Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026

 

 

POETAREN EGUN HANDIAK

 

Argiaren dizipuluek ez dituzte sekula ilunpe opakuxeak baino asmatu.

Ibaiak pirritan darama andre baten gorpu txikia, akabera hurbil dagoelako seinalea.

Eztei-arropaz jantzitako alarguna okertu egin da segizioz.

Denok iritsiko gara berandu geure hilobietara.

Haragi-ontzi batek behea jo du hondartza txiki batean.

Lemazainak isiltzera gonbidatzen ditu bidaiariak.

Olatuak zain daude, ernegaturik. Zugandik hurbilago, o ene Jainkoa!

Lemazainak mintzatzera gonbidatzen ditu olatuak. Mintzo dira.

Gauak izarrekin estaltzen ditu bere botilak eta aberastu egiten da esportazioaren bidez.

Erakusmahai handiak eraikitzen dituzte, urretxindorrak saltzeko.

Ezin dute, baina, Siberiako Erreginaren desira ase, urretxindor zuri bat nahi duelako.

Komodoro ingeles batek zin egiten du ez dutela berriz ere salbia gauez jasotzen harrapatuko gatzezko eskulturen oinen artean.

Horren karietara, Cereboseko gatzari txiki bat nekez zutitu da bere hanka meheen gainean.

Eta ene platerean isurtzen du bizitzeko falta zaidana.

Ozeano Barea gazitzeko adina.

Flotagailu bat jarriko duzue ene hilobiaren gainean.

Ezin baita sekula jakin.

 

 

Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026