Historiarik goibelena
V
Hitz horiek eman zidaten bizitza osoan sentitu dudan lasaitasunik handiena. Horiek esan baitzidaten, nik uste, beste edozein momentutan ulertu dudana baino askoz gehiago ia... neure buruaz. Ez dut uste egun horretara arte Florencez gain beste ezer asko desiratu izan nuenik. Izan ditut, noski, desioak, ezinegonak... Esate baterako, batzuetan table d'hôte baten inguruan, eman dezagun, kabiarra zerbitzatzen ari zirenean, ezinegonak zeharo hartu izan nau, erretilua nigana iristen zenean mahaikideek behar adina utziko ez zidaten beldurrez. Izugarri urduria izan naiz trena huts egiteko kontuan. Belgikako Estatuko Trenbideak espezialistak dira Bruselan tren frantsesei beren lotura-trenak huts eginarazteko. Horrek beti sutan jarri izan nau. Gai horretaz The Times-era gutunak bidali izan ditut, The Times-ek sekula argitaratu ez dituenak; New Yorkeko Herald-en Parisko ediziora bidalitakoak, berriz, beti argitaratzen zituzten, baina ez ninduten asetzen inprimaturik ikusten nituenean. Hori, nire obsesio bat edo zen... Horra, banuen barnean ezinegon ero bat, orain nekez uler dezakedana. Ikusten duzu, garai hartan «bihotzekoa» zuen jendeaz arduratzen nintzen. Florencez adibidez, edo Edward Ashburnhamez... edo, agian, Leonora zen ardurarik handiena pizten zidana. Ez dut esan nahi maitasun kontuetan. Baina, ikusten duzu, biok lanbide berdinekoak ginen... edo horrelako zerbait, nire ikuspegitik. Eta lanbidea zen «bihotzekoa» zuten gaixoak bizirik iraunaraztea. Ez dakizu batere horrelako lanbide bat zein buru-betegarri bihur daitekeen. Errementariak «Mailua eta eskua, lanbide guztien sostengua» esaten duen bezala, okinak eguzki-sistema osoa bere goizeroko opil banaketaren inguruaren biran dabilela uste duen bezala, postari-buruak gizartearen oinarria bera bakarra dela uste duen bezala —eta seguru aski ilusio horiek dira beharrezkoak aurrera jarraitzeko— horrelaxe nik ere eta, nire ustez, Leonorak ere, imajinatzen genuen mundu osoak «bihotzekoa» zuten gaixoak bizirik iraunaraztearen inguruan antolatuta egon behar zuela. Ez dakizu batere horrelako lanbide bat zein buru-betegarri bihur daitekeen... zein zentzugabeak ematen duten printzeen, errepubliken, udalerrien jokamoldeek. Bide-tarte txar bat automobilaren gurpilen azpian, bide-zulo dotore pare bat beren astindu azkarrekin aski izango ziren Leonorarekin marmarrean hasteko gurutzatzen ari ginen lurraldeko printzearen, duke handiaren edo hiri librearen aurka. Marmarrean ariko nintzen burtsako agente bati, telefonoz ari dela, elizako kanpaiek hizketa galarazten diotenean bezala. Erdi Aroko hondakinak zirela, zergak behar bezain astunak izango zirela eta gisakoak esango nituen. Bidenabar esango dut Bruselan Calaisko porturako lotura-trenak hutsegitearen alderik amorragarriena honako hau zela: bihotzeko gaitza dutenentzat garrantzi handikoa dela itsas bidaia ahalik eta laburrena izatea. Kontinentean, bi leku berezi daude bihotzaren sendaketarako, Nauheim eta Spa, eta bi bainu-etxe horietara Ingalaterratik iristeko itsas bidaia laburra ziurtatzeko asmoz Calaistik etortzen bazara, lotura Bruselan egin behar duzu. Eta Belgikako trenak ez die segundo izpi bat ere itxaroten Calaistik edo Paristik datozen trenei. Eta tren frantsesak puntu-puntuan iristen badira ere, Bruselako geltokiko bide ezezagunetan lasterka joan behar duzu —imajina ezazu bihotzeko gaixo bat lasterka!—, eta abian doan trenaren eskailera altuak estropezuka igo behar dituzu. Edo lotura-trena huts egiten baduzu, bost edo sei ordu itxaron behar... Gau osoak ematen nituen bidegabekeria hori madarikatzen. Nire emaztea lasterka joaten zen... sekula ez zen saiatuko niri sinetsarazten ausarta ez zela, nahiz eta beste edozertan ni engainatu. Baina, espres alemanean sartu orduko, atzerantz botako zuen gorputza, esku bat saihetsean zuela eta begiak itxita. Horra, aktore ona izan. Eta ni kiskali egiten nintzen. Kiskali, sinets iezadazu. Izan ere, Florence emazte bat eta lortu gabeko maitale bat ere bazen niretzat —horrela zen, izan ere— eta hura mundu honetan edukiaraztea zen nire egitekoa, nire karrera, nire anbizioa. Ez da ohikoa hiru gauza horiek pertsona batengan bildurik egotea. Gainera, Leonora ere aktore ona zen. Horixe zela ona, alajainetan! Esaten dizut, orduak eta orduak emango zituen niri aditzen, ustekabe gaiztorik gabeko mundu baterako nire planak osatzen. Egia da, batzuetan, antzematen niola ernetasun falta pixka bat, haurra belaunetan duen ama bezala entzuten bailegoen, edo gaixoa ni banintz bezala, zehazkiago esateko. Edward Ashburnhamen bihotzak ez zuen ezer, honez gero ohartuko zinenez... bere karrerari uko egin, India utzi, eta mundu erdian barrena benetan «bihotzekoa» zuen emakume baten atzetik etorri zen Nauheimera. Horrelakoxe ergel sentimentala zen. Zeren, ohartuko zara, gainera, merke bizitze aldera bizi beharra zeukatela Indian, Branshaw Teleragheko etxea errentan eduki ahal izateko. Garai hartan, ez nuen Kilsyte kasuaren berri, jakina. Ashburnhamek, tren batean haurtzain bati musu eman zion, aizu, eta Jainkoaren graziak eta treneko alarmak ongi funtzionatzeak libratu zuten gizajoa Winchesterko Espetxean urteak eta urteak ematetik, Hampshireko Epaimahaia deitzen denaren errukiaren laguntzarekin, nire ustez. Ez nuen auzi horren berri izan Leonoraren azalpenen azken aldietara arte. Baina pentsa ezazu gizagaixo hartaz... Nik eskatzen dizut gizagaixo ziztrin hartaz pentsatzeko, eta uste dut badudala horretarako eskubidea. Posible al da horrelako gizagaixo bati patu itsu eta ulertezinak horrelako tormentuak ezartzea? Zeren ez baitago bestela ulertzerik. Inola ere. Hau esateko eskubidea dut; izan ere, urtetan nire emaztearen maitalea izan zen; berak hil zuen; berak desegin zituen bizitzan nituen atsegin-bide guztiak. Ez dago apaizik esan diezadakeenik harenganako errukia ez eskatzeko zuri, entzule mutu sutondoaz harantzagoko horri, edo munduari edo harengan horrelako desioak, horrelako erokeriak sortu zituen Jainkoari... Ez nuen Kilsyte kasuaren berri, noski. Ez nuen ezagutzen haren lagunetatik bakar bat ere; niretzat aberats jendea besterik ez ziren... hegoaldeko konderri batean eguteran lur zabalak zituen jende aberatsa. Jende aberatsa, eta kito! Alajaina, batzuetan pentsatzen dut hobe izango zela harentzat, gizagaixo halakoa, auzi hura nik nahitaez haren berri izateko modukoa izan balitz... neskameek, gidariek eta bainu-etxeko beste bezeroek ondorengo urteetan ahotan erabiltzeko modukoa, harik eta denborarekin pixkana errukiagatik itzali arte bazter batetik bestera boteka ibili ondoren munduan zehar. Winchesterko Espetxean eman balitu zazpi urte edo justizia itsu eta ulergaitzak ezartzen dizkizunak zure joera natural baina desgaraikoei jarraitzeagatik... iritsiko zen ordua Kasinoko terrazako kontakatiluek esango zutena: «Gizagaixo errukarria», haren karrera hondatuaz pentsatuz. Orain bizkarra makurtutako militar fina izango zen... Hobe berarentzat, gizagaixo halakoa, bizkarra garaiz aurretik makurtu izan balitzaio. Bai, mila aldiz hobe izango zen... Kilsyte kasuak, Leonora hotz eta gogor antza sumatzen hasiberritan gertatu baitzen, kolpe latza emango zion inondik ere. Haurtzainak bakean utzi zituen harrezkero. Horrek, noski, zeharo laxo bihurtu zuen bere mailako emakumeekin. Hara, Leonorak esan zidan Maidan andreak — Birmaniatik Nauheimera etorri zenean Ashburnham atzetik zebilkionak— esan ziola Edwardek interesa piztu ziola zin eginez trenean neskameari musu eman zionean horretarako barne-bultzada sentitu zuela. Erabateko emakume asegarri bat aurkitzeko grina eroak bultzatu zuela esango nuke nik. Jainkoak lagun diezadala, baina esango nuke Maidan andrearenganako amodioa aski benetakoa zela. Neskato polita zen, betile luzeko emakumetxo maitagarria, Leonoraren oso begiko egin zena. Tetela zen hizketan, eta irribarre zoriontsua zeukan. Ashburnham senar-emazteak ezagutu genituen lehenbiziko hilabetean maiz ikusten genuen. Gero hil zen, isil-isilik... bihotzeko gaitzak jota. Baina, aizu, Maidan andre gaixoa... hain zen atsegina, hain zen gaztea. Ez zituen izango hogeita hiru urte baino gehiago, eta bazuen Chitralen senarra, hogeita lau urte baino gehiago ez zituena. Gazte haiek bakean utzi beharra zegoen. Ashburnhamek ezin zuen andre hura bakean utzi, noski. Ez dut uste horretarako gauza zenik. Hara, nerau ere, denboraren urruntasunetik begiratuz, konturatzen naiz haren oroitzapenaz maiteminduta nagoela. Ezin naiz geratu irribarrerik egin gabe bat-batean gogora etortzen zaidanean... Aspaldi utzitako etxe zaharren batean, kajoiren batean izpilikutan kontuz bildutako zerbaitez gogoratzen zarenean bezala. Hain zen... hain zen esanekoa. Pentsa, neroni ere esanekoa iruditzen zitzaidan... niri, haurrik ttikienak ere sekula inoiz kasurik egin ez didan honi. Bai, hau da historiarik goibelena... Ezinbestean oraindik ere nahiago nuke Florencek bakean utzi izan balu, nire ustez adulterioa zen jolas hartan, nahiz eta emakume hark hitz hori nola idazten zen ere ez zekien haurra zela eman. Ez, esanekoa izatea besterik ez zen... ausarkeriaren aurrean, tipo mixerable hura hondamendira eraman zuten indar baregaitz haien aurrean. Eta ez dut uste Florence izatea edo beste norbait izatea erabakigarria izan zenik. Ashburnham kapitainak Maidan andrearekin zuen harremana Florencerengatik utzi izan ez balu, beste emakumeren batengatik utziko zuen. Baina hala ere ez dakit. Agian neska gazte gaixo hura hilko zen —hiltzera zihoan, dena dela, luze gabe— baina Florence leihopean Ashburnham kapitainarekin Estatu Batuetako Konstituzioaz hizketan ari zen bitartean, bazkalondoan burkoa malkoz blai egin gabe... Bai, ahoan gustu hobea utziko zigun, Florencek bakean hiltzen utzi izan balu. Leonora hobeki portatu zen zentzu batean. Maidan andreari belarrondoak astindu zizkion... bai, jo egin zuen; amorrazio kontrolaezinak behin hartu zuenean, masailean sekulakoa eman zion, hoteleko pasilloan, Edwarden gelaren kanpoaldean. Horrek argitzen zuen, beraz, Florence eta Ashburnham andrea nola bihurtu ziren bat-batean eta harrigarriro hain adiskide minak. Zeren lotura estu hori harrigarria baitzen benetan. Kanpotik begiratuz gero, ez zen gauza gertagaitzagorik Leonora, harrotasunean inork eramango ez dion emakumea, pasadizoko bi yankiren lagun egitea baino; bi yanki, bere oinpeko alfonbrari baino gehiago erreparatuko ez zienak. Haren harrotasunak zer oinarri zuen galdetuko duzu agian. Bada, Ashburnham batekin ezkondutako Powys bat zen... uste dut horrek ematen ziola pasadizoko bi yanki gutxiesteko eskubidea, hori nabarmenki egiten ez zuen bitartean. Ez dakit zertaz sentitu behar den harro. Agian harrotasuna bere pazientzian ezartzen zuen, senarra porroten epaitegitik libratu izanean. Baliteke. Dena dela, horrela ezagutu zuen Florencek. Hoteleko pasilloko kantoian bionbo bat inguratu zuen, eta Leonora han aurkitu zuen afaldu aurretixek eskumuturretik zintzilik izaten zuen urrezko giltza Maidan andrearen ilean trabaturik zuela. Inork ez zuen hitzik esan. Maidan andre xumea oso zurbil zegoen, ezkerreko masailean arrasto gorri bat zuela, eta giltza ez zen askatzen haren ile beltzetik. Florencek askatu behar izan zuen, zeren Leonora hain zegoen bere onetik aterata, non ez baitzen gauza izango Maidan andrea ukitzeko, goragaleak hartu gabe. Eta han ez zen hitzik esan. Ikusten duzu, lau begi haien begiradapean —bereak eta Maidan andrearenak alegia— Leonora Maidan andreari belarrondokoa ematera ausartu zen. Baina arrotz bat hurbildu orduko ederki moldatu zen estutasunetik ateratzeko. Lehenbizi isilik geratu zen, eta gero, Florencek giltza askatu zuenean, hau esateko gauza izan zen: «Bai traketsa naizela... Maidan andrearen ile-orrazia zuzen jartzen saiatzen ari nintzen...» Maidan andrea ez zen, ordea, Ashburnham batekin ezkondutako Powys bat; O'Flaherty gaixo bat zen, eta bere senarra herri koxkor bateko pastore baten semea. Beraz, ez zegoen okertzerik pasilloan barrena desolaturik joan zenean eutsi ezin izan zion negar-intziria aditzean. Baina Leonora itxurak mantentzeko prest zegoen. Ashburnhamen gelako atea ireki zuen arrandia nabarmenarekin, Florencek entzun zezan nola egiten zion kasu intimitate eta maitasunezko terminoetan. «Edward», dei egin zuen. Baina han ez zen Edwardik. Konturatuko zara Edward han ez izateak zer esan nahi zuen. Orduan, bere bizitza osoan behingoagatik, Leonorak bere burua benetan konprometitu zuen. Goraki esan zuen: «Bai izugarria dela!... Maisie gaixoa...!» Berehala konturatu zen zer esan zuen, baina beranduegi. Afera bihurria zen nolabait... Leonorari zor zaion justizia egin nahi diot. Oso maite dut, hasteko. Baina gai honetan, nire etxeko oskoltxoaren hondamena izan baitzen, estropezu egin zuen. Ez dut sinesten —eta Leonorak berak ere ez— Maidan andre gaixoa sekula izan zenik Edwarden maitalea. Haren bihotza hain zegoen gaizki, non besarkada pasiozko baten gisako zerbaitekin harenak egingo baitzuen. Hori da egia, koplarik gabe esana. Eta uste dut egia hutsa dela hoberena. Neskato hark benetan zeukan beste biek, beren arrazoiengatik, itxuraz besterik ez zeukaten gaitza. Harrigarria benetan, ez da? Probidentziak bati egiten dizkion jukutria harrigarri horien gisakoa. Erantsi honi, nire ustez, beste edozein momentutan Leonorari ez zitzaiola asko axola izango Maidan andrea bere senarraren maitalea izatea. Edwardek dama haren aurrean egiten zituen urrumetatik eta damak hots haiek isil-isilik onartzetik atseden hartzeko bide bat izan zitekeen. Ez, ez zitzaion axola izango. Baina Leonorak, Maidan andreari belarrondokoa ematean, mundu jasanezin bati eman zion zaplaztekoa. Zeren arratsalde hartan eszena izugarri mingarria izana baitzuen Edwardekin. Leonorak nahi zuenean Edwarden gutunak irekitzen zituen. Eskubide hori bereganatua zuen, zeren Edwarden negozioak hain egoera beldurgarrian zeuden eta haiei buruz halako gezurrak esaten zituen, non emazteak eskatu zuen haren sekretuak bere esku edukitzeko pribilejioa. Ez zegoen beste biderik, benetan, gizagaixo ergel hura lotsatuegia baitzegoen bere hutsegiteekin, inola ere egia osoa aitortzeko. Gauza horiek tiraka atera behar izaten zizkion. Leonora harro sentituko zen horretaz. Baina arratsalde hartan, bainu-etxeko nagusiek agindu bezala Edward bere ohe gainean etzanda zegoela, Leonorak senarrari zuzendutako gutun bat ireki zuen, Hervey koronel batek bidalitakotzat hartu zuena. Irailean Linlithgowshiren haren etxean egonaldi bat egiteko asmotan ziren, eta ez zekien finkatutako data hamaika ala hemezortzia zen. Gutun hartako helbidean ageri zen letra Hervey koronelarena bezalakoxea zen, bi arto-hosto elkarren antzekoak diren bezalaxe. Beraz, Leonorak momentu hartan ez zeukan zelatan ibiltzeko asmorik. Baina hala ari zen. Orduan jakin baitzuen Ashburnham kapitaina berarentzat erabat ezezaguna zen xantaiagile bati urtean hirurehunen bat libra ordaintzen ari zela... kolpe latza izan zen benetan; hiltzeko gogoa sentitu zuen, uste baitzuen garai hartarako bere senarraren zor eta obligazioen hondo-hondoraino iritsia zela. Zama astuna, ohartuko zarenez. Benetan hondamendia ekarri ziona Montecarlon izandako abentura arrunt bat izan zen... Errusiako Duke Handi baten maitale omen zen harpia kosmopolita batekin izandakoa. Emakume horrek hogei mila libra balio zuen perlazko tiara bat atera zion gutxi gorabehera aste beteko faboreen truke. Horrenbeste aurkitzea ederki kostako zitzaion, ez baitzen jokalaria esaten zaiona. Seguruenik hogei mila horiek eta piztia eder harekin aste bete hotelean pasatzean egindako gastu ez nolanahikoak pagatzeko behar zuena nonbaitetik sortuko zuen. Ashburnhamen ondasunek bostehun mila dolar pasatxo balioko zuten garai hartan. Bada, nahitaez mahaietara joan, eta berrogei mila libra galdu behar... Berrogei mila libra garbi, marrazoek maileguan emanak. Eta horren ondoren ere —grina saihestezina zen— emakumearen faboreez gozatu behar. Errekardaritzan gogor saiatu ondoren, hogei mila baino askoz gutxiagoren truke lortu zituen, dudarik gabe hasieratik egingo zuen bezala. Nik esango nuke hamar mila dolar aski izan zituela kontua ordaintzeko. Dena dela, zulo dezentea zen hori ehun bat mila librako jabetza batean. Eta Leonorak gauzak konpondu behar; Edward mailegariz mailegari ibiliko zen. Eta hau Edwarden desleialtasunen berri izan zuen lehen egunetan gertatu zen...desleialtasunak deitu nahi badiezu. Eta kanpotik jakin zuen. Jainkoak daki zer gertatuko zen kanpotik izan ez balu horren berri. Edwardek, nire ustez, xentimorik gabe geratu arte ezkutatuko zion. Baina Leonora gai izan zen, Jainkoari esker, mailegu-emaile benetakoak atzemateko, behar ziren kopuru zehatzen berri jakiteko. Eta Ingalaterrara joan zen. Bai, zuzenean joan zen bere abokatuarengana eta senarrarenarengana, Edward artean bere Circeren besoen artean zegoela... Antibesen, hara joanak baitziren. Edward azkar asko nazkatu zen dama hartaz, baina ez Leonorak bere abokatuarengandik negozioen arteari buruzko lezio bikainak jaso aurretik; halakoak, non bere plana hain garbi prestatua baitzeukan nola Trochu Jeneralak 1870ean Prusiarrei Parisen sartzea galarazteko. Eta hasieran hura bezain eraginkorra izan zen, edo hala ematen zuen behintzat. Hori 1895ean gertatuko zen, ni aipatzen ari naizen garaia baino bederatzi urte inguru lehenago... Florencek Leonora bere mende hartu zuen garaia; zeren hori gertatu baitzen, garbi esateko... Hala, Ashburnham andreak Edward behartu zuen bere ondasun guztiak bere esku uztera. Edozer gauza egitera behartu zezakeen; bere modu trakets, onbera, zentzu gutxikoan deabruari baino beldur handiagoa zion emazteari. Eta izugarri miresten zuen, eta edozein gizonek emakume bat estimatu dezakeen adina estimatzen. Leonora horretaz baliatu zen Porroten Auzitegiak ondasunak kudeatzen dizkion pertsona bat balitz bezala senarra tratatzeko. Edwardentzat hori zen hoberena, nik uste. Dena dela, Leonorak ere lantegi latza izan zuen lehen hiru urteetan edo. Ustekabeko zorrek pilatzen jarraitu zuten... eta txoro damutu hark ez zuen asko laguntzen. Horra, emakumeen atzetik ibiltzeko grinarekin batera bere buruaz izugarri lotsaturik sentitzen hasi zen. Ez duzu sinetsiko, baina halako gogoz nahi zuen Leonorak bere imajinazioaren garbitasuna begiratzea, non, pentsatzen zuenean, Leonorak jakingo zuela bazirela munduan berak egiten zituenak bezalako gauza lotsagarriak, senetik ateratzen zen, ezin zuen jasan... Hala, sekula ezer egin izanaren salaketari gogor egiten zion bere senetik aterata. Bere emaztearen pentsakizunen birjintasunari eutsi behar. Hori berak esan zidan, azken aldian ematen genituen paseo luzeetan... neska Brindisi aldera zihoan bitartean. Beraz, hiru urte horietan edo, Leonorak ezinegona franko izan zuen, noski. Eta orduan izan zituzten benetako istiluak. Bai, istilu latzak izan zituzten. Aski burugabea dirudi. Espero izatekoa zen Leonorak herra hotza erakustea eta Edward negarti eta damuturik egotea. Ez, bada. Ezta hurrik eman ere... Grinekin eta haiek ematen zioten lotsarekin batera bere mailarekiko betebeharren konbentzimendu sendo bat sartu zitzaion... Konbentzimendu aski zentzugabeki garestia. Uste osoa dut, Edwarden zorrez mintzatzean, ez dudala eman libertino nahastezale bat zelako inpresioa. Ez baitzen; sentimental bat zen. Kilsyte kasuko haurtzaina polita zen, baina itxura goibelekoa. Musu eman zionean, batez ere kontsolatu egin nahi zuela esango nuke. Eta, neskak amore eman izan balie haren lausenguei, Portsmouth edo Winchesterren etxe batean jarriko zuen nire ustez, eta lau edo bost urtez leial izango zitzaion. Horrenbeste egiteko gauza zen. Ez, dirua kosta zitzaizkion bi afera bakarrak Duke Handiaren maitalearena eta Leonorak ireki zuen txantaje-gutunaren oinarri zena izan ziren. Azken hori benetako pasiozko harreman bat izan zen, oso emakume eder batekin bizitakoa. Duke Handiaren maitalearenaren segidan izan zen. Andrea armadako ofizial baten emaztea zen, eta Leonorari pasio hori ez zitzaion batere arrotza; benetako grina izan zen, eta urtetan iraun zuen. Ikusten? Edward gizagaixoaren grinak oso logikoak izan ziren goranzko bidean. Haurtzain batekin hasi ziren, gero kortesana batekin jarraitu zuten, eta hurrena emakume eder oso desegokiro ezkondu batekin. Zeren senar zeharo petrala baitzeukan, gutun eta gisakoekin Edward gizajoari txantajez urtean hirurehun edo laurehunen bat ateratzen zizkiona... Dibortzio Auzitegira jotzeko mehatxuekin. Eta andre horren ondoren Maisie Maidan etorri zen, eta Maisie Maidanen ondoren beste emakume bat besterik ez, eta gero... bere bizitzako benetako pasioa. Leonorarekin egin zuen ezkontza bere gurasoek moldatu zuten, eta, nahiz eta bizitza osoan miretsi zuen izugarri bere emaztea, ez zen sekula saiatu harekin xamurra izaten besterik, haren babes moralaren premia larria sentitzen bazuen ere... hori ere bai. Baina haren benetako zor eta betebehar larriak gehien bat bere mailari zegokion eskuzabaltasuna erakutsi beharraren ondoriozkoak izan ziren. Leonorak esandakoaren arabera, beti ari zen maizterren errentak murrizten, eta murrizketa horiek aurrerako finkatuak geratuko zirela aditzera ematen; beti aritzen zen epaimahaira agertzen ziren mozkorrak onbideratzen; hor ibiltzen zen beti prostitutak leku errespetagarrietan ezartzen... eta erabat txoratuta zegoen umeekin. Ez dakit alferrik galdutako zenbat jende ez zuen hartu eta lanbide bat eman... Leonorak niri esana da, baina nik esango nuke exajeratzen ari zela eta hark esandako kopuruak gehiegitxo dirudiela; beraz, ez dut hemen jasoko. Gauza hauek guztiak eta berekin zekartena bere eginbeharra iruditzen zitzaizkion... ospitaletarako eta Boy Scout-etarako, eta azienda-erakusketetan sariak emateko eta bisekzioaren aurkako elkarteetarako suskripzio itxuragabeekin batera... Leonora arduratu zen gauza horiei gehienei errematea emateaz. Seguru aski Branshaw Manor ezingo zuten mantendu maila hartan, batez ere dirua Duke Handiaren maitalearen poltsara joan ondoren. Leonorak errentak bere lehengoan ezarri zituen berriro; mozkorrak beren etxeetatik aterarazi zituen, eta elkarte guztiei ohar bat bidali zien suskripzio gehiago ez itxaroteko esanez. Haurrekin xamurragoa izan zen; ia denak mantendu zituen ikastun edo neskame izateko adinera heldu arte. Ulertzekoa da, berak ez baitzuen haurrik. Ez zuen haurrik, eta uste zuen errua berea zela. Powys familiako adar pobre batekoa zen jatorriz, eta Edward gizajoa berarekin ezkontzera bultzatu zuten, ezkontza-hitzarmenean haurrak erlijio katolikoan heziak izango zirela jarri gabe. Eta hori arima hiltzea zen Leonorarentzat, noski. Inpresio okerra eman dizut ez badizut ikusarazi Leonora kontzientzia irmo, hotzeko emakumea zela, katoliko ingeles guztiak bezala. (Nik neuk ez dut gogoko erlijio hori; beti dago, nire gogoaren sakonean, Leonora gorabehera, Babiloniako emagalduaren aurrean sentitu izan dudan hotzikara, Philadelphiako Arch Streeteko Lagunen Biltoki hartako isiltasunean barneratu zitzaidana). Beraz, Edward gizajoaren kasuan Leonorak egindako akatsetatik mordoxka bat bere erlijioak Ingalaterran hartzen duen tankera bitxiaren ondoriozkoak ziren, nire ustez. Zeren, jakina, aski zuen Edward hondoratzen uztea, eta agian bide-bazterretan amodiozko abenturak suertatuko zitzaizkion jaun itxurako eskale bat bihurtu arte. Askoz kalte gutxiago egingo zuen; askoz tormentu gutxiago jasango zituen. Dena dela, hondamen eta damurako aukera gutxiago izango zituen. Zeren damutzeko paregabea baitzen. Baina kasu berezi honetan Leonoraren kontzientzia katoliko ingelesa, haren printzipio zorrotzak, haren hoztasuna erabat okerrak ziren, ezin dut besterik pentsatu. Hark benetan eta xalotasun osoz uste zuen Erromako Elizak dibortzioa gaitzesten duela; berak benetan eta xalotasun osoz sinesten zuen bere eliza izan zitekeela erakunde bat Edward Ashburnhman senar leial bihurtzeko ezinezko lana berak hartuko zuela espero izateko bezain zentzugabe eta ergela. Ingelesek esango luketen bezala, inkonformisten eitea zeukan. Ipar Ameriketako Estatu Batuetan New Englandeko pentsaera deitzen diogu. Horrelako gogo-jarrera barneratua baitute katoliko ingelesek. Igaro dituzten mendeak... zapalkuntza itsu eta gaiztoko mendeak, lan publikoetatik bazterturik egotea, nolabait esateko lurralde etsaian setiatutako goarnizio koxkor bat izatea, halaxe baitziren, eta horregatik kontu handiarekin ibili beharra... gauza horiek guztiak elkartu dira trikimailu engainagarri hori egiteko. Eta uste dut papistak Ingalaterran teknikoki ere inkonformistak direla. Kontinenteko papistak jende lizun, alai eta eskrupulorik gabea dira. Baina horrek, behintzat, oportunistak izaten uzten die. Edward gizajoarena berehala konponduko zuten. (Barkatu gauza izugarri hauetaz modu kaskarin honetan idaztea. Horrela egingo ez banu, lur jo eta negarrez hasiko nintzateke.) Milanen, adibidez, edo Parisen, Leonorak bere ezkontza deuseztatzea lortuko zuen sei hilabetean, behar zen lekuan berrehun dolar ordaintzearen truke. Eta Edward noraezean ibiliko zen, nik aditzera eman dudan moduko alderraia bihurtu arte. Edo taberna-neskameren batekin ezkonduko zen, leku publikoetan eszena benetan beldurgarriak egingo zizkiona eta bibotea tiraka kendu eta aurpegian halako arrasto nabarmenak utziko zizkiona, non berarekiko leialtasuna gordeko baitzuen hil artekoan. Hori zen behar zuena, salbatzez gero... Zeren, bere grina eta damuekin leku publikoetako beldurra etorri baitzen, garrasiena, indarkeria fisiko aztoratuarena: publikotasunarena, hitz batean. Bai, taberna-neskame batek sendatuko zuen. Eta askoz hobe zurruteroa izan balitz; Edwardek hura zaintzen izango zuen zeregina. Badakit honetan zuzen nabilela. Kilsyte auziarengatik dakit hori. Hara, orduan musu eman zion haurtzain hura konderriko inkonformisten buruaren etxean lanean aritzen zen... kargu horren izena edozein dela ere. Eta jaun hura hain zegoen erabakia Edward hondoratzera, Toryen batzordeko buru edo dena delakoa baitzen, non gizagaixo tormentatuak bereak eta bi ikusi behar izan zituen. Galderak egin zituzten Parlamentuan; Hampshireko magistratuak kargutik kendu nahi izan zituzten; Gerrako Ministerioari iradoki zioten Edward ez zela pertsona egokia Erregeren Armadako ofizial izaten jarraitzeko. Bai, gorriak ikusarazi zizkioten. Ondorioa entzun duzu. Erabat sendatu zen beheko mailakoekin maite-jokoetan ibiltzeaz. Eta hori Leonorarentzat benetako bedeinkazio bat izan zen. Ez zion horrenbesteko amorrua sortzen Maidan andrea bezalako jendearekin harremana izateak —nolabaiteko harremana baita—, haurtzain batekin izan beharrean. Modu lauso batean, Leonora ia pozik zegoen hura Nauheimera iritsi zenean, arrats hartan... Gauzak ia prest zeuzkan urte luzetan merke-zurrean ibili ondoren Chitral eta Birmaniako goarnizio koxkorretan, hango bizimodua merkea baita konderriko magnate baten bizimoduaren aldean, eta era bateko edo besteko abenturak ere normalak eta merkeak baitira. Eta hala, Maidan andrea azaldu zenean —eta Maidan andreak han ere arazoak sortuko zituen senarra gaztea izanik— Leonorak amore eman zuen etxera itzultzeko. Estu ibiliz eta aurreztuz, Branshaw Teleragh errentan jarriz eta koadroren bat eta Charles I.aren erlikiaren bat salduz lortu zuen —eta gaixoak ez zuen urte haietan guztietan taxuzko soineko bat beretzat—, lortu zuen, diot, hala uste zuen behintzat, bere senar gizagaixoa finantza aldetik Duke Handiaren maitalearena gertatu aurretik zegoen egoeraren antzekoan jartzea. Eta, noski, Edwardek ere hari finantza-kontuetan lagundu zion. Jende askok maite zuen tipoa zen. Oso itxurosoa, eta bere puru-moztekoa uzteko prest zegoena... horrelako gauzak. Horregatik, noizbehinka finantzariren batekin topo egiten zuenean informazio ezkutuko on, seguru eta mesedegarriren bat ematen zion. Eta Leonora ez zen sekula beldur izan diru pixka bat jokatzeko... Papista ingelesek gehienetan ez dute horretarako beldurrik izaten, ez dakit zergatik. Hala, Leonoraren ia inbertsio guztiek irabazi onak eman zituzten, eta Edward egoera benetan egokian zegoen Branshaw Manor berriz irekitzeko eta konderrian zuen lekua bere gain hartzeko. Hala, Leonorak Maisie Maidan ia etsipenez onartu zuen... ia deskantsuzko intziri batez. Eta, dena dela, Maisierekin fida zitekeela sentitzen zuen... uste osoa zeukan jarria neskak astean milako batzuk Edwardi ez ateratzean, zeren Maisiek txatarrezko eraztun bat ere ez baitzion onartu Edwardi. Egia da Edward neskarekin urrumaka eta liluraturik zebilela, Leonorak ordura arte sekula ezagutu izan ez zuen modu batean. Baina hori bera ere ia deskantsu bat zen. Uste dut Edwardek bere bizitzako amodioa aurkitu izan balu, Leonorak ontzat emango zuela. Horrek atsedena emango zion. Eta Maidan andre gaixoa baino egokiagorik, nor? Hain zegoen gaixo, non ezin zuen desiratu txango garestietara eramaterik... Leonorak berak ordaindu zituen Maisieren Nauheimerako bidai gastuak. Dirua senar gazteari eman zion eskura, zeren Maisiek ez baitzuen horrelakorik sekula onartuko; baina senarra izuak hartua zegoen. Gizagaixoa! Esango nuke Leonora, Indiatik itzultzeko itsas bidaian, bere bizitzan inoiz baino zoriontsuagoa izan zela. Edward neskarekin txoratuta zegoen... aita bat bere alabarekin bezalatsu zebilen, manta batekin, botikekin eta gainerakoekin ontzi-gainean batetik bestera. Edwarden portaera, hala ere, oso begiratua zen; beste bidaiariengan inolako susmorik ez sortzeko modukoa. Eta Leonorak ia ama baten jarrera hartu zuen Maidan andrearenganako. Horrela itxura ederra ematen zuten: goi mailako bikote aberats eskuzabala, hiltzeko zorian zegoen neskato pobre, begi-goibel baten salbatzailearena egiten. Eta Leonorak Maidan andrearenganako erakusten zuen jarrera horrek argitzen du hein batez zaplaztekoarena. Leonora momentu desegokian bonboiak lapurtzen ibilitako ume gaizto bat ari zen jotzen. Benetan momentu desegokia izan zen. Zeren, armakide irainduaren txantaje gutuna irekitzearekin iraganeko izu-ikara guztiak abaildu baitziren Leonoraren baitara. Bere bidea berriro ere amaierarik gabe luzatzen zela iruditu zitzaion; bururatu zitzaion Edwardek horrelako ehunka eta ehunka gauza ezkutatzen zizkiola... hipoteka gehiago beharko zituztela, besoko gehiago bahituran jarri beharrak, laztura gehiago eta gehiago. Arratsaldea tormentu hutsa izan zen harentzat. Afera dibortzio-auzi baten mailakoa zen, noski, eta berak publizitatea Edwardek berak adina saihestu nahi zuen; beraz, ordainketekin jarraitu beharra ikusi zuen. Eta hori ez zitzaion hainbeste axola. Urtero hirurehun libra ordaintzeko adina bazuten. Baina beldur zen horrelako obligazio gehiago izango ote ziren. Edwardekin ez zuen hizketaldirik egin urtetan... ez, behintzat, trenen orduari edo zerbitzariak kontratatzeari buruz izan ezean. Baina arratsalde hartan aditu behar izan zituen ederrak. Eta Edwarden portaera betikoa izan zen. Liburu bat hamar urtera ireki eta hitz berberak aurkitzea bezalaxe izan zen. Motibo berdinak zituen. Ez zion kasuaz ezer esan nahi izan, ez zuelako nahi Leonoraren burua asaldatu armakide bat xantaiagile izan zitekeelako ideiarekin... eta bere aspaldiko maitearen izen ona babestu nahi izan omen zuen. Andre hura ez zen bere senarraren joko zikinaren partaide, benetan. Eta zin egin zuen behin eta berriz munduan ez zela beste ezer ezkutatzekorik. Leonorak ez zion sinetsi. Edwardek lehenago ere askotan zin egin zion, eta Leonora lehenbizikoz oker zebilen... eta bitartean Edwarden portaera aski zintzoa izan zen afera hartan. Zeren zuzenean posta-bulegora joan, eta bere abokatuari telegrama bat kodetzen ordu sail bat eman baitzuen, gizon burutsu hari eskatuz atzetik zebilkion gizon haren aurka salaketa bat jar zezala. Gero esan zuen lotsagarria iruditzen zitzaiola Leonorak ikaraturik jarraitu beharra. Hori zen benetan garbitzeko geratzen zitzaion kontu bakarra, eta prest zegoen Dibortzio Auzitegira jotzera xantaiagileak gogor egiten bazion. Publizitateari, egunkariei, jendaurreko zalaparta osoari aurre egingo zien... Hori esan zuen argi eta garbi... Huts bat egin zuen, ordea; Leonorari nora zihoan ez esatea; eta hala, Leonorak Edward bere gelara zihoala ikusi zuen, telegramarako kodearen bila hain zuzen ere, eta handik bi ordura Maisie Maidan haren gelatik ateratzen ikusi zuenean, pentsatu zuen berak agonia isilean emandako bi ordu haiek Edwardek Maisie Maidan beso artean zuela igaroak zituela. Hori gehiegi iruditu zitzaion. Egiaz, Maisie Edwarden gelan egotea partez neskaren pobretasunaren, partez harrotasunaren eta partez xalotasun hutsaren ondorioa izan zen. Lehenik eta behin, ezin zuen zerbitzaririk eduki; hoteleko zerbitzariak mandatuak egitera ere ahalik eta gutxienetan bidaltzen zituen, berarentzat penike bakoitza garrantzizkoa baitzen, eta beldur zen bere egonaldiaren bukaeran eskupeko handiak eman behar izateaz. Edwardek tamaina desberdineko hamabost guraize zeuzkan kutxa liluragarri bat utzia zion, eta leihotik Edward posta-bulegora abiatzen ikusi zuenean, kutxa itzultzeko aprobetxatu zuen. Ezin zuen inolako oztoporik ikusi, nahiz eta nolabaiteko bihotzeko zimikoa sentitzen zuen Edwarden burkoei musu eman zielako. Horrela hartzen zuen berak afera. Baina Leonora ohartu zen, duda izpirik gabe, gertaerak Florenceri beraren gaineko abantaila ematen ziola. Florence jakinaren gainean jartzen zuen, eta Florence zen Ashburnham senar-emazteak ezkutatzeko ezer ez zeukan goi-mailako jendea soil-soilik ez zirela zekien izaki bakarra. Berehalaxe erabaki zuen Florenceri ez hainbeste bere intimitatearen pribilejioa ematea —txantaje moduko baten ordainketa izango zena— baizik eta Florence behaketapean edukitzea hari erakutsi arte Maisie gaixoarenganako zelorik ez zuela sentitzen batere. Beraz, horregatik sartu zen jantokian nire emaztearen besotik, eta horrexegatik eseri zen hain nabarmenki gure mahaira. Ez gintuen minutu batez ere utzi gau hartan, benetan, salbu eta Maidan andrearen gelara barkazio eske joateko eta hari oso modu nabarmenean eskatzeko Edwardek eraman zezala gauean lorategietara. Berak esan zion Edwardi denok eserita geunden salara Maidan andrea nahiko zuhurki jaitsi zenean: «Tira, Edward, altxa zaitez eta eraman Maisie Kasinora. Nik nahiago dut Dowell andreak Fordinbridgetik Conecticutera joandako familien kontu guzti-guztiak kontatzea.» Zeren norbaitek hauteman baitzuen Florence Ashburnhamdarrak Branshaw Teleraghera joan baino bi mende lehenago haren jabe izandako adar batetik zetorrela. Eta han zegoen nirekin eserita, atalondo hartan, Florence oheratu eta handik puska batera ere, bikote hari egiten zion harrera alaiaren lekuko izan nendin. Itxurak egiten ez zen makala. Eta horrek ematen dit aukera M... hirira joan ginen data zehatza finkatzeko. Zeren Maidan andrea hil zen egun bera izan baitzen. Hilik aurkitu genuen itzuli ginenean... kolpe latza izan zen hura, adierazten duen guztia pentsatzen jarriz gero... Dena dela, Leonorak katoliko irlandarra zela esan zuenean hartu nuen lasaituaren neurriak bikote harenganako nire txeraren neurria emango dizu. Hain bortitza zen, non oraindik gaur ere ezin dudan Edwardez pentsatu intzirika hasi gabe. Ez dut uste haiek gabe aurrera jarraituko nuenik. Nekatuegi sentitzen hasia nintzen. Eta benetan sinetsita nago, bestetik, berak bere amorrualdia zuritzeko nire susmo txarra aipatu balu, bera Florencerekin jelostuta egoteko susmoa alegia, orduan Florencerengana bihurtuko nintzela amorraziorik eroenak harturik. Jeloskeria sendaezina izango baitzen. Baina Florencek irlandarrei eta katolikoei buruz egindako trufa txoro hutsalak barkatu eta kontuan ez edukitzeko modukoak ziren. Eta hori bi minututan konpondua nuela iruditu zitzaidan. Luzaz egon zitzaidan begira aski finko eta modu estrainioan horretan ari nintzen bitartean. Eta azkenean nolabait moldatu nintzen esateko: «Onartu egoera. Aitortzen dut ez dudala gogoko zure erlijioa. Baina zu oso gogoko zaitut. Ez zait axola esatea ez dudala inor sekula benetan horrenbeste estimatu, eta ez dut uste inork ni estimatu nauenik ere, zuk ni estimatzen nauzula uste dudan adina.» «Oh, nik aski estimatzen zaitut,» esan zuen. «Gizon guztiak zu bezalakoak izatea nahiko nukeela esateko adina estimatzen zaitut, baina beste batzuk ere kontuan hartu behar dira.» Izan ere, Maisie gaixoaz oroitzen zen. Aurrean genuen harresi bularralderainokotik milorri sorta txiki bat hartu zuen. Minutu luze batez behatz erakuslearen eta lodiaren artean estutu, eta gero horma-gainaz bestaldera bota zuen. «Oh, egoera onartzen dut,» esan zuen azkenean, «zuk ere onartzen baduzu.»
Historiarik goibelena |