Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026

 

 

IDEIA FINKOA

 

Itsas aparrean nahasitako alga txiki bat eta orrazi hau dakarzkizut.

Zure biloak, baina, ortzi gorrixkako haizedun hodeiak baino hobeki txirikordaturik daude,

eta hainbesteraino dira bizitzak eta negar-zotinek inarrosiak, ezen aldika

ene eskuen artean bihurritzean hil egiten baitira itsas-ertzetako olatu eta

harkaitzetan, hain modu oparoan hil ere, ezen denbora luzea beharko baita

lurrinak eta haren ihesa ez itxaroteko gauean, noiz orraziak mugitu gabe

markatzen baititu ekaitzaren apar sakabanatuetan jasotako algarena baino

itsas arriskutsuago baten laztan hezea oraindik ere haren sustraiei

eskatzen dieten ene hatzek zeharkatutako ibilbide azkar eta zetatsuan ehortzitako izarrak.

Hiltzen den izar batek antza dauka zure ezpainekin, zeinek urdintzera jotzen duten, mahai-oihal gainean isuritako ardoak nola

Une bat igarotzen da, meategi baten sakontasuna bezainbestekoa

antrazita kexu dago, gordeka, eta hiriaren gainera erortzen da, malutaz maluta

Hotza dago ezagutu zaitudan kalezuloan

Erortzear den etxe baten zenbaki ahaztua,

4 zenbakia, nik uste

Berraurkituko zaitut egun gutxiren buruan, Txinako aster loreen pote honen ondoan

Meategiak zurrunga gordean ari dira,

Sabaiak antrazitaz estalita daude

Orraziak, zure adatsean, munduaren akabera dirudi

Kea, txori zaharra eta uzkinaxoa

bukatu dira, han, arrosak eta esmeraldak,

harri bitxiak eta loreak

Lurra erraustu egiten da eta kraskatu lisaburdinaren nakar gaineko zarataz,

ederki txirikordaturiko zure biloek, baina, esku baten itxura dute

 

 

Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026