zer egingo zuen? Altzairua gai normal, gogor, leundua da. Baina, su berotan jarriz gero, gorituko da, bigunduko, eta ezingo da eskutan hartu. Oraindik su beroagotan jartzen baduzu, tantaka hasiko da. Hori gertatu zen Leonorarekin. Zirkunstantzia normaletarako egina zen: Rodney Bayhamentzat, zeinak egoitza sekretu bat edukiko duen isilpean Portsmouthen, eta Paris eta Budapestera bidaiak egingo dituen noizbehinka. Edwarden eta neskaren kasuan Leonorak porrot egin, eta kontrola erabat galdu zuen. Gogo-jarrera ez-ohiko eta, hortaz, zeharo okerrak hartu zituen. Aldi batean mendekura jarri zen erabat. Neskari ordutan gauez burua berotu ondoren, Edward isilari egunez berotuko zion. Eta Edwardek irristada bat egin zuen, bakarra, eta hor egin zuen okerra. Agian whisky gehiegi edana zen arratsalde hartan. Leonorak etengabe galdetzen zion zer nahi zuen. Zer nahi zuen? Zer nahi zuen? Eta Edwardek hau besterik ez zion erantzuten: «Esan dizut». Neska bere aitarekin Indiara joatea nahi omen zuen, alaba etxean hartzeko prest zegoela hark telegrafiatu bezain laster. Baina irristada bat egin zuen. Leonoraren betiko galderari erantzun zion bizitzan nahi zuen gauza bakarra zela bere onera etorri eta eguneroko lanekin jarraitzea, baldin eta neskak, bost mila milia urrundurik, bera maitatzen jarraitzen bazuen. Ez zuen besterik nahi. Bere Jainkoari hori besterik ez zion eskatzen. Horra, sentimental bat zen. Eta hark hori entzun zuenean, erabaki zuen neska ez zela joango bost mila miliatara eta ez zuela jarraituko Edward maitatzen. Honela egin zuen: jarraitu zuen neskari esaten Edwardena izan behar zuela; berak dibortzioa lortuko zuen: Erromak ezkontza desegitea. Baina uste zuen bere eginbeharra zela Edward zer-nolako munstroa zen neskari argitzea. La Dolciquita, Basil andrea, Maisie Maidan, Florence nor ziren kontatu zion. Bere bizitzan senarrarekin jasandako sufrikarioez mintzatu zitzaion, gizon zakar, menderatzaile, buruarin, mozkor, harroputz eta bere sexu premien menpeko lotsagarri harekin. Eta neskak, bere izebak jasandako penak aditzean —zeren Leonorak berriro ere izeba baten antza hartua baitzuen neskarentzat—, gaztetasunaren krudeltasun bat-batekoarekin, emakumea emakumearekin lotzen duen elkartasun bat-batekoarekin, bere erabakiak hartu zituen. Izebak etengabe esaten zion: «Edwarden bizia salbatu behar duzu; bizia salbatu behar diozu. Behar duen gauza bakarra da aldi batean behar duena ematea. Gero aspertuko da zutaz, besteekin aspertu zen bezala. Baina bizia salbatu behar diozu.» Eta, hala ere, Edward gizagaixo hark bazekien —elkarrekin bizi diren gizakien artean dagoen sen bitxi bati esker— zehazki zer gertatzen ari zen. Eta isilik jarraitu zuen; ez zuen behatz bat ere mugitu bere alde. Bere burua gizarteko kide onargarri bezala mantentzeko hau besterik ez zuen behar: neskak, bost mila milia urrundurik ere, bera maitatzea. Hori galaraztera zihoazen. Esan dizut neska gau batez Edwarden gelara joan zela. Eta Edwardentzat benetako infernua izan zela. Hori zen haren irudimenetik itzaltzen ez zen irudia: neska, argi ahulean bere ohearen barrenaldean agertzen. Efektu berdexkaren bat omen zeukan, gorputza inguratzen zuten ohearen pilare luzeen itzalek tinda berdexka baileukaten. Nancyk bekoz beko begiratu zion zuhurtasun bihozgabez, eta esan zuen: «Prest naiz zurea izateko..., zure bizia salbatzearren.» Edwardek erantzun zion : «Ez dut nahi; ez dut nahi; ez dut nahi.» Eta ez omen zuen nahi; bere burua gorrotatuko omen zuen, pentsaezina omen zen. Eta, hala ere, gauza pentsaezin hori egiteko tentazio izugarria zeukan, ez haragizko grinak, baizik gogo ziurtasunak eraginik. Ziur zen neska behin ematen bazitzaion, berea izango zela betiko. Ziur zekien hori. Neskak, berriz, bere izebak esandakoa zeukan gogoan: Edwardek nahi zuela bost mila miliatako urruntasunetik maita zezan. Eta esan zuen: «Ezin zaitut maitatu orain, zer nolako gizona zaren jakinda. Zurea izango naiz zuri bizia salbatzearren. Baina ezingo zaitut sekula maitatu.» Krudeltasun erakuspen ikaragarria zen. Ez zeukan ideiarik ere zer zen hori: gizon batena izatea. Baina, hori entzutean Edward bere onera etorri zen. Tonu normalean hitz egin zuen; bere ahots lakar, ilun, zakarrarekin zerbitzari bati edo zakur bati ari balitzaio bezala. «Itzul zaitez zure gelara,» esan zion. «Itzul zaitez zure gelara eta zoaz lotara. Hau dena txorakeria hutsa da!»
Bi emakumeak txundituta zeuden. Eta orduan agertu nintzen ni.
Historiarik goibelena |