Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026

 

 

AMETSAREN GUNEAK

 

Gauean, berez, munduko zazpi mirariak daude, eta handitasuna, eta tragikoa, eta xarma.

Basoek, nahasiki, behaztopa egiten dute sasi artean ezkutatutako izaki legendarioekin.

Zu zaude.

Gauean, ibiltariaren pausoa dago, eta hiltzailearena, eta udaltzainarena, eta farolaren argia, eta trapuketariaren argiontziarena.

Zu zaude.

Gauean, trenak igarotzen dira, eta itsasontziak, eta eguna urratua den herrialdeen ameskeria.

Ilunabarraren azken hatsak eta egunsentiaren lehen hotzikarak.

Zu zaude.

Pianoaren doinu bat, ahots-algara bat.

Ate-klaskatu bat.

Ordulari bat.

Eta ez bakarrik izakiak eta gauzak eta azantz materialak.

Neu ere banago, neure buruari jazarriz edo etengabe hura aitzinatuz.

Zu zaude, immolatua, zu, espero zaitudan hori.

Aldika, irudi bitxiak sortzen dira amets-unean, eta aienatzen dira.

Begiak ixtean, loraldi fosforeszenteak ageri dira eta zimeldutakoan berpizten dira haragizko su artifizialak nola.

Herrialde ezezagunak, izakiak lagun ibiltzen ditudanak.

Zu zaude, ezbairik gabe, o espia eder eta sotila.

Eta zabaltasunaren arima ukigarria.

Eta ortziaren eta izarren lurrinak, eta duela 2.000 urteko oilarraren kantua, eta paumaren kantua parke irazekietan, eta musuak.

Eskuak maltzur eta estuki lotuak argi zuhailen pean, eta ardatzen kirrinka bide harrituetan.

Zu zaude, ezbairik gabe, ezagutzen ez zaitudan hori, alderantziz ezagutzen dudana.

Zu, baina, ene ametsen subjektua, haietan azaldu gabe antzematen tematua.

Zu, errealitatean eta ametsetan ezin eskuratuzkoa.

Zu, nirea izan zaitezen dudan gogoarengatik nireganatua ere, bisaia nigana hurbiltzen ez duzuna ez bada ene begiak itxita daudenean ametsari nahiz errealitateari.

Zu, erretorika erraza gorabehera, non olatua hondartzetan hiltzen den, beleak hondatutako lantegien artean hegan egiten duen, edo egurra eguzki-galdatan kraskaturik usteltzen den.

Zu, ene ametsen oinarria zaren hori, metamorfosiz blaitutako ene arima inarrosten duzuna eta zure eskuan pot egiten dudanean eskularrua uzten didazuna.

Gauean izarrak daude, eta itsasoaren mugimendu goibeltsua, eta ibaiena, hiriena, belarrena, milioika eta milioika izakiren birikena.

Gauean munduko mirariak daude.

Gauean ez daude aingeru guardakoak, bai ordea ametsa. Gauean zu zaude. Baita egunean ere.

 

 

Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026