Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026

 

 

POEMA FLORENCERI

 

Itsu bat mugetara joaki bezala

Gauak jazarritako hiriko azantzen artean

egoskor ezartzen ditu atetiletako beiretan musuzapien hegalerantz so egiten ez duten bere begiak

Itzalean zuhaitzen azpian dir-dir ari den errail hori bezala

Maitaleen begietan oinaztargia islatzen den bezala

Marmolezko sexu baten gainean labana zartatua bezala

Zoroei mintzo zaien legegilea bezala

Sugar bat isuri da Florenceri omenka

Ez bide baten bihurgunean, goian, ilargirantz oinaze-deia eraman zuen hura, ezpada sutzarrean kiskali zena

Eskuek, izar opaku baten bost adarren pare jasota,

biharamuna gaur egunetik sortuko zela ziurtatzen zutenean

Ezpada Donejakue bidean kiskali zen hura

Jainkosa, biluzik, nadirrerantz abiatu zenean

Ezpada ene eztarriaren hormetan su hartu zuen hura

Iheskor eta maitasunaren irudiaren pare sortu, alde egin eta sutegiaren garrak gorri bilakatzen zituenean izeiak, jauregiak eta dorreak

Zure izena grabatzen dut hemen dolu izengabeetatik kanpo

Hainbeste maitalek gorputza, arima eta ondasunak hondatu dituzten tokian

non guk, azken hondakinok, txakurrei jaurtitzen genizkien gure oroigarriak hezurrak bailiran, halako gaua betikotzeko

Urtu egiten zara, desagertu, hondatu, ni, baina, jaiki egiten naiz

su bakar bat ere dirdaitzen ez den ibaiertz honetan

non inongo itsasargik ez dituen argitzen galbidean diren ontziak

non ez den inongo argiontzirik idien bekokietan

Nik, baina, altxatu egiten ditut zure bisaia eta irria

Zure begi hunkigarriak, zure bularra eta lurrinak

Olinpo bidegabe batean, non itzalak so egiten duen

hildakoen pausoek hautsitako ispilu batean

Baldin eta beste maitaleak ni baino lehenago hondatuko balira zu izan zaitezen

Ene atsekabeen abegitsua, ametsezkoa, asaldatzailea

Haien arreba eta sugarra ene hatzetan

Bidea hausten baita erroitzen ertzean

Atzematen dut adiskideak hilko diren garaia iristear dela

Eta antzinako maitaleak eta gaurkoak

Hona hemen, dolu eta segada egunak

Badatoz ekintza hutsaleko egunak

hitzok orori ulergaitz zaizkionak

Nik, baina, gozoki edaten ditut gure atsekabeen malkoak

zure oihuen oihartzunak ene edontzia hauts dezakeen arren

Alai edaten dut mingaina klaskaraziz

ardo bizigarri eta kementsua, eta gonbit egiten diet festara

uztarpetik irtenak maite nituen guztiak

ene ametsa eta harrapakina partekatzera doazenak

Edan dezagun alai! Kanta dezagun horditzeraino!

Gure eskuek, botilen kristalekin odoleztatuek,

ezinen dituzte bihar maitaleak besarkatu.

Sarraila itxi diote mirarien lurrari.

 

 

Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026