![]()
|
Antologia
O MAITEMINAK!
O maiteminak! Nola behar zaituztedan eta nola maitatzen. Ene begiak itxi egiten dira ametsezko malkoetan, ene eskuak ezerezera lerratzen dira etengabean. Gaur gauean paisaia burugabeak amestu ditut, eta abentura arriskutsuak, hala bizitzaren nola heriotzaren ikuspuntuetatik, zeinak maitasunaren ikuspuntua ere badiren. Esnatzerakoan, hor zeundeten o maiteminak, o basamortuaren musak, o musa zorrotz horiek. Ene irria, ene poza, zure ondoan zertzen dira. Zure makillajea da, zure hautsak, zure kolorete gorria, zure suge-larruzko poltsa, zure zetazko mediak... eta toles txiki hori ere, belarriaren eta garondoaren artean, lepoaren sorreran, zure zetazko praka da, eta zure atorra fina, zure larruzko soinekoa, zure sabel biribila ene irria da, eta ene pozak, zure oinak eta zure bitxiak oro. Zinez ongi jantzita zoaz, ederki apaindua. O maiteminak, aingeru zorrotz horiek, jakizue ene maitasunaren beraren irudia bezalakoxe irudikatzen zaituztedala, harekin nahasita. O maiteminak, neronek sortu eta jantziak, ene maitasunarekin nahasiak zarete, eta nik haren jantziak baino ez ditut ezagutzen, bai eta haren begiak, ahotsa, bisaia, eskuak, ileak, hortzak ere.
Antologia |