Historiarik goibelena
II
Ez dakit zein den zera hau hobekien idazteko modua: hobe litzatekeen historia hasieratik kontatzea, historia bat balitz bezala; edo bukaeratik hasita kontatzea, Leonoraren ezpainetatik edo Edwarden berarenetatik iritsiko balitzait bezala. Beraz, neure burua aste pare batez edo, landetxe bateko lurreko suaren alde batean imajinatuko dut, aurrez aurre solaskide onbera bat dudala. Eta solasean jarraituko dut, urrunean itsasoaren zurrumurrua aditzen den bitartean eta buruz gain haize beltz baten bolada bortitzak izar distiratsuak lustreatzen ari direla. Aldian behin jaiki, eta ateraino joango gara ilargi beteari begiratzera, eta esango dugu: «Hara! Proventzan bezain argitsua da ia-ia!» Eta ondoren lurreko suaren ondora itzuliko gara, intziri gisako bat eginez Proventzan ez gaudelako, historiarik goibelenak ere alaiak diren Proventza hartan. Pentsatu, adibidez, Peire Vidalen historia deitoragarrian. Bi urte lehenago Florence eta biok automobilez joan ginen Miarritzetik Las Tours-era, Mendi Beltzetan kokatua baita. Haran bihurri baten erdian mendi-tontor izugarri bat altxatzen da, eta tontor gainean lau gaztelu daude: Las Tours, Dorreak. Eta mistral izugarri batek astintzen zuen haran hura, Frantziatik Proventzara sartzeko bidea dena, halako indarrez, non olibondoen hosto gris zilarkarek adats hegalariak ziruditen haizetan, eta erromero zurdak, berriz, burdinaren koloreko harkaitzei itsasten zitzaizkien haizearen indarrak errotik atera ez zitzan. Florence gaixoa izan zen, noski, Las Tours-era joan nahi izan zuena. Ohartuko zara, nik uste, nahiz eta bere izaera argitsua Stamfordetik (Connecticut) zetorkion, Poughkeepsien lizentziatua zela. Ez dakit nola lortu zuen, hain pertsona eszentriko, berritsua izanik. Begirada urrunzalea begietan zuela —hala ere, batere erromantikoa ez zena—, esan nahi dut ez zuela begiratzen amets poetikoak ikusten edo zure barnea arakatzen ari balitz bezala, zeren ia inoiz ez baitzizun begiratzen!, eskua altxaturik objezioren bat —edo komentarioren bat— isilarazi nahi balu bezala, hitz egin egiten zuen. William Isila edo Gustave Berritsua hartuko zuen ahotan, edo Pariseko moda, behartsuen 1337ko janzkera, Fantin Latour, Paris-Lyon-Mediterranée luxuzko trena, edo Beaucaire berriro ikusteagatik Tarasconen jaitsi eta haizeak astintzen zuen Rhôneren gaineko zubi eskegia gurutzatzearen komenentzia. Ez genuen Beaucaire berriro ikusi, jakina... Beaucaire ederra, bere hiru ertzeko dorre zuri garaiarekin, orratza bezain mehea eta Flatiron eraikina bezain garaia, Bosgarrena eta Broadwayren artekoa... Beaucaire, mendi-tontor baten gainean, lili urdinezko akre eta erdi inguratzen dituen bere harresi grisekin, pinazi-pinu altuen pean. Bai gauza ederra dela pinazi-pinua! Ez, ez ginen sekula inora itzuli. Ez Heidelbergera, ez Hamelinera, ez Veronara, ez Mont Majourrera... are gutxiago, ezta Carcassonnera ere. Aipatu bai, noski, baina nire ustez Florencek leku bati begirada bakarrarekin ateratzen zion behar zuen guztia. Zolia begia, harexena. Nik ez, zoritxarrez, eta hori dela medio mundua itzuli nahi dudan lekuz beterik dago: eguzki zuri itsugarriak goitik jotzen dituen hiriak, zeru urdinaren kontrastean nabarmentzen diren pinazi-pinuak, zenbait zokotako gablete, goitik behera tailatuak, oreinez, lore gorriz pintatuak batzuk eta beste batzuk, berriz, beleen pausaleku, santutxo bat duten irudia gaineko; eta palazzo gris eta arrosak eta hiri harresidunak, itsasotik milia batera edo kokatuak, Mediterraneoan, Livorno eta Napolesen artean. Ez genuen horietako bakar bat ere behin baino gehiagotan ikusi, eta horregatik mundu osoa niretzat mihise izugarri batean emandako koloregune sail bat besterik ez da. Agian horrela ez balitz, orain izango nuke zeri heldu. Hau dena digresio bat ote da, ala ez? Berriro ere ez dakidala esan behar. Zu, entzule hori, nire aurrean eserita zaude. Baina isil-isilik. Ez didazu ezer esaten. Ni, dena dela, Florencerekin egiten nuen bizimodua nolakoa zen zuri azaltzen ahalegina egiten ari naiz. Bada, emakume zoragarria zen; eta dantza egiten zuen, dantza gazteluetan eta itsasertzean, dantza etengabe modagileen saloietan eta Rivierako plages-etan... uretatik sabaira islatutako distira alai dardarati baten gisan. Eta nik bizitzan nuen eginkizuna izaki argitsu hura bizirik iraunaraztea zen. Eta hori distira dantzari bati eskuaz heltzea bezain zaila zen ia. Eta betebehar hori urtetan luzatu zen. Florenceren izebek esaten zuten nik Philadelphiako gizonik alferrena nintzela inondik ere. Ez ziren Philadelphiara sekula ailegatu, eta New Englandeko pentsaera zeukaten. Begira, Florenceren bila joan nintzenean haren zurezko antzinako etxe kolonialera, zumar hosto-bakandu batzuen azpian, esan zidaten lehenbiziko gauza... galdetu zidaten lehenbiziko gauza ez zen izan ea zer moduz nintzen, baizik ea zer moduz nire negozioak. Eta nik ez nuen negoziorik. Zerbait izan beharko nuen, nik uste, baina ez nuen horretarako inolako premiarik. Zertarako egin behar da zerbait? Ni, besterik gabe Florenceren bila joaten nintzen hara. Browning idazlearen jarraitzaileen bilera batean ezagutu nuen Florence, Hamalaugarren kalean, negozio-kale bihurtu baino lehen. Ez dakit zergatik joana nintzen New Yorkera; ez dakit zergatik joan nintzen bilera hartara. Ez dakit zergatik joan beharko zuen Florencek emakumeen kultur egintza hartara. Ez zen hura, garai hartan ere, Poughkeepsieko lizentziatu bat aurkitzea espero izateko lekua. Florencek Stuyvesanteko jendearen kultur maila hobetu nahi zuen nonbait; eta auzo pobreak bisitatzera joatea bururatu balitzaio bezala egin zuen hori. Auzo pobreen kultur maila hobetzeko egintza, horixe zen zehazki. Mundua berak aurkitu baino hobekixe utzi nahi izan zuen beti. Gaixoa, aditu izan dut Teddy Ashburnham ordutan eskolatzen Franz Hals baten eta Wouvermans baten arteko aldeaz, eta hari argitzen zergatik ziren estatua premizenikoak kubikoak eta gainean eskutokiz hornituak. Zer atera ote zuen gizon hark hortik? Agian eskertu egingo zion. Nik, behintzat, bai. Izan ere, Florence gaixoa Knossoseko aurkikuntzekin eta Walter Paterren espiritualitatearen gisako gaiekin entretenitzea beste ardurarik ez bainuen. Horietan eduki behar nuen pentsatzen, edo bestela hilko zen, ulertzen duzu? Zeren serioski esan zidaten zerbaitekin aztoratu edo haren emozioak benetan piztuz gero, gelditu egingo zitzaiola bihotza. Hamabi urtez edonork haren aurrean edozein solasalditan esaten zuen hitz bakoitza zaintzen egon behar izan dut, eta desbideratu behar izan ditut ingelesek «gauza horiek» deitzen dituztenak: utikan amodioa, pobretasuna, krimena, erlijioa eta gainerakoak. Bai. Havren itsasontzitik atera zutenean izan genuen lehenbiziko medikuak ziurtatu zidan hori egin beharra zegoela. Jainko maitea, tipo horiek guztiak ergel bihozgabeak al dira, ala guztien artean munduko mutur batetik bestera masoneria bat osatzen dute? Horrek Peire Vidal ekartzen dit gogora. Izan ere, Peire Vidalen historia gai jasoa da, eta nik Florence gai jasoetara bultzatu beharra neukan, baina aldi berean barregarria da, eta berak ez zuen barre egin behar, eta amodiozkoa, eta berak ez zuen amodioan pentsatu behar. Ba al dakizu historia? Las Tours edo Lau Gazteluetako andreak Blanche ez-dakit-zer zuen izena, goitizenez La Louve - Otsemea. Eta Peire Vidal Trobadoreak La Louve gorteatzen zuen. Baina damak ez zuen ezer jakin nahi Peirerekin. Hala, hura erakartzeko —zer gauzak egiten dituen jendeak maitemindurik dagoenean!— gizajoa otso-larruz jantzi, eta Mendi Beltzetara igo zen. Eta Mendi Beltzetako artzainek eta haien zakurrek otsotzat hartu zuten, eta letaginkada eta makilakada ederrak eman zizkioten. Hala, Las Tours-era eraman zuten, eta La Louve ez zen batere hunkitu. Txukundu zuten, eta senarrak estu hartu zuen La Louve. Vidal poeta handia zen, eta ez zen egokia poeta handi bat indiferentziaz tratatzea. Hala, Peire Vidalek bere burua Jerusalengo Enperadore edo gisako zerbait deklaratu zuen, eta senarrak belaunikaturik oinak musukatu behar izan zizkion, nahiz eta La Louve-k uko egin. Eta Peire arraunekiko txalupa batean itsasoratu zen lau lagunekin Hilobi Santua askatzera joateko. Eta nonbait harkaitzen bat jo, eta, ederki kostata, La Louve-ren senarrak espedizio bat antolatu behar izan zuen haren bila joan eta ekartzeko. Eta Peire Vidal damaren ohearen aurrean ahozpeztu zen, senarrak, oso gerlari basatia baitzen, poeta handiei zor zaien kortesiaz berriro ere emazteari errieta ematen zion bitartean. Baina nire ustez La Louve zen bietan basatiena. Dena dela, hori izan zen gertatu zena. Ez al da historia ederra? Sinestezina da Florenceren izebak, Hurlbird andereñoak, eta haien osaba ere, zein atzerakoiak ziren. Oso gizon maitagarria, osaba John hura. Liraina, atsegina, eta gero Florenceri «bihotzekoak» eragin zion bizitzaren oso antzekoa egiten zuena. Ez zen Stamforden bizi. Etxea Waterburyn zeukan, erlojuak egiten diren hiri horretan. Fabrika bat zeukan han, gure estilo amerikar bitxian ia urtero bere egitekoa aldatzen zuena. Bederatzi hilabetez edo, hezurrezko botoiak egiten zituen. Gero bat-batean letoizko botoiak, kotxezainen jantzietarako. Gero aldaketa bat egiten zuen goxoki kutxen latorrizko estalki margotuetara. Kontua da aitona gaixoak, bere bihotz ahul eta pilpiratsuarekin, ez zuela bere fabrikan ezertxo ere egin zedin nahi. Erretiratu egin nahi zuen. Eta halaxe egin zuen hirurogeita hamar urterekin. Baina izugarri kezkatzen zen kaleko mutil-kozkor guztiek seinalatu eta esango zutelako: «Hor doa Waterburyko gizonik alferrena!» Eta hala, munduan zehar itzuli bat egiten saiatu zen. Eta Florence eta Jimmy izeneko mutil gazte bat harekin joan ziren. Florencek esandakoaren arabera badirudi Jimmyk Hurlbird jaunarekin zuen egitekoa zela hari gai aztoragarriak saihetsaraztea. Esate baterako, eztabaida politikoetatik urrun eduki behar zuen. Zeren agure gaixoa demokrata porrokatua baitzen mundu osoa errepublikanoak besterik aurkitu gabe korritu zitekeen egunetan. Dena dela, munduari itzulia ematera joan ziren. Uste dut pasadizo bat dela hoberena agure hura nolakoa zen, gainetik bada ere, adierazteko. Zeren agian inportantea da zuk jakitea agurea nolakoa zen; eragin handia izan zuen nire emazte gaixoaren nortasuna eratzean. San Frantziskotik Hegoaldeko itsasoetarantz abiatu aurretik Hurlbird jaun zaharrak esan zuen zerbait hartu behar zuela itsas bidaian ezagutzen zuen jendeari oparitxoak egiteko. Eta bururatu zitzaion horretarako hoberena laranjak eramatea izango zela —Kalifornia laranja-lurraldea baita—: laranjak eta aulki tolesgarriak. Beraz, nik ez dakit zenbat laranja-kaxa erosi zituen —Kaliforniako laranja handi freskoak— eta dozena erdi bat aulki tolesgarri, beti bere gelan kutxa berezi batean gordetzen zituenak. Frutatan karga-erdia izango zen. Zeren hartu zituzten bapore guztietan ontzi gainean aurkitzen zuen pertsona bakoitzari... juxtu-juxtu agurtze hutsetik ezagutzen zuen pertsona bakoitzari, goizero laranja bat ematen baitzion. Eta gure globo handi honen gerri-buelta osoan zehar iraun zioten. North Capen zirela ere, gizajo ihar hark faro bat ikusi zuen zerumugan. «Hara,» esan zuen bere artean, «jende hori oso bakarrik sentituko da. Goazen laranja batzuk eramatera.» Hala, txalupa-bete laranja hartu, eta zerumugan ikusten zen faroraino arraunean eraman zezaten agindu zuen. Aulki tolesgarriak, berriz, topo egin eta nahi zuten andreei uzten zizkien, edo nekatuak edo ahul samarrak ziruditenei. Eta horrela, bere bihotzeko gaitzaren aurka babesturik eta iloba lagun zuela, munduari itzulia eman zion... Ez zuen bere bihotzeko gaitzarekin talaka ematen. Ez zinen konturatu ere egingo gaitza bazuenik ere. Hala ere, zientziaren onerako, bihotza Waterburyko fisika laborategiari utzi zion, bihotz mota aski berezia zuela uste baitzuen. Eta kontu honen alde barregarria hau izan zen: laurogeita lau urterekin, Florence gaixoa baino bost egun lehenago hain juxtu, bronkitis baten ondorioz hil zenean, jakin zen bihotzean ez zeukala inolako gaitzik. Dudarik gabe organo horrek jauziak, zurrumurruak edo nahi dena egingo zuen medikuak engainatzeko, baina hori dena biriken taxuera oker batek eragina zen nonbait. Ez dakit asko gai horietaz. Nik eskuratu nuen haren herentzia, Florence hura baino bost egun geroago hil baitzen. Nahiago nuke onartu ez banu. Ardura handia zen. Waterburyra joan behar izan nuen Florenceren heriotzaren ondoren, zeren, agure gizajoak karitatezko obra mordoxka bat egiteko agindu zuenez, nik albazeak izendatu beharra neukan. Ez zitzaidan gustatzen pentsatzea ez zituztela aginduak behar bezala beteko. Bai, ardura handia zen. Eta gauzak konpondu bezain laster, jaso nuen Ashburnham kapitainaren telegrama berezi hura, non eskatzen zidan itzultzeko berarekin hitz egitera. Eta haren ondotik berehala Leonoraren beste bat iritsi zen: «Bai, etorri. Oso lagungarria izan zintezke.» Bazirudien Ashburnhamek emazteari kontsultatu gabe bidali zuela telegrama, eta ondoren esan egin ziola. Hain zuzen ere, horixe izan zen gertatu zena, baina ez erabat horrela, alegia lehenbizi neskari esan zion, eta neskak haren emazteari. Ni, ordea, berandu iritsi nintzen ezertan laguntzarik emateko, batere laguntzerik baneukan. Eta orduan dastatu nuen lehenbizikoz bizimodu ingelesa. Txundigarria zen. Gehiegizkoa. Ez dut sekula ahaztuko Edwardek nire aldamenean gidatzen zuen zaldi-kotxe distiratsua; aberearen indarra, haren pausaje dotorea, haren larru satinaren gisakoa. Eta bakea! Eta masaila gorriak. Eta antzinako etxe ederra, benetan ederra. Branshaw Teleraghen ondo-ondoan zegoen, eta hara jaitsi ginen New Foresteko lugorri altu, soil, haizebegitik. Benetan diotsut txundigarria zela Waterburytik hara iristea. Eta nire baitan pentsatzen nuen —zeren, gogoratuko zara Teddy Ashburnhamek telegrama bat bidali zidala «etorri hitz egitera», berarekin alegia— sinestezina zela leku hari eta jende hari hondamen latzik gerta zekiokeela. Benetan diotsut bakearen espiritu benetakoa zela. Eta Leonora, eder eta irribarretsu, bere ile-kizkur horiekin, atariko eskailburuan zegoen zutik, atzean etxezain bat, zaldizain bat eta neskame bat edo horrelako zerbait zituela. Eta hitz hauek esan zituen: «Pozten naiz zu etortzeaz,» hamar miliatara zegokeen hiri batetik bazkaltzera etorri izan banintz bezala, eta ez munduaren erdiari itzuli bat emanda larrialdiko bi telegramaren deiari erantzunez. Neska kanpoan zen zakurrekin, nik uste. Eta nire ondoan zegoen gizajoa herio batean zegoen. Herio erabatekoa, etsi-etsikoa, hitzik gabea, gizonaren adimenak imajinatu ere ezin duen bezalakoa.
Historiarik goibelena |