Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026

 

 

HI EZ BESTE INOR SEKULA EZ

 

Hi ez beste inor, sekula ez, izarrak eta bakardadeak gorabehera,

Gaua iristean zuhaitzaren ebaketak gorabehera

Hi ez beste inor, sekula ez, lotuko zaion nirea ere den bere bideari

Hi zenbat eta urrunago, zenbat eta itzal handiago,

Hik ez beste inork eginen zion diosala sekula itsasoari egunsentian,

Baso ilunetatik eta asun-sasitik ateratzean, alderrai ibiltzeaz akiturik, aparretara jotzen dudanean,

Hik ez beste inork ezarriko din sekula eskua ene bekokian, ene begietan,

Hik ez beste inork, sekula ez, eta ukatu egiten ditinat gezurra eta leialtasun eza,

Hik ebaki dezaken amarra ainguraturiko ontzitik,

Hik ez beste inork, sekula ez

Kaiolan arrano atxiloak emeki marruskatzen ditin kobrezko burdin barra berdeminak

Hau ihesaldia!

Igandea dun, urretxindorren kanta nagusi berde guriko basoan, neskatoak gogaiturik zauden kanario bat inarrosten den kaiola baten aitzinean,

Kale bakartian eguzkiak bere printza mehea poliki mugitzen duen bitartean espaloi beroan barna,

Guk bestelako printzak zeharkatuko ditinagu

Hi ez beste inor, sekula ez

Eta ni bakar-bakarrik aldirietako lorategietan edontzia bezain bakarrik den huntz zimela nola

Eta hi ez beste inor, sekula ez.

 

 

Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026