Historiarik goibelena
III
Izan ere, Nancy etengabe aritua zen pentsatzen Selmes gazteari zaldia emateaz Leonorak komentario hori egin zuenetik. Pentsatzen eta pentsatzen, bere izebaren ohe ondoan egun sail bat isilik eman behar izan baitzuen (Leonora izebatzat eduki zuen beti) eta otordu mordoxka bat egin Edwardekin hitzik esan gabe. Eta gero hark, tarteka, bere begi odol-puztu eta ezpain zimur astunekin irribarre egiten zion. Eta pixkana jakin zuen Edwardek ez zuela Leonora maite eta Leonorak gorroto ziola Edwardi. Ideia hori sortu eta sendotzea zenbait gertaeraren ondorioa izan zen. Egun haietan egunkariak irakurtzen uzten zioten... edo, hobeki esanda, Leonora beti ohean egoten zenez eta Edward, bakarrik gosaldu ondoren, goiz ateratzen zenez bere lurrak ikustera, egunkariekin bakarrik uzten zuten. Egun batean oso ongi ezagutzen zuen emakume baten argazkia ikusi zuen egunkarietan. Haren azpian honako hitz hauek irakurri zituen: «Brand andre prestuak dibortzioa eskatu du. Ikus 8. orrian dibortzio auzi nabarmen honi buruzkoak». Nancyk ia ez zekien dibortzio auzi bat zer zen ere. Oso ongi hezia zen, eta katolikoak ez dira dibortziatzen. Ez dakit Leonorak nola lortu zuen zehazki. Seguruenik Nancyri buruan sartuko zion emakume zintzoek ez dutela horrelakorik irakurtzen, eta hori aski izango zen Nancyk orri horiek irakurri gabe pasatzeko. Dena dela, Brand senar-emazteen dibortzio auziaren berria... Leonorari kontatu nahi ziolako irakurri zuen batik bat. Pentsatu zuen Leonorak, buruko mina pasatutakoan, jakin nahiko zuela zer gertatzen ari zitzaion Brand andreari; Christchurchen zuen bizilekua, eta oso maite zuten biek. Auziak hiru egun iraun zuen, eta Nancyk lehenbizi ikusi zuen berria hirugarren egunekoa zen. Edwardek, ordea, bere estilo metodikoari jarraituz, aste osoko egunkariak gordetzen zituen arma-gelako apal batean, eta Nancyk, gosaldu zuenean, gela lasai hartara jo, eta berak irakurraldi on bat deituko zukeena eman zien. Afera bitxia iruditu zitzaion. Ezin zuen ulertu zergatik abokatu bat hain estu ibil zitekeen Brand jaunak egun jakin batean egindako joan-etorri guztiak jakin beharrez; ezin zuen ulertu Christchurcheko Old Hall-eko logelen plano bat zergatik aurkeztu zuten auzitegian. Ez zuen ikusten zergatik jakin nahi zuten jantzi-gelako atea beste egun batean itxita zegoen ala ez. Barregarria egiten zitzaion; erabat zentzugabea iruditzen zitzaion jende heldua horrelako kontuez arduratzea. Hala ere, oraindik harrigarriagoa iruditzen zitzaion beste abokatu batek Brand jaunari Lupton andereñoarenganako sentipenei buruz hain modu estutzaile eta lotsagabean galderak egitea. Nancyk oso ongi ezagutzen zuen Lupton andereño Ringwoodekoa: neska eder bat, bi espoloi zuriekiko zaldi zuri baten gainean ibiltzen zena. Brand jaunak Lupton andereñoa ez zuela maite eginez tinko jarraitzen zuen. Noski, nola maiteko zuen, bada, Lupton andereñoa? Gizon ezkondua zen. Nola pentsatuko zenuen osaba Edwardek maite zuela... Leonora ez eta beste norbait? Jendea ezkonduta zegoenean maitatze kontuak hor bukatzen ziren. Bazen, dudarik gabe, gaizki portatzen zen jendea —baina jende pobrea zen— edo ez berak ezagutzen zuena bezalako jendea. Horrela agertzen zitzaizkion kontu hauek Nancyri buruan. Baina geroago, auzian zehar konturatu zen Brand jaunak batekin edo besterekin «intimitate erruduna» izana onartu behar izan zuela. Nancyk imajinatu zuen bere emaztearen sekretuak norbaiti kontatzen ibilia izango zela. Hori ez zen oso egintza prestua: Brand jaunari zion estimazioa gutxitzen zuen. Baina Brand andreak hutsegite hori barkatua zuenez, pentsatu zuen ez zirela oso sekretu larriak izango Brand jaunak kontatutakoak. Eta gero, bat-batean, onartu behar izan zuen Brand jauna —Nauheimera abiatu baino hilabete bat edo bi lehenago bere haurrekin «itsumandoka» jolasten eta bere emaztea harrapatu zuenean hari musu ematen ikusi zuen Brand jaun goxo hura— Brand jauna eta Brand andrea ezin okerrago zebiltzala beren harremanetan. Sinestezina zen. Hala ere hantxe zegoen: moldiztegiko letretan. Brand jaunak edan egiten zuen; Brand jaunak Brand andrea jo eta lurrera bota zuen mozkortuta zegoela. Egunkariko zutabe sail luze baten ondoren, bizpahiru hitz gogorrez Brand jauna errudun deklaratzen zuten bere emaztearekin krudela izateaz eta Lupton andereñoarekin adulterioa egiteaz... baina zergatik, pentsatzen zuen, egin horrelakorik? Seguru aski izokina debeku aldian harrapatzea bezalako zerbait zen... egin behar ez zen zerbait. Norbaiti musu eman, edo besoen artean hartu edo horrelako zerbaitekin zerikusia zuela uste zuen... Eta hala ere Nancyrengan irakurketa hark izan zuen eragin guztia misteriotsua, izugarria eta gaiztoa izan zen. Goragalea sentitu zuen... irakurri ahala handitu zitzaion goragalea. Bihotza bortizki ari zitzaion taupadaka; negarrez hasi zen. Jainkoari galdetu zion nola utz zezakeen horrelako gauzarik gerta zedin. Eta argiago ikusi zuen Edwardek ez zuela Leonora maite eta Leonorak Edwardi gorroto ziola. Agian, orduan, Edwardek beste norbait maite zuen. Hori pentsaezina zen. Leonoraz beste norbait maita bazezakeen, esan zion bere bihotz basa eta misteriotsuak bat-batean saihetsetik, zergatik ez zitekeen bera izan? Ez... Edwardek ez zuen bera maite. Hori bere amak bidalitako gutuna jaso baino hilabete lehenago edo gertatu zen. Ondoeza pasatu arte gauza bere horretan egoten utzi zuen; egun bat edo bi behar izan zituen. Orduan, Leonoraren buruko minak joanak zirela konturaturik, bat-batean esan zion Leonorari Brand andrea bere senarragandik dibortziatu zela. Ea horrek guztiak zehazki zer esan nahi zuen galdetu zion. Leonora bere dibanean etzanda zegoen egongelan; hain ahul sentitzen zen, non ia ez baitzen hitz egiteko ere gauza. Hauxe besterik ez zuen erantzun: «Brand jauna berriro ezkon daitekeela.» Nancyk esan zuen: «Baina... baina...» eta gero: «Lupton andereñoarekin ezkontzeko aukera izango du.» Leonorak baiezkoa adierazteko eskua juxtu-juxtu mugitu zuen. Begiak itxita zeuzkan. «Orduan...» hasi zen Nancy. Haren begi urdinak izuak hartuak ziren: bekainak atezuan zituen haien gainean; ahoaren inguruan saminaren arrastoak nabari-nabari zituen. Haren begietan egongela ezagun handi hark itxura aldatua zeukan. Muturretan letoizko loreak zeuzkaten su-burdinek irrealak ziruditen; erretzen ari ziren enborrak horixe besterik ez ziren: enborrak, eta ez bizimodu suntsiezin baten sinbolo lasaigarriak. Garrak tximinia altuaren aurrean dardaratzen ziren; sanbernardoak intziri egin zuen esnatu gabe. Kanpoan neguko euria etengabe ari zuen. Eta bat-batean pentsatu zuen Edward beste norbaitekin ezkon zitekeela, eta ia garrasi egin zuen. Leonorak, alboka etzanda baitzegoen, aurpegia sutegi handiaren ia aurrez aurre zegoen dibanaren burko beltz eta urre-kolorearen gainean zuela, begiak ireki zituen. «Uste nuen...» esan zuen Nancyk, «ez dut sekula pentsatu... Ezkontzak ez al dira sakramentuak? Ezkontzak ez al dira hautsezinak? Nik uste nuen bat ezkonduta zegoela... eta...» Negarrez ari zen. «Nik uste nuen bat ezkonduta edo ezkongai zegoela, bizirik edo hilik dagoen bezala.» «Hori,» esan zuen Leonorak, «elizaren legea da. Ez da estatuaren legea...» «Bai, jakina,» esan zuen Nancyk, «Brand senar-emazteak protestanteak dira.» Bere baitara bat-bateko lasaitasun bat jaitsi zela sentitu zuen, eta ordu betez-edo arima baketu zitzaion. Ergelkeria iruditzen zitzaion Henry VIII.az eta protestantismoaren oinarriaz oroitu ez izana. Ia bere buruari barre egin zion. Arratsalde luzea ahituz zihoan; garrak berriro dardaratzen ziren neskameak sua kitzikatzen zuenean; sanbernardoa esnatu, eta baldarki joan zen sukalderantz. Eta orduan Leonorak begiak zabaldu, eta ia hotz-hotzean esan zuen: «Eta zuk? Ez duzu pentsatzen ezkontzerik?» Hain bitxia zen Leonorak hori galdetzea, non neska une batez izutu egin zen iluntasunean. Baina gero, berriz, oso galdera zentzuzkoa iruditu zitzaion. «Ez dakit,» erantzun zuen. «Inork ez du nirekin ezkondu nahi, nik dakidala.» «Bat baino gehiago dira zurekin ezkondu nahi dutenak,» esan zuen Leonorak. «Baina nik ez dut ezkondu nahi,» erantzun zuen Nancyk. «Nik zurekin eta Edwardekin bizitzen jarraitu nahi nuke. Ez dut uste traban nagoenik edo gastu handia naizenik. Ni joanez gero, lagun bat beharko zenuke. Edo, agian, nire mantenurako irabazten hasi beharko nuke...» «Ez nintzen ari horretaz pentsatzen,» erantzun zuen Leonorak tonu ahul berdinean. «Zure aitak behar adina diru emango dizu. Baina jende gehienak ezkondu nahi izaten du.» Uste dut orduan galdetu ziola neskari ea ez al zuen nirekin ezkondu nahiko, eta Nancyk erantzun ziola nirekin ezkonduko zela, hori aginduz gero, baina bertan bizitzen jarraitu nahi zuela. Erantsi zuen: «Norbaitekin ezkontzekotan, Edward bezalakoa izatea nahi nuke.» Hezurretaraino ikaratu zen. Leonorak, dibanean bihurrituz, esan zuen: «Ai, Jainko maitea!...» Nancy neskamearen bila joan zen; aspirinak eskatzera; musu-zapi bustien bila. Ez zitzaion bururatu ere egin Leonoraren hildura-aurpegia gorputzeko minaz beste ezerk sortua izan zitekeenik. Gogoan izan behar duzu hori guztia Leonora gauean neskaren gelara sartu baino hilabete lehenago gertatu zela. Atzera jauzi egin dut berriro; baina ezin dut besterik egin. Oso zaila da jende horren martxari jarraitzea. Leonorari buruzkoa kontatzen dizut eta eguneratzen dut harekikoa; gero Edwardi heltzen diot, ahaztua baitut. Eta gero neska geratzen da erremediorik gabe bazterturik. Nahiago nuke egunkari moduan idatzi ahal izatea. Honela: irailaren 1ean itzuli ziren Nauheimetik. Leonora berehala gaixotu zen. Urriaren 1erako denak elkarrekin joaten ziren ehizaldietara. Nancy ohartua zen ordurako aski garbi Edwarden portaera bitxia zela. Hil hartako 6a aldera Edwardek Selmes gazteari zaldia eman zion, eta Nancyk izan zuen motiborik bere osabak izeba ez zuela maite uste izateko. 20an dibortzio auziaren berria irakurri zuen, egunkarietan 18an eta hurrengo egunetan argitaratu baitzen. 23an egongelan bere izebarekin elkarrizketa izan zuen... ezkontzari buruz oro har eta bere balizko ezkontzaz. Izeba logelara etorri zitzaionekoa ez zen gertatu azaroaren 12a arte... Beraz, hiru aste izan zituen barne-gogoetarako... barne-gogoetan aritzeko zeru hitsaren azpian, etxe zahar hartan, oraindik ilunagoa itzal beltzeko izeiz inguratutako sakan batean zegoelako. Ez zen oso giro egokia neska batentzat. Neskatoa maitasunaz pentsatzen hasi zen, lehenago maitasuna gauza barregarri eta zentzugabe xamarra besterik iruditu ez zitzaion neskato hura. Halabeharrez irakurritako liburuetako halabeharrezko pasarteez oroitu zen... garai hartan batere eraginik izan ez zutenak harengan. Badrulbadour Printzesa maite zuen norbaitez oroitu zen; maitasuna gar bat, egarri bat, bihotz-erraien bihurritze bat omen zen... nahiz eta berak ez jakin bihotz-erraiak zer ziren. Oroitzapen urrun bat zeukan, maitasunak maitale etsiaren begiak etsirik uzten zituelakoa; gogoan zuen liburu bateko pertsonaia bat, maitasuna edanean ito nahi izan omen zuena; oroitzen zen maitaleen bizitzak intziri sakonez markatuak izaten zirela. Behin egongelako txokoan zegoen piano txikira joan, eta jotzen hasi zen. Hots kirrinkari eta tonu altua zeukan tresna hark, etxeko inork ez baitzuen musikarako zaletasunik. Nancyk berak bazekien kanta erraz mordoxka bat jotzen, eta bere burua pianoa jotzen aurkitu zuen. Leiho ondoko jarlekuan eserita egona zen, ilunabarrari begira. Leonora bisitaren batzuk egitera joana zen; Edward zuhaizti berriren baten landaketa zaintzen ari zen. Hala, bere burua piano xahar hura jotzen aurkitu zuen. Ez zekien nola hasi zen. Doinu melodiko uhintsu bat zetorkion aurretik ilunabarrean... doinu bat, zeinean nota maiorrak beren intsistentzia alaiarekin uhinkatu eta soinu minorretan urtzen ziren, nola zubi baten azpian ur ilunen gaineko argiak urtzen, uhinkatzen eta ezkutatzen diren sakonalde beltzetan. Doinu zahar tuntun bat zen... Honako hitz hauek ditu... sahats bati buruzkoak dira, pentsa:
Zu zara amodio etsi ororentzat onena Benetako landare aukeratu bakarra
Horrelako zerbait. Herrickena zen, nik uste, eta Herrickekin ongi lotzen den soinu altu, irregular, kadentziatsua zuen. Iluntzea zen; galeriari eusten zioten pilare sendo, zakar, ilunak izaki goibelak ziren; sua ia itzalia zen: errauts zurien arteko distira xume bat. Sentimenduak pizteko leku, argi eta ordua ziren. Eta bat-batean Nancy negarrez ari zela ohartu zen. Isilean ari zen negarrez; eta negar-zotin luzeak eginez jarraitu zuen. Alaia, xarmangarria zen guztia, argi guztia, goxotasun guztia bukatua zela iruditzen zitzaion. Zoritxarra; zoritxarra; zoritxarrez inguratua zegoen. Izaki zoriontsurik ez zuela ezagutzen iruditzen zitzaion, eta hilzorian zegoela... Edwarden begietan etsipena zegoela oroitu zen; ziur zekien gehiegi edaten ari zela; tarteka intziri sakonak egiten zituen. Barneko gar batek erretzen zuen gizon bat ematen zuen, arimako egarriz itotzen, bihotz-erraietan higatzen ari zena. Gero ziurtasun hilduragarri hura barneratu zitzaion... Edwardek Leonora ez eta beste norbait maite behar zuelako ziurtasuna. Bere sektako hezkuntza xumean oinarrituz oroitu zen katolikoek ez dutela horrelakorik egiten. Baina Edward protestantea zen. Orduan, Edwardek norbait maite zuen... Eta pentsamendu horren ondoren begiak etsipenak hartu zizkion; alboan zeukan sanbernardo zaharrak bezala intziri egin zuen. Otorduetan ardo-basokada bat eta gero beste bat eta gero hirugarren bat edateko gogo menderaezina sentitzen zuen. Gero konturatu zen pixkana alaiago jartzen zela... Baina ordu erdi batean akabo alaitasuna; barneko gar batek erretzen zuen pertsona bat bezala sentitzen zen, arimako egarriz itotzen, bihotz-erraietan higatzen ari zena. Gau batez Edwarden arma-gelan sartu zen... hura joana baitzen Erreserbako Batzorde Nazionalaren bilera batera. Aulkiaren ondoko mahai gainean whisky botila bat zegoen. Ardo-baso bat goraino bete, eta ziplo hustu zuen. Orduan su-garrak gorputz osoa benetan hartu ziola iruditu zitzaion; zangoak handitu egin zitzaizkion; aurpegia sukarrak hartu zion pixkana. Bere gorputz luzea bere gelaraino herrestan eraman, eta ilunpetan etzan zen. Oheak kulunka egiten zuen bere azpian; hasi zen erdi-ametsetan pentsatzen Edwarden besoetan zegoela; aurpegi sukartian, suak hartutako sorbaldetan eta lepo kiskalian musuka ari zitzaiola. Ez zuen alkoholik berriro probatu. Horren ondoren ez zuen behin ere izan horrelako pentsamendurik. Burutik pixkana joan zitzaizkion; lotsa-sentipen bat besterik ez zioten utzi, hain jasanezina non burmuinak, ezin edukiz, ezereztu baitzuen. Edwardek beste norbait maitatzeak sortzen zion itomena Leonorarenganako errukia besterik ez zela pentsatu zuen; erabaki zuen handik aurrera bere bizitza osoa Leonoraren mirabe gisa eman behar zuela: erratza pasatzen, arropa hedatzen, brodatzen, Deborah delako hark bezala, erdi-aroko santuren bat... ez naiz, zoritxarrez, hagiologia katolikoan oso jakituna. Baina badakit berak bere burua ikusten zuela aurpegi serio, erori eta ezpain estu itxiekiko pertsonaia bat bezala, gela argitsu zuri batean, loreak ureztatzen edo brodatzeko euskarri batean lanean. Edo, Edwardekin Afrikara joan eta bere burua erasoan zetorkeen lehoi baten aurrean jarri nahi zuen, Edward Leonorarentzat salba zedin bere bizitzaren aldera. Horra, bere pentsamendu goibel horiekin batera horrelako haurkeriak zituen buruan. Ez zekien ezer... ezertxo ere bizitzaz, batek triste bizi behar duela besterik. Hori bazekien orain. Hau izan zen gertatu zitzaiona Edwardek Indiara bere aitarekin bidali nahi zuelako kolpea eta bere amaren gutunaren kolpea hartu zituen gauean. Lehenik bere Salbatzaile errukiorrari eskatu egin zion —eta Gure Jauna zeukan buruan bere Salbatzaile errukiortzat— Indiara joatea ezinezko egin zezan. Gero konturatu zen Edwarden jokabideari erreparatuz, hark erabakia zuela bera Indiara bidaltzea. Orduan, bera hara joateak gauza zuzena izan behar zuen. Edward beti zuzena zen bere erabakietan. El Cid zen; Lohengrin; Bayard Zalduna. Hala ere, gogoa matxinatu eta erreboltatu egiten zitzaion. Ezin zuen etxe hura utzi. Bururatu zitzaion Edwardek bera joatea nahi zuela beste neska batekiko bere maitakeriak ikus ez zitzan. Horra, bera prest zegoen beste neska batekiko haren maitakeriak ikusteko prest zegoela esateko. Han geratuko zen... Leonora kontsolatzera. Gero bere amaren gutunaren kolpe etsigarria iritsi zen. Amak honelako zerbait esan zion: «Ez duzu eskubiderik aberatsen gisara bizitzeko, errespetagarria bazina bezala. Nirekin kalean ibili beharko zenuke. Rufford koronelaren alaba zaren ere ez da segurua». Bere ama etorri zitzaion gogora, elurra ari zuela arkupeetan lo egiten ibiliko zena. Hori zen «kalean» hitzak gogora ekartzen ziona. Ez zekien hitz horrek zer esan nahi zuen ere. Eginbeharraren zentzu platoniko batek pentsarazi zion bere ama kontsolatzera joan beharko zukeela... bera erditu zuen ama, nahiz eta hitz horrek zer esan nahi zuen juxtu-juxtu zekien. Aldi berean bazekien bere amak aita beste gizon batengatik utzi zuela: horregatik bere aitaz errukitzen zen, eta errudun sentitzen zen bere aitaren ahotsa aditu hutsarekin dardarka jartzeagatik. Ama horrelako emakumea bazen, normala zen bere aitak eroaldiak izatea eta hura lurrera bota izana halakoetan. Eta kontzientziaren ahotsak esaten zion bere lehen eginbeharra gurasoekikoa zela. Eginbeharraren zentzu piztu berri horrek bultzatuta kontu handiz biluztu, eta erantzitako arropak kontuz tolestatu zituen. Batzuetan, ez oso maiz, andalapuntaka botatzen zituen gelan. Eta eginbeharraren zentzu horrek eraginik handiena izan zuen Leonora altu, guri, urre-ilekoa dena beltzez jantzita ate-zuloan agertu, eta esan zionean Edward berarengatik maitasunez hiltzen ari zela. Orduan ulertu zuen benetan bere baitan hilabetetan jakin zuena: Edward hiltzen ari zela —benetan eta fisikoki hiltzen— bere maitasunagatik. Iruditzen zitzaion une labur batez bere arimak esan zezakeela: «Domine, nunc dimittis...» Jainkoa, orain, uzten duzu zure zerbitzaria bakean abiatzen... Glasgowera lasai joan, eta bere ama eroria altxa zezakeela pentsatu zuen.
Historiarik goibelena |